2024ko martxoaren 25an - 06:00

Hilabete baino gutxiago falta da hauteskundeetarako eta bi aste baino ez kanpaina ofizialki abiatzeko. Lehen bi kolpe kanonikoak eman dituzte dagoeneko. Bata administrazioak, egin baitute zozketa, hauteslekuetan eguna botako duten herritarrena; eta alderdi politikoek bestea, 48 orduko kola eginda, argitaratu baitituzte hautagaien zerrendak. Eta horrela igo dute beste martxa bat elekzioen makinerian.

Lokatzkerietan sartzen hasia da Euskal Erdiko politikagintza instituzionala, baina segitzen dute oraindik beraien burua aurkezteko lanetan. Gizaker inkesta-etxearen arabera, lehendakarigaiak nortzuk izango ziren jakin zenean baino dezente ezagunagoak dira orain bai Pradales eta bai Otxandiano. Baina ez horrenbeste, antza. Pradalesek, esaterako, bideo labur batez galdegin du ea “nolakoa” den “zure Euskadi”. Bideo bertikala, zuri-beltzean, banka-entitate ezagun batek eginiko anuntzioen tankerakoa... Gazteengana heltzeko? Late-night formatuko podcastetan parte hartzen hasiko dira laster, Pedro Sánchezen haritik, antza La pija y la quinqui saioan agertzeak mesede egin baitzion hari –irakurketa hori egin du La Vanguardia-k–.

Pradalesen planoen osagarri ipini dituzte beste irudi hauek: ortuan lanean aritzeko katiuskak, hazi bat ereiten ari diren eskuak, ordenagailua tekleatzen beste batzuk, arrantzale bat, tailer bateko makinak, haurra besoetan hartuta daukan emakumea... Erreferentziak nonahi lehen eta bigarren sektoreari, enpleguari, aberastasunari, eta, era esplizituan, bizikidetzari eta elkarbizitzari ere bai.

Osasuna aipatu ere ez du egin, ez bada “ongizatea” esanda adar hori ere zeharka ukitu nahi izan duela. Ipini zezakeen hor fokua, baina ez du horrela egin, eta zer pentsa ematen du horrek; izan ere, badirudi Osakidetzaren osasunaz gutxi hitz egiteko asmoa duela EAJk. Kanpainari begira-edo, baliteke egungo Jaurlaritzarekin ez duela talka gehiegirik egin nahi indar berri jeltzaleak.

Astearen hasieran hitzeman zuen Pradalesek, lehendakari balitz, familia-medikuaren txanda 48 orduko gehienezko epean ezarriko lukeela. Baina hemerotekan hilabete atzera eginda ohartzen da bat egungo Osasun sailburuak otsailaren hasieran “konfirmatu” zuela, pleno batean, muga horren azpitik diharduela Osakidetzak. Areago, Osakidetza ondo “errekuperatzen” ari dela zioen Sagarduik, jarritako helburuak betetzen. Adierazpen horiek ere testuinguruan jarri behar dira; Pradalesi zeharka erantzutea zuen helburu, hark egun batzuk lehenago aldarrikatu baitzuen Osakidetza "hobetzeko" premia. Badirudi katramilatu direla norbere egoak defendatzeko nezesidadeak.

Testuinguru trabatu honetan aurkeztu du EH Bilduk bere osasun politiken ardatza ezarriko duen proposamena. Beste hainbat konturen artean, arreta pizten du pertsonal politikaren eraldaketari buruzko bide-orriak. Argi dio ez zaiela zuzena iruditzen osasun langileek publikoan eta pribatuan lan egitea aldi berean, eta are gutxiago ardura potoloagoak dituztenek. Proposamenak, ordea, ez ditu lerroburuak hartu –Diario Vasco-n baino ez–. Kasulitatea ote? Zergatik utzi bigarren plano batean? Krispazioa eragin eta mediku horien boto-galera ekarriko lukeelako, akaso?

Guztiaren gainetik, azken asteak zerbait eman badu, titular berreste ariketa bat izan da: EiTB Focus inkestaren arabera, legebiltzarkidetan, berdinketa egon daiteke EAJren eta EH Bilduren artean. Eta letra xeheari begiratuta, argigarria hau: koalizio gobernurik hautatzekotan, gehiengoak EAJ eta EH Bilduren arteko aliantza lehenetsiko luke.

Krispazio apur bat behar du Euskal Erdiko hauteskunde zikloak, fanatikoek, bestela, Kataluniara begiratuko dutelako. Osakidetza “hobetzeaz” mintzo dira bi hautagai printzipalak, baina piko apur bat egiteke dago zaurian. Aldaketa gerta badaiteke, ilusioa behar du jendeak; eta ilusioa izateko, errealki aldaketa erreformista bat gerta daitekeenaren oinarriak behar dira. Hau da, proposamen zehatzak eta promesak. Eta, ezinbestean, konbultsio batzuk eragin beharko lituzkete hainbat ideiek. Ez dirudi inori komeni zaionik. Boterera heltzeko lehian, errazagoa da orokorkerietan jaustea; eta, era berean erraza da, horretarako aukerarik ikusten ez duzunean, tinko mantentzea gogortasunean.


Eguneraketa berriak daude