Energia berriztagarria Aragoitik Gatikaraino eramateko linea elektrikoen zama

  • Energia berriztagarria sortzeko proiektuek aurrera egin ahala, horien elektrizitatea garraiatzeko linea proiektuak ere azaleratzen ari dira. Horietako batzuk, adibidez, Nafarroa, Araba eta Bizkaia zeharkatzen dituzte.


2024ko martxoaren 27an - 00:05
Azken eguneraketa: 09:28

Aragoiko Forestalia enpresa eta Red Electrica Española (REE) dira linea horiek eraiki nahi dituzten enpresak, lehena pribatua da eta erdi-publikoa. Berez, elektrizitatea distantzia handietara garraiatzeko lineak dira horiek, autobide elektriko moduan ezagutzen direnak; baina Sustrai Erakuntza ingumen fundazioak salatu duenez, berriztagarrien proiektuak ebakuatzeko linea hutsak balira bezala tramitatzen ari dira.

Enpresek ez dituzte oraindik dorreen eraikuntzarako baimenik, baina fundazioak salatu duenez, “Forestalia presioa egiten ari da” linea horiek eraikitzeko. Dioenez, azken asteetan lursailen jabeak enpresak bidalitako gutunak jasotzen ari dira, eta horietan beren lurretan dorreak ezartzeko baimena eskatzen die: “Dirudienez, enpresa lurren jabeekin hasierako harremanak ixten saiatzen ari da, horrela proiektua egiteko garaian bere indar-posizioa sendotzeko eta etorkizunean desjabetzeak egin aurretik lana aurreratzen saiatzeko”, azaltzen du fundazioak bere webgunean.

Edozein modutan, Forestaliak linea bat eraiki nahi du Sakanan eta REEk beste bat, baina Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikoaren Ministerioak dagoeneko jakinarazi du, linea biek dorre berdinen gainean joan behar dutela. Hortaz, dorreok eraikitzeko ez da nahikoa Forestaliak lur-jabeen baimenak eskuratzea, eta REEk ere bere baimenak eskatu behar ditu.

200 kilometrotik gorako lineak

Forestaliaren linea horietako bat Zaragoza lurraldeko Cinco Villas herrian hasten da eta Gatikan amaitu; 270 kilometrokoa litzateke. Zarrakaztelutik sartzen da Nafarroan, eta Erdialdea, Iruñerria eta Sakana zeharkatzen ditu. Bi adarretan banatzen da: bata Gatikan (Bizkaia) amaitzen da, eta bestea Gasteizen. Lineak, gainera, hirugarren adar bat du, Erriberri parean hasten dena eta ebakuazio-puntu gisa Castejongo azpiestazioa duena. Beste linea Zaragozako Tauste eskualdean hasiko litzateke, eta Nafarroako Erriberari, Errioxari, Arabari eta Burgosi eragingo lieke; horrek ere 200 kilometrotik gorako luzera du.

Aipatu lehen linea bat dator REEk proiektatutako Muruarte (Nafarroa) eta Itsaso (Gipuzkoa) arteko linearekin. Bi lineak paraleloan joango lirateke azken horren ibilbide osoan (92 Km), bien arteko 200 bat metroko tartearekin. Horrela, mota horretako azpiegiturek ingurumenean eta gizartean dituzten eraginak (zuhaiztia kentzea, hesi-efektua, eremu elektromagnetikoak…) bikoiztu egingo lirateke. Hala ere, ondorio metagarri horiek ez dira aztertu bi proiektuetako bakar batean ere.

Proiektu horietan dauden gabezia guztiak gorabehera, Espainiako Gobernuak Forestaliak aurkeztutako lau proiekturi oniritzia eman die. Sustrai Erakuntza fundazioak, Aragoi, Errioxa, Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroako beste erakunde batzuekin lankidetzan, errekurtsoa aurkeztu die orain arte onartutako proiektu guztiei.

Sustrai Erakuntzaren ustez, makroproiektu horiek kaltegarriak dira gure ingurumenetarako, “eta gainera, proiektu horiek gauzatuz gero, energiaren kudeaketarako funtsezkoa den jarduera bat, elektrizitatearen garraioa, esku pribatuen esku utziko litzateke”.

Ondorengo mapetan ikus daiteke hiru proiektutako lineak nondik nora doazen:

 

 

Forestaliako lehen linearen kokapen-mapa, ia Nafarroa osoa zeharkatzen duena, eta Gasteizera –adar bat bidez– eta Gatikara doana (Bizkaia). (Iturria: Sustrai Erakuntza)

 

 

 

Olite-Castejón linearen kokapen-mapa, aurreko linearen hirugarren adarra osatzen duena.

 

 

 

Nafarroako Erribera zeharkatzen duen Forestaliako beste linea elektrikoaren kokapen-mapa. (Iturria: Sustrai Erakuntza)

 

 

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Energia berriztagarriak
E-CHO proiektua: Pirinioetako oihanak, abioiak hegalarazteko erregai

E-CHO izenaren gibelean gordetzen den makroproiektuari so jarri gara, Zuberoatik hurbil, Biarnoko Lacq herrian egitekoa den egitasmo omen ekologikoa hurbilagotik ezagutzeko asmoz. Hiru gune industrial lituzke: hidrogenoa ekoizteko fabrika erraldoi bat, eta hegazkinentzako eta... [+]


Amazonen opari bat

Amazonek, Jeff Bezos magnatearen konpainia estatubatuar erraldoiak, dirutza gastatuko du Aragoin dituen hiru datu-zentroak handitzeko. Bere filial Amazon Web Servicesek (AWS) 15.700 milioi euro jarriko ditu Huescan eta Zaragozan, Pirinioetatik datorren Gállego ibaiaren... [+]


2024-05-23 | Elise Dilet | Enbata
Energia herritarrak

Gaur egun, etengailu bat sakatzea keinu hutsala da. Gehiengoak ez daki energia-ekoizpenaren gibelean zer dagoen, energia-ekoizpen orok eragina baduelarik. Erregai fosiletan eta nuklearrean oinarritutako energia ereduaren hauskortasunari buru egiteko, energia herritarren... [+]


Statkraften zentral eolikoaren proiektuari helegitea jarri diote Azpeitia, Zestoa eta Errezilgo udalek

Babesturiko natur eremuetan egoteagatik, ingurumenean izan dezakeen inpaktuagatik eta hiri planeamenduarekin bat ez egiteagatik jarri dute alegazioa hiru udalek, besteak beste. Multinazional norvegiarrak eraiki nahi duen zentral eolikoak bost haize-errota handi aurreikusten ditu... [+]


Eguneraketa berriak daude