Bakearen Aldeko Kanpamentuak bi aste egin ditu Bogotako Bolivar plazan

  • Bolívar plaza erdian, Bogotako plaza nagusian, Bakearen Aldeko Kanpamentua mantentzen dute hainbat pertsonak urriaren 5etik, plebiszituan ezezkoak irabazi ostean. Ez dituzte hala nolako bizilagunak aukeratu: Kolonbiako Kongresua, Bogotako alkatetza, Justizia Jauregia eta Kolonbiako artzapezpikutzaren egoitzek inguratuta daude. 300 lagun inguru daude egun bertan bilduta.

Lukas Barandiaran San Roman
2016ko urriaren 21a
Bogotan Bakearen Aldeko Kanpaldia abiatu zuten erreferendumean ezezkoak irabazi eta bi egunera. (Argazkia: L. Barandiaran)

Bakearen aldeko martxa Bolívarren amaitu ostean, plaza ez zen guztiz hustu, hiru denda bertan geratu ziren. “Lehenengo egunean hamasei pertsona geratu ginen, pare bat ogi eta kafe ontzi batekin, hotzez, logurez eta gosez beteta. Bagenekien hau erokeria bat zela, baina egin beharra genuen”, azaltzen du 37 urteko Argeh Capella kolonbiarrak. Kanpamendua hazten joan da, ordea, 75 denda eta 300 pertsona inguru daude bilduta egun, eta Bogotaz haratago zabaldu da. Cartagena eta Monterian –paramilitarismoaren sorlekua— ere ezarri dituzte kanpamenduak.

“Ezezkoaren garaipenaren ondoren, plebiszitu osteko aje betean geunden, eta pentsatu genuen, ez, honek ezin du horrela izan”, kontatzen du 37 urteko Capellak.

Plebiszituaren ostean, buru askotan errepikatu da ideia bera. Azken urteetan munduan zehar izandako protesta gune askotan bezala, ezin zuen falta kanpatzearen ideiak. Capellak, ordea, argudiatzen du ez direla ez M15, ez Occupy Wall Street, ez Gipuzkoa Zutiken inspiratu, Kolonbian bertan izan baitira antzeko esperientziak. 2013an, esaterako, Gustavo Petro alkate ohi ezkertiarraren kargugabetzeagatik protestatzeko, Bakata Bake Herrixka ezarri zuten bertan.

Bogotan azken urteetan izandako martxarik handiena izan zen urriaren 5ean, apoteosikotzat jo zuen Capellak. Bakearen aldeko dardara uhinen antzera hedatzen joan zen. Martxak herrialdeko hamaika txokotan errepikatu dira, baita nazioartean ere, Katalunia, Mexiko edo Kanadan, esaterako. Asanblada espontaneoak, herri mugimenduen artikulazioak, edozein formatok balio du bakearen aldeko deia egiteko.

Argazkia: L. Barandiaran.

Bertaratuta, deigarria da kanpamendu guztia hesiz inguratuta egotea. Sartzeko identifikazioren bat eman behar zaie sarrerako segurtasun arduradunei. Neurriok ez dira atseginak askorentzat, baina Bogota ez da hiri samurra eta kontatzen dutenez, birritan sartu dira materiala lapurtzera egunotan. “Hesiak Enrique Peñalosa alkatearen “iradokizun atsegin” bat izan ziren, baina bestalde beharrezkoak dira egoeraren kontrola eta ongizatea bermatzeko”, azaltzen du Capellak logistikako karpatik.

Giroak, ordea, ez du zerikusirik hesiekin. Uneoro, plazako kuriosoak hesietara gerturatzen dira eta bertakoekin hartu emana sortzen da. Michelle Cespedes plazan pasioan zebilen kanpamendura hurbildu eta begiratua bota duenean. Medioetatik baino, bertan eduki du ekimenaren berri, “ondo iruditzen zait egiten ari direna, akordioak gauzatu behar baitira”. Hala ere, bertan geratzeko gonbidapena jasota, aitortzen du ez lukeela bat egingo, akordioen arazoei irtenbidea emateko “bestelako bideak hobeak direla” argudiatuta.

