Independentzia adierazpena adostu dute, baina indarrean sartzea atzeratu

  • Alderdi independentistek Independentzia Adierazpena adostu zuten asteartean Legebiltzarrean, baina berau indarrean sartzea atzeratu, elkarrizketari beste aukera bat emateko. Kalean hoztasunez hartu zuen erabakia independentismoak. Madrilen aldarrikatutzat jotzen dute independentzia.


2017ko urriaren 11n - 02:51
Puigdemont legebiltzarreko prentsa aretoan, Independentzia Adierazpena sinatzen. (Argazkia: BBC)

Hori da urriaren 10eko ondoriorik nagusiena: “Bai, baina oraindik ez”. Junts Pel Sík eta CUPek Independentzia Adierazpena adostu dute, baina Junts Pel Sík erabaki du aste batzuetan ez dela indarrean sartuko. Generalitateko iturriak aipatuz, La Directa hedabide katalanaren arabera, epea “bi edo hiru astekoa” litzateke.

CUPek ez du bat egiten erabaki horrekin eta argi adierazi zuen hori Anna Gabriel bozeramaileak legebiltzarreko osoko bilkuran, baina berau amaitu ondoren, egoitzaren prentsa aretoan Junts Pel Sí-koekin batera sinatu zuen Independentzia Aldarrikapena. Negoziaziorako bizpahiru asteko epe hori pasatu ondoren, Aldarrikapena Legebiltzarrera itzuli beharko da eta bertan onartu.

Carles Puigdemonten agerraldiaren aurreko uneak oso nahasiak izan ziren legebiltzarrean, hastear zela iragarri baitzen ordubetez atzeratuko zela, 18:00etatik 19:00etara. Korridoreetan berehala hasi ziren zergatien zurrumurruak eta bi nagusitu ziren: bat, “nazioarteko azken orduko negoziazio aukerak dira eta aztertzen ari dira”; bi, “Junts Pel Sí-ren eta CUPen arteko desadostasunak dira”.

Gerora ikusi denez, biek bazuten bere egia zatia: Independentzia Aldarrikapenaren atzeratzea Europako negoziazio mahaietara begira egin da, eta CUPen eta Junts Pel Síren arteko desadostasunak hor dira, prozesu osoan egon diren legez.

Junts Pel Sí-ren eta CUPen arteko tirabirak

CUPek beti defendatu du zuzenean joan behar dela helburura, lehenago edo geroago hori egin behar baita. Junts Pel Sí-k, ordea, gehiago zaindu du irudia eta sigi-sagan egin ohi du aurrera, prozesua luzaraziz. Hortik sortu zen prozesismoaren ideia eszeptikoa.

CUPek beti defendatu du zuzenean joan behar dela helburura; Junts Pel Sí-k nahiago izan du sigi-saga egin aurrea, 'prozesismoa'-ren ideia eszeptikoa sortzeko bide emanez

Junts Pel Síkoek beti argudiatu dute beren asmoak bete egin direla lehenago edo geroago, eta orain ere hala izango dela. CUPek helburuen zaintza lana hartu du oro har, hainbat unetan bi indarren arteko egoera ia apurketaraino eramanez, baina azkenean zaintzale lan hori aintzat hartu dio mugimendu independentistaren zati handi batek. Orain ere, CUPek iragarri du pentsatzen ari dela legebiltzarreko ohiko lanera ez itzultzea eta bakarrik aritzea bertan independentzia prozesuarekin zerikusirik duten alorretan.

Beraz, atzera-aurrera horren azken kapituluan gaude orain? Inork ez daki, eta seguruenik pasatu beharko dira bizpahiru aste horiek independentismoaren gaurko jokaldia egokia izan den hala ez baloratzeko.

Emozioak dantzan

Diadaren egunetik kalean bizi da mugimendu independentista eta, gainera, irailaren 20tik aurrera –Madrilek emandako lehen zartako handiaren eguna– ia-ia iraultza egoeran, bereziki erreferendum klandestino bat bideratu eta defendatzeko lanagatik. Kalean bizi da, halaber, Madrilgo errepresioari erantzunez, baina funtsean ekimen politikoa berak eramanez eta Madril erantzutera behartuz. Urriaren 1ean soberanismoak aurrera atera zuen erreferenduma, parte-hartzearen %42arekin eta baietzaren %90arekin, eta horren ondorioz, independentismoak argi ikusi zuen independentzia aldarrikapena eskura zuela, besteak beste Erreferendumaren Legeak horrela agintzen duelako. Hori gauzatu behar zen urriaren 10ean.

Irailaren 11tik kalean bizi da mugimendu independentista, azken asteetan ia iraultza egoeran. Horregatik, Puigdemonten adierazpenak zer esan nahi duen ulertzeko denbora beharko du

Eguna atzo iritsi zen eta Aldarrikapen borobila ez zela izango jakinda ere, berau egin egingo zela pentsatzen zen; mugimendu independentistak eta bere medio anitzek ideia hori elikatu dute behin eta berriz. Horrela bakarrik uler liteke Carles Puigdemont legebiltzarrean bere agerraldia egiten ari zenean, kalean aldarrikapena defendatzeko bildu ziren milaka herritarren erreakzioa: txalo zaparradarekin hartu zen presidenteak Errepublika Aldarrikatzeko ordua zela jaurti zuenean, baina noraeza barreiatu zen minutu bat geroago Parlamentuari aldarrikapen hori aste batzuez bertan behera uzteko eskatu zionean.

