Iaz baino 18 milioi zuhaitz hektarea gutxiago ditu munduak

  • Satelite bidez egindako analisi berrien arabera, 2014an 18 milioi zuhaitz hektarea baino gehiago desagertu ziren munduan. AEBetako Munduko Baliabideen Institutuak (WRI) galeraren larritasuna azpimarratu du.


2015eko irailaren 4an - 11:34
Portugalen lur esparruaren bikoitza da iaz munduan galdutako baso eremua (argazkia: http://www.lanacion.com.py)
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Portugalen lur esparruaren bikoitza da iaz munduan galdutako baso eremua. Galera horretan zatirik handiena herrialde tropikalek jasan dute: 9.9 milioi hektarea zuhaitz galdu dituzte, zifra osoaren erdia baino gehiago.

Baso tropikalen lur eremurik handienak dauden Brasilen eta Indonesian deforestazio erritmoa geldotu egin da. Ordea, beste zenbait eskualde ekuatoriarretan asko azkatu da zuhaitzen galera, datuen arabera.

WRIko basogintza programako zuzendari Nigel Sizerrek egoeraren larritasuna azpimarratu du: “Analisiek deforestazioaren hazkunde benetan kezkagarria frogatu dute”.

Zuhaitzak bota, merkatu globalen eskaerei erantzuteko

Baso tropikalak laborantza intentsiborako eta ganaduaren hazkunderako ari dira eraldatzen eremu askotan. Argentinako, Paraguaiko eta Boliviako “El Gran Chaco” baso eremuan, adibidez, soja sailak eta abeltzaintza esplotazioak jatorrizko arboladiak suntsitzen ari dira, hango animalia eta landare espezie ugari arriskuan jarriz.

Mekong-eko eskualde handian ere (Vietnam, Tailandia, Kanbodia, Laos, Myanmar eta Txinako Yunnan biltzen ditu) %14 ari da gutxitzen urtero zuhaitz eremua. Munduko baso eremu aberatsenetakoa da Mekongekoa, eta nekazaritzatik bizi diren hango biztanleentzat nahitaezko baliabide ekonomikoa.

Egoera bereziki larria da Kanbodian, hango baso naturalak hule-aren plantazio bihurtzen ari direlako. 2001etik munduko deforestazio azkarrena ari da ematen herrialdean, eta adituek zuzenean egin dute baso-galeraren eta merkatu globalean hule-ak duen prezioaren arteko lotura.

Aipatzekoa da baita ere zuhaitz eremuen galera azkarrena jasaten ari diren hamar herrialdetatik erdiak Afrikakoak direla.


Eguneraketa berriak daude