Lurralde instituzio politikoa eginbidean

  • Ipar Euskal Herriko lurralde instituzio politikoa eginbidean dago. Herriko etxeak bozkatzen ari dira astez aste. Proposamena onartzeko, gutxienez, herri guztien erdiek –158tik 79k–  alde bozkatu behar dute. Halaber, alde bozkatzen duten herriek biztanleria osoaren erdia –295.993 biztanletik 147.997– ordezkatu behar dute.


2016ko apirilaren 06an - 10:29

Instituzioa gauzatzeko eztabaida urte berriarekin abiatu zen. Pirinio Atlantikoetako CDCIk (Herriarteko Lankidetzarako Departamendu Batzordea) erabakitzen du auzi honetan. Prefeta da ekimenari buruzko erabakiaren bermatzailea. Urtarrilean, auzapezen eta hautetsien lehen diferentziak ageri izan ziren. Adibidez, Amikuzeko Lukuze herriko Barthelemy Aguerre hautetsi zentristak Amikuze eskualdea Biarnorekin elkartzea proposatu zuen. Proposamena ez zen onartua izan.

Metropoli poloa

Halaber, otsailean, Herri Elkargo bakarraren kontrakoek Metropoli poloa aurkeztu zuten. Euskal Kosta-Aturriko (EKAH: Baiona, Miarritze, Angelu, Bokale, eta Bidarte) hainbat auzapez dira. 158 herriak erakunde bakar batean (HELEP) bildu ordez, gaur egun indarrean dauden hamar herri elkargoen egiturak egokitzea eta Metropoli bat (MPA) sortzea proposatu dute. Horien helburua, besteak beste, Euskal Herria Biarno eta Landekin lotzea.

Barthelemy Aguerrek ez du amore eman, Baigorriko auzapez ohi Jean Baptiste Lambert-ekin batera bildu zen Donapaleun: 17 auzapez elkargo bakarraren kontra agertu ziren. Euskal Herria defendatzen omen dute, baina HELEP hori handia eta nahasia dela diote: “Erakundearen izaera neurtzeko xehetasunak eskas ditugu”, argudiatu zuten. 

Batera plataforma

Baterak Batera Karabana ekimenaren balorazioa egin zuen martxoaren hasieran. 146 herritik iragan zen karabana. Herritarren harrera ona azpimarratu zuten. Elkargoaren aurkariei “nahasmena” sortu izana aurpegiratu zien.

Martxo erdialdean, Angeluko auzapez Claude Olive Euskal Kosta-Aturri Hiriguneko presidente izendatu zuten. Baionako auzapez Jean-René Etchegarayren kargua hartu zuen. Etchegarayk otsailean aurkeztu zuen dimisioa. Arrazoia, besteak beste, Miarritze, Angelu, Bokale eta Bidarteko auzapezek haren kontrako frentea osatu izana.

Udaberrion ebatzi beharreko gaia

Martxoaren 19an, udaberriaren atarian, 200 hautetsi bildu ziren Kanbon. Elkargoari buruzko xehetasunez eztabaidatu zuten. Proposamenak aitzina egiteko, biztanleriaren erdia ordezkatzen duten herrien erdiek eman beharko dute aldeko boza. Martxoaren 24an, Baiona hiriburua elkargo bakarraren alde agertu zen: 43 hautetsietatik 28k horren alde egin zuten. Aste batean, 75.000 biztanlek aldeko jarrera eman zuten. Aste horretan ere, tentsioa areagotu zen Euskal Kosta-Aturri Hirigunean. Iparraldeko Hirigune nagusiko herriko etxeak gobernatzen dituzten hamabost hautetsi –aurka dauden auzapezen gobernuetan daude– elkargo bakarraren alde agertu ziren: “Kostaldeak ezin dio Euskal Herriari bizkarra eman”, adierazi zuten.  

Dagoeneko 104.828 biztanle Herri Elkargoaren alde

Iragan ostiralean Donibane Lohizunek (14.332 biztanle) “bai” erran zuen, Zuberoako Etxebarrek “ez” (64 biztanle). Bidartek ere kontra bozkatu zuen (6.566 biztanle). Ostegun honetan, Miarritzek bozkatzen du (24.993 biztanle). Heldu den asteartean, berriz, Azkarate, Baigorri eta Aiziritzeko herriko etxeek erabakiko dute. Asteazkenean, apirilaren 13an, Arberatzeko eta Donapaleuko herriko etxeek. Iparralderako instituzioa subjektu bizi-bizia da uneon, eguneroko gaia solastoki politikoetan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Lurralde Elkargoa
2021-04-13 | ARGIA
14.000 etxe huts eta 51.000 bigarren etxe aurreikusten dituzte bost urte barru Ipar Euskal Herrian

Euskal Hirigune Elkargoko batzar berezia egin dute 232 hautetsiek, bideokonferentziaz. Aurtengo aurrekontua eta Bizilekuen Tokiko Programa onartu dituzte, baina programa errefusatu eta “anbiziozko etxebizitza politika bat” aldarrikatu du hainbatek.


2020-09-28 | Mikel Eizagirre
Euskal Elkargoak hiru euskal preso politikoren egoera salatu du

Esnal, Haranburu eta Paroti ezartzen ari zaien “heriotza zigorraz” kexu da elkargoa frantziar justiziaren erabakiaren aurkako mozio batean.


2019-01-22 | Euskal Irratiak
27 proposamen helarazi dio Baterak Euskal Hirigune Elkargoari, gobernantzaren hobetzeko

Zortzi atal, 27 proposamen. Hona Baterak Euskal Hirigune Elkargoaren gobernantzaren hobetzeko, Jean-René Etchegaray presidenteari eman dion txostena joan den larunbatean. Baterak, joanden irailetik eskualdeka, 16 herri desberdinetan bilkurak antolatu ditu oharren... [+]


2018-02-13 | Euskal Irratiak
Euskal Elkargoaren hizkuntza politika apirilean aurkeztu behar lukete, Arrabiten hitzetan

Hautetsiak eta euskalgitzako eragileek osatu lan batzordeak ari dira norabide hauen lantzen, Beñat Arrabit, Euskal Elkargoko hizkuntz poltikarako arduradunak, Amikuzeko irratiaren estrenan azpimarratu daukun bezala.


2017-09-10 | Mikel Asurmendi
Ergela irakurriko duena

Oporraldiko azken egunen atzerako kontaketa egitea eskatu zidan buruak nonbait, hartara, ARGIAko egutegiari orri berri bat kendu nion agorrileko hamazazpian. Buruketa hau egitea proposatzen zuen: “Euskal Herriko Lurralde osoa hartzen duen administrazioari nola deitzen... [+]


Eguneraketa berriak daude