Inoiz baino gehiago, eskuin muturra boterera eraman dezaketen bozak

  • Eskuin muturreko RN izan zen Europako bozen gauean Emmanuel Macron presidenteak harturiko erabakiarekin poztu zen alderdi bakarra. Frantziako Legebiltzarra desegin eta hauteskunde berrietara deitu izanak kezka eragin zuen eskuinean zein ezkerrean. Europako bozetan garaile eta indarturik ateratako RNri Frantziako Legebiltzarra ere bideratzeko arriskua handia delako. Hala beharrean, kanpaina laburra baina intentsoa eramaten dabiltza alderdi guziak. Igande honetan izanen dute lehen itzulia.

Eskuin muturreko RN alderdia kokatzen dute garaile inkesta guziek. Argazkia: AFP

2024ko ekainaren 26an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Laburra ukan dute kanpainarako tartea. Ekainaren 9ko Europako hauteskundeen emaitzak jakin bezain laster desegin zuen Frantziako Legebiltzarra Emmanuel Macron presidenteak, hilabeteko azken iganderako jarrita bozen lehen hitzordua –bigarrena, uztailaren 7an izanen da–. Aste bakar bat izan dute hautagaien hautatzeko, eta beste bi aste programa adosteko eta hautesleengana heltzeko. Estrategia elektoral ustez eraginkorrena hautaturik, buru-belarri sartuak dira kanpainan: ezkerreko alderdiek batasuna lehenetsi eta Fronte Popularra osatu dute; eskuin muturreko RN Batasun Nazionala alderdiak europarretan lorturiko emaitza onen gainean surfeatuz heldu nahi du garaipenera, lehen itzulitik aliantza batzuk lortuz gainera; eta erdian, Macron dabil ezkerrak edo eskuin muturrak ekarriko luketen gobernu ezegonkorraren eta gobernagaitzaren mamua inarrosten, betiere eskuinago dituen hautesleei begi-kleinu xarmagarriak eginda. Bere gobernu politikaren aurkako haizea etenik gabe gogortuz doan honetan, badakielako irabazteko botoak –edo hobeki erranda, ez galtzekoak– eskuinaldean dituela.

Azken inkesten arabera, eskuin muturreko RN aterako litzateke garaile botoen %36arekin, ezkerreko Fronte Popularra bigarren –%27 inguru jasoz– eta Macronen Renaissance hirugarren litzateke, 2022an baino emaitza txarragoa eginez –%18 inguru–.
Legebiltzarrerako 2022ko hauteskundeetan horrela banatu ziren aulkiak: 245 Macronen alderdiarentzat –106 aulki gutiagorekin, 2017ko gehiengoa galdu zuen–; NUPES ezkerreko batasunak 137; RNk 89 –sekulako saltoa eginez, 2017an zortzi zituelako–; eskuinak 61 aulki eta horrez gain, beste hamabost ezkertiar, bederatzi eskuindar, hiru zentrista eta bestelako tendentziako hemezortzi. 288 aulki behar dira gehiengo osoa lortzeko eta Macroni begira dagoen aurkakotasuna ikusirik, ia ezinezkoa bihurtzen zaio. Zergatik deitu zuen, beraz, bozetara? Indarra galdurik duen eskuina eta zatiketek jandako ezkerraren testuinguruan, eskuin muturraren parean kausituz garaile atera eta gehiengo osoa berreskuratzeko parioa egin zuela diote batzuek. "Suarekin jolastu" izana salatu zuten anitzek, eskuin muturra boterean jartzeko arrisku handia delako. Kalkulu txarra zuen gainera: batasuna gauzatu du ezkerrak eta eskuineko Errepublikanoak-eko zati bat RNri juntatu zaio. Funtsean, analisi batzuek diote hori zuela gogoan: RN garaipenera eramatea, erakusteko eskuin muturrak ez dakiela gobernatzen, eta hori 2027ko presidentzialetarako Renaissance berriz indarrean kokatzeko gisan.

