PP-PSOE akordioa: hauteskundeak urtarrilean eta Mossoen eta TV3-en kontrola bereganatzea

  • Kataluniako bi milioi herritar baino gehiagok autodeterminazio erreferendumean bozkatu zuten urriaren 1ean, Espainiako Estatuko poliziaren eraso larriei aurre eginez. %90 inguruk baiezkoaren alde bozkatu zuen. Geroztik, mahai gainean da Katalunia estatu independente izateko aukera. Unean uneko gertakariak jarraitzen ari gara.

ARGIA @argia
2017ko urriaren 20a
Espainiako Fiskaltzak prest du Puigdemonten aurkako errebelio salaketa
José Manuel Maza Espainiako Fiskal nagusia.

Kataluniaren independentzia aldarrikatzen bada, Espainiako Fiskaltzak Auzitegi Goreneko sala penalean salaketa sartuko luke, eta salaketa hau dagoeneko idatzita dauka. Hala dio Vanguardiak argitaratutako albisteak. Errebelio delituak, gogorren aplikatuta, 30 urteko kartzela zigorra ekar lezake. Errebelio delituak indarkeriaren erabilera eskatzen du, baina Vanguardiak argitaratu duenez, Fiskaltzak honen alde egin du "indarkeria terminoa zentzu zabalean interpretatu behar delako". José Manuel Maza Fiskal nagusiak salaketa sartzea erabakitzen badu, atxiloketa eskaera ere egingo du.

PSC ez dator bat PSOEren ildoarekin; 155. artikulua aplikatzearen aurka dira sozialista katalanak

PSC aldendu egin da estatu mailan bere alderdiak hartutako bidetik. Alicia Romero Kataluniako legebiltzarkide eta PSCko eledunaren berbetan, "Kataluniarako eta Espainiarako irtenbideak ez dira ez 155a, ezta Aldebakarreko Independentzia Adierazpena ere". Bi gobernuen arteko elkarrizketaren alde daudela esan du Romerok, eta PSOEri ohartarazi dio Rajoyrekin egiten dituen akordioek ez dutela ziurtatuta PSCren babesik. "Ez diegu txeke zuria emango".

Hainbat hedabidetako arduradunak galdekatu ditu Guardia Zibilak urriaren 1a dela eta

Kataluniako irrati-telebista publikoko (CCMA) eta El Punt Avui eta directe!cat medioetako zuzendariek Guardia Zibilaren aurrean izan dira, lekuko gisa, urriaren 1eko erreferendumari begira Kataluniako erakundeek egindako kanpaina dela eta. Directe!cat-eko Joan Puigek uko egin dio deklaratzeari.

 

Guardia Zibila Telekomunikazio Zentrotik joan da, Mossoen e-mailak bilatzen aritu eta gero

Arratsaldeko hirurak aldera joan dira Guardia Zibilak Kataluniako Generalitatearen Telekomunikazio eta Informazioaren Teknologien Zentrotik, goizeko ahmarretan hasi den miaketa amaitutzat emanda. Urriaren 1ean Eskuadra Mossoen komandante batek ustez bertara igorritako e-mailen ibili dira, Nació Digital agerkariak dioenez. Erreferendumaren egunean Mossoek izandako jokabideaz Lleidako 4. Epaitegiak irekitako ikerketaren testuinguruan egin dute miaketa.

Zentroko langileek elkarretaratzea egin dute lantokiaren kanpoko aldean, Guardia Zibilaren operazioagatik protestan.

Telekomunikazio eta Informazioaren Teknologien Zentroaren kanpoko aldea, Guardia Zibila barruan zela.

 

Aurrerapena: TV3ko albistegien burua elkarrizketatu dugu ARGIAn

TV3ko albistegien buru David Bassarekin elkarrizketa egin dugu ARGIAn. Aurrerapen moduan, galdera bat.

Zer espero duzue Espainiako Estatuak egitea? Posible ikusten duzue Polizia manu militari erredakzioan sartzea?

Orain une arraro batean gaude, zer gertatuko zain. Baina bai, irailaren 20an Generalitateko karguak atxilotu zituztenetik aurrera, erredakzioak intentsitate handiz barneratu du Guardia Zibila TV3ren egoitzan sartzeko aukera, telebista publiko gisa, estatu egitura bat garelako. Sinbolikoa da. Gure aurkako kanpaina orkestratu bat ikusten dugu, eta agerikoa da jo-puntu bat garela. Larritasunez bizi izan dugu egoera, baina ezin dugu beti presio horrekin lan egin. Badakigu estatuak nahi duena egingo duela, baina guk ez diogu aitzakia objektiborik emango. Gure lana ongi egiten jarraitu behar dugu.

