JEAN LOUIS DAVANT EUSKALTZAINA


1975eko maiatzaren 11n
JEAN LOUIS DAVANT EUSKALTZAINA
Zuberotarra, injineroa, maixua, idazlea, Arjeliako soldadua.
Noiz eta non jaio zinen?
Duela laster berrogei urte jaio nintzen Zuberoko Urrustoi-Larabile herri tipian , laborari famili batetan. Urrustoi-Larrabilek, berrehun animaz beheti zituen; orain, jende gutiago du. Zuberoko azken herria da.
Lehen ikasketak non egin zenituen? Nolakoak izan ziren? Zenbat urtetararte?
Herriko eskolan ibili nintzen sei urtetarik eta hamabiak arte. Herriko eskola nere etxetik hiru kilometrotara zen eta, bistan da, oinez joaten ginela goizean eta arratsean sartzen. Hor egin nituen lehen mailako ikasketak. Eta gero Mauleko kolejiora joan nintzen eta han sei urtez egin nituen bigarren mailako ikaskuntzak; Uztaritzen bukatu nituen, zeren, azken urtea Maulen kendu egin zuten, nik egiten nuen saila.
Zure jaiotetxea eskolatik nahiko urruti zen. Zure herrian bizi izan denboran, ikasiz aparte, baserrian lan egiten ahal zenuen?
Bai! Denbora hartan haurrak arras gazterik hasten ginen, emeki emeki etxekoekin. Laguntza frango egiten genuen. Bixtan da! Eta kanpoan pasatzen genuen eskola baino denbora gehiago. Arras baserriko bizia eramaten genuen. Herri hartan, gehienok, laborariak ginen, baina, batzuk, Mauleko espartin lantegietan ibiltzen ziren. Eta, orain, laborari baino langile gehiago bada. Eta nere gazte lagun asko, asko erraiten ahal baldin bada, langileak eta laborariak dira.
Hamabi urtetan zure herritik Maulera joan zinen. Zergatik? Ikasketak aurrera eramateko gogoa zenuelako agian?
Nik ez nuen batere gogorik baina etxekoek bazuten, Erraztasunik banuen ikasteko eta herriko eskolan ikasi ahal nuena ikasirik Maulera igorri ninduten. Gero, nik uste nuen, bizpahiru urteren buruan bukatzea, baina etxekoak atxiki ninduten batxileratoa egin arte, Nahiko zuketen hartan gelditzea, baina, orduan, nik jarraitzea izan nahi nuen.
Zuen etxean zenbat senide zineten?
Lau haurride ginen eta lau gara beti. Ene gurasoak bizi dira oraindik. Aita nere jaioterrikoa da, etxe hartakoa da. Ama Altzaikoa. Altzai basa bazterrekoa, arras mendikoa. Altzaitik Ahuzkirako bidean azken etxea da.
Batxileratoa bukatu zenuenean aurrera ikasten jarraitzeko erabakia, zergatik hartu zenuen?
Giomailako Laborantza Ikasketak egin nahi izan nituen, gero Zuberorat edo Euskal Herrirat itzultzeko eta laborantzan ene gisaz zerbait egiteko asmoarekin.
Nora joan zinen laborantza ikasketak egitera?
Frantziara joan nintzen, Angers izeneko hirirat. Hor bada Laborantzako eskola bat, frango famatua, aita jesuitek atxikitzen dutena nahiz irakasle gehienak laikoak diren.
Zenbat urte zenituen Angers-ko Laborantza Eskolara heldu zinenean?
Hemeretzi urtetan sartu eta hogeita bitan atera nintzen. Bitartean, ez genuen denborarik galtzen: bakantza guztiak ikastaldietan pasatzen nituen baserri batzuetan eta abar. Eta, gero, urte batez, egin nuen ikastaldi bat hemen Lapurdiko Garron, Hazparne ondoan, eta berdenboran eskola ematen aritzen nintzen Garroko laborari eskolan.
Laborantako ikasketak nola pasatu zenituen? Hango erakusteko erari buruz zer diozu?
Gauza zaharra da hori neretzat, eh!
Bai, noski!
Baina uste dut, frango ongi moldatuak zirela irakasketa horik, zeren eta gauza batzuk barnean ikasten nituen, eh!, kurtsoetan, eta besteak kanpoan, baserrietara joanaz. Eta, bereziki, eskolako baserria zenbait kilometrotara zegoen; han gauza asko ikusten eta ikasten genuen. Kurtsoak ematera etortzen zirenak ere ofizioko gizonak ziren: beterinarioak, teknikoak edo beste eskola batzuetan ere goiko irakasleak.
Ikasketa horik bukatu zenituenean zer titulu jaso zenuen?
Eskola horrek titulu berezi bat bazuen Estatuak eratua, bainan Eskolak ematen zuen denbora hartan nahiz geroztik gauzak aldatu dira, noski! Titulu horri IngSnieur Agriculteur de l'Ecole Superieur d'Agriculture d'Angers deitzen zen.
Titulu horrekin han Frantzian edozein lekutan lan egiteko baimena bai ahal zen?
Bai!
Halere, zu Euskal Herrira itzuli zinen. Zergatik, ordea? Zerk bultzatu zintuen Euskal Herrirat?
Ba, horretarako eginak nituen ikasketa horik, Euskal Herrirat itzultzeko bide bat bait zen eta bestalde laborantzaren aurrerapena denbora hartan hasten zen. Orduan aipatzen ziren laborarien kontseilariak, laborarien laguntzarako emango ziren teknikoak, eta harietarik bat izan nahi nuen.
Eta, Euskal Herrian, batez ere, non ziren laborantzari buruzko tekniko horik?
Donapaleu inguruan, Lur Berriri esker.. Baina, mementuan, ez zen ene beharrik Lur Berrin.
Nora jo zenuen beraz?
