Euskal hezkuntza sistema propioa eskatu dute milaka lagunek Bilbon, LOMCEren aurkako manifestazioan

  • Espainiako Diputatuen Kongresuak onartu berri duen LOMCE legeari ezetz esateko eta Euskal Herrirako hezkuntza sistema aldarrikatzeko 10.000 lagunetik gora elkartu dira Bilbon, irakaskuntza, euskalgintza eta sindikalgintzako hainbat eragileren deiari men eginez. Manifestazioa abiatu aurretik, Hik Hasiko Joxemari Auzmendik hartu du hitza deitzaile guztien izenean. "Hiru ideiaren inguruan elkartu gara", adierazi du, "bata, LOMCEren aurka gaudela esatea, horretan denok ados gaude; bigarrena, Nafarroako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari eskatzea ez dezatela erreforma aplikatu, bide horretan lagun izango baikaituzte; eta hirugarrena, gaurko deitzaileok adostu dugula egunero gure ikastetxeetan lanean jarraitzea Euskal Herriak behar duen hezkuntza propioaren alde".

10.000 lagun baino gehiago izan da Bilboko manifestazioan

2013ko urriaren 12an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:03

Auzmendiren hitz horien ostean abiatu da manifestazioa Jesusen Bihotza plazatik, On Diego Lopez de Haro Bide Nagusian barna. Pankarta garraiatzen, bederatzi pertsona anonimo: hiru irakasle, hiru ikasle eta hiru guraso. "Kutsu herritara eman nahi izan diogu manifestazio honi", zioskun, hasi baino ordubete lehenago, Ikastolen Elkarteko ordezkari kualifikatu batek. Jose Ignacio Wert espainiar Hezkuntza ministroak bultzatutako lege erreformaren aurkako oihuak izan dira nagusi, eta tarteka EAEko eta Nafarroako Hezkuntza sailburuez ere akordatu dira manifestariak, "Uriarte, Iribas, LOMCErik ez" lelo labur bezain adierazkorraz eskari argia eginez. Nolanahi, antolatzaileek, aurreko egunetan bezala gaurkoan ere, azpimarratu nahi izan dute Espainiatik datorrenari ezetz esatea bezain garrantzitsua edo are garrantzitsuagoa dela euskal hezkuntza sistema bat eraikitzeko indarrak biltzea. LOMCErik gabe ere egoerarik gozoenean ez gaudela gogorarazteko edo.

Emandako erantzunarekin pozik egoteko moduan behar lukete deitzaileek. Bilboko Bide Nagusiak ez ditu Autonomia kaleak adina aukera eskaintzen mobilizazio handien ikuspegi ona izateko, baina gaurkoa handia izan dela ezin uka. Pankarta nagusia –"Euskal Herrian gure hezkuntza eraiki. LOMCEri ez!" leloa zuena– Plaza Biribiletik gertu zegoela, amaiera non zebilen ezin jakin, ezin ikusi. Manifestazioaren helburura, Arriaga plazara, iristen ari ginela, 10.000-12.000 laguneko kopurua bota digu, han genbiltzan kazetari batzuoi, trafikoaren ardura zuten ertzainetako batek. Bera ere arrakastaz pozik, dena esatera. "Nik ere ez dut gustuko Wert erreforma"; ez dirudi gure aurrean sinpatikoarena egin nahi zuenik, zintzo ari zen.

Azken ekitaldia xumea izan da: bertsolariak eta Porrotx. Umeentzako moduan esplikatu du, gaur bakarka ari zen pailazo ospetsuak, LOMCEren ondorioak zeintzuk datezkeen, aurre egiten ez badiogu. Hau sinatzen duenaren gusturako, eta egindakoa gutxietsi gabe –ederra izan baita; Porrotxek curriculuma zer den nola esplikatu duen, gogoangarria– zerbait gehiago ere behar zuen amaierako ekitaldiak; besteak beste, euskal erakundeei, eta bereziki Eusko Jaurlaritzari, intsumisiorako gonbita espresuki eszenifikatzea.

Kontua da gaur Bilbora joan direnetako askok eta askok ez dutela azken ekitaldi hori ikusi, amaitu orduko distantzia luzea falta zitzaien-eta betetzeko. Eszenatokian Behin betiko kantatzen hasi direnerako, milaka zebiltzan oraindik Bide Nagusitik Plaza Biribileranzko txangoan. Herriak erantzun du kalean; ea zer gertatzen den, hemendik hilabete batzuetara, Hego Euskal Herriko ikasgeletan.

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: LOMCE legea
Batxilergoko bost modalitate ezarriko ditu Lomloe lege berriak datorren ikasturtean

Espainiako Gobernuak abenduan onartu zuen hezkuntza lege berria, eta 2022-2023 ikasturtean aplikatuko da bigarren hezkuntzako eta batxilergoko maila bakoitietan. DBHn, hautazko ikasgai gehiago eskainiko dira, eta batxilergoan, arteari lotutako bi modalitate eta beste modalitate... [+]


LOMLOE, trileroen jokoa

"... hezkuntzako gastu publikoa barne-produktu gordinaren gutxienez ehuneko 5 handitzea..." Alderdi sozialistak erabili ohi duen eta LOE aldatzeko Lege Organikoaren Proiektuan jasotako dialektika tranpati horren beste esaldi bat da. STEILASentzat, hezkuntzan inbertsio... [+]


2020-11-06 | ARGIA
Lomce legearen ordezkoak ez ditu diruz lagunduko ikasleak sexuaren arabera bereizten dituzten ikastetxeak

LOMLOEn, LOMCE ordezkatuko duen legean, zuzenketa bat onartu du Espainiako Kongresuak: diru laguntzarik ez ikasleak sexuaren arabera banatzen dituzten ikastetxeentzat. Neurriak EAEko eta Nafarroako hainbat ikastetxetan izango du eragina, baina horietako batzuek... [+]


LOMCE indargabetuko duen Hezkuntza Legeari argi berdea eman dio Espainiako Gobernuak

Hego Euskal Herriko ikastetxeetan eragingo duen Hezkuntza Legea onartu du Espainiako ministroen kontseiluak. Bertan behera geratuko dira LOMCEk ezarri zituen errebalida polemikoak eta ibilbide espezializatuak, eta Erlijioa ez da notarako izango, besteak beste.


Bizi ala iraun?

“Esan gezur bat mila aldiz. Errepikatu hitzez hitz. Handik gutxira ikusi, egia bihurtzen. Haien ahotan ikusi, egia bihurtzen.” Horixe abesten du Gorka Urbizuk Berri Txarrak taldearen kontzertuetan. Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuarekin gertatzen ari denaren... [+]


Eguneraketa berriak daude