Datorren ARGIAren zenbakian elkarrizketa osoa.

PP-PSOE akordioa: hauteskundeak urtarrilean eta Mossoen eta TV3-en kontrola bereganatzea

Kataluniako independentzia prozesua galarazteko, PPk eta PSOEk izan dituzten bileren ostean, akordioa lortu dutela adierazi du sozialisten talde negoziatzaileko kide Carme Calvok. Kultura ministroa ohiak TVEn esan duenez, ondorengoak dira akordioaren gako nagusiak: urtarrilean hauteskunde autonomikoak antolatzea Katalunian eta Eskuadra Mossoen eta Generalitataren menpeko hedabide publiko guztien kontrola bereganatzea Espainiako Estatuak.

Generalitataren telekomunikazioen egoitza nagusira joan da Guardia Zibila

Kataluniako Gobernuak L´Hospitaleten duen Telekomunikazio eta Informazioaren Teknologien Zentroan sartu da Guardia Zibila, urriaren 1eko erreferendumari buruzko informazio bila. Guardia Zibilak berak baliogabetuta utzi zuen zentroa, erreferendumaren aurretik, bozketa eta boto zenbaketa telematikoa eragozteko.

IRUDIAK: Herritarrak bost banku nagusietatik dirua ateratzen Katalunian

Goizeko zortzietatik bederatziak bitartean, bankutik dirua ateratzeko deia egin zuen bart Crida Per la Democraciak. Deiari erantzunez herritar ugari ari dira dirua ateratzen bost banku nagusietatik.  

Ekintza zuzena: herritarrek bankutik dirua ateratzeari ekin diote Jordien askatasuna eskatzeko

La Crida per la Democràcia plataformak herritarrak deitu ditu urriaren 20 goizean bost banku nagusietatik dirua ateratzera. Gainera, CaixaBank eta Sabadell bankuetako bezeroak animatzen ditu adieraztera beren desadostasuna, banku horiek egoitza soziala lekuz aldatu izanaren aurrean. Ateratako dirua erabili dezaketela GKEei ekarpena egiteko, asteko erosketa egiteko, edo beren buruari oparitzeko iradoki die.

Ekintza zuzen honen bidez plataformak presioa egin nahi du Jordi Sánchez eta Jordi Cuixart ANC eta Òmnium Culturaleko lehendakariak askatzeko. Bideo hau zabaldu du ekintza zuzenen indarra nabarmentzeko:

#LaForçaDeLaGent traolarekin ari dira herritarrak beren ekintzaren berri ematen. 155 zenbakiarekin jokoa egiten dute askok, Gobernuak indarrean sartzea iragarri duen artikuluari erreferentzia eginez:

Guardia Zibila Lleidako Mossoen komisarian urriaren 1eko grabazio bila

Urriaren 19ko goizean sartu da Guardia Zibila, Lleidako 4. Instrukzio Epaitegiaren aginduz. elnacional.cat-en bideo honetan ikus daiteke unea:

Epaileak eskatu du Mossoen mendebaldeko komunikazio zentralitaren urriaren 1eko grabazioak eskura ditzala. Lleidako 4. Instrukzio Epaitegiak hainbat ikerketa ditu zabalik urriaren 1etik: ofizioz irekitako ikerketak omen dira, Konstituzio Auzitegiko Mercedes Amas epaileak agindutako neurriak desobeditu izanagatik. Amasek agindutako neurriak izan ziren "eraikin publikoak urriaren 1era arte erreferenduma antolatzeko erabiltzea eragoztea" eta "erreferendumarekin lotutako material dena errekisatzea, baita ordenagailuak ere".

Iturria: elnacional.cat

Urriaren 1ean Guardia Zibila eraso izana salatuta hiru herritar daude atxilotuta

Erreferendumaren egunean Sant Esteve Sesrovires herrian (Baix Llobregat eskualdean) gertatutako liskarren ondorioz atxilotuak dira hirurak. Azkena, urriaren 19ko arratsaldean atxilotu zuten 22 urteko gizonezkoa, deklaratzera deituta zegoen eta Sant Andreu de la Barca-ko Guardia Zibilaren komandantzira joan zenean preso hartu zuten.

