"Euskaldunentzat Gramatika Euskeraz"


1970ko urtarrilaren 04an
"Euskaldunentzat Gramatika Euskeraz"
Fernando Mendizabal-Ekin Hizketan
Euskaldunentzat Gramatika, Fernando Mendizabal-ek Arantzazu-n argitara-berria, egillearen eskuetan ikusi dut lehengo aldiz. Alemania-ko illuntza hotz eta hillargi beteko batean. Kale ertzean zegoan Fernando, zein nundik agertuko: alkarri hitz emanda geunden baiño minutu pare bat lehenago, ni arbolartetik azaldu nintzanerako, itxaroten hotz gogortuta zegoen hura. Berekin zekarren Gramatika. Lehenengo euskerazko gramatika. Eta euskeraz oso liburu on bat egin dala esateko eseri naiz idaz-makiñaren aurrean.
Gramatika hau ikasi ezik irakurri ere egin leikeana da, ta horixe da miresgarriena: ez da obra elkor bat. Atsegiña euskera, presentazio argia. Pedagogiaren aldetik biziki landua. Bai idazlea, gramatikazko sistima errezki ta garbi azaltzen, eta bai inorimatzeillea eta "marrazkigillea" edo dibujogillea, X. Egaña (oso ongi, infantilismoan erori gabe) saiatu dira bene-benetan pedagogiazko obra on ta onurakor bat asmatzen. Areago, pedagogiazko obra on hau primerako literatur-obra bat ere ba dala ikusten da irakurri ala. Ikasgaia koloretan ematen zaigu, salaketak eta irakurkizunak (ipuin. bertso, etab...) gero orri zurian. Aditzaren erreztapenak, sufijazio ta deribazio azalpen txit egokiak, terminologia garbia, sistimazko taula txunkunki eratuak, ipuin paregabeki aukeratuak, ez dira liburu honen edertasun zoragarriko pitxi banaka batzuk besterik. Agian pixka-pixka bat goi-herritartsu dala, ipi uñetan batez ere? Mutiko gazteeri euskera irakasten saiatu izan danak bezela esan behar dut, ohore ta goresmen zor zaiola biziki Euskaldunentzako Gramatikari.
Hillargi beteko gau bat eta egun bat egon gera, liburu hau ta liburuarekin lotura dauden euskerazko goraberak xeheki begiratzen.
–Liburua sortu, esaten zuen Mendizabal-ek milla premik sortu du: euskal umeeri espaiñera ta latina erakusten ari nintzala gertatu zitzaidan, erderaz ezin adierazi nituela gramatika-gauzak, eta euskeraz adierazi beharra. Horrela sortu nuen gramatika-terminologia, beti umearen ulertze- indarrek mugatzen nindutela. Horrezaz gaiñeta, aspaldidanik somatuta neukan euskerazko gramatika baten premia, euskaldun hutsei batez ere euskera ta euskeraz pentsatzen irakasteko. Umeak izan dira gramatika honi erreztasun-neurria jarri diotenak.
–Ez da erreza umeari moldatzea!
–Neronek dakit hori iñork baiño obeto, uste dut. Eta horretxek pozten nau: hartu dudan alabantzarik handiena ta pozgarriena Lafitte Jaunarena izan dut, eta "liburu guztia hasieratik azkeneraiño nekerik gabe ulertzeko moduan dagoela" esaten zidan.
–Beraz ongi iruditu zaio zure liburua Lafitte gramatikalariari?
–Baietz dirudi. Eta esan ere egingo nuke behorrek eman dion pozak ahoa berotu-edo egin diola, ze sekulakoak esaten dizkit. Nik neuk, egia esan, ez dut uste horren goiko apalean jartzeko lana danik. Liburu hori egosi duan labearen beroa, au da, euskerarenganako maitasuna, hori bat guri guria zan. Gaiñerakoa? Horra, hartu ta ikusi...!
–Ikastoletarako egokia izango litzake, orduan zure gramatika?
–Ohar bat egingo nizuke hontaz. Ikastoletako umeak hainbat klasetekoak dira. Oso txikiak batzuk, eta beraz gramatikarekin hasterik ez daukatenak. Kozkorragoentzat, gramatika ikasten-eta hasten diranentzat, guztiz egokia gerta ditekeala nirea uste dut. Hortik hasi ta aurrerako euskera-ikasleentzat. Batez ere alfabetatze-kanpaiñarako gerta diteke aproposa ta onuragarri gramatika hau. Erdal eskoletako batxillerraren lehenengo, bigarren ta, beharbada, irugarren kursoko gramatika-maillak ematen baiditu nire honek.
–Baiña batxillerrerako planak, beraz legeak eskatu bezelakoa izateaz gaiñera, pedagogiazko izan behar du gramatika batek. Beraz euskaldunari egokitutakoa. Baiña zure gramatika, lanean neronek lehenago ikusi zindudanez eta orain ere antzeman lezaiokeanez, espaiñerazko, frantsesezko ta alemanezko eskola-gramatikak erabilliaz egindakoa da.
–Egia da hori eta konparaziozko lan horrekin asko irabazi dudala uste dut Gramatika horiek bezain ona ta pedagogiazkoa egitea izan da nere asmoa. Baiña beti ere, euskaldun umearentzat egokituta. Umeak bere barnean daraman euskal-mundua ezaiñean-ezaiñean eta konturatu gabe sakontzen, aberasten, eta sistemaratzen lagunduko dion ikasliburua egiten alegindu naiz. Nire ,begien aurrean beti eskola-umeak egon dira, ta ume euskaldun hutsak hain zuzen ere. Bederatzi urte aritu izan naiz horiekintxe, eta horientzakoxe asmatuta dago nire gramatika.
–Gaur, helare, guztiok gera eskola-ume ta alfabetatu beharreko: idazle-edo geranok aurrenik, andereiño ta hartarako ari diranak, eta, pare bat kendu ezkero Euskal Herri guztia oso-osorik.
