2020ko uztailean hautatu zen azkenekoz Gasteizko Legebiltzarra. Irudian, Iñigo Urkullu aipaturiko hauteskunde horietan, boto-papera hartu eta bozkatzera joaten. Antena 3

2024ko martxoaren 18an - 06:00
Azken eguneraketa: 07:24

Pandemia aurretik mugarria ezarri zuena, geurean, Berri Txarrak izan zen; azken kontzerturako sarrerak mila hilabete lehenago ipinita, F5 tekla guztiak izorratu eta webgunea kolapsatu zituena. Pandemia aroan, gero, ugaldu zen txartelak online hartzeko moda, eta ordu luzez ilara egitearena ja ez da inon ikusten. Futbol partidetako ticketen kasuan agian bai, futbol zaleek jakingo dute, ea munduko txoko ezagunen bateko fanatikoek jarraitzen ote duten kanpaldia egiten. Ez da plan txarra berez. Izango da leku bakarra hogei pertsona baino gehiago espazio publikoa ordu luzez okupatzen egon eta autoritateak baimentzen duena. Situazio horietan, gainera, sekula ez da fueta eta ogia mozteko labana faltako –bai, beste egoeraren batean armaturik zoazela leporatu eta ez nolanahi enpapelatzeko aitzakia ematen duen laban hori–. Eta ziur garagardorik ere ez dela faltako; eta ez balego ere, aski denbora bada erostera joateko. Denentzat zerbeza erostera joaten denari ez dira lekua kentzen atrebituko.

Baina itxaronaldi analogikoan dago benetako bataila. Eta gauzak diren bezala: gaupaseroenak, jeltzaleak. Ez dakigu ea subiranistekin jan-edana konpartitu ote duten, elkarri kontatzeko zeukaten dena kontatu duten... baina hotza pasatu dutela, hori ziur. Aurpegi triste samarra zuten hurrengo goizean –argazkia ikusi nahi duenak badaki zein hedabideetan egin kontsulta; kazetaritzaren kode deontologikoen arabera zilegi ote den argazki hori publikatzea, horra hor zalantza–.

Kontua da EAJko gazte batek –jakizu ea militantea den, noizbait alderditik bizitzea duen amets, edo soldatapean zein egoeratan zebilen, “obra” kontratuarekin edo– 48 ordu (!) pasatu dituela Gasteizko Justizia Auzitegiaren atarian, asteazkeneko 9:00ak izan arte. Orduantxe zabaltzen zen alderdiak hauteskundeetara aurkezteko epea. Izena ematen duten ordenaren arabera ipini ohi dira boto-paperak hauteskunde mahaietan, eta postaz bozkatzeko moldean ere bai, apuntatutako hurrenkera horretan heltzen dira etxera. Jeltzale eta subiranistek egin dute ilara, eta Gipuzkoan izan ezik, beste bi lurralde historikoetan jeltzaleak nagusitu dira. Hainbeste orduz ilara egitearena harriduraz kontatu dute hedabideek, baina behin eta berriz errepikatu dute alderdiek uste baino eragin handiagoa duela detaile horrek botoa hautatzerakoan, ez dela txorakeria.

Lehen zeharka aipatutako hedabide horien bitartez jakin dugu marka guztiak hautsi dituela EAJk 48 orduko itxaronaldia eginda –udal eta foru hauteskundeetarako, esaterako, 17 ordu besterik ez (!) baitzituen igaro–. Bada, sare sozialetako erabiltzaile batek, argazkidun notiziari erantzunez, “zorionak EAJ” iruzkindu du. Akaso zuzenagoa zatekeen “bejondeiala, EAJko langile hori” esatea. Eta jakina, bejondeiola EH Bildukoari eta ilara egiten gaua pasatu duten guztiei ere.

Momentuz nahiko lasai dago kanpaina politikoa; ez dute askorik sakondu programa politikoen promesetan. Irudia eta marka lantzen ariko dira, terrenoa preparatzen, hautagaiak ezagutarazten. Baina dagoeneko eman dute argitara ematea espero ez zuten irudi bat, epaitegien kanpoaldeko ilararena. Berria egunkarian irakurri ahal izan dugu erreportaje eder bat, irudiari eta komunikazio politikoari buruzkoa, Irati Egibar Izeta kazetariak egina. Janzkeraz mintzo da zertxobait, alkandora zuri estuek komunikatzen omen duten “gardentasun irudiaz”, kanpainaren eszenografiaz... Kuriosoa da: bi hautagai printzipalek berria edo aldaketa hitza darabilte, baina gaua ilara eginez kanpaldia pasatzeko moduko kontu zaharrak egiten dituzte. “Beste mundu batean bizi dira”, izango zen, akaso, eman duten itxura deskribatzeko gehien gailendu den esaldia. Elektoralismoa zeinen profesionalizaturik daukaten, hori ere bai.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: EAEko hauteskundeak 2024
Joera kontrajarriak?

“Inoizko [EAEko] parlamenturik abertzaleena” vs. “Independentismoa minimo historikoetan dago”. Bi baieztapen horiek azken aldian entzuten ditugu, eta areagotu dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan apirilaren 21ean izandako hauteskundeen ondotik. Bi esaldi... [+]


Materialismo histerikoa
Gure gauzatxoak

MAPA | Non jasotzen dituzte botoak alderdiek?

Apirilaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan alderdiek udalerriz udalerri izandako babesa irudikatzen du mapa honek. Zirkuluen azalerak proportzionalak dira hautatutako alderdiak udalerri bakoitzean ateratako boto kopuruarekiko.

[[hauteskundeak alderdiak zabala 2024... [+]


Eguneraketa berriak daude