Urte bete egon nintzen Garroko eskola hortan. Negu denboran ikasleak etortzen ziren, bakoitza aste batez hilean. Hori pasatu zen abendutik apirila edo maiatza arte. Berdenboran ibili nintzen tekniko batekin, laborarien kontseilari bezala ikasten. Hortan piska bat aspertu nintzen, zeren jendea ez nuen ezagutzen eta mintzairaren aldetik ere neke piska bat banuen, denbora hartan, Lapurdiko bazter honetan. Piska bat nere gisara utzia izan nintzen. Baina esperientzia puska bat bildu nuen hor.
Kurtso hori Garron igaro ondoren, nora joan zinen?
Gero ene soldadutza egin beharra izan nuen.
Zenbat urterekin?
Hogeita hiru urterekin. Arjeliara deitu ninduten segidan, berrogeita zortziko irailaren hastapenetan. Arjeliara joan nintzen zuzenik. Hogeita zazpi hilabete pasa nituen han. Lehenik soldadutza klaseak lau hilabetez egin nituen Arjel ondoan, kanpo famatu batetan. Gero Saharara igorri ninduten.
Garai hartan nola ikusten zenuen Arjeliako arazoa eta egoera?
Ikusten zena zera zen, Arjelia Frantziarentzat galdurik zela, beste Herri bat zela, beste Nazione bat zela. Hori dudarik gabe! Halere ni batzutan zalantzan egoten nintzen, askatasun osoaren alde izaten ahal zen europear bat ala federalismoa oraino ahalezko ote zen. Bainan ikusten zen, frantsesek federalismoan sinesterik ez dutela. Bestalde, Arjelioakoek ez zuten gehiago federalismoan sinesten. Hori eskatu zuten garaian ukatu egin zieten frantsesek. Eta, beraz, gero eta nabariago zen askatasun osora zoala Arjelia. Denbora hartan, nik, De Gaulle baitan konfidantza haundia nuen Arjeliarako, zeren ikusten nuen Arjeliako gauza hori hainbat ongi trenka zezakeen gizon bakarra zela. Bestela egin zitekeenik ez dakit.
Egun Arjelia Herri autonomo da. Halere, bada gauza bat, ene ustez guretzat jakingarria fenomeno bezala, zera da alegia, beren hizkuntza, orindik behintzat, frantsesa dela. Herri irratietan, zenbait liburutan eta abar egun frantsesez frango egiten da. Zuk zer derizkiozu horri buruz? Herri horrek askatasun bat lortu du, hots politiko askatasuna. Halere hizkuntzaren aldetik ez du askatasuna lortu, erdizka edo baizik.
Ez dakit hain garbi edo hain ilun den gauza hori... ez dakit... Gu han ginelarik... nik ez dut guduketan xuxenenan parte hartu, ni nintzen eskualdean... gudu guti zen, desertuan ez da izkutatzen ahal airekoak dena ikusten bait dute... Baina bulegoetan paper asko ikusten nuen... frantsesez eginak ziren gehienak. Geroztik, uste dut, aurrerapen asko egin dutela arabearren alde. Ni beldur naiz arabe literarioa gehiegi sartu nahi duten. Ez da batere euskara idatzia eta euskara mintzatuaren artean den diferentzia arabe mintzatuaren eta arabe literarioaren artekoa: bi mintzaira arras diferenteak dira. Bestalde, ez da arabea Arjeliako mintzaira bakarra, berbereen mintzairak ere badira, Kabila eta Orresetako (!) mintzaira bereziki. Kabilian aste bat egona naiz, soldadu berria nintzela oraino. Berrogeita hemezortziko azaroan, jendeen bazkaztera joan ginen eta ikusi nuen nola bazkazten ziren. Baina ikusi nuen ere Kabilia guztiz diferent zela, ez zela arabea berberea baizik. Eta Herrian barnean beste herri bat zela. Hain haundia de orduan arabe literarioaren eta Herriak mintzatzen duen arabearen arteko diferentzia? Uste dut, arabe literarioa, frantsesaren goitik jartzen hasia dela. Arabea ez dakit asko, baina, dakitenek diote, arras bi mintzaira direla. Eman dezagun gaurko hebreoa eta duela bi edo hiru mila urtetakoa.
Eta gure artean, euskara idatziaren eta mintzatuaren artean ez da horrelako diferentziarik?
Ez da batere diferentziarik!
Noiz sartu zinen berriz etxera?
Hirurogeiko abenduan. Ni sarzten ari nintzelarik, trenean edo kazeta irakurtzen ari nintzen, eta egun haietan Arjeliarat joana zen De Gaulle. Izugarrizko manifestazioak egin zituzten arjeliarrek. Eta frantses harmadak eta bereziki paraxutistak gogor kontra egin zuten. Ehunda hogeiren bat hildako edo izan ziren. Ikusten zen Frantziarentzat galdua zela.
Euskal Herrira, berriz etorri zinenean, non hasi zinen lanean?
Hazparneko kolejioan hasi nintzen. Laborantzako kolejioan hasten nintzen segidan. Garai hortan Xarritonek tekniko edo Laborantako kolejioak jartzen zituen. Eta uste dut, espanturik gabe, eskola hori nik dudala egin. Hurrengo batetan, ordea, berriz hitzeginen dugu.
Bai! Eskerrik asko! Berriki euskaltzain hautatua izan zelarik horretaz ere mintzatu nahi genuke, jendeak gogoa baitu Euskaltzaindiaren egoeraz zuk zer pentsatzen duzun jakiteko.
Bai! Gauzak argi ta garbi diren bezala erran behar dira.
URZOLA
1