–Hortan konforme nago funtsean. Euskaldunoi, gure eskolarik ezean, guztioi nabari zaigu gramatikaren falta nabarmena. Halare, nik ez dut nere gramatika, nagusienik behintzat, idazleentzat pentsatu. Andereiñoek-eta gaur darabilzkiten premietan bai, pentsatu nuen, eta liburu honekin laguntza handia izan dezaketela uste dut. Baiña andereiñoek berek ere asko lagundu didate, argitaratzeko-ta.
–Ez zenuen zure gramatika Gipuzkoa-rako bakarrik bururatuko?
–Liburua egitekoan, ondo ere gogotan eukitakoa dut batasunaren arazoa. Eta lanean aurreratu ala atera dudan ondorio pozgarrienetakoa bat, euskeraren batasunerako ikusi nituen ahalbideak izan dira. Euskeraren batasuna egin ditekeala, eta berez ez dala jendeak askotan uste bezain zailla.
–Segun-eta nolaoka egin nahi, izango litzake zailla batasuna.
–Hori! Ehunetik ehun bateratu nahi duenak, bateratu ez baiña berdindu egin nahi du, ta hori oso zailla da; hizkuntza biziari begirunerik baldin bazaio, batez ere. Gaurko euskeraren egoeran oinharrizko batasuna egitea, euskerak berak ematen dituen ahalbideetatik, erreza da: esaterako deklinazioan, xehapen koxkor pare bat utzi ezkero, batasuna ia eginda dago. Edo behintzat batasun hori burutzeko osagarri ta elementuak jarrita daude.
–Nun, ordea, ta zeiñek jarrita? Literaturan, ala bai herrian bertan ere?
–Literaturan behintzat bai, eta euskalkiek ere gero ta gehiago ezagutzen dute elkar. Idazle-jendeak nahi baldin badu, deklinazio kontuan batasuna eginda dagoke ehunetik larogeitamartsu batean. Berdintsu dago loturaizki edo konjunzioekin, hitzondokoekin, adberbiuekin, etabar... Nere ustez, hitzak osorik idatzi utsarekin eta gramatika puxka bat ikastearekin, % 75-bat bateratuta izango genduke gure euskera, eta iñori batere erresumiñik eman gabe gaiñera.
–Zer izango litzake zuretzat euskera batua?
–Euskal Herriko jenderik gehienek nekerik gabe elkar ulertzeko moduko euskera, euskera batua da, berdindua ez bada ere. Horregatixe, ba, batasunerako ez dago jende horiek guztiek, beti ta mailla guztietan, euskera batbera ta berdiña egiteko ta idazteko premiarik batere. Hauxe ikusi dut nik Bizkai-an ta Naparroa-n ibilli naizenean. Nere hitzaldietan nik ez dut haien euskeraren berdiña egin, baiña ondo ulertu izandu dugu elkar. Beraz, batasuna ta berdintasuna ez dira gauza bera. Batasuna beharrezkoa dugu, ta erreza da. Berdintasuna egokia litzake, ta ez da beti erreza. Ezta beti egokia ere: konparazio baterako, bizkaitarrek –gaz eta guk –kin erabiltzen badugu, ez litzake gramatika-gauza horietako bat baztertu eta bestea nagusierazi behar iñola ere. Zertarako bi?, galdetzen da. Baiña eskualde handi handi batean zabalduta dagoan–gaz hori zertarako kendu eta bostearekin bakarrik gelditu? Errezagoa da, ta egokiagoa ere bai, justiziazkoa dan ezkero, guk haienaren berri ikastea, haiek danak berena utzi eta gurea bakarrik hartzea baiño. Hitz bat edo beste utzi ta bestena hartzea erreza da, baiña gramatika-gauzak utziaraztea oso nekeza.
–Baiña aditzak sortzen ditu buruhausterik gogorrenak alare, eta hortan berdintasuna beste batasunik ez dagoela esan leike.
–Bai, berdintasuna iritxi beharko du hortan euskera batuak. Nire ustez irizpide ta kriterio argi ta tinkorik gabe gaude oraindik, beste puntu askotan ere bai, baiña hemen batez ere. Hortik sortzen dira diferentziarik gehienak. Batu beharrekoa gaurko euskera da, ez atzokoa, naiz-eta hau bixtatik galdu ezin badezakegu ere. Hitzekin egiten ari geran aukera bera jarraitu beharko litzake, nire ustean aditzarekin. Forma asko dago gauregunean erdi-hilda edo indar gutxikoa, ta bere esanahia beste aditzaldi edo formetara aldatu duena. Nire ustez, bizienari heldu behar genioke batasun-biderako aukera egitekoan. Iñun izatekotan hementxe erabilli beharko litzake bizienaren aideko irizpidea, ta ez zeiñek xeapen gehiago adierazi diztakeanarena.
–Nire erara esateko, standard-euskera gipuzkoera billakatu dala dirudi, ezta? Beraz, gipuzkoerazko aditza aberatsena ez bada ere soziologiarekin begiratuta behintzat gipuzkoerak dirudi aditzean, eta aditzean batez ere, batasunaren oiñharria eman dezakean bakarra. Honen kontra aberastasunaren, klasikutasunaren-eta beste arrazoi asko, ta ukatu eziñezko, azaldu arren. Hori al da?
–Ni baiño gehiago zan Altude, ta haren arrazoiak ontzat ematen ditut nik ere. Gipuzkoa Euskal Herriaren erdian egoteak etab... gipuzkoerarenganako joera sortuta dauka. Hau gertatze bat da, eta euskalkien berezko joera bezala agertzen da hau gaur-egun, eta hontan gramatikalariari ez zaio hizkuntza-soziologiarekin aritzea beste biderik gelditzen. Erdirako joera hau beste norabait eraman nahi izateak sesioa besterik sortuko ez ote lukean bildur naiz; ez batasunik ordea. Bide guzti horiek artifizialegiak iruditzen baizaizkit. Puntu zalilegia ta luzeegia da hau, baiña derrigor hitz batean esan behar badut, nik ere gipuzkoerazko aditza hartuko nuke oiñharrizko batera-bide bezela.
JOSE AZURMENDI
(Alemania-ko Münster-etik)
7