Juan Ignacio Zoido Espainiako Barne ministroak txio bidez jakinarazi zuen:

Azken atxilotu horri leporatzen diote autoritate agente baten aurka atentatzea, erresistentzia, desobedientzia eta mehatxuak egin izana.

Iturria: CCMA

Europan gero eta gehiago hitz egiten da Kataluniaz

Espainiako Gobernuak 155. artikulua indarrean jarriko duela iragarri ondoren, nazioarteko foroetan gero eta gehiago hitz egiten da Kataluniaz. Vladimir Putin Errusiako mandatariak esan du "Europak lehenago pentsatu behar zuela gauza hauetan", Kosovoren independentzia babestu zuenean, herrialde txikien independentzia bultzatzen ari zelako eta ez du hori egokitzat jotzen. Espainiaren barne arazotzat jo du, baina Europak bi neurgailu dituela ere salatu du, Kosovok egin ditzakeelako erreferendumak eta Krimeak eta Kataluniak ez.

Luxenburgoko lehen ministro Xavier Bettel-ek eskatu dio EBri ez dezala gutxietsi Espainiak Kataluniaren autonomia bertan behera utzi izana. Silvio Berlusconik ere parte hartu du Kataluniako aferean eta esan du elkarrizketaren bidez bideratu behar dela, berak ez zukeela Guardia Zibila bidaliko erreferenduma zapuztera. Angela Merkel eta Emmanuel Macron hurrenez hurren Alemania eta Frantziako mandatari gorenek sostengua adierazi diote Madrili.

Espainiak, bestalde, oso haserre erantzun dio Belgikari, bertako lehen ministroak La Soir egunkarian esan zuelako Kataluniako gatazka elkarrizketa eta negoziazioz bideratu behar zela.

Nazioarteko prentsan oihartzuna izan du Espainiako Gobernuak 155. artikulua aplikatzeko hartutako erabakiak

Espainiako Gobernuak Kataluniako autonomia bertan behera uzteko hartutako erabakia ekarri dute edizio digitaleko azalera nazioarteko hedabide ugarik. Hemen horietako batzuk bildu ditugu:

 

 

“En Peu de Pau” aurkeztu dute, ekintza baketsuen aldeko ekimena

ANC, Omnium, UNESCO etxea, su-hiltzaileen kolektiboa eta Universitats per la Republicak osatzen dute besteak beste koordinazio gunea. En Peu de Pau ekimenak lau helburu ditu:

1. Koordinazio eremu bat osatzea eragileen artean. Erantzun baketsu eta biolentziarik gabekoen erabileraren inguruko diskurtso komun bat osatzeko.

2. Koordinazio operatibo bat sortzea eragileen artean hobeto antolatu al izateko erantzunak baketsuak izan daitezen.

3. Ekintza baketsuen inguruko formazioa eskaintzea guztiei eta horretarako baliabideak ahalbidetzea.

4. Komunikazio bideak prestatzea, ekimen hauen inguruko informazioa zabaltzeko.

 

Espainiako Gobernuak 155. artikulua aktibatuko duela jakinarazi du

Espainiako Ministroen Kontseilua larunbat honetan elkartuko da Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua aplikatzeko. Duela minutu gutxi erantzun dio Puigdemontek gutun bidez Mariano Rajoy Espainiako Presidenteari. Gutunean ohartarazi du Madrilek elkarrizketa oztopatzen jarraitzen badu Kataluniako Parlamentuak indepdenentzia formalki aplikatuko duela.

 

Madrilek elkarrizketa oztopatzen jarraitzen badu Parlamentuak independentzia aldarrikatuko duela ohartarazi du Puigdemontek

Puigdemontek orri bateko gutun baten bidez erantzun dio Mariano Rajoy Espainiako Presidenteari. Gutunean Rajoyri ohartarazi dio, elkarrizketa oztopatzen jarraitzen badu, Kataluniako Parlamentuak indepedentzia aldarrikatu beharko duela.

 

Kazetari bati eraso egin zioten kontzentrazio unionista batean bart gauen Bartzelonan

Bart gauean 600 bat unionistek kontzentrazioa egin zuten Bartzelonako Diagonalean, prozesu independentistaren aurka. “Puigdemont kartzelara” eta “Yo soy español” izan ziren gehien errepikatutako oihuak Nació Digitalek jaso duenez.

