Bullyingari aurre egitea lortzen ari den metodo finlandiarra ezarriko dute 52 ikastolatan

  • 2009an hasi ziren Finlandian KiVa metodoa erabiltzen, bullying edo eskola jazarpenari aurre egiteko. Erasotzaileen kopurua erdira eta biktimena heren bat jaistea lortu dute. Arreta biktiman edota erasotzailean bakarrik jarri beharrean, talde osoa gidatzen duten arauak aldatzea da metodoaren oinarria, gertatzen denaren lekuko direnengan eraginez. Datorren ikasturtetik aurrera, 52 ikastolatan ezarriko dute KiVa.


2016ko maiatzaren 02an - 09:21
Hezitzaile talde bat Finlandiako Unibertsitatera joango da prestakuntza jasotzera.

Ikastolen Elkarteak hitzarmena sinatu du Finlandiako Turkuko unibertsitatearekin, KiVa garatu duen unibertsitatearekin. Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak argi du: “Bullyingaz ari garela, ezin gara kopuruez mintzatu. Kasu bakar bat ematea ere oso larria da; ondorio larriak ditu eta ezin dugu onartu. Gizarte bezala aurre egin behar bazaio, are gehiago eskola komunitate bezala”.

Hurrengo asteetan, hezitzaile talde bat Finlandiako Unibertsitatera joango da prestakuntza jasotzera. Haiek izango dira gero Euskal Herrian beste irakasleak prestatuko dituztenak. Lehen Hezkuntzan txertatuko dute programa eta prestakuntzarekin batera, beharrezko materiala ere eskuratuko dute. Parte hartzea erabaki duten 52 ikastolez gain, gainerakoek ere ateak irekita dituzte izena emateko.

“Jazarpena onartzen jarraitu dezakete edo zerbait egin”

KiVa programaren nondik norakoez aritu zitzaigun Johanna Alanen aditua: “Haurrekin eztabaidatzen dugu jazarpen egoeretan dauden rol ezberdinei buruz, erasotzaile zuzen ez diren ikusle eta lekukoek ere rol bat daukatelako; adibidez, inguruan barrez aritzen direnek erasotzailea indartzen dute, helarazten dioten mezua da egoera entretenigarria eta dibertigarria dela. Guk ikusarazi nahi diegu prozesu horretan bakoitzak rol bat betetzen duela, zeregin bat, eta denena dela gertatzen ari denaren ardura eta erantzukizuna; bestelako rol bat jokatu dezaketela ulertzen dute, taldearen presioari men egingo ez dion rola, eta jazarpena amaitzea ekar dezakeena. Ariketa ugari egiten ditugu horretarako, teoriko eta praktikoak, eztabaida taldeak antolatuz, rol jokoak eginez… eta haurrak konturatzen dira erabakia euren gain dagoela: jazarpena onartzen jarraitu dezakete edo zerbait egin”.

Datu kezkagarriak

Eskola jazarpenari lotutako datuak gogoratu ditu Ikastolen Elkarteak. Munduan, ikasleen %10ek jasan dute bullyinga, ikasleen %8 inguru izan dira jazarpenaren egile, eta %7 haien laguntzaile. Ikusle edo lekukoen kasuan, %20 bat erasotzailearen alde agertzen dira, %17 biktimaren alde, eta gehiengoa, %34, ez dira eskola jazarpenaz ohartzen. Lekuko horietan guztietan indarra jartzea eta “isiltasunaren legea” apurtzea da KiVaren oinarri nagusietakoa.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bullyingaren amesgaiztoa
Bullyinga ekiditeko programaren balorazio “oso positiboa” egin dute Nafarroako ikastolek

Nafarroako hamabost ikastoletan txertatu zuten KiVa programa finlandiarra 2016an. Honekin fokua jarri zuten eskola-jazarpenaren prebentzioan eta tratamenduan. Ikastolen elkarteak prentsaurrekoa egin du programa baloratzeko eta adierazi du emaitza “oso positiboa” izan... [+]


Bullyingaren aurrean eskolak ez direla nahikoa inplikatzen dio Gipuzkoako Adin Txikikoen Fiskaltzak

Erraza al da eskola-jazarpena antzematea eta moztea? Erremintak gero eta gehiago dira, "baina ez da protokolo kontua", bullyingaren aurrean ikastetxeek oro har ez dutela nahikoa arreta jartzen, ez direla behar adina inplikatzen eta ematen duten erantzuna ez dela aski... [+]


Iñaki Zubizarreta
"Eskola jazarpena bere horretan erakutsi behar da"

Maiatzaren 2a, Bullying-aren aurkako Nazioarteko Eguna izan da, eta horregatik, eskola jazarpenaz aritzen den hizlari Iñaki Zubizarretagaz (Getxo, 1972) mintzatzeko aukera izan dugu. Bere fisikoari erreparatuta, inork ez luke esango saskibaloi jokalari profesional ohiak... [+]


Eskola-jazarpen kasuek gora egin dute EAEn, gehienak Bigarren Hezkuntzan

Eskola-jazarpenaren kontrako egunean, joan den ikasturteko datuak aurkeztu ditu Eusko Jaurlaritzak: 157 bullying kasu identifikatu dituzte EAEko ikastetxeetan, aurreko ikasturtean baino 28 gehiago. Bigarren Hezkuntzan izan dira kasu gehienak, eta hitzezko erasoak izan dira... [+]


13 urteko umearen suizidioak eskola jazarpenaren arazoa berrazaleratu du Frantziako Estatuan

Lucasek 13 urte baino ez zituen, urtarril honetan bere buruaz beste egitea erabaki zuenean. Homosexuala zelako auzoan eta batez ere eskolan jasaten zuen jazarpenak eraman du heriotzara, gurasoek salatu dutenez. Bullyingaren eta homofobiaren aurkako borroka eztabaidagai jarri du... [+]


Eguneraketa berriak daude