Gidoia jarraitzen ez dutenen agertokia

  • Koiunturak alarma gorria piztu dio euskal antzerkigintzari, eta ez da izango zauririk ez duelako, baina hilzorian al dago? Fokuek zer argitu nahi duten eta zer ez, hori da gakoa. Butakaren noranzkoa, alegia. Oihala zabaldu da eta antolatzaileak eserlekuei begira daude. Lanari baino, garrantzia handiagoa ematen ari zaie eserleku huts bakoitzaren zamari. Hustasunaren erantzukizuna, ordea, ez da artistena.  

Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Antzerkia ogibide bilakatzen denean eta gosetik atera nahi gaituenean, dirua dagoenean medio, territorio labaingarri batean sartzen da: kultur industrian eta merkatuan. Kanon klasikoetatik aldentzen direnek, baita artea sortzeko edo taldea antolatzeko irizpide propioa dutenek ere, zailago dute zirrikituak topatzea. Hautu sortzaile, kultural zein dramaturgikoak egiteari ez uztea dira konpainia hauen marra gorriak.

Datozen lerrootan euren agertokian eseri eta panorama zein den begiratzera gonbidatu gaituzte kide hauek: ATX Teatroko Iñaki Ziarrusta, Metrokoadroka Sormen Laborategiko Oier Guillan, eta Infinitudramako Maite Aizpurua, Maiana Etxeberri eta Matxalen De Pedro.

Krisian dago teatroa?
“Euskal teatroa beti izan da zonbi bat, beti izan da hilda zegoen eta hiltzeari uko egiten dion rastrojo bat”, ekin dio solasari Oier Guillanek. 30 urte daramatza honetan, eta ez du inoiz ezagutu krisia ez den beste egoerarik; beti orekari eusten. Azkenaldian, ordea, pil-pilean dago gaia: “Ondo dago noizean behin sorkuntzari dagozkion tentsioak eta tentsio politikoak berrartzea; gogoratzen ditut egungoak bezalako beste garai batzuk ere”.

Krisia puntuala dela onartzetik urrun, arazoa estrukturala dela azpimarratu du, eta horrek zerikusi handia duela erakunde publikoetatik datozen kultur politikekin, baita euskarak haietan bizi duen egoerarekin ere: “Kulturan eragiteko sortu diren laguntzak, politikak edo estrategiak, erdarazko teatroaren neurrira daude egokituta, balio jakin batzuen arabera; batez ere emaitzari eta produktuari begira, eta ez hainbeste ikerkuntzari, dramaturgia propioen garapenari, konpainien egituratzeari edo prozesuei”.  

Iñaki Ziarrusta, ATX teatroa: "Kulturarako inbertsiorik handiena turismora begirakoa da; gu bihurtzen gara feriako tximinoak"

ATX Teatroak irakurketa konpartitzen duela baieztatu digu Iñaki Ziarrustak. “Gizarte interesgarriago bat egiteko aukera galtzen” gabiltzala uste du, eta instituzioak seinalatu ditu, kulturan gehiago inbertitu behar dutelako. Baina atzetik datorren jende gaztearengan esperantza sumatu du: “Ikuspegi kritiko batekin datorren jendea ari da heltzen, gauzak beste modu batera egiten”. Horiek dira, besteak beste, Infinitudramako sortzaileak.  

Antzerkigintzari tradizionalki dagokion irizpide kolektiboa ardatz hartuta bultzatu du Maite Aizpuruak Infinitudrama proiektua. Bide propioa abiatu aurretik, egitura enpresarial baten barruan ez zeuden taldeak ezagutzeko zortea izan zuen, besteak beste, Metrokoadroka eta Horman Poster. “Egoera ez oso pribilegiatuan zeuden pertsona batzuk izugarrizko saiakera egiten ari ziren sare bat sortzeko, birpentsatzeko eta mundu guztiari, antzerkigintza honetan leku bat emateko, bere bertute eta akatsekin”, adierazi du Aizpuruak.