RAC1 irratiko Anna Vallhonesta kazetariak bere Twitter kontura igotako bi bideotan erakutsi zuen, nola kontzentratuta zeudenetako batzuek eraso zioten. Kontzentrazioak iraun bitartean, bertatik pasatzen ziren autoei “Viva España!” edo antzekoak esatera behartzen zituzten bertatik pasa al izateko. Kazetariak hori grabatu zuen eta orduan eraso egin zioten Espainiako banderarekin joz.

Gaur 22:00etan deituko dituzte bihar goizerako ekintza baketsuak ANC eta Omniumek

ANC eta Òmnium Culturalek gaur gaueko 22:00etan bihar goizeko 8:00etarako ekintza baketsuak iragarriko dituzte. Herritarrei eskatu diete adi egoteko komunikazio kanal ofizialetara, ekimenean parte hartu ahal izateko.

Amnistia Internazionalak Sanchez eta Cuixart askatzeko eskatu du

Amnistia Internazionalak eskatu du ANCko eta Òmnium Cultural elkarteko presidenteen espetxeratzeak bertan behera uzteko. Komunikatu baten bidez, GKEak Espainiako autoritateei eskatu die Sànchez eta Cuixarten aurkako sedizio karguak erretiratzeko, "gehiegizkoak" gisa ulertuta.

Marta Rovirak (ERC) baztertu du hauteskunde autonomikoen aukera 155a saihesteko

Goizean filtratu da hedabideetara Espainiako Gobernua prest legokeela 155. artikulua bertan behera uzteko Katalunian hauteskunde autonomikoak deitzen baldin badira. Informazio hori zabaltzearekin batera, La Vanguardia egunkari kontserbadore katalanak argitaratu du ERCk nahiago lukeela hauteskundeak egitea autonomia etetea ekarriko lukeen Moncloaren neurria baino. Alabaina, ERCko Marta Rovirak ukatu egin du hori egia denik.

Roviraren esanetan, hauteskundeetan herria galtzen aterako litzateke eta gainera alderdiek badaukate "agindu demokratikoa": urriaren 1eko erreferenduma.

34 milioi euro baino gehiago gastatu ditu Espainiako Gobernuak Kataluniako polizia-operazioan

La Directa hedabide kataluniarrak argitaratu duenez, Espainiako Gobernuak independentismoaren kontra antolatu duen polizia-agenteen hedatzeak 34 milioi euroko kostua du. 5.300 polizia mugitu ditu Moncloak eta urriaren 28ra arte gutxienez Katalunian izango dira. "Koperniko operazioa" bataiatu du Espainiako Barne Ministerioak eta hasierako aurrekontua –31.776.643 euro– gainditzea ekarri du poliziaren egonaldia luzatzeko erabakiak. Une honetan 34.606.600 euroraino iritsi da operazioaren gastu publikoa.

"Koperniko operazioa" datutan (egilea: Pau Fabregat / La Directa).

 

Rajoyk 155. artikulua alde batera utz dezake Puigdemontek hauteskundeak deituko balitu

Espainiako Gobernua prest legoke Kataluniaren autonomia etetea ekarriko lukeen erabakia alde batera uzteko, Puigdemontek hauteskundeak deituko balitu. Espainiako Gobernuaren inguruko iturriak aipatu ditu Nació Digital-ek albistea eman duenean.

Raül Romevak Bruselan salatu du Espainia "ilegalki" 155 artikulua aplikatzen ari dela jada

Raül Romeva Generalitateko kanpo harremanetako kontseilaria Bruselan dago Kataluniako egoeraren berri ematen. "Norbaitek elkarrizketa posible egiten lagundu badezake, prest gaude", azaldu du eta gogoratu du, beharbada EBren zerrendan ez dagoen arren, aferak garrantzia daukala. "Hau benetan existitzen den errealitatea da eta ez da desagertuko batzuei gustatzen ez zaielako".

Kontseilariaren iritziz, Espainiako Estatua dagoeneko Konstituzioaren 155. artikulua aplikatzen ari da "ilegalki". Oro har, gertatzen ari dena ikusita, EBko estatu baten arazo pribatua izatetik esfera publikoagora pasa dela ere esan du Romevak.