Macron, "bi muturren" aurka

Gehiengoa ezinbestekoa duela errepikatuz, Macron konpatibleak diren ezkerreko zein eskuineko hautesleei dei egiten die: "Soziodemokratak, erradikalak, ekologistak, demokrata kristauak, gaullistak", hots, "muturrekoen sukarrean kausitzen ez diren guziak". Baina, 2017an bereganatu zituen bozkatzaile anitz galdu ditu, eta ezkerretik zein eskuinetik, jende andanak luke gobernutik bota nahi.

Berearen alde mintzatu beharrean, nahiago du aurkarien kontra mintzatu. Ezkerra "ezker muturtzat" dauka, "Frantzia Intsumisoa-ko muturrekoen" frontetzat, eta izua zabaltzen dabil: "Desadostasunean direnen eta adostasunik lortu ezinean ariko direnen" arteko "aliantza lotsagarria" da, "antisemitismoa", "komunitarismoa", "utzikeria", "antiparlamentarismoa" eta ekonomikoki zulora daramana. Ezkerra eskuin muturraren hein berean jartzea da gobernuaren postura: "Hauteskundeak muturrekoek irabaztea katastrofea litzateke frantsesen bizientzat", Gabriel Attal Lehen ministroaren hitzetan. Eskuin muturreko Vincent Bolloré miliardunaren esku diren mainstream komunikabide handiek lan handia egin dute horren alde: Jean-Luc Mélenchonen mamua sortu eta elikatu dute, antisemitismoa eta kaosa eskuin muturrean baino gehiago ezkerrean kokatuta.
Jakina da kanpainako adierazpen guziak direla neurtuak. Horregatik erran daiteke bozkatzaile eskuindarrei mintzo zaiela Macron: eskuin muturraren termino ospetsua bereganatu eta ezkerraren programa "erabat immigrazionistatzat" jo du. Trans pertsonen estatu zibila Herriko Etxean libreki eta kitorik egiteko ezkerreko proposamena "zentzugabetzat" jo du, berea ez den "jendarte-proiektu" hori kritikatuz. Ezkerreko batzuen kexua piztu badu ere, komunikabideetan lekua okupatzeko eta eskuinarengana heltzeko balio izan dio eta kalkuluetan irabazle atera da.

Komunikabide handiek Mélenchonen mamua sortu dute, antisemitismoa eta kaosa eskuin muturrean baino gehiago ezkerrean kokatuta

Kontua da Fronte Popularrari zartakoak eman eta RNri hitz goxoak luzatuta, ahuldu besterik ez duela egiten boterean gelditzeko behar duen boto baliagarriaren 'joker'-a –eskuin muturrari bidea mozteko parekoaren alde bozkatzea, gustuko ukan ala ez–. Bi itzulitara doazen bozketak direlako: ekainaren 30ean inskribituen %12,5 baino gehiago lortuko duenak ukanen du uztailaren 7rako txartela –buruz burukoak izaten dira nagusiki, hirugarren bat izanez gero, negoziazioetan akordio bat lortu eta sostengua erakusten diolako bietariko bati–. RNren politika kritikatzen dabil, baina hitz leunagoz: "RNren proiektuak ez dio zuen segurtasun ezari erantzunik ekarriko. Soilik diote "egoera ez doa ongi" eta ez dute mirakuiluzko erantzunik", zioen Macronek ekainaren 12ko prentsaurrekoan. RNren bozkatzaileei mintzo zaie, "herritarren haserrea entzun ez izanaren" autokritika eginez eta entzun nahi dutena adieraziz: "Sistema politikoa babestea ez da inoiz izan nire gauza".

Bigarren itzulirako zer nolako panorama izanen da? Macronen Renaissance alderdiaren eta ezkerraren arteko lehian zertara deituko du RNk? Fronte Popularra eta RNren artean, eskuin muturrari bidea mozteko deia luzatuko al du Macronek, "balore errepublikarren alde egiteko" deia zabalduz –hori eskatuko luke Renaissance eta RN arteko buruz burukoentzat–? Renaissance eta eskuin muturraren artekoetan nor arterako da garaile? Zein izanen da Errepublikarrak-en postura? Galdera andana daude dilindan eta lehen itzuliaren bezperan ezer ez da argi.

