Gure kontraesanen alde

  • Urriaren 8an, Zumaiako Aitzuri pilotalekuan jokatu zen bosgarren final laurdena. Hauek parte hartu zuten bertsolariak, sailkapen taularen ordenean: Nerea Ibarzabal (698,5 puntu), Nahikari Gabilondo (661,5), Miren Artetxe (661,5), Arkaitz Oiartzabal “Xamoa” (627,5), Asier Otamendi (617,5) eta Ibon Ajuriagojeaskoa (616).


2017ko urriaren 09an - 12:05

–    Hara, gauza bat esango dinat: pozik natxion, baina ez konforme.

Nirekin ez da Ines etorri, baina bai lagun mordoa, isilik gutxitan egoten direnak, eta konforme ere apenas. Non eta Gipuzkoa kostero ederrean, agurrean Ibonek esan bezala, zortzi ditxosozko abizen basko, eta, ojo al kristo “roca dragon” deiturikoa grabatu diren Zumaia horretan. Horrek ja, halako inportantzia bat ematen zion saioari.

Eta zer nolako saioa! Une batez ere erortzen ez den horietakoa. Ados, inor aurreratu aurretik, ez, ez zen Leitzakoa izan, baina dudatzen hasi naiz hain urruti ibili ote zen (puntuetan bai noski, baina saio bezala eta giroan, ummm…). Nerea Ibarzabalek irabazi zuela; dudarik ala? Serio, bederatzi urteko ume batek, txutxe-dendako langileari bezela, nahiko nuke nik jakin, hala iruzur egiten. Berak ez gintuen engainatu ordea, irabazi egin zuen. Atzetik, Nahikari Gabilondo, txapelketatik txapelketara azaltzen zaigun akatsik gabeko bertsolaria fin. Eta, aizu, Miren Artetxe delako hori, nola igo zitzaigun parrara zortziko handitik? Kartzelakoa kartzelako, saio ederra eta segi aurrera, amiga! Xamoa ohituta gauzkanetik apur bat baxuxeago ez ote zen ibili, baina utzitako hainbat jasotzeko modukoak izan ziren, kartzelakoa bereziki. Asier Otamendirenean Playboy bati tiraka bertsotan gutxitan ikusten diren espero gabeko bira bizitu genuen kartzelakoan. Azkenik Ibon Ajuriagojeaskoa izan genuen, honek ere lehertu ez baina erori gabeko saioa utzi ziguna.

Eta begira, akaso, bertso-saturazioa da, edo jada eskean zabiltzatela (Olentzeroren pare, zerrenda egiten didazue aretoko atean kroniketan aipatu beharrekoekin), baina, epailetasun normatiboari egurra emateko garaia ez ote den. Eta Inesen faltan, lagunak ez ote zidan esan:

–    Ez zain iruditzen saio batzuk (demagun Leitzakoa), puntuz puztuak izan direla? Eta aldiz, atzoko saioa zein gaurkoa, puntu baxuetara kondenatuta zeudela entzun aurretik?

Ez ote. Denok ditugu aldez aurreko espektatibak, eta “ni epaile banintz…” jolasean aise aritzen gara kabalak egiten. Baina serio, ni epaile banintz, asteburu honetan eskuzabalxeago arituko nintzen. Baina ni ez naiz epaile, eta Artetxek agurrean esan bezala, gure kontraesanen alde aritzea besterik ez dugu.

En fin, igandeko giroa itzela izan zela, behingoz hooliganismoa andreen alde paratu zela, eta saioa bero mantendu zutela seirek, goian, erorialdi handirik gabe. Bejondeiela. Aipatzekoa, berriz ere, Nerea Ibarzabalena. Ez dakit oraindik ongi azaltzen, baina hitz gastatu hori erabiltzen uzten badidazue, “freskotasuna” dela esango nuke. Gaiak hartzeko manera, arintasun sakon hori eta nola ez, keinukera eta espresioa oholtzaratzea.

Beraz horixe asteburuak utzitakoa, eta ez bazaude konforme, lagun baten amak hala omen dio: “ez da txapelketarik polemika barik”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bertsolari txapelketa 2017
Beltza nagusi

Begirazun zorrotzez ebaki zuen hitz bakoitza Maialen Lujanbiok, eta larrurik beltzenei jarri zien ahotsa euskal plaza entzutetsuenean: amabakarra, prostituta, yonkia izatea hautatu zuen eta subjektu hauen bizitzetara eraman gintuen, erru, erruki zein epai moraletatik urrun... [+]


2017-12-24 | Kattalin Miner
Bazterren aroa, behingoz

Oraindik BECekoa liseritu baino, irentsi beharrean nago. Zer nolako finala eman digun zortzikoteak! Hasi eta buka. Bejondeizuela eta eskerrik asko, egun paregabea biziarazi diguzue!

Beraz bai, pozik nago, oso pozik txapelketak utzitako gazi-gozoak kendu ditudalako... [+]


2017-12-18 | Dani Blanco
Finaleko argazki galeria

Abenduaren 17an Barakaldoko BECen jokatu zen finala, Dani Blancoren iruditan.


Eguneraketa berriak daude