"Elkarrizketa, errespetua eta kirola" tifoa Bartzelonaren futbol zelaian

Bartzelona futbol taldeak Txapeldunen Ligako partida jokatuko du gaur Olympiacos greziarraren aurka. Klubak jakinarazi duenez, 45x46 metroko 'tifoa' zabalduko dute harmailetan, "Elkarrizketa, errespetua eta kirola" leloarekin. Halaber, ANC-ko presidentea eta Òmmiun Cultural elkarteko idazkaria gonbidatu ditu Nou Camp zelaiko palkora.

Cuixart eta Sanchezen aldeko manifestazio jendetsuak Katalunia osoan

200.000 jendez goiti kalkulatu ditu Bartzelonako udaltzaingoak hiriburuko manifestazioan eta beste milaka gehiago elkartu dira Katalunia osoko hiri eta herrietan. Bartzelonakoan hitza hartu dute, preso hartutako Jordi Cuixart eta Jordi Sanchezen ordez eta haien alde, ANCko Agustí Alcoberro eta Omniumeko Marcel Maurik. Hurrengo mobilizazio handirako deia heldu den larunbaterako zabaldu dute.

 
 

 

 

Europak "barne afera" izendatu du Espainiak Cuixart eta Sánchez kartzelaratu izana

Gai Ekonomikoetako komisario Pierre Moscovici-k "barne afera" gisa hitz egin du bi Jordien kartzelaratzeaz eta garrantzia kendu dio: "ez da ezer konponezinik gertatu". Espainia eta Katalunia elkarrizketara gonbidatu ditu: "Indarkeriak eta enfrentamenduak ez daramate inora. Irtenbidea elkarrizketa da". France Info irratian eginiko adierazpenetan nabarmendu du ezin dutela bitartekari lana egin Espainiak eskatzen ez badu: "Guk ezin dugu bitartekaritza inposatu. Bitartekaritza egoteko, biek, Madrilek eta Bartzelonak, galdegin behar dute".

Albistearen iturria: Vilaweb.cat

Taula per la Democràcia-k manifestazioa deitu du Bartzelonan larunbaterako

"Eskubide eta askatasunen defentsan" lemapean deitu du manifestazioa. 17:00etan Gracia atorbidea Aragórekin gurutzatzen den lekuan izango du abiapuntua eta Catalunya plazara zuzenduko da. Gracia etorbidea Gran Viarekin lotzen den puntuan manifestua irakurriko dute. Jordi Sánchez eta Cuixarten kartzelaratzea salatuko du martxa honek. Taula per la Democràciak ehun eragile inguru biltzen ditu.

Albistearen iturria: Vilaweb.cat.

Auzitegi Konstituzionalak Erreferendum Legea baliogabetu du

Kataluniako Parlamentuak irailaren 6an onartu zuen Erreferendum Legea eta Auzitegi Konstituzionalak eten egin zuen egun bat beranduago, behin behinean. Urriaren 17an baliogabetu egin du, ebazpenean zera adieraziz: "Kataluniak ez du jabetza subirauik eta ezin da subjektu juridiko gisa ezagutua izan, subirautza nazionala duenarekin konpetentzian sartzeko". Legeak arautzen zuen erreferendumaz, Auzitegi Konstituzionalaren ebazpenak dio: "denei eragiten dien gaia, hau da, Espainia eratzen duen Estatu komun horretako kide izatea edo ez, denen artean erabaki beharko litzateke; alderantziz egiteak ekarriko luke hiritartasunaren batasuna haustea, eta juridiko-konstituzionalki, guztion Nazioa haustea".

Hemen irakur daiteke ebazpen osoa (gazteleraz).

Mossoek txalo artean artu dute Trapero gaur goizean lanera joan denean

Mossoek Twitterrez zabaldutako bideo honetan ikus daiteke gaur goizean Josep Trapero Mossoen buruari egin dioten harrera beroa. Atzo Carmen Lamela epaileak pasaportea kendu zion eta hamabostero epailearen aurrean agertzeko agindua jarri zion, Jordi biak esperatu dituen auzi berean.

Generalitateak dio ostegunean ere elkarrizketa eskainiz erantzungo diola Madrili

Ostegunean berriz ere elkarrizketa eskaintzarekin erantzungo diola Madrili, hori jakinarazi du Generalitateko gobernuaren bileraren ondoren Jordi Turull gobernu bozemaileak atzo Mariano Rajoyk emandako epeari ihardetsiz. Baina, Madrilek elkarrizketari etengabe entzungor egiten diola ikusita, azken eskaintza izan daitekeela ere aditzera eman du. Madrilgo jarrerak bi aukera ematen diela esan du Turullek: edo errenditu edo aurrera egin, eta "errendizioa ez dago gure eszenatokian".

