Kliska bakarreko argazkilaria

  • Donostiako Maria Cristina Hoteleko sarrerako eskaileretan dozenaka argazkilari elkar kolpatzen dira, argazki eta bideo kamerak eta objektibo eta lenteak daramatzaten zorroekin kargatuta. Jende multzoaren erdian emakume bakarra ageri da taldean. Ilea solte darama eta kamerarik ez duen bakarra da. Talde-argazki horren egilea Roman Polanski zinegilea da, 1988. urteko Donostiako Zinemaldian argazkilari akreditatuei atera zien argazkia, une batez, rolak trukatuta-edo. Irudi hura Isabel Azkarateren Nikon F2-35mm kamerarekin atera zuen eta Arteguneko erakusketara ongi etorria ematen digun irudi enblematikoa da. Otsailaren 26ra arte ikusgai.

New Yorkeko kaleak, Azkarateren begiradapean, 1980an. (Isabel Azkarate funtsa)
New Yorkeko kaleak, Azkarateren begiradapean, 1980an. (Isabel Azkarate funtsa)

2024ko urtarrilaren 28an

Onartu beharra daukat, ahopeka bada ere, Isabel Azkarateren (Donostia, 1950) obra ez nuela ezagutzen, eta Tabakalerako Artegunea erakusketa-aretoan aurkezten den atzera begirakoa ikusi arte, ezer gutxi nekiela argazkilari emankor horren inguruan. 1970eko hamarkadako lehen argazkiak ikusteaz bat konturatu naiz aurretik ikusteko neukan erakusketaren garrantziaz, argazkien kalitate eta gizatasunaz, eta objektiboaren atzean zegoen artistaren jakin min eta askatasunaz. Emozioz eta ezezaguna zitzaidan hura lehenbizikoz ikusteko grinaz ekin diot erakusketa bisitatzeari. Silvia Omedesek komisariatu duen proiektuan 300 argazkitik gora aurkeztu dira, gehientsuenak zuri beltzean inprimatuak, eta era sotilean markoztatuak. Erakusketaren ibilbideari eta museografiari dagokionez ezer