GaiezKulturaArgitalgintArgitalpenaLiburuakTextu libur
GaiezKulturaLiteraturaIdazleakMENDIZABAL7
PertsonaiazMENDIZABAL7
EgileezAZURMENDI3Kultura

Azkenak
Koopfabrika
Kooperatiba eraldatzaileen harrobia

Olatukoopek beste hainbat eragilerekin batera garatu duen proiektu nagusienetako bat KoopFabrika da, ekintzailetza soziala bultzatzeko helburuz 2017an sorturiko programa, eta gaur egun oraindik martxan dagoena.

Hasiera batean, lehenengo ideia izan zen ekonomia... [+]


2024-05-12 | Nerea Menor
Ghayath Almadhoun
"Alemania nagusitasun zuriaren piramidearen gailurrean dago, eta lehen holokaustoa ukatu zutenek orain Nakba ukatzen dute"

Ghayath Almadhoun-ekin hitz egin dugu Alemaniako zentsura sistemikoaz eta horren ondorioez. Siriako Damaskon 1979an jaiotako poeta palestinarra, Suediara joan zen bizitzera eta egun Berlinen bizi da. Bere poesiak, ia 30 hizkuntzatan itzulia, maitasuna, tokialdatzea eta nortasuna... [+]


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Pastoral bat Iruñearendako

Herri-antzerki forma bat da pastorala. Sujet edo protagonista bat (hildakoa) hautatu eta bere bizia bertsotan ematen duena. Kantua ere presente dago emanaldian. Taula zuzendaria, taula gainean arituko diren arizaleak eta musikariak aritzen dira pastorala ematen den egunean... [+]


'Ekonomia eraldatzailea(k)' liburua
Ekonomiaren adjektibo guztiak

10. urteurrena kari, Olatukoopek bi liburuxka atondu ditu eta labean ditu jadanik, ekonomia eraldatzailearen eta kooperatibagintzaren ingurukoak biak ala biak. Alde batetik, herri-kooperatiben inguruko eskuorri edo gida bat kaleratuko dute, herri kooperatiba bat zer den... [+]


Eguneraketa berriak daude