Jordi Sánchez eta Jordi Cruixarten atxiloketak "lotsa demokratikoa" eragiten dutela zehaztu du: "Edondik begiratuta ere, "preso politikoak dira, noiz eta XXI. mendearen bihotzean". Lasaitasunerako deia eginez, deitu diren protesta mobilizazioei sostengua eman die Generalitateak. Kritika egin dio, halaber, Madrildik Mossoen buruari eragin dioten ospe-galtzeari.

 

12:00etan kontzentrazioak egin dituzte herrietan #LibertatJordis eskatuz

Behean, Ion Telleriaren bideoan, UGT eta CCOOren idazkari nagusiak, alkateak eta Gobernua elkarretaratzean.

Sants auzoan errepidea moztu dute:

Poliziak aterpetzen dituzten hiru itsasontzien egonaldia azaroaren 2a arte luzatu du Madrilek

Irail erditsutan polizia eta guardia zibilen behin-behineko egoitza izateko Madrilgo gobernuak Bartzelona eta Tarragonako portuetan ainguratutako hiru itsasontziek bertan jarraituko dute gutxienez bi aste gehiagoz; eta pentsa liteke orduan ere ez direla itsasoratuko, agintariek argudiotzat erabiltzen baitute Katalunian daudela bertako "egoera bereziagatik". Ara egunkariak zabaldu du albistea. Hiru ontziak, tartean Piolinen baporea deitzen dioten Moby Dada, gobernuak estatuaren itsasontzi izendatu dituenez, portuak derrigortuta daude horiek bertan onartzera.

Arnaldo Otegi: "Eragile sozial eta politikoek bildu behar dugu EHn, dagokion erantzuna emateko"

11:30etan adierazpen hauek egin ditu Arnaldo Otegik, EH Bilduren izenean (hemen ikusgai):

"Hiru ideia plazaratu nahi ditugu:

1.-Hemen erregimenaren krisi estruktural bat dago. Erregimena salbatzeko eliteen arteko ituna egin dute. Paktu horretan badaude enpresariak, komunikabideak, alderdi politikoak (PP-PSOE-Ciudadanos) eta erregea. Erregeak lideratzen du bloke hori eta inboluzio demokratikoaren aldeko apustua egin du eta kontrarreforma bat dator.

2.-Egotekotan kontrarreforma egongo da, eta egotekotan, konstituzioa modifikatuko da atzerantz, ez askatasunak sakontzeko, guztiz kontrako norabidean. Errebisioa egin dute duela 40 urte gertatutakoaz, eta atzera begira egin dute errebisioa. Katalunia geldiaraztea eta bere moduko prozesurik ez egotea da euren helburua eta horretarako hartu beharreko neurri guztiak hartuko dituzte. Estatu operazio horretan Pedro Sanchez diziplinatu dute, eta unionismo demokratikoari marjen guztia kendu diote. Gelditzen zaie beldurra, Guardia Zibila, kartzela. hori da mahai gainean duten eskaintza bakarra.

3.-Badira batzuek pentsatzen dutenak afera dela Katalunia eta Espainiaren artekoa. Hori dioena gezurretan ari da, hemen ere badu eragina. Katalunian gertatzen direnaren ondorioak ez dira Katalunian geldituko. Katalunia errepublika independente bihurtzen bada, Espainia ez da bideragarria izango ekonomikoki, eta badakigu nondik aterako duten parte bat. Katalunia geldiarazten badute indarrez, norbaitek uste du hor soilik geratuko direla?

Bi esparru daude jorratu beharrekoak: erantzunarena eta elkartasunarena. Baina baita ere, erantzun puntualetik aparte, herri honi esan behar zaio benetan gertatzen ari dena. Atzo, demokratikoki lan egiten zuten bi pertsona kartzelaratu dituzte, hori da egoera, eta etorkizuna txarragoa izango da. Eragile sozial eta politikoek bildu behar dugu Euskal Herrian, diagnostikoan ados jartzeko, eta ikusteko horren aurrean zer egin. Ezker independentistak bere ardura politikoagatik egin behar du hori".