Aipaturiko bi talde horiekin definitu ditu antzerkiarekiko baloreak eta sistemarekiko ipini nahi dituen marra gorriak. Militantzia esparru gisa ulertzen du: “Antzerkia, ogibide bezala, hortik ulertu dut, beraz. Bilaketa konstante bat da, baina eredu hori eduki izana asko baloratzen dut”. Era berean, denborarekin jakintza trebatzen doa eta balore minimo batzuk finkatu zein ikuspegiak zabaldu behar direla sinetsita dago: “Konfiantza eremu bat sortzen da, baina era berean, harreman laboral bat ere bai. Kapitalismoan surfeatzen ikasten ari gara, ahalik eta praktika onenak eduki nahian. Nola antolatu kolektiboki, kontutan hartuta ogibide bat dela eta sistema oso estu batean gaudela? Niretzako oso inportantea izan da ikustea zertan ez dudan pasako langa”.  

ATX teatroaren 'Marmarra' antzezlaneko irudi bat.

Euskara alternatiboa denean
Erreportajeko antzerki talde hauen hautuen artean euskara hutsean sortzearenak harrotzen du hauts gehien, ez delako batere masiboa, Euskal Herriko panoraman funtzio esanguratsua betetzen duen arren. “Ez da komertziala, ezta politikoki interesgarria ere, ez ditugulako numero handiak mugitzen”, dio Guillanek.

Zenbakiak hartuta, euskal programazioa askoz ere murritzagoa da gaztelerazkoa baino. Umeentzako antzerkia euskarazkoa izatea ia automatikoa da, politiken barruan kokatzen baita. Ume horiek handitzean, ordea, nora joango dira euskal teatroa ikustera? Ziarrustak dio dena “anekdota” bat dela, “panfleto” bat, “batzuek programatzen dituzte hiru antzezlan urtean euskaraz eta besteek bat ere ez”.

Matxalen de Pedro, Infinitudrama: "Nazkatuta nago konpainian eta artisten bizkar gainean egotea publikoa sortzearen ardura. Astakeria da"

Berangoko eta Barakaldoko kasuak aipatu ditu: “Berangon teatroa egiten dugu ehuneko ehun euskaraz umeentzat, baina ehuneko ehun gaztelaniaz helduentzat. Eta Barakaldo, Euskal Herriko laugarren hiri handiena izanik, urtean 35 ikuskizun; horietatik euskaraz gutxi, eta gehienak umeentzat. Euskarazkoon kasuan, hor sartu nahi badugu, hiru edo lau aukera baino ez dituzu”.

Euskara, beraz, ez da faktore erabakigarria dirulaguntzak banatzeko unean eta, hala, “alternatiboa” bilakatzen da Euskal Herrian bertan. Aldiz, laguntzak eskuratzeko, puntuak ematen dituzten ezaugarrien zerrendan hauek ageri dira: euskaraz izatea, emakumeak izatea, sortzaile berriak izatea… Zera dio Aizpuruak: “Instituzioek mugimendu sozialen diskurtsoak apropiatzen dituzte, eta guk, bizirauteko, baliabide publikoetan sartzeko, diskurtsoa saldu behar dugu, militantzia politikoetako diskurtsoak transformatu, munduko min guztiekin”.

Era berean, ez da samurra gosea pastelaren zati txikiarekin asetzea, baina aurrez esandakoa errepikatuta, bizirik diraute. “Gaztelaniaz eta euskaraz egiten duten konpainiek gehienbat egiten dute uste dutelako ezin dutela bakarrik euskaraz egin, bestela hilko liratekeela”, dio Ziarrustak. Baina arrazoia ere badutela dio, “gorriak” pasatzen dituelako berak: “Jende guztiak esaten dit, nire semeak barne, zergatik ez dudan espainolez ere egiten. Badakit lan aukera gehiago edukiko nituzkeela, baina ez dut nahi. Gurea militantzia da, baina ez militantzia politikoa, bizi militantzia baizik. Gure printzipioak izango dira daukagun gauzarik onena. Gure heriotza izango dela? Ba oinak aurretik joango naiz. Esana dut, ez dut aldatuko zentzu horretan”.  

