Akordioa urrun: beste mahai sektorial ustel bat Osakidetzan

  • Ordubete baino ez dute eman elkarrekin jesarrita Osakidetzako zuzendaritzak eta sindikatuek, astearterako deituta zegoen mahai sektorialean. Sindikatuak altxatu egin dira, ikusita zuzendaritzak ez duela asmorik aurten egingo den lan eskaintza publikoan 1.014 lanpostu baino gehiagorako deialdia egiteko.


2015eko maiatzaren 26an - 12:58
Osakidetzako sindikatuek deitutako mobilizazioa Gurutzetako ospitalearen aurrean, apirilaren 23an (Arg.: Unai Brea).

Maiatzaren 12an bezala, bilera hasi eta gutxira utzi dute mahaia sindikatuek. Orduko hartan, eskatu zuten gutxienez hamabost eguneko aurrerapenez bidaltzea gai-ordena eta eztabaidarako materialak, eta ez mahaian jesartzeko unean. Eskari hari men eginez berriro bildu dira alde biak, baina negoziaziorik ez da izan, adostasun eza abiapuntuan bertan dagoelako.

Osakidetzak 1.014 lanpostuko eskaintza egiten du, eta argudiatzen du hori dela uneon legeak baimentzen dion handiena. Sindikatuen iritziz, onartezina da zifra hori, osasun zerbitzuaren gabeziak konpontzeko gutxienez 3.000 lanpostu sortu behar baitira.

Sindikatuek azpimarratu dute Osakidetzak eskainitako lanpostu kopuru horren erdia, 507, barne promoziokoak direla, eta beste erdia langile berriak hartzeko, baina hutsik geratzen diren postuak betetzeko, ez berriak sortzeko.

“Osakidetzako  langileen egoera benetan zein den jakin nahi dugu, alegia, zenbat hutsune dagoen egiazki, baina informazio hori ezkutatu egiten digute”, adierazi digu LABeko Edurne Agirrek.

Bilera saiakera amaitu eta berehala, Jose Maria Armentia Osakidetzako Giza Baliabideen zuzendariak prentsaurrekoa eskaini du. Adierazi duenez, 1.014 lanpostuko eskaintza publikoa egin egingo da, “gure erantzukizuna eta betebeharra delako, eta ezin delako gehiago atzeratu”. Armentiak esan du sindikatuek azalpenak eman beharko dizkiotela euskal gizarteari, legeak baimentzen duen lan eskaintzarik handienaren aurka zergatik dauden argitzeko.  

Sindikatuak, bestalde, kexatu egin dira bilerako puntu bakarra lan eskaintza publikoa izateagatik, eta azken urtean egin dituzten beste eskariei buruz negozia dadila eskatu dute.

Besteak beste, baja hartzen duten langileen ordezkapenak lehen egunetik egin daitezela nahi dute sindikatuek. Gaur egun zazpigarren egunean hasten da ordezkapena; Osakidetzak laugarrenean hastea eskaini du, baina sindikatuek ez dute onartu.

Halaber, 35 orduko lanaldira itzultzeko eskatzen dute. “Lanaldia luzatzea izan da, hain zuzen, 3.000 lanpostu suntsitzea eragin duena”, azaldu digu Edurne Agirrek.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Osakidetzako gatazka
1.431 lanpostu sortzeak ez du Osakidetzaren plantilla handituko, ELA eta ESK sindikatuek salatu dutenez

Eusko Jaurlaritzak Osakidetzan iragarritako lanpostuak behin-behinean dauden langileen plazak formalizatzeko izanen direla esan dute ELA eta ESK sindikatuek.


Auzitegi Nagusiak berretsi du: geldirik jarraituko du Basurtuko bihotz kirurgiaren lekualdatzeak

Osakidetzak jarritako helegitea ez du onartu Euskadiko Auzitegi Nagusiak. Azaroan gelditu egin zuen Gurutzetara lekualdatze prozesua Arabako epaitegi batek.


2022-12-29 | Lide Iraola
Osakidetzako krisia
ESIko zerbitzuburuek bost eskakizun egin dizkiote zuzendaritzari

Zuzendaritza ospitale barruko kideez osatzea, mahai teknikoa osatzea langileen ordezkaritzarekin, "behetik gorako" lan ebaluazioa, langileen egonkortzea eta Onkologikoaren hitzarmen berriaren inguruan azalpenak jasotzea. Bost puntu horietan ardaztu dituzte... [+]


Sindikatuak protestara itzuliko dira, osasun sistema publikoaren alde

Osakidetzako sindikatu guztiek bat eginda, SATSEk, ELAk, LABek, SMEk, CCOOk eta UGTk deialdi bateratua egin dute abenduaren 22an zentro guztien atarian biltzeko. Opor garaiaren ondoren, protestak kalera eramatea ere aurreikusi dute.


Oposizioa haserre: nekagarria da Sagarduik galderarik ez erantzutea

Gidoi itxi-itxiarekin agertu da Osasun sailburua Legebiltzarrean, Donostia Ospitaleko egoeraren berri era xeheagoan ematera berez, baina galdera guztiak saihestu egin ditu. Oposizioko alderdi guztiek etengabe salatu dute lotsagarria eta larria dela jarrera hori izatea, eta... [+]


Eguneraketa berriak daude