Kataluniako Larrialdiko deien arreta-zerbitzuko egoitza nagusira sartu da Guardia Zibila

Hainbat guardia zibil Kataluniako larrialdiko deien arreta-zerbitzuak Reusen duen egoitza nagusira sartu da gaur goizean. TV3-k aditzera eman duenez, urriaren 1eko erreferendumean 112 zerbitzuan jasotako larrialdi deien inguruko informazioa lortzea iza liteke operazioaren helburua.

 

ERC, PDeCAT eta CUPen adierazpenak

TV3-ko Els Matins programan adierazpen hauek egin dituzte:

Mireia Boya (CUP): "Errepublika aldarrikatzeko baldintzak ematen dira"

"Une honetan badira baldintzak errepublika aldarrikatzeko. Espainiarekiko elkarrizketa jada ezinezkoa da, nazioarteko bitartekaritzaz hitz egin beharko genuke. Guk Greba Orokorraren alde egiten dugu, eta indefinitua izan behar luke".

Gabriel Rufian (ERC): "Greba Orokorra litzateke aukera onena"

"Jendea bere ideiengatik preso hartzea zuzenbide estatuaren amaiera da. Zein izango dira hurrengoak, PAH? Sindikatuak? Kalean hasi zen hau eta seguruenera kalean bukatuko da. Mediazioaz hitz egin behar dugu. Greba orokorra litzateke aukera onena, herrialdea gelditzea, lapurtu diezaguten baino lehen".

Marta Pascal (PDeCAT): "XXI. mendeko Europan preso politikoak daude berriz ere"

"XXI. mendeko Europan preso politikoak daude berriz ere. Urriaren 1eko konpromisoa aurrera eramateko konpromiso sendoa dugu. Nazio mailako mobilizazio indartsurik antolatzen bada, hor izango gara. Erantzun bateratuak, inklusiboenak, ematen digu indarrik handiena aurrera egiteko. Gu ez gaituzte harrapatuko hauteskunde eszenategi batean friboloki espekulatzen".

Victoria Pregok Katalunian gogorrago jotzea eskatu du: Madrilgo prentsa elkartearen lehendakaria da

Victoria Prego Madrilgo kazetarien elkartearen buruak COPE irrati kateari esan dionez (haren hitzak bildu ditu Elnacional.catek), 155. artikuluaren aplikazioa gutxiegi da Kataluniarako: gogorrago jo behar du gobernuak zeren eta "Kataluniarik gabe, Espainia desagertu eginen da". Victoria Prego izan zen ETAk hil zuen Miguel Angel Blancoren aldeko manifestaldi erraldoiaren amaieran oihukatu zuena "A por ellos" famatua, gaur berriro unionistek Kataluniarekiko darabiltena.

Lagundu Katalunia, salbatu Europa bideoa

Òmnium Cultural elkarteak europar herritarrei bideo hau zabaltzeko eskatu die:

Carmen Lamela epailea Guardia Zibilak eta Poliziak dominez saritua dute aurretik

Medalla al Merito Policial deitua eman zion Carmen Lamelari Juan Ignacio Zoido Espainiako barne ministroak polizia espainiarren patroia den Aingeru Guardakoaren egunean, epaileak ANC eta Omniumeko bi lehendakariak auziperatzeko erabakiak abiarazi baino egun gutxi lehenago. Nacio Digitalek zabaldu du albistea. Iaz, 2016an, Guardia Zibilak saritu zuen Zilarrezko Gurutzez urriaren 15ean, Altsasuko ostatuko istilu famatuak terrorismotzat jo eta egun gutxira. La Directak eman ditu xehetasunak.

 

Urriaren 17ko mobilizazioen mapa

Mapa hau etengabe berritzen doa eta banderatxoa klikatuta, ekintzaren ordu eta leku zehatza ikusi dezakegu.

Gure Esku Dagok gaurko mobilizazioak deitu ditu: Euskal Herriko plazetan 19:00etan

Kataluniarekin elkartasunez eta, Jordi Sanchez eta Jordi Cruixarten askatasuna eskatzeko bilkurak deitu ditu gaur arratsalderako Gure Esku Dagok: 19:00etan Euskal Herriko plazetan.

<< <
1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17
> >>

Kataluniako erreferenduma kanaletik interesatuko zaizu...
"A por ellos"

Gasteizen, erregimenarentzat arriskutsua zen mugimendu asanbleario bat zapaldu nahi izan zen eta herri oso bat atera zen kalera. Katalunian ere egungo erregimena kinkan jarri du prozesu independentista transbertsal eta zabalak.