Ipar Euskal Herrian euskarak, hizkuntza ofiziala ez den heinean, are balore gutxiago dauka instituzioetan, baina indar handiagoa ikuslegoaren artean. Maiana Etxebarri hainbat konpainiatan aritu da, batez ere dirurik mugitzen ez dutenetan, ohikoa izanik hura lortzeko esperantzarik gabe lan egitea: “Frantzian oso-oso prekarioa da. Badira diru laguntzak eta bada sistema bat non baden dirua. Baina, batzuetan konpainia batek pasatzen ahal ditu hamar urte autoproduzitzen diru laguntza bat izan aitzin. Oso piramidala da eta beti berdinek lortzen dute. Ematen du, zinez, dado baten jokoa; ez dakizu sobera nola aterako den”.

Kudeaketa nagusia Parisen ematen dela kontatu du Etxebarrik, eta dirua jasotzen duten konpainiak ere, “macronismoarekin”, nabaritzen ari direla aldaketa bat. “Dena ari da aldatzen politikoki, eta, beraz, badira departamendu batzuk kopurua kentzen ari direnak. Desagertzen ari dira goian dauden konpainia asko ere”.  

Infinitudramaren 'Erresistentzia arazo fisikoa da'

Bestalde, Maskaraden, Pastoralen edo gero eta gehiago indartzen ari diren Libertimenduen gisako herri antzerkiek bidea erraztu die euskaraz sortzen ari diren espresio berriei, antzerkia euskaraz ikusteko ohitura indartsua baita. Etxeberriren esanetan, “euskaraz egiteko gogoak eta euskara jakiteak badu existitzeko beharra”, eta baloratua da, “jendeak ikusi nahi du”.

Iaz, Izpurako zonaldean, dantza, kantua eta antzerkia uztartzen zituen emanaldi bat eskaini zuten, urtebeteko lanaren emaitza. Ez zen Maskarada izan, ezta Pastorala ere, baina sekulako arrakasta izan zuen. Arrosan, Ezpeletan eta Larzabalen ere badira eskaintza kulturala egiten duten hainbat jatetxe edo elkarte. Zailtasuna profesionalizatzeko asmoa dagoenetik sortzen da: “Zerbait muntatu nahi duzun momentutik bazoaz saltzera zure sentsibilitatea. Zure egiten duzun hori produktu bilakatzen da eta gauzak zailtzen dira. Antzerkian, dantzan edo kulturgintzan aritzeaz gain, beste gauza batzuetan gara izan. Izan artzain edo izan egurgintzan”.  

Honetan guztian Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak paper garrantzitsua betetzen duela azpimarratu du bertako kide Matxalen De Pedrok. Izan ere, elkarteak sortzaile, antzerki talde, antzerki idazle, antzerkizale eta bestelako figurak batzen ditu, eta balio horiek dituen “erreferentzia bakarra” da euskararen lurraldean. “Antzerkigile eta antzerkizaleen arteko nahasketa oso garrantzitsua da; nukleoa euskara eta antzerkia dira, eta beharrei erantzuteko proposamen aktiboa da”, dio De Pedrok. Interlokutore politikoa ere badela gehitu du Aizpuruak. Euskararen aurka emandako erasoen aurrean EHAZEk hartutako jarrera adibide gisa ipini dute.  

Banaketa desproportzionatuak
Arreta jartzen denez leihatilako salmentan, ikuspegi komertzialean eta balio jakin batzuetan, hortik kanpo geratzen dira gehienetan bai euskara, bai esperimentazioa eta bai ikerketa. Industrializazioak eta globalizazioak erabat eragin du masa kulturak munduarekiko daukan pertzepzioan, kritikotasun ezean eta utzikerian. Artean ere islatzen da hori, Ziarrustaren esanetan: “1936ko Gerratik gatoz, 40 urteko diktadura batetik. Gure hizkuntza debekatzeaz gain, identitatearen ukazio bat egon da, eta Hego Euskal Herriak, behintzat, besarkatu egin du”.