Gaiez\Hizkuntza\Euskara\Erakundeak\Euskaltzain
Pertsonaiaz\DAVANT1
Egileez\URZOLA1\Hizkuntza

Azkenak
Koopfabrika
Kooperatiba eraldatzaileen harrobia

Olatukoopek beste hainbat eragilerekin batera garatu duen proiektu nagusienetako bat KoopFabrika da, ekintzailetza soziala bultzatzeko helburuz 2017an sorturiko programa, eta gaur egun oraindik martxan dagoena.

Hasiera batean, lehenengo ideia izan zen ekonomia... [+]


2024-05-12 | Nerea Menor
Ghayath Almadhoun
"Alemania nagusitasun zuriaren piramidearen gailurrean dago, eta lehen holokaustoa ukatu zutenek orain Nakba ukatzen dute"

Ghayath Almadhoun-ekin hitz egin dugu Alemaniako zentsura sistemikoaz eta horren ondorioez. Siriako Damaskon 1979an jaiotako poeta palestinarra, Suediara joan zen bizitzera eta egun Berlinen bizi da. Bere poesiak, ia 30 hizkuntzatan itzulia, maitasuna, tokialdatzea eta nortasuna... [+]


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Pastoral bat Iruñearendako

Herri-antzerki forma bat da pastorala. Sujet edo protagonista bat (hildakoa) hautatu eta bere bizia bertsotan ematen duena. Kantua ere presente dago emanaldian. Taula zuzendaria, taula gainean arituko diren arizaleak eta musikariak aritzen dira pastorala ematen den egunean... [+]


'Ekonomia eraldatzailea(k)' liburua
Ekonomiaren adjektibo guztiak

10. urteurrena kari, Olatukoopek bi liburuxka atondu ditu eta labean ditu jadanik, ekonomia eraldatzailearen eta kooperatibagintzaren ingurukoak biak ala biak. Alde batetik, herri-kooperatiben inguruko eskuorri edo gida bat kaleratuko dute, herri kooperatiba bat zer den... [+]


Eguneraketa berriak daude