ARGIA eta Bizi Baratzea Lurraman egongo dira asteburu honetan

  • Azaroaren 7tik 9ra Miarritzen ospatuko du bere 20. edizioa Lurrama laborantza herrikoiaren aldeko bestak. Aurten herrialde gonbidatua Euskal Herria da eta ARGIA eta Bizi Baratzea bertan izango dira: mahaia jarriko dute azokan eta Egonarria saioaren zuzeneko emanaldia egingo dute larunbatean, Kanalduderekin elkarlanean.


2025eko azaroaren 05ean - 08:48
Azken eguneraketa: 11:13
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

"Bihar ere laborari" lemapean urteurren biribila ospatuko du asteburu honetan Lurramak Miarritzeko Irati erakustazokan (Pitchot karrikan). Egitarau oparoa dakar aurtengo festak ere: badira hitzaldiak, etxeko ekoizpenen azoka, etxaldeko lanak egiteko tailerrak, haurrentzat animazioak, landareen gunea, kontzertuak, bertako produktuz prestatutako jakiak... Hemen dago ikusgai egitarau osoa.

Aurtengo Lurramaren afixako irudia.
Argia eta Bizi Baratzea azokan egongo dira asteburu osoan

Ostiral goizetik igande iluntzera azokan egongo da ARGIA eta Bizi Baratzearen mahaia. Bertan aukera egongo da ARGIA astekariaren eta urtaro bakoitzean banatzen den Bizi Baratzea Orriaren kidetzak egiteko, Lurrari loturiko liburuak eta Lurra Herriari Deika kamisetak erosteko...

Jarraian, Lurrama besta hartuko duen Irati erakustazokaren planoa. Azoka bigarren gelan dago kokatua:

Egonarria saioa zuzenean larunbat eguerdian Lurramatik

Eli Pagola eta Mattin Jauregi Egonarria saioko aurkezleak Lurraman izango dira eta bertatik zuzenean kontatuko digute nola doan azoka, eta laborantzako aktualitateko gaiez elkarrizketak egingo dizkiete laborariei eta eragileei. ARGIAk Kanalduderekin elkarlanean egingo du ordubeteko saio honen zuzeneko emisioa: azaroaren 8an, larunbata, 12:00etan hasita. ARGIAren eta Kanalduderen webguneetan izango duzue ikusgai.

Euskal Herriko Laborantza Ganbararekin elkarlana

EHLG Euskal Herri osoan laborantzako erreferente nagusietako bat da. Lurramaren 20. edizioa ardatz hartuta, elkarlana abiatu dute EHLGk eta ARGIAk (Itsaso Zubiriak kontatua du ARGIAren Komunitatea atalean). Harreman horren baitan, EHLGk bere Izar Lorea agerkariarekin batera bazkideei banatu die udazken honetan kaleratu dugun Bizi Baratzea Orriaren hirugarren zenbakia.

Lurrama bestaren bidez Lurrarekiko harremana landu, Euskal Herriko laborariei sustengua eman eta bertako elikagaiak eskuratzeko aukera ederra dugu asteburu honetan. Gustu baduzu, hantxe aurkituko gaituzu.


Eguneraketa berriak daude