Gasteizen ikusi den manifestaldirik handiena?

  • Goizeko 7:00ak jo aurretik, dozenaka emakume* bildu dira Gasteizko Mugimendu Feministak eginiko deialdiarekin bat eginez. Kaleetan zehar doaz auzoak morez koloreztatzen, esnatzen, grebarako dei egiten.


2018ko martxoaren 09an - 11:14
Gasteizen, arratsaldeko manifestazioa. Argazkia: Arabako Alea.

Hasieratik, ordea, poliziaren presentzia altua izan da eta lau emakume identifikatuak izan dira; horien artean kazetari bat zegoelarik. 11:00etan deituriko lanuztearen aurretik, kontsumo greba aldarrikatu dute emakume* gasteiztarrek, zenbait denda multinazionaletan sartuz eta musika, esku-orri zein oihuekin, hauen itxiera bultzatuz. Ekimenak eta mobilizazioak, Gasteizen ez ezik, Arabako txoko guztietan egon dira; Lautadan, Mendialdean, Arabar Errioxan, Aiaraldean eta Gorbeialdean, hain zuzen.

Lehenengo lanuzteak, bide eman die ikasleei kaleak hartu eta deialdi orokorretara batzeko. Izan ere, hainbat izan dira hezkuntza zentroetatik Andra Mari Zuriaren plazara gerturatu diren ikasle zutabeak. Bertan, 12.000 pertsona batu dira "ekintza sinboliko" bat burutzeko. Ekintza, ordea, sinboliko izatetik efektiboa izatera igaro da, 30 bat emakume* INSS-ean, (Gizarte-segurantzako finantza-sailean) giltzaperatu eta Dato kale inguruak emakumeen* eserialdiak bete dituenean. Antolatzaileek iragarri bezala, ez zuten bertatik altxatzeko asmorik "arduradunarekin hitz egin ezean"; sail honek "erdigunean bizitza jarri beharko luke merkatua beharrean".

Zaila gerta daiteke Gasteizko kaleetan aurkitu dugun mosaikoa osatzea: Ikasleen "Gora emakume langileon borroka" leloa eta iruditegi zapatista, etxeetako zaintza zerbitzuko emakumeen mantala txuriak, lurrean eseri eta altxatzeko asmorik ez duten emakumeen* aurpegiak, desegin eta berregiten diren batukadak, maraka hotsak, emakume* ahotsak … Mugimendu Feministak deituriko ekimenez gain, dozenaka espresio autonomo eta hamaika aldarri ikus zitezkeen kaleetan.

Bazkal ordurako, jendearen gehiengoak alde egin badu ere, zenbait emakumek* Gasteizko Gaztetxean bazkaldu eta Hala Bedi tabernan kafea hartu dute; Kutxiko tabernarien elkartasunak lagunduta. Bada, antolatzaileek hainbatetan adierazi bezala, "lan erreproduktiboak egiteari uzten diogunean", orduan, sortzen dira eztabaidak, zalantzak eta zenbaitetan, alternatiba gauzagarriak. Behin indarrak hartuta, neska* gazteek blokea osatu dute eta Gaztetxetik abiatu dira manifestaldiaren lekura arte. Bertan, milaka pertsona zeuden zain, San Anton plazara hurbildu ezinean; udaltzaingoaren arabera, espero eta aurreikus zitekeen guztiaren gainetik, 70.000 pertsonek hartu zuten parte. Bertaratutako hainbaten iritziz, "Gasteizen ikusi den manifestaldirik handiena" izan daiteke, hamarkadetan egon diren greba orokorretakoak baino handiagoak, alegia. Traktoreak, kamioiak, pankartak, buruberoki moreak eta mota guztietako aldarri eta oihuak entzun ziren atzokoan: Biolentzia patriarkalaren kontrakoak, patronalaren kontrakoak, euskal preso politikoen aldekoak...

Manifestaldiaren burua Foru plazara heldu denerako, atzealdeak oraindik metro gutxi batzuk eginak zituen. Ekitaldiari hasiera eman diote, hala ere; lehertzear zegoen plazaren aurrean "Hau historikoa da!" oihukatu du hizlariak, arnasa hartu eta segundo batez mundua gelditu dela dirudi. Eta orduan, gogora etorri zaizkit kapitala zokoratu zuten emakumeak*, Klara Zetkin, Rosa Parks, Berta Cáceres. Baina baita euren izenak inoiz ezagutuko ez ditugun emakumeak*; ehundegietako lantegietakoak, Errusian "ogia, bakea eta askatasuna" oihukatuz iraultza egin zutenak, etxeko lan erreproduktiboen itzalpean egon direnak, indar kolonizatzaileen aurka eta euren gorputzen askatasunaren alde borrokatu dutenak... Horrelako zerbait imajinatu zezaketen? Arnasa hartu dut berriro. Ez, mundua ez da gelditu, baina hemendik aurrera mugimendu horren motorea beste bat delakoan nago, eta honek ez du atzera bueltarik.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: M8 greba feminista
Greba feminista burutu dute Ipar Euskal Herrian

Frantziako Estatu mailan bideraturiko greba feministari lotu dira Ipar Euskal Herriko sindikatuak eta talde feministak ere. Soldatapeko lanean, zaintzan eta kontsumoan bideratu dute greba.


Kaleak betetzeko antolatu gaitezen

Hilabeteren buruan feministok emakume* langileon egunean kaleak hartzera aterako gara. Urteroko zita dugu, urtez urte gogoz antolatu eta prestatu duguna. Pasa den astean atzera begirada arin bat egin genuen Portugaleteko asanbladan, 2018ko eta 2019ko greba feministak... [+]


Gezurrak, iruzurrak eta manipulazioak Guardia Zibilak M8ko manifestazioaz idatzitako txostenean

Guardia Zibilak informazio faltsuak eta adierazpen manipulatuak sartu zituen M8ko manifestazioari buruzko txostenean, Espainiako Gobernuari pandemiaren hedapenaren errua leporatzeko, manifestazioa baimendu izanagatik. Txosten horrek ekarri du Moncloak Madrilgo erkidegoan duen... [+]


2020-03-09 | Zuriñe Rodriguez
Zuriketa morea Gasteiztik at

"Oso azkar goaz", "baina helduta goaz" esan zion emakume batek beste bati Gasteizko Olagibel kalean, justuki Ertzaintzaren komisaldegiaren parean. Eguerdiko 12:30ak ziren gutxi gorabehera. Aldi berean, toki berean, "Gora borroka feminista!" oihuak... [+]


Eguneraketa berriak daude