Guatemalako 18 militar ohi atxilotu dituzte 80ko hamarkadan 558 indigena hiltzeagatik

  • “Latinoamerikako indarreko desagertze kasu handiena da” Fiskal Nagusiaren esanetan. Nazio Batuen datuen arabera 36 urte iraun zuen gatazkan 245.000 pertsona hil zituzten, haietako %97 militarrek eta paramilitarrek.


2016ko urtarrilaren 08an - 10:29
Bendicto Lucas Garcia Armadako Estatu Nagusiko burua izandakoa epaitegira bidean.

Efrain Rios Montt Guatemalako diktadore ohiaren aurkako epaiketari berriro ekin baino aste bete lehenago egin dituzte atxiloketok –genozidioagatik dago akusatua Rios Montt–. Segurtasun indarrek 18 militar ohiak 80ko hamarkadan indarreko desagertze eta gizadiaren aurkako krimenak egitea egotzita atxilotu dituzte. Fiskaltzak azaldu duenez, Guatemalako gerra zibilean gertatutako indigenen aurkako gutxienez 88 masakretan parte hartu zuten militar ohiek.

Ikerketaren zati bat 2012 eta 2015 artean Alta Verapazko kanpamentu militarrean egindako indusketetan aurkitutako 558 ume, heldu eta adinduren hezurduretan oinarritzen da. Horietatik 97 DNA bitartez identifikatu dituzte. Gorpuzki gehienetan ondorengo markak aurkitu dituzte: kateatuta eta ahoa estalita izatearen markak, matxetez eragindako zauriak eta bizkarretik botatako tiroak.

Atxilotuen artean Bendicto Lucas Garcia dago, Armadako Estatu Nagusiko burua izandakoa bere anaia Fernando Romeo Lucas jeneralaren agintaldian. 1978tik 1982ra izan zen presidente Romeo Lucas –Efrain Rios Montt agintean jarri zuen militar gazteen estatu kolpera arte–, eta bere agintaldia Guatemalako ilunenetakotzat jo da.

Kasu beragatik fiskaltzak muturreko eskuineko FCN-Nacion alderdiko diputatu eta militar ohi Edgar Ovalleren immunitatea erretiratzea eskatu du. Alderdi horretako Jimmy Moralesek hartuko du Guatemalako presidente kargua astebete barru.

Militarrak heriotza eta desagertzeen arduradun nagusiak

Biktimen familiek txalotu egin dituzte atxiloketak. Ana Lucrecia Molinak, 1981ean desagertutako Marco Antonio Molina nerabearen arreba, 34 urte eta hiru hilabeteren ostean, “hunkituta” sentitzen dela adierazi du. 14 urte zituela desagerrarazi zuen Guatemalako armadako G2 unitateak Marcos Molina.

Historia Argitzeko Komisioak kaleratutako Guatemala: Memoria del silencio txostenaren arabera, 1960tik 1996ra iraun zuen gatazka armatuko heriotza eta desagertze gehienak matxinatuen aurkako armadaren estrategien ondorio izan ziren.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Guatemala
Guatemalako presidente kargua hartu du indigenen babesa duen Bernardo Arevalok

Inbestidura ekitaldia hamabi orduz atzeratu da, Kongresuak ohiko lege-prozedura batzuk atzeratu dituelako eta Bernardo Arevalo agintera ez iristeko azken momentuko saiakera batzuk egon direlako. Arevalok “autoritarismoaren” aurkako mezua helarazi du.


2023-12-31 | Leire Artola Arin
Melvin Picón, Guatemalako jatorrizko herrien lurren defentsan:
“Proiektuak geldiarazi ditugu, komunitateak zortzi urtez egon direlako erresistentzian”

Melvin Picón (Coban, Guatemala, 1979) maia q'eqchi' komunitatekoa da, eta Guatemala iparraldeko Alta Verapaz departamendutik etorri da Euskal Herrira, Mugarik Gabe gobernuz kanpoko erakundearekin elkarlanean. Jatorrizko herrien defentsarako hamaika elkarte eta... [+]


Guatemalako hauteskundeak baliogabetzea eskatu du fiskaltzak

Guatemalako fiskaltzaren helburua da hauteskundeak irabazi zituen Bernardo Arevaloren kargua hartzea eragoztea. Arevalok “ustelkeria amaitzea" hitzeman zuen.


Cristina Chiquín Rodríguez, argazkilari eta kazetari guatemaldarra
“Emakumeen kontrako bortizkeria da uzten ez den arma bakarra”

Cristina Chiquín Rodríguez argazkien bidez komunikatzen da: zer da emakume guatemaldarra izatea? Horren bilaketan datza Bilboko Bira kulturgunean aurkeztu duen erakusketak, La búsqueda (Bilaketa), izen bereko liburuaren lagin bat. Lagun Artean GKEaren bidez... [+]


Eguneraketa berriak daude