Aurtengo Lurramak mendiaz gogoetatzeko aukera eskainiko du azaroaren 10, 11 eta 12an

  • Miarritzeko Irati aretoan iraganen da laborantza herrikoiaren besta. Besta eta hausnarketa uztartuko dituzte hiru egunez, laborantza industrialaren parean garaturiko eredu herrikoia ezagutarazteko xedez.

Umeentzako animazio parrasta daude Lurrama azokan zehar. (Argazkia: Lurrama)

2022ko urriaren 27an - 10:17
Azken eguneraketa: 11:44

Iazkoa berezia eta gogoangarria izan zen, 120 egunez okupaturiko Arbonako lurretan burutu zutelako azoka. Aurten ohikora itzuliko dira: hirira, Miarritzera, baserri mundutik at bizi direnei laborantza herrikoiaren berri emateko xedez. Haurrentzako animazioak, apairuak, hitzaldiak eta eztabaidak, merkatua, kontzertuak, txarangak, film proiekzioak, etxaldeko lanen erakusketak zein kabalak hurbiletik ikusteko aukera, anitza eta zabala dute egitaraua. Azaroaren 10, 11 eta 12an iraganen da Miarritzeko Irati aretoan, hots, ostegunean hasiko da, azaroaren 11 festa eguna izanik Ipar Euskal Herrian, eskoletako umeentzako eguna ez galtzeko.

“Bizi den mendiaren alde”

Mendiaz gogoetatzeko hainbat hitzaldi antolaturik dituzte, mendiak etxaldeen eta laborarien bizian duen garrantziaz ohartarazteko helburuarekin. "Bizi den mendiaren alde" leloa jarri diote aurtengo edizioari. "Mendigune honetan, Euskal Herrian bereziki, paisaia anitzen sorburuan dugu gizakiaren eta mendiaren arteko mendeetako bizikidetza orekatua. Artzaintza da horien artisau nagusia" antolatzaileen hitzetan.

Ostiralez, 11:00etan, "mendiaren erabilpena nola partekatu?" galderari erantzun nahian bilduko dira, kirolariak, laborariak, ehiztariak ala ibiltariak, guztien arteko elkarbizitza atzeman nahian. Egun berean, 15:00etan, mendiko laborantza praktikei buruz ariko dira, eta 17:00etan "Prehistoria denboretatik gaur arte, jendeak baliatua duen mendia" hitzaldia eskainiko du Pablo Marticorena arkeologoak.

Biharamunean 11.00etan hartza, otsoa eta kanpoko hazkuntzaren arteko harremanenei buruz gogoetatuko dute. Mahai-inguru horretan, CNRS ikerketa zentroko Nicolas Lescureuxek azalduko ditu Frantziako Estatuan azken 30 urteetan izandako otsoaren hedapenaren ondorioak, artzain/laborari batzuek haien lekukotasunak emanen dituzte, eta Euskal Herriko testuinguruan guztien arteko elkarbizitzaren aukerez eta ondorioez hausnartuko dute, tartean ELB sindikatuko kide batzuen gogoetak sartuz.

Merkatu gunean ere mendiko ekoizpenek ukanen dute leku, Pirinioetako laborariak direlako aurtengo gomita berezia: "Biarnotik Kataluniara arte, txoko guzien berezitasunak atzemanen dira etxe ekoizleen merkatuan”.

Cyrille Marlin, aurtengo ugazaita

Urtero ugazaita/ugazama bat aukeratzen dute antolatzaileek. Paisaia antolatzaile, geografoa eta arkitektoa den Cyrille Marlin da aurtengoa. Mendietako biztanleen bizimoldeak paisaien garapenaren arabera ikertzen ditu, laborarien praktiketan zentratuz bere behaketa. Besteak beste, Zuberoa, Oztibarre, Iholdi eta Garaziko lurraldeetako laborarien esperientzien inbentarioa egin du.Arkitektoz osaturiko Encore kolektiboko parte da; bestelako eraikuntza forma batzuei buruz gogoetatzen dabiltza, ingurunea eta bizia zentroan jartzeko ikuspegiari segi.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Lurrama
2023-11-10 | Euskal Irratiak
Ostiralean ireki ditu ateak Lurramak, Iparraldeko laborantza iraunkorraren saloiak

Emazteek laborantzan leku garrantzitsua izanik ere, ainitzetan gizonen itzalean izan dira. Hori aldatu nahian, emazteak erdigunean ezarriko dituzte aurten Lurraman.


2023-07-11 | Enbata
Emazte laborariak argitan

Azaroaren 10, 11 eta 12an, Biarritzeko Irati gelan iraganen den Lurramaren 2023ko edizioaren kari, emazte laborariak argitan ezartzea erabaki du Lurrama elkarteak, «Emazte laborariak argitan» tematikarekin.


2023-07-06 | Euskal Irratiak
Emazte laborariak argitan aurtengo Lurraman

"Emazte Laborariak Argitan"  izanen da aurtengo Lurramaren leloa. 27 emazte laborari agertzen dira afixan. Haien rolak, engaiamenduak, eskumenak eta berezitasunak azpimarratuko dituzte heldu den azaroaren 10, 11 eta 12an, Miarritzeko Irati gelan.


2022-11-11 | Euskal Irratiak
"Mendiaren erabilpena lehen baino gehiago kudeatu behar da"

Lurrama, laborantzaren saloina Miarritzeko Irati gelara itzuliko da aurten baina kasu, ostegunetik larunbatera iraganen da 17. edizioa. "Mendiguneak bizirik!" hautatu dute lema gisa eta Pirinio inguruko laborariak gomitatuak dira.


Eguneraketa berriak daude