Fronte Popularra, itxaropena batasunean

Eskuin muturrari bidea mozteko eta Macronen politika neoliberal eta antisozialaren parean harresia muntatzeko batasunaren parioa egin dute Alderdi Sozialistak, Frantzia Intsumisoak, Alderdi Komunistak eta Europa Ekologia alderdi ekologistak. Ipar Euskal Herrian, EH Bai koalizio abertzalea ere da Fronte Popularrean. 1936ko Legebiltzarrerako hauteskundeentzako ezkerreko alderdiek Fronte Popularra osatu zuten "faxismoaren arriskuari" aurre egiteko. 2024an lanjer beragatik dute batasuna lehenetsi. Desadostasunen gainetik pasaz, programa zehatz bat adostu dute, gobernantzako lehen ehun egunetarako neurriak finkatuz. Benetako norabide aldaketa proposatzen dute, ekainaren 14ko prentsaurrekoan erran bezala, "bizitzak aldatzera" doazelako, "beldurra esperantzaz eta siderazioa eraikuntzaz ordezkatzeko". "Norabide aldaketa" da Michael Zemmour ekonomialari eta unibertsitariaren hitzetan, eta dioenaz horrela laburbildu daiteke ezkerraren programa: erreforma antisozialen gelditzea, eros ahalmenaren emendioa, ondareen gaineko aberastasuna berreskuratzea, eta horrela ekonomia hobetzea. Ekonomikoki orekatua ez den programa dela dioen kritikei aurre egin nahian, 200 ekonomialari baino gehiagoren babesa plazaratu dute, tartean delarik 2019ko Ekonomiako Nobel saridun Esther Duflo.

Eskuin muturraren alde egindako herritar prekarioen konbentzitzea da ezkerraren erronka nagusien artean. Horregatik, dabiltza langileria auzoetan, langabezia handiko eskualdeetan zein banlieue auzo popularretan kanpaina bideratzen ari.
Ezkerreko blokearen alde egiteko deiak biderkatu dira hiru asteetan zehar: kirolari ospetsuak, giza eskubideen alde zein ekologismoaren alorrean dabiltzak elkarteak, erakunde feministak, bestelako ekonomia eredu baten alde dabilen Attac elkartea, kultur arloko eragileak, karrikara ateratako milaka eta milaka herritarrak... Baina maleruski, etxe gehienetara heltzen diren mainstream komunikabideak ez dira irakurketa horien bozgorailu.

Eskuin muturra, zundaketen arabera, lehen indarra

Europar hauteskundeetako garaipena festatzen ari zirela, bozkarioa bikoiztu zien RNko militanteei Macronen adierazpenak: Legebiltzarra beraien esku irudikatzeko une kolektiboa bizi zuten. Kanpainako azken egunetan garela, gobernatu ahal izateko gehiengo osoa "ezinbestekotzat" dutela errepikatzen dabiltza. Hots, 89 diputatu izatetik 288ra pasa nahi du eskuin muturrak. Urrats potoloa, baina inkesta batzuen arabera lorgarria: 250-300 diputatu bideratzen dizkie Odoxa inkesta etxearen ekainaren 21eko zundaketak. Dena dela, aulki gehiago lortuko dituztela aurreikusi dezakegu. Batetik, Errepublikanoak alderdiko buru Eric Ciottiren aldekoekin aliatuz aurkezten delako 62 hautesbarrutietan; bestetik, Reconquette alderdi faxistaren karta utzi eta RNa sostengatzera pasa delako Marion Marechal ere; eta azkenik, krisi ekonomiko eta sozialaren testuinguruan RNaren diskurtsoak hautesle berri batzuk xarmatuko dituelako –europar hauteskundeetan gertatu bezala–. Alderdiak asteburuan zabaldu du argumentu berri bat, gainera: RNtik kanpo diren batzuk izanen lituzkete gobernuan, eta "ezkerreko patriotei" ere dei egin diete.