Katalunia, Espainiaren aukera

Hamaikagarren aldia da Espainiako Estatuaren izaera inperialista eta totalitarioa konstituzioaren atzean ezkutatzen ikusten ditugula PP eta PSOE. Itxurak besterik ez dira, izan ere, Espainiako Estatuan (mundu osoan ez bada) demokrazia hitz hutsa dela antzezlan honetako aktore guztiek ongi dakite. Guztiek. Espainiako ezkerrak ere bai.

Bere burua ezkerrean kokatzen duten espainolek, kontinente oso bat masakratu eta ustiatu zuen inperioaren eta frankismoaren oinordeko izateari utzi eta beste... [+]


2017-10-22 | Xabier Letona
Erreferendumaren espiritua, defentsarik onena

Badirudi oraindik edozer interpreta daitekeela lerro hauek idazten diren urriaren 16 goizean: independentzia aldarrikatuta dagoela edo ez, eta 155. artikulua indarrean dela jada, baina ez. Era batera zein bestera, Kataluniako independentismoak Errepublika defendatzeko prestatzen jarraitzen du. Nola egin eraginkorren, ordea?


Espainiaz

Mugitzen ez denak ez ditu kateak sentitzen. Eta kateatu zaituen horrek aske zarela esango dizu alde egiten saiatzen zaren arte. Baten bati zalantza izpirik geratzen bazitzaion, Kataluniako aferak argi utzi du Espainia ezker-eskuin zer den.

Eskuin. Espainian ez du eskuinak agintzen, Espainian muturreko eskumak agintzen du. Francoren espirituak kuku egin digu berriz ere azken asteetan. Diktadurako errifleen berunez egin zen konstituzioaren moldea, eta molde hori da herriak lotu eta manu... [+]


2017-10-22 | Bea Salaberri
Moltes grÓcies

Egunak aitzina doaz iritzi honen idazteko epea agortu artean jarduteko gaien zerrenda egiten, ondorio bakarrera heltzeko: zertaz idatzi ez bada Kataluniaz, zertaz idatzi ez bada aspaldiko partez interes, ilusio eta zirrara eragin dizkigunaz? Nahiz bestalde nehon agertu ez den zer erranik gutxi egon jada, eta ezin jakin hau agertuko denerako zertan egonen den gaia, erremediorik ez. Horrela, esker beroak zuzendu nahi nizkioke azken asteetan hainbat mailatan egunerokotasun geza inarrosi duen... [+]


2017-10-17 | Xabier Letona
Errepresioa ala elkartasuna

 Jordi Sanchez eta Jordi Cruixarten espetxeratzeak beste jauzi bat ekarri du Espainiaren lasterketa errepresiboan, lehenbiziz espetxeratu baititu Kataluniako independentistak, kalean helburu horren aldeko manifestazioak egiteagatik.


"A por ellos"

Gasteizen, erregimenarentzat arriskutsua zen mugimendu asanbleario bat zapaldu nahi izan zen eta herri osoa atera zen kalera 1976an.  Katalunian ere egungo erregimena kinkan jarri du prozesu independentista transbertsal eta zabalak.


2017-10-15 | Juan Mari Arregi
Katalunian enpresa exodoa?

Kataluniako prozesu soberanistak Espainiako Estatuko botere guztiak bat egitea ekarri du independentzia lortzea eragozteko.


ARGIA Katalunian jarri nahi izan dugu

Lehengo astean txoko honetatik aipatu nizuen urriaren 1ean mundua bukatuko zela pentsatzen zutenei ere adierazi nahi niela egunak beti argitzen duela eta munduak aurrera jarraitzen zuela; ez nuela erreferendumaz hitz egin gura, eta Argia Egunaz jardun nizuen. Gaur ezin dut Herrialde Katalanetara begiratu gabe geratu.

Nahikoa analisi eta artikulu irakurria izango zara dagoeneko, eta ez dut uste nire lau iritzik ezer hobeto ulertzen lagunduko dizunik. Ez naiz aditua ezta aritua ere horretan... [+]


Espainiaz

Puigdemontek ez du espero zen errepublikaren aldarrikapenik egin, independentzia deklarazioaren ondorioak atzeratzea eta elkarrizketari azken aukera ematea hobetsi baitu. Nazioarteari begira prozesuari zilegitasun osoa emateko balio badu, ondo etorria izan dadila erabakia, baina arriskuak ere nabarmenak dira eta urratsak arin eman beharko dituzte.


Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude