Joseba Egibar, Azkoitian: "Popatik dabil ezker abertzalea, baina harroputzak bide motza izaten du". EAJ/PNV

2024ko apirilaren 08an - 06:00

Azkoitian egin du EAJk kanpainaren estreinako asteburuko lehen mitin politiko jendetsua. Ez edonon: Xabier Arzallus jaio zen etxearen parean, Oteizaren eskultura dagoen plazan. Azken hamar urteetan EAJk agindu du herrian, baina jeltzale sutsuenek ez omen dute ahantzi EH Bilduk gobernatu zuen aldia. Imanol Pradalesek ere, Santurtzitik izango bazen ere, ondo gogoan du antza: “Zuek hemen badakizue zer den gauzak norabiderik gabe egitea”.

Norabide edo plangintza falta-edo, alboko kafetegian. Bazirudien langileek ez zekitela aurretik halako zapatu goiza edukiko zutenik. Astindu galanta jaso dute mitinaren aurreko ordu erdian, saldoka atera baitizkiete kafeak, izotzez beteriko edalontziekin, indarrak hartzera joan diren jeltzale pretoriar klasikoei. Ilara egiterakoan, gutxienez bi alditan entzun da Mundu berri baten mapa abestia, Donostiako Piratena... Zerbait esan nahi zuten ala berri aipatu nahi horretan –Indar berria leloa darabil EAJk– kolatu zaie abestia, eta paralelismo bitxia suertatu da. Bien bitartean, Diario Vasco-rik ez zen geratzen barran; Berria bat bazegoen hortik, terrazan, baina etxetik ekarria zirudien. Hego-haize basatiko goizean, terraza leporaino, muntaia puska egiteko dozenaka lagun aritu dira jo eta su. Harri azpitik ere Athletic zaleak ateratzen dira egunotan eta hor ere baziren baten batzuk.

Ekitaldia hasterako ostarteak zabaldu dira, eta ehun bat lagunek bete-betean eta parez pare jan dute eguzkia ekitaldi osoan. Gazteleraz, cara al sol, bai. Argiaren bila publikoa zutitzen hasi da, Imanol Pradales, Bakartxo Tejeria eta Joseba Egibar plazara sartzen hasi direnean. Txalotzearekin batera plastikozko ikurrinak mugiarazi ditu jendeak musika epikoaren gainetik.

Atrilera joaten lehena Tejeria izan da eta umeen kirol-partidu bat bailitzan, hain jakina den helburua zehaztu du lehen hitzean. Baloia hor sartu behar dugu. Hau da, bozkatu EAJ. Ondorengo minutuen lerroarteetan uler daiteke finalerako kalkuluetan zerk huts egiten dien: taktika ez da txarra berez, baina jolasteko gai den jendea falta da. Jokalari asko ez dira kamisetaz aldatu, ez dira EH Bildura joan, ezta PPra ere, baina deitu iezaiozu etorri ala ez dudetan dagoen zure lagunari, etxean geratzekotan den horri, eta konbentzitu. Literalki hori da asmoa; Ortuzarrek esan zuen egun batzuk lehenago, eta Pradalesek berretsi du Azkoitian: jeltzale bakoitzak har dezala konpromisoa zalantzati bat konbentzitzeko.

Egibar ere batu da jokora, eta hain ohituta gauzkan espektakulua eskaini du Azkoitian. Paperik gabe, bere estiloan, egurra eman dio EH Bilduri. PSE-EEri aipamenik ere ez, existituko ez balitz bezala. Ezker abertzalearen “katastrofismoaren” eta jeltzaleen “egiaren eta demokraziaren” artean erabaki behar dela esan du, bi modelo horien artean. Eta bertan izandako kazetarien gogoan geratu den esaldia utzi du: “Popatik dabil ezker abertzalea, baina harroputzak bide motza izaten du. Gu harroak gara; iraganeko akatsak onartzen ditugu eta aurrera egin nahi dugu”.

Dagoeneko alkandora zuriak agortzen ariko zaizkion Pradalesek, berriz, rol zehatza du jokoan: pazientzia eskatu eta buruak hotz ipini. Krispaziorik eragin gabe, eta hitz aspertu askorekin, konfiantza transmititzea du helburu. Galtza bakeroen barrutik sartuta eramaten du alkandora zuria, gardentasuna transmititzeko, eta orain, horien labadora berezitu bat jartzen duenean, plantxatu berri dituen Athletic-ekoak jantziko ditu datozen egunetan. Bizkaitar on baten gisan, aurtengoa ez ea beste zein urtetako elastikoa janzten duen –bat baino gehiago egongo dira adi Petronorren babesletzadunarekin argazkia egiteko–. Egun onak datoz EAJrentzat; Gabarraren ajeak pasatu arte ea zein promesa elektoralek lortzen duen Teleberrin Athletic-en gainetik zerbait kolatzea.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
#2
Nagore Iturrioz Lopez  |  Yolanda Porres García  |  Steilas sindikatua
#4
Zigor Olabarria Oleaga
#5
Gorka Peñagarikano Goikoetxea
Azoka
Eguneraketa berriak daude