Euskara eta Eskola Kontseiluak LOMCEtik salbu izango dira EAEn

  • LOMCEk kontrakorako aukera ematen duen arren, ikastetxeetako euskara orduetan ez du eskurik sartuko Espainiako Gobernuak, ezta Eskola Kontseiluek gaur egun duten erabakitzeko eskumenean ere. Hala adostu dute Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak.


2014ko irailaren 29an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Akordio partziala lortu du Jaurlaritzak Espainiako Gobernuarekin, lege osoaren kontrako helegitea jarria duen arren.

LOMCE legearen hainbat ataletan sinatu dute akordioa, artikulu horien eragina EAErako indargabetuz.

Euskara orduak ez ditu Espainiak zehaztuko

LOMCEk dio gaztelania eta hizkuntza koofiziala "arrazoizko proportzioan" batu behar direla eta hori bermatzen ez dela iritziz gero, Espainiako Gobernuak neurriak har ditzakeela. Bada, akordioaren arabera, EAEn proportzionaltasuna betetzen da eta beraz Espainiak ez du eskurik hartuko.

Horrez gain, LOMCEren esanetan "euskara eta literatura" eta "gaztelania eta literatura" ikasgaiek tratamendu bera izan beharko luketen arren, horien eskola-orduetan ere ezingo du murriztapenik egin Espainiako Gobernuak, lortutako akordioari esker.

Eskola Kontseiluak ez dira aholku organo huts bihurtuko

Zuzendariari ematen dio boterea LOMCEk (jakina, zuzendariaren hautaketan zeresan handia izango du Espainiako Gobernuak), eskola komunitatearen eta Eskola Kontseiluen eragiteko ahalmena (guraso, irakasle, ikasle eta gainerako eragileena, alegia) kontsulta mailara zokoratuz. Akordioari esker, ordea, Eusko Jaurlaritza izango da Eskola Kontseiluen (eta parte-hartze organoen) rola definituko dituena, eta Jaurlaritzak berak adierazi duenez, bermatu egingo du Kontseiluek "hezkuntza zentroetan hartzen dituzten erabakietan duten rol garrantzitsua".

Ikasleak onartzeko irizpideak, Jaurlaritzaren esku

Beste hiru akordio partzial ere sinatu dituzte, Lanbide Heziketako zentroetan, unibertsitateetan eta curriculum espezializazio modularreko ikastetxeetan ikasleak onartzeko prozedurak eta irizpideak ezartzeko eskumena eta erabakia Jaurlaritzaren esku utziz.

Akordio partzial horietatik harago, Eusko Jaurlaritzatik gogoratu dute LOMCE lege osoaren kontrako helegitea jarria duela Auzitegi Konstituzionalean, hezkuntza erreformaren "erabat aurka" dagoelako.

 

* Irakurri albistearen aurrean hezkuntza komunitateko eragileek izan dituzten erreakzioak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: LOMCE legea
Batxilergoko bost modalitate ezarriko ditu Lomloe lege berriak datorren ikasturtean

Espainiako Gobernuak abenduan onartu zuen hezkuntza lege berria, eta 2022-2023 ikasturtean aplikatuko da bigarren hezkuntzako eta batxilergoko maila bakoitietan. DBHn, hautazko ikasgai gehiago eskainiko dira, eta batxilergoan, arteari lotutako bi modalitate eta beste modalitate... [+]


LOMLOE, trileroen jokoa

"... hezkuntzako gastu publikoa barne-produktu gordinaren gutxienez ehuneko 5 handitzea..." Alderdi sozialistak erabili ohi duen eta LOE aldatzeko Lege Organikoaren Proiektuan jasotako dialektika tranpati horren beste esaldi bat da. STEILASentzat, hezkuntzan inbertsio... [+]


2020-11-06 | ARGIA
Lomce legearen ordezkoak ez ditu diruz lagunduko ikasleak sexuaren arabera bereizten dituzten ikastetxeak

LOMLOEn, LOMCE ordezkatuko duen legean, zuzenketa bat onartu du Espainiako Kongresuak: diru laguntzarik ez ikasleak sexuaren arabera banatzen dituzten ikastetxeentzat. Neurriak EAEko eta Nafarroako hainbat ikastetxetan izango du eragina, baina horietako batzuek... [+]


LOMCE indargabetuko duen Hezkuntza Legeari argi berdea eman dio Espainiako Gobernuak

Hego Euskal Herriko ikastetxeetan eragingo duen Hezkuntza Legea onartu du Espainiako ministroen kontseiluak. Bertan behera geratuko dira LOMCEk ezarri zituen errebalida polemikoak eta ibilbide espezializatuak, eta Erlijioa ez da notarako izango, besteak beste.


Bizi ala iraun?

“Esan gezur bat mila aldiz. Errepikatu hitzez hitz. Handik gutxira ikusi, egia bihurtzen. Haien ahotan ikusi, egia bihurtzen.” Horixe abesten du Gorka Urbizuk Berri Txarrak taldearen kontzertuetan. Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuarekin gertatzen ari denaren... [+]


Eguneraketa berriak daude