Berearen alde mintzatu beharrean, nahiago du aurkarien kontra mintzatu Macronek. Ezkerra "ezker muturtzat" dauka, "Frantzia Intsumisoa-ko muturrekoen" frontetzat, eta izua zabaltzen dabil.


Marine Le Penen eta Jordan Bardellaren argazkiak jarri dituzte hautesbarrutieko hautagaien afixetan, hain zuzen, horrek eragin lezakeelako: RNren lekuan lekuko hautagaiak usu ez dira ezagunak eta nahiago dute aurpegi ezagunen karta erabili. Programari dagokionez, betikoa: immigrazioaren aurkako eta segurtasunaren aldeko neurri zorrotzak, eta noski, herritarren gaizki izateaz eta etsipenaz baliatzen direnez, erosmen ahalmenean eraginen luketen hainbat promesa (elektrizitate fakturak gutitzea, balio erantsiaren gaineko zergaren ttipitzea eta beste).

Errepublikanoak: Macron eta RN-aren artean, tirabiran

Disoluzioa aitzin 61 diputatu zituen Errepublikanoak alderdiak eta oraindik ere aulki batzuk galduko dituela aurreikusten da. Errepublikarrak gabeko bigarren itzulia duten hautesbarrutietan bozkatzaile eskuindar horiek eginen dutenak pisua ukanen du: eskuin muturrera joanen dira? Eskuin muturraren aurka eginen dute Renaissance ala Fronte Popularra bozkatuz? Egiari zor, bigarren aukera hori irudikatzea geroz eta nekezagoa dugu. Abstentzioa edo boto zuria zenbatekoa ukanen dute?
Dena dela, alderdiaren presidentea RNri juntatu zaio –alderdiaren kexua eraginez– eta Europako hauteskundeetarako zerrendaburu izandako François-Xavier Bellamyk ere jakitera eman du ezkerraren eta eskuin muturraren arteko bigarren itzulia izanez gero eskuin muturrarentzat eginen lukeela. Boto pertsonal gisa egin dituzte adierazpenak eta ez da –oraingoz– alderdiaren boto konsigna, baina eragina duela ezin uka.

Ezjakintasuna, bozketen bezpera arte

Guziek dituzte abstentzionistak helburu. Kasik bi hautesletarik bat etxean gelditu zen ekainaren 9ko europar hauteskundeetan. Argi da hor izan daitekeela bata zein bestearen garaipenaren giltzetarikoa. Bozketarako hamar egun eskas zirela, prokurazio bidezko bozketek milioi bateko langa  gaindituta zuten –2022an baino sei aldiz gehiago dira–. Baliteke beraz parte-hartzea ohikoa baino altuagoa izatea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeak 2024
“Anti-euskaldun bat hautagai jarrita ezin daitekeela irabazi esplikatu zaie Pariseko buruei”

Ipar Euskal Herriak dituen militante nekaezin horietarikoa dugu Peio Dufau: ofizioz tren gidaria, CGT sindikatuan buru belarri inplikaturikoa, Bake Bidean dinamikan engaiatua eta alabari Wolfram sindromea izeneko eritasun arraroa atzeman ziotenaz geroztik izen bereko elkartean... [+]


2024-07-24 | Itxaro Borda
Estres test

Laugarrenez altxatu da eguzkia Baionako besten eremu setiatuan eta uste dut, septentrioko Euskal Herri honetan, hatsa hobekiago hartzen dugula, batez ere gure hiru diputatuak Fronte Herritar Berrikoak direlako eta olde beltz-kakia hirugarren postura zokoratu dugulako. Bi gauza,... [+]


Desesperazioz RN bozkatu dutenak konbentzitzean datza ezkerraren erronka nagusia

Hirugarren kokatu bada ere, pozik izatekoa badu eskuin muturreko RNk: inoiz baino azkarrago da Frantziako Legebiltzarrean –2017an zortzi diputatu zituen, 2022an 88 eta orain 143–. Bere hauteslegoa azkarki emendatuz doan heinean, anitzez zabalagoa du oinarria:... [+]