Alderdi politikoek, eskuin zein ezker, ez dute kultur politika garbirik sortzaile hauen iritziz. Aizpuruaren esanetan, merkatua librea denez, ez dago inongo irizpide bateraturik: “Baina instituzioak diru publikoa diren heinean tematu behar da, bestela, dirua bakarrik dutenek egin ahalko lukete hau”. Guillanen iritziz, ez dago “kultur politika errealik”, eta baldin badago “oso kontserbadorea da eta enpresari lotutakoa”. Hezkuntzan edo osasungintzan inbertitzea gauza “normaltzat” hartua da; artean inbertitzeak, ordea, zalantza sortzen du.

Kritika egin du Ziarrustak: “Gure agintariek ipintzen dute atentzioa dirua eta prestigioa ematen duen horretan. Eta nahi dugu Leon Erregea bezalako produkzio batekin mundu zabalera hedatu. Edo Guggenheim. Oso ondo, baina non daude Euskal Herriko eskultoreak, pintoreak eta zein baldintzatan? Edo BilboFest, ez dira gai ezta Euskal Jaia esateko ere. Hori bai, harri-jasotzaileak, aizkolariak, txalaparta, euskal dantzak eta turismoak nahi duen guztia. Kulturarako inbertsiorik handiena turismora begirakoa da; gu bihurtzen gara feriako tximinoak”. De Pedroren ustez, zuzendari artistiko eta programatzaileek botere posizioa erabiltzen dute sormen prozesuetan eragiteko.

Gauza jakina da, ordea, eserleku gehien betetzen dituzten karteldegiak izen-abizen ezagunak dituzten lan horienak direla, telebistan atera diren aktoreak dituena, kasuan kasu.

Programatzaileak, finean, helburu hori jartzen du, eta hori “akats larria” dela iritzi dute. “Zer da arrakasta kulturan? Leihatilarekin lotzea. Kolore guztietako zinegotziak ikusi ditut horretara erortzen”, esan du Guillanek, eta gehitu: “Egiten baduzu ikerketa bat, mediazio bat eta azaltzen badira 50 pertsona, niretzat BECen 10.000 sartzea baino arrakastatsuagoa da”. Eta BECekoari baliorik kendu gabe, espazio prestatu, egokitu eta kalitatezkoen beharra aldarrikatu du, ezin baita kultura eredu horren baitan neurtu.

Metrokoadrokaren 'Artxibo biluzia'

Ideia beraren gainean egin du hausnarketa De Pedrok ere: “Nazkatuta nago konpainien eta artisten bizkarraren gainean egotea publikoa sortzearen ardura. Astakeria da. Artistei eskatzen diegu sortzea, bitartekaritza lanak egitea, ekonomiaz jakitea, publikoa erakartzea...”. Batzuetan, programatzaileek sare sozialetako jarduna eta jarraitzaile kopuruari begira egiten omen dute analisia, publikoa erakartzeko gai izango ote diren ondorioztatzeko. Baina, haien lana ez da soilik lan bat antzokira ekartzea: “Kultur politikez ari bagara, onartu egin behar da programatzaile dagoenak ezin duela magiarik egin baliabiderik gabe, baina herria eta publikoa ez dira inorenak eta oso askotarikoak dira. Ohitu badituzu bakarrik mainstream diren proiektu batzuetara, publiko mainstream bat baino ez duzu edukiko”.  

