Hollandek agur esan dio presidente berriz izateari

  • François Hollandek uko egin dio bigarren aldiz Frantziako presidente izateko aukerari eta ez da alderdi sozialistako primarioetara aurkeztuko. Lehen aldia da Frantziako presidente batek bere burua bigarrenez hautatua izateko aurkeztuko ez duena. Krisian dauden sozialistek urtarrilean erabakiko dute nor izango den eskuinaren gorakadari aurre egin beharko dion hautagaia.


2016ko abenduaren 02an - 10:23
Hollande primarioei uko egingo diela azaldu duen prentsaurrekoan. (Arg.: elysee.fr)

“Badakit babes nahiko izango ez lukeen bide bat hastearen arriskua zein den, beraz, nire aginte presidentziala berritzeko hautagai ez izatea erabaki dut”, azaldu du Hollandek. Gizartearen %7ko babesa besterik ez du eta bera da V. Errepublikan babes gutxien izan duen presidentea.

Azken bost urteetan eginiko akatsak bere gain hartu ditu eta “umiltasunez jokatzen” irakatsi diotela adierazi du. Horien artean terrorismo delituez akusaturik daudenei nazionalitatea kentzeko aukera mahai gainean jartzea aipatu du.

Gobernutik harturiko erabakiek alderdi sozialistan eragin negatiboa izan dutela onartu du eta bere mandatua amaitu bitartean egin beharrekoa “herrialdea zuzentzea” duela. Eskuin muturraren gorakadaren aurrean mundura irekitzeko eskatu die frantziarrei, protekzionismoa albo batera utzita: “Jokoan dagoena ez da pertsona bat, herrialde oso baten etorkizuna baizik”.

Sozialistek Fronte Nazionaleko Marine Le Pen eta Les Republicans alderdiko François Fillon hautagaiei aurre egiteko norbait aurkitu beharra dute.Momentu honetan, inkesten arabera, sozialistak bigarren itzulitik kanpo geratu lirateke. Ezkerreko alderdien batasunak bakarrik egingo lioke aurre eskuinari.

Primarioak urtarrilean                                                

Alderdi sozialista izango da bere hautagai presidentziala aukeratzen azkena. Urtarrilaren 22an eta 29an egingo dituzten primarioetan hautatuko dute. Kanpaina dagoeneko zabalik dago ostegunetik eta hilaren 17an amaituko da hautagaien jakinarazpen ofizialarekin.

Oraingoz zazpi dira primarioetan aurkezteko prest dauden hautagaiak. Ezagunenak Hollanderen ministro izan ziren Benoit Hamond eta Arnaud Monteburg dira. Azken hau da ofizialki izena ematen lehena. Alderdi sozialistako sektore aurrerakoienaren hautagaia da Monteburg.

Hollanderen agurrak egungo lehen ministro Manuel Vallsi hautagaitzarako ateak ireki dizkio. Vallsek duela egun batzuk hautagai izateko “prest” dagoela onartu zuen.  

Ezkerreko gainontzeko alderdiek beraien hautagaiak aukeratuak dituzte jada: PRG Ezkerreko Alderdi Erradikalak Sylvia Pinel, EELV alderdi ekologistak Yannick Jadot, En Marche! alderdi sortu berriak Emmanuel Macron ekonomia ministro ohia eta komunistek Jean-Luc Mélenchon alderdi sozialistako kide ohia.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Frantzia
Errendimendu akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak Ipar Euskal Herrian

Ongi doazen ikasleak talde batean, zailtasunak dituztenak, bestean; maila akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak datozen ikasturtean, Frantziako Estatuan. Ikasleak sozialki eta akademikoki sailkatu eta bereiztea, desoreka areagotzea eta egoera okerragoan daudenak... [+]


Urtebeteko eta bi urteko espetxe zigorrak eskatu ditu prokuradoreak Molle eta Etcheverry bakegileentzat

Espetxe zigor arinak eskatu ditu Frantziako fiskaltzak Parisen epaitzen ari diren Jean Noel Txetx Etcheverry eta Beatrice Mollerentzat, ETAren helburuen arabera jardutea egotzita. Hala, zigor horiekin bakegileek ez lukete espetxera joan beharko. Maiatzaren 16an emango dute... [+]


Epaiketa
Parisek armagabetze prozesuan "kooperatu" zuela argitu du Fekl Barne ministro ohiak

ETAren armagabetzea bideratzeko, bakegileekin lankidetzan aritu ziren Frantziako autoritateak. Hala adierazi du Matthias Fekl Barne ministro ohiak asteartean, Parisko Zigor Auzitegiko 16. ganberan, Beatrice Molle-Haran eta Jean-Noël Txetx Etcheverry-ren aurka egiten ari... [+]


Elkarretaratzera eginen dute Baionan, Frantziako Ekonomia eta Etxebizitza ministroen bisitaren kari

Guillaume Kasbarian Etxebizitza ministroa eta Bruno Le Maire Ekonomia eta Finantza ministroa Baionan egonen dira ostiral honetan. Etxebizitza eskubidearen aldeko elkarretaratzera deitu du Herrian Bizi plataformak.


Eguneraketa berriak daude