Ostegun honetan aukeratuko dute Frantziako Legebiltzarrerako presidentea

Sei hautagai dira Frantziako Legebiltzarrerako presidente izateko lehian –ezkerretik bat, Macronen aldeko bi, eskuinetik bat, eskuin muturretik beste bat eta independente bat–. Horrez gain, dozenaka eragilek deiturik, FHB Fronte Herritar Berriaren garaipenaren... [+]


2024-07-18 | Pauline Guelle
Analisia
Hesi istorio

Nork aurreikusten ahal zuen 2024an Peio Dufau –Marie Heguy-Urain duelarik ordezko–  EH Baiko hautagaia, diputatu izanen zela? Eskuin muturraren kontrako kanpainak eta estrategiak funtzionatu du. Ipar Euskal Herriak ez du faxistarik bidaliko Frantziako Asanblea... [+]


Defendatu behar duguna

Ikasle batek erran zidan, behin, testu bat aztertzen ari ginela: “Pertsonaia eri da: geldi-geldia pentsaketa ari da bere buruan”. Bistan dena, erranaldi horrekin, gaizki adierazi zuen gogoan zuen iruzkina, erran nahi baitzuen pertsonaiaren ezontsa nabari zela haren... [+]


Fronte Herritar Berria garaile atera da, eta hirugarren kokatu da eskuin muturra

20:00etan atera dira lehen datuak, harridura orokorra eraginez: zundaketa guziek lehen kokatzen zuten eskuin muturreko RN hirugarren atera da eta ezkerreko FHB Fronte Herritar Berria garaile. Gehiengoan edota gehiengo osoan ikusten zen RN Batasun Nazionalarentzat zaplaztekoa... [+]


“Itxaropen haizea dakar Fronte Herritar Berriaren dinamikak”

Iñaki Echanizek irabazi du Zuberoa, Nafarroa Beherea, Hazparne eta Biarnoko zati bat barnebiltzen dituen laugarren hautesbarrutian. 2022an bezala, garaile atera da, ezkerreko Fronte Herritar Berriaren izenean.


Eskuinarekin osatu nahi du gehiengoa Macronek, ezkerraren garaipenaren gainetik pasaz

Ezkerrekoa beharko lukete Frantziako Lehen ministroak eta bere gobernuak, jakinik Fronte Herritar Berria garaile atera dela Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeetan. Baina, ezkerraren garaipenaren gainetik pasaz, bestelako gehiengo bat osatu nahian dabil Emmanuel Macron... [+]


Macronen hurbilekoek eta RNko buruek bilera sekretuak egin dituzte azken hilabeteetan

Libération egunkariak eramandako ikerketaren emaitza da: gutienez abendutik elkartu dira eskuin muturreko RNeko Jordan Bardella eta Marine Le Pen Emmanuel Macron presidentearen hurbilekoekin. Macronen kontseilari hurbila den Thierry Soleren etxean egin dituzte ezkutuko... [+]


Materialismo histerikoa
Eutsi beldurrei

Zutabe hau idazteari uko egin behar nioke, baina berandu da. Hauteskundeak izan dira Frantzian. Non dago Frantzia? Bai, hemen goian, iparraldean; baina, munduan, ez dakit oraintxe non dagoen Frantzia, noren zer den. Eta ez dakit noiztik begiratzen diodan ia soilik... [+]


2024-07-09 | Euskal Irratiak
Peio Dufau, Fronte Herritar Berria
“Orain badakigu gutaz anitz espero dela, badugu lan anitz egiteko”

Frente Herritarrak irabazi ditu hauteskunde legegileak Pirinio Atlantikoetako seigarren hautesbarrutian, Peio Dufau izanen delarik diputatu heldu diren urteetan. Bozen %36,28 bildurik, 27 117 bozekin, historiako lehen diputatu ezkertiar abertzalea izanen da. Haren gibeletik,... [+]


Eguneraketa berriak daude