Konplexua bada ere, antzokia ez betetzeak ez du esan nahi jenderik ez dagoenik. Herri bakoitzean publikoa fidelizatzeko politikak egin behar direla azpimarratu dute. Guillanek Oiartzungo adibidea kontatu du: “Programazioan erabakitzeko talde ireki bat dago eta urte asko daramatzagu horretan lanean. Sortzen baduzu ohitura bat gauza desberdinak ikusteko, irizpide batzuen gaineko konfiantza bat eta proposamenak egiteko, publikoak erantzuten du. Horrela sortzen da kultura bizitzeko modu aktiboago bat”. Baina horrek denbora, esfortzua eta prestutasuna eskatzen du, eta instituzioak ez daude horretarako prest; hortaz, hasierako puntura itzultzen gara. Bat egin dute elkarrizketatuek: programatzaile askok, baliabideez gain, formakuntza eta gogoeta ere behar dute.

"Dena da ezaguna, dena klitxeak eta dena gezurra", dio Ziarrustak. Baina era berean ez dago denentzat lekurik, eta horrek etengabeko lehiara eta konparazioetara daramatza talde denak, “pastel puska galtzearen beldur”. Horrek dinamika txarra dakar sareak sor ditzaketenen artean, "elkar laguntzeko praktika onetan zentratu beharrean", gehitu dute Infinitudramakoek.

Oier Guillan, Metrokoadroka: "Euskal teatroa beti izan da zonbi bat, hilda zegoen eta hiltzeari uko egiten dion rastrojo bat"

Baina sorkuntza ez dago krisian
Alabaina, sormen artistiko aldetik eta estetikoki, inoiz baino zabalagoa da Euskal Herriko arte eszenikoen plaza: “Euskara hutsez lan egiten duten belaunaldi ugariko jende asko dago, proposamen askorekin, eta dramaturgikoki oso interesgarriak”.

Erreportajeko antzerki talde hauek lanean ari dira orain ere: Marmarra lanarekin biran ATX teatroa eta formatu txikikoa den Balbea obrarekin; Artxibo biluzia eta estreinatu berri duten Aztia lanekin Metrokoadroka, bai eta otsailean aurkeztuko duten Bi baso bat ur eraikitzen; eta sukalde lanetan Infinitudrama, Promesarik txikiena eta Adarbakarra obrekin eta udazkenean estreinatzeko asmotan. Esan beharrik ez dago, sormen prozesu konkretu hauez gain antzerkiari erpinak zabaltzen ari direla iniziatiba txikienarekin ere eta okupatzen duten espazio bakoitzean: kolektiboki zein indibidualki.  

Saretzen eta i(ra)kasten
Hainbatek hala dioten arren, ez da Madrilera edo Bartzelonara joan behar antzerkia profesionalki egiteko: hemen badira euskaraz aritzen diren hainbat eta hainbat konpainia. Dantzerti gisako eskola erreferenteekin lanketa egiteko beharra ikusi du bertako irakasle den De Pedrok, gauzak aintzat ez eman eta ikasleak interprete hutsetik haragoko izaera bat garatu dezaten: “Aktore sortzaileak behar ditugu”. Horretarako, sarea ezinbestekoa dela pentsatzen dute guztiek. Honela dio Aizpuruak: “Ez da euskal antzerki bat existitzen, hau da, errealitate desberdin asko existitzen dira. Begirada eta espazioak zabaltzean jarriko nuke fokua. Praktika onak zein izan daitezkeen modu kolektiboan adostu, praktikatu eta konpartitzeko eredu bat sortzean. Kapitalismoak elkarren aurka jartzen gaitu eta elkartasuna instituzioei eskatzea ez da aukera bat”.

Arteak hartzailearengana iristeko duen potentziala nabarmenduta, Ziarrustak norabideak aldatzeko lanean jarraituko duela azpimarratu du. “Gizartea gaixorik dago eta zaindu eta osatu behar dugu”, adierazi du, eta gaineratu ez dituela “intelektualak kalean” nahi: “Uste dut oso tresna inportantea dela eraikuntza pertsonalerako. Gero harritzen gara norbaitek eskopeta bat hartu eta aita, ama edo alaba hiltzen duenean. Izpiritu kritikoa garatu behar dugu gizarte sanoago bat sortzeko, kohesiorako, problemak proiektatzeko eta gizartea aztertzeko”. Ziarrustak zera azpimarratu du: “Lekuak galtzen goaz kapitalismoari emateko eta gure gorputza elikagaiekin elikatzen dugun bezala, elikatu behar dugu gizartea”.

Artea bizimodu definitzen duten sortzaile hauek garbi dute zergatik eta zertarako sortzen duten. Dinamika batean enkajatzeko beharrak, pastel zati bat lortzekoak, hautu batzuk desbideratzera eraman ditzakete, nahiz eta miserableak izan. “Publikoak sinetsi nahi du oso ondo bizi garela eta profesioa oso polita dela. Bai, polita da, baina ez horregatik. Eta hori onartzea gizartea masturbatzea da”, adierazi du Ziarrustak.

Dena den, instituzioen joerak aldatzeko eskaera ahaztu gabe, ereduak sortzen eta eredu izaten jarraituko dute, Guillanek pentsatu bezala, “badago komertzialgintza eta badago motorgintza kulturan; motor bilakatzen diren joerak, normalean, arriskuak hartzen dituztenak dira”. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Antzerkia
Trapu gorria, Arestiren omenez

Ekainaren 5ean 50 urte beteko dira Gabriel Aresti zendu zela, jaio zen hirian bertan, Bilbon. Ziutatearen tristeziak bestelako kolore bat duen garaiotan, belaunaldi berri batzuek Arestiren hitzak goratzeaz aparte, haren esanak gaurko egunetik aztertu dituzte hiri horretan... [+]


Bunkerretik ihes egiteko manifestua

Heriotzak Eduardo du izena

  • Egilea: Formol konpainia (eta Ander Lipusen manifestua)
  • Non: Modelo Aretoan, Zarautzen, Literaturia jaialdia
  • Noiz: Maiatzaren 23an.

-------------------------------------------------------------

Bunker batean garatzen da antzezlana... [+]


Amagoia Gurrutxaga eta Ximun Fuchs:
“Sinpatikoak izaten saiatu gara, baina horrek ez digu funtzionatzen”

Ziburuko Euskal Liburu eta Diskoen Azokak 6. edizioa izango du aurtengoa. Ekainaren 7an egingo da, ohi bezala larunbatez, Baltsan elkarteak eta ARGIA komunikabideak antolatuta. Atarian, sorkuntzaren gibelean dagoenaz mintzatzeko, maiz bistaratua ez den baina zorionez geroz eta... [+]


Icebergaren punta

Putaren bakarrizketa eroetxean

  • Egileak: Franca Rame eta Dario Fo.
  • Itzultzailea: Xabi Martinez De Lezea.
  • Aktorea: Laura Penagos.
  • Noiz: apirilaren 12an.
  • Non: Zizurkilgo Atxulondo Kultur... [+]


“Benetan horrek egin nau komiko: emanaldia gaizki doanean ere gozatzen jakiteak”

Iruñea ez da oso handia, baina Beñat Iturbek elkarrizketarako lekua hautatu duen arte ez dut jakin institutu berean ikasi genuela. Madril eta Iruñea artean bizi da, han hemen baino gehiago, oraingoz. Etxera egin duen bisita bat probestu dut harekin... [+]


Interview. Urez eta hondarrez
Lurra zapaltzeko moduak

Interview. Urez eta hondarrez
Lurra zapaltzeko moduak

Interview. Urez eta hondarrez
Egileak: Telmo Irureta eta Mireia Gabilondo.
Aktoreak: Telmo Irureta eta Dorleta Urretabizkaia.
Zuzendaria: Mireia Gabilondo.
Konpainia: Tentazioa.
Noiz: apirilaren 2an.
Non: Victoria Eugenia Klub Aretoan,... [+]


Eguneraketa berriak daude