Ordu batzuk behar izan ziren independentismoaren lerroetan horrek zer esan nahi zuen ulertzeko eta, seguruenik, gaur bertan ere esparru zabaletan ez da guztiz ulertuko asteartean independentzia ez aldarrikatzea. Mugimendu independentistak, hala ere, mobilizazio gaitasuna eta erabakigarritasunaz gain, badu konfiantza Junts Pel Sí-k eta CUPek erakutsi duten batasunean, eta Puigdemontek agertutako irmotasunean. Asteartean arrakala batzuk sortu ziren konfiantza horietan, baina oraindik sendo dirau. Noiz arte? Bizpahiru astetan erantzuna.

Lehen minutu eta orduetan jasotako kolpeari buelta ematen lan egin beharko du independentismoak datozen egunetan, baina bestetik, egoeraren sendotasunetako bat da Independentzia Adierazpenaren testua publikoa dela dagoeneko; sendoa da eta adostua dago. Jadanik inork ez du galdetuko: “Eta zer esango du orain Puigdemontek?”. Kataluniako Errepublikaren lehen urratsak bideratu behar dituen Adierazpena hor dago, herritar guztien eskura.

Independentziaren atzerapena atzerrira begira egina dago itxura guztien arabera

Independentzia aldarrikapenaren atzerapena, hala ere, atzerrira begira ei dago egina itxura guztien arabera. Helburu nagusietakoa, nagusiena ez bada? Europari berriz ere argi uztea Kataluniako agintariak guztiz zabalik daudela elkarrizketa eta negoziaziora, eta hori erakusteko prest direla independentzia aldarrikapenaren harribitxia aste batzuez atzerako.

Madrilen txanda orain

Independentismoak bere azken mugimendua egin ondoren, Madrilen mugimenduari so gaude guztiak, baina erantzuna orain arteko ezpal berekoa izango dela suma liteke. Printzipioz, hedabide eta alderdi nagusienek egiazko independentzia aldarrikapen gisa hartu dute Junts Pel Sí-ren eta CUPen akordioa, eta amarru gisa jo dute berau atzeratzearena. Bere garaiko “tregoa-tranpa” “aldarrikapen-tranpa” bihurtu dute.

Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseilua, asteazkenean 9:00etan bilduko da. Hartuko dituen neurrien zain, denak adierazten du errepresioaren bideak bere horretan jarraituko duela eta hori bera izango dela, beste behin ere, independentismoaren kohesio osagairik garrantzitsuenetakoa.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Katalunia independentziarantz
Junts-PSOE akordioa
Amnistia legea eta negoziazio mahai berria, legealdi akordioaren truke

Akordioaren bidez Juntsek eta PSOEk Kataluniako gatazka historikoa bideratuko duen etapa berri bat ireki nahi dute. Horretarako, bi indarren arteko negoziazio mahai bat eratu dute eta bertako edukiak eta akordioak segitzeko bitartekaritza mekanismoa adostu ere bai.


'La Directa' babestu dute ARGIAk eta beste hainbat hedabidek: "Kazetaritza ez da terrorismoa"

La Directa-k salatu du Jesús Rodríguez kazetaria inputatu izana “informaziorako eskubidearen aurkako erasoa” dela. Elkartasun manifestua plazaratu dute Rodríguezi babesa helarazteko, eta dozenaka hedabide eta erakundek sinatu dute jada, ARGIAk... [+]


La Directako kazetari bat ere "terrorismoagatik" inputatu dute Tsunami Demokratikoaren auzian

Espainiako Auzitegi Nazionalak “terrorismo-delitua” egotzi dio Jesús Rodríguez La Directako erredaktoreari eta beste hamaika pertsonari, tartean Carles Puigdemont presidente ohi eta Marta Rovira ERCko idazkari nagusiari, 2019ko epaiaren aurkako... [+]


Puigdemont eta Rovira inputatu ditu Auzitegi Nazionalak Tsunami Demokratikoagatik

Espainiako Auzitegi Nazionala 2019ko udazkeneko protestetan “terrorismo” deliturik izan ote zen ikertzen ari da. Bitartean, PSOEko eta JxCko ordezkariak Bruselan bilduta daude.


Jordien indultua egokia dela onartu dute eta Miquel Buch kontseilari ohia lau urtera zigortu

Ostegun honetan ezagutu dira bi epaiak. Batean, Espainiako Auzitegi Gorenak balekotzat eman ditu Jordi Cuixart eta Jordi Sánchezen indultuak. Bestean, Bartzelonako Auzitegiak laur urte eta erdiko kartzela zigorra jarri dio Miquel Buch Generalitateko Barne kontseilari... [+]


Eguneraketa berriak daude