Barnean ere giroa oso lagunkoia da, jendeak elkar agurtzen du aspaldiko lagunak bailiran. Helburu komun bat, bake nahia, konpartitzen dutenen komunitate txiki bezala definitzen dute beren burua. Elkarbizitza esperimentu bat, “jendeari hausnarrarazten dion berdintasun ariketa”, zehazten du Capellak. Esperimentua kudeatzeko, logistika komiteaz gain, komunikazio, hezkuntza, osasun eta segurtasun komiteak daude, boluntarioez osatuta. Horrez gain, gauero asanblada orokorra egiten dute kontsentsuak lortzeko.

Argazkia: L. Barandiaran.

Bogotako klimatik babesteko – 600 metrotan eguraldiak ez du barkatzen– estalkia eraikitzen ari direla, Eduardo Henaok azaltzen du bere ilobak deituta –horregatik “Osaba Montxo” ezizena jaso du– heldu zela horra: “Interesgarriena jendearen emozioa izan zen, elkar besarkatzen ginen, negar egin genuen, baina ez genekien zergatik. Bakea eskura eduki eta ihes egiteak sentimendu asko sorrarazi zizkigun”. Kanpamendua gidatzen duten printzipioez galdetuta, “senidetasuna, elkartasuna, maitasuna eta elkarrekiko estimua”, erantzun du Andresek, galdera entzun duenean. Hala ere, elkarbizitzaren ondorioz sortutako berezko arazoak ez dira falta.

Baina esperimentuetatik haratago, beren burua helburu zehatz batek –bakea lortzea—biltzen dituen gizarte zibileko norbanakoen bilkuratzat dute. Bertan ez dute onartzen ez alderdi politiko ez herri antolakunderik, ez inolako adierazpen politiko alderdikoirik. Aktore politiko independente bezala definitzen dira.

Argazkia: L. Barandiaran.
Abenturari amaiera jarri behar zaiola dio alkateak

Halaber, aipatutako bizilagunekin harreman ona dutela dio logistikako “jauntxoak”. Badakite gobernuaren sinpatia dutela, finean, azken helburu bera dutelako. Eta beste hainbeste gertatzen da FARC-EPrekin eta bestelako herri mugimenduekin. Ez da horrela, ordea, Peñalosa alkatearekin. Hasiera batean, eta baldintza zehatz batzuekin, bertan geratzeko baimena eman badie ere, egunak igaro ahala geroz eta ezkorrago agertzen da. Bizilagunen “kexak” jaso omen dituela, eta hiriko gune turistikoenetako baten erdian daudela argudiatuz, “abenturari” amaiera data jarri behar zaiola errepikatzen du.

Baina kanpamenduak ongi zehaztuta du zein den bere nahia. Baldintza zehatzak ezartzen dituzte kanpamenduari amaiera emateko: akordio konkretu, egiaztagarri eta gauzagarria lortzea eta bi aldeko su etena mugagabea izatea –egun urtarrilaren 1era bitartekoa da—.

Eta helburu horrekin, beren funtzioa presio egitea da. “Arazoa ez da Santos presidentea, arazoa ez da FARC ez ELN, horiek bakearen aldeko apostua egin dutelako. Arazoa ezezkoaren aldeko opositoreak dira, prozesua luzatu eta luzatu besterik ez dute nahi, 2018an boterea lortzeko [hauteskunde presidentzialak]. Gure presioa jende horrengana doa, gobernuarengana baino”, azaltzen du Capellak.

Argazkia: L. Barandiaran.

Hala ere, beren jarrera ez da ezezkoaren jarraitzaileen kontrakoa, kanpamendua elkarrizketa gune bezala defendatzen dute. Datorren urriaren 29an ezezkoaren aldekoen martxa plazan bertan amaituko da, eta bakearen martxekin egin duten antzera, kanpamenduan ongietorria egitea aurreikusten dute.

Izan ere, aniztasuna kanpamenduaren ikurtzat baitute. Euskal Herriko ohituraren kontra, kanpamendu honetan ez da ikusten gazteen gehiengorik, orotariko adinekoak dira bertan daudenak. Eta ez hori bakarrik, Bogota eta inguruko herrietako lagunez gain, bada 16 ordu gidatu duenik bertaratzeko, azaltzen du Jessenia Delgadok. Kolonbia ipar-ekialdean dagoen Cucutatik etorri dira hamar bat pertsona: “Habanako bake akordioak babestu eta gauzatu nahi ditugu, gure ingurunea gerrak kolpatuenetariko bat izan baita. Telebista bidez eduki genuen kanpamentuaren berri, eta jarduera ugari egin genituen dirua bildu eta etortzeko”.

Baina Kolonbiatik haratago, munduko hainbat zokotako jendea bildu da hemen, eta noski, ez da falta euskaldunik horien artean. Maitane Egido 20 urteko ermuarrak bertan igaro ditu azken egunak. “Facebook bidez izan nuen kanpamenduaren berri, bertaratu eta asko gustatu zitzaidan, batez ere, gure helburu diren akordioetatik haratago, hemen harreman autonomo eta horizontalak sortzen ditugulako”. Euskal Herrirako ikasgairik atera duen galdetuta, gehiago hitz egin behar dugula dio: “Nik uste dut Euskal Herrian oso itxiak garela, eta askotan besteen ikuspuntua kontuan hartu eta bertatik eraikitzea falta zaigu”.

Ez dute erronka samurra, herrialdearen etorkizuna jokoan baitago erraldoi politikoen arteko lehian. Dena den, Carmen Vargas gatazkaren biktimak berretsi duen antzera, “Asko ikasi dugu bertan, bakoitza bere lekutik abiatzen bada ere, denok helburu bera baitugu: bakea. Laguntza handia eman digute, eta hemen geratuko gara garaipena lortu arte”.

Argazkia: L. Barandiaran.

 

Kanal hauetan artxibatua: Kolonbia  |  FARC  |  Herri mugimenduak

Kolonbia kanaletik interesatuko zaizu...
2017-09-01 | Jon Torner Zabala
FARC eta bere futbol talde profesionala: gerrillariek ere "gol!" egin nahi dute oihu

Alderdi politiko bilakatu den FARCek futbolari gazteak hezi eta profesional bihurtzea du helburu, erakundeko Kirol Zuzendaritzako kide Edgar Cortések adierazi duenez. Blu Radio irratian egin dioten elkarrizketan, azaldu du vereda-guneetan futbola eta oro har kirola oinarri duten ekimenak burutuko dituztela, gizarteratzea xede.


2017-09-01 | Xalba Ramirez
FARCetik FARCera

Gerrilla mugimendua izatetik alderdi politikoa izatera jauzia egin du FARCek, siglak mantenduta. Izena eta logoa adostu dituzte: Guztion Indar Alternatibo Iraultzailea.


2017-08-07 | Axier Lopez
Venezuelako gobernua aldatzeko Mexiko eta Kolonbiarekin elkarlanean ari direla adierazi du CIAko zuzendariak

CIAko zuzendari Mike Pompeok elkarrizketa batean Venezuelaz esandakoak hautsak harrotu ditu. AEBek herrialde horretan dituen interesak eta gobernu aldaketaren alde lanean ari direla azpimarratzeaz gain, Kolonbia eta Mexikorekin elkarlanean ari direla adierazi du.


2017-06-11 | Xuban Zubiria
"Multinazionalek ahal duten guztia egingo dute bake akordioa bete ez dadin"

SAT sindikatuak gonbidatuta bi hilabete igaro ditu Luis Plaza Velez sindikalista eta irakasle kolonbiarrak Espainiako Estatuko sindikalismoa aztertzen. Euskal Herrira egindako bisita baliatu dugu Kolonbiaren gaurkotasunaz galdetzeko.


Erresistentzia martxa koloretsua

Kolonbiako herri indigenetako milaka lagunek “lurraldea, bizitza eta herrien duintasuna” aldarrikatu dute Jamunditik Calirainoko martxan. Gobernuaren eta FARC-en arteko akordioaz geroztik 180 herritar indigena hil dituztela eta herri indigenen aurkako giza eskubideen urraketa etengabea dela salatu dute ondorengo komunitateetako kideek: Guainia, Meta, Guajira, Amazonas, Misak eta Chami. Amalurra defendatu eta babesteagatik beldurtzen, hiltzen edo herrietatik botatzen dituztela salatu... [+]


Hogei egunez luzatu dute FARC-EPren armagabetzea, bake prozesuaren atzerapenagatik

Hiru astez luzatu dute FARC-EPren armagabetze prozesua; maiatzaren 30ean zen amaitzekoa, hasierako akordioaren arabera, baina ekainaren 20ra arte luzatu dute epea. Gobernuak ez ditu bake prozesurako azpiegiturak burutzeko epeak bete, eta atzerapenak eragin ditu.


2017-05-03 | Unai Aranzadi
Kolonbia ikusezina
MULTIMEDIA - dokumentala

Edozein gatazka konpontzeko horren arrazoiak ezagutu behar dira, zergatik ez ote dira Kolonbiarenak ezagutzera ematen? Santos presidenteak nazioarteko proiektu erraldoi baten inaugurazioan xanpaina edaten duen bitartean, handik gertu, proiektu horren erruz lekualdatutako haurrak hiltzen dira. Gerrillaren buruetako bat hil dutela esaten du Reyes jeneralak, baina ordu gutxira, indigenen buru zela onartzen du. Hiru haurren bortxaketagatik eta hilketagatik auziperatutako militarren kasua ikertzen... [+]


ELNko gerrillariek Bellavistako kartzelan ereiten dituzte iraultzaren haziak

Kolonbiako kartzeletan ez da ohikoa paretak ELN Nazio Askapenerako Armadaren, Camilo Torres apaiz gerrillariaren eta Che Guevararen irudiez beteta edukitzea. Besteren artean, horregatik da berezia Medellingo Bellavista kartzelan, Camilo Torres Preso Politikoen Kolektiboko zazpi kide dauden modulua. Zona Teknikoa deitzen diote espetxeko guardek; Jakintzak, Ametsak eta Itxaropenak Ereiteko Gunea berrizendatu dute hangoek. ARGIA han egon da.


FARC-EP eta Kolonbiako Gobernua bildu dira Habanako akordioa berpizteko

Kolonbiako Gobernua eta FARC-EP gerrilla Cartagenan bildu dira asteburuan. Bake akordioa sinatu eta ehun egunetara, adostutakoaren inplementazioa gaizki eta berandu egiten ari direla jabetzean, konpromisoak hartu dituzte prozesua bizkortzeko.


Kolonbiako Gobernua ez da Habanako bake akordioa betetzen ari

FARC-EP gerrillako buruek, Bogotan egindako prentsaurrekoan, salatu dute Kolonbiako Gobernua ez dela betetzen ari Habanako bake akordioetan adostutakoa. Ez ditu eraiki desmobilizaziorako eta armagabetzeko beharrezko azpiegiturak, eta horrek prozesua atzeratzea eragin du. Gainera, FARC-EPren erretiratzearekin paramilitarren ofentsiba gogortzen ari da, eta gobernuak ezikusiarena egiten du horren aurrean.


Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude