Gasteizko aurrekontuei buruzko azken erabakia, EH Bilduren esku

  • EH Bilduk asanblada deitu du konfiantza galdeari buruz erabakitzeko; PPk ezezko "irmoa" emango dio Urtarani.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2017ko otsailaren 02an - 09:28
EH Bilduko Miren Larrion eta Antton Belakortu (argazkia: Arabako Alea).

EH Bilduk asanblada deitu du larunbat honetan, Gorka Urtaran EAJko alkateak 2017ko aurrekontuak onartzeko aurkeztu duen konfiantza galdeari buruz erabaki bat hartzeko. PPko Euskadiko lehendakari Alfonso Alonsok, berriz, alkatearen "ahultasun politikoa eta ardura falta" salatu ditu, eta Gasteizko historian "krisi handiena" sortzea leporatu dio. Ezezko "irmoa" emango dio Urtarani. Leticia Comeron PPko zinegotziak nabarmendu du "galtzaileen itun" bati esker heldu zela Urtaran alkatetzara, eta uste du horrek ez duela "ezertarako" balio izan.

Astearte goizean iragarri zuen alkateak ezohiko formula erabiliko duela Udalaren "egoera desblokeatzeko" eta 2017ko aurrekontuak aurrera ateratzeko, behin udalbatzak kontuak atzera bota ondoren. Hala, astelehenean deitu du konfiantza galdea eztabaidatzeko ezohiko osoko bilkura. Bozketa horretan Urtaranek gehiengo sinplea lortzen ez badu, hilabeteko epea irekiko da oposizioak ordezko alkategai bat adostu eta aurkezteko. Hori gertatu ezean, alkateak udalbatzaren konfiantza lortu eta aurrekontuak automatikoki onartuko dira.

Alta, bigarren aukera bat da asteleheneko plenoan PPk, EH Bilduk edo biek abstentziora jotzea, eta gehiengo sinplearekin aterako litzateke aurrera aurrekontua.

Nolanahi ere, EH Bilduren eta PPren esku dago azken erabakia. Alkateak badaki oso zaila dela EH Bildu eta PP ados jartzea zentsura mozioa aurkeztu eta hautagai alternatibo bat adosteko. 

Abstentzioa mahai gainean

Abstentzioaren inguruan galdetuta, Miren Larrion EH Bilduko bozeramaileak iradoki du aukera hori aztertuko dela larunbateko batzarrean: "Urtaranek ireki duen zuloa itxi behar dugu, hori da lehentasuna, ezohiko egoera hau desaktibatu behar dugu; aztertu behar dugu nola egiten dugun hori. Nire posizioa da zuloa itxi behar dugula eta akordio zabalak bilatu behar direla egungo egoera gainditzeko".  

Dena den, EH Bilduko zinegotziek konfiantza galdea aurkezteko erabakia gogor kritikatu dute, eta nabarmendu dute Gasteizko Udala "ez dagoela blokeatuta", eta horrenbestez "beharrezkoa ez den ezohiko neurri bat" hartu duela alkateak. 

EH Bilduko zinegotzi Antton Belakortuk gaineratu duenez, talde abertzaleak konpromisoa hartu zuen udal gobernuarekin "hiriko gai nagusiak" aurrera ateratzeko, eta modu horretan konfiantza galdea saihesteko. Alta, EH Bilduko eledunen ustetan, "inaugurazioak" eta "argazkiak egitea" lehenetsi ditu Gorka Urtaran alkateak, eta herritarren beharrak "alboratu" ditu.

Albiste hau Arabako Aleak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gasteiz
2024-04-19 | ARGIA
Gasteizko Udalak berean segitzen du: 112.000 euro exijitzen dizkio Lazarraga elkarteari

Lazarraga kultur elkarteak jaso du udalaren eskutik 2023ko dirulaguntzaren zuriketaren xedapena: 112.000 euro itzuli beharko ditu. Elkarteak adierazi du “udalaren borondate faltak” Gasteiz Antzokiaren proiektua kolokan jarri duela eta “udalak sortutako... [+]


"Eskolan ortu xume bat lantzeak testuingurua ematen digu planetan ditugun arazoez aritzeko"

Gasteizko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako baratzeak ikertu ditu Iratz Pou EHUko ikasleak. Zenbat eskolek dute ortua? Nolako erabilera ematen diote, zein helburu eta asmorekin? Probetxu pedagogiko eta didaktikoa ateratzen al diote baratzeari? Pourekin eta Igone Palacios... [+]


2024-04-05 | ARGIA
Gasteizko Udalak 112.000 euro itzultzeko eskatu dio Lazarraga kultur elkarteari

Lazarraga elkarteak du Gasteiz antzokia kudeatzeko ardura eta programazioa antolatzekoa. Antzokiak 2023an ateak ireki behar zituen, baina oraindik ez dago martxan. Elkarteak 2023ko diru-laguntzari zegozkion 52.000 euro itzultzea proposatua zion udalari. Elkarteak... [+]


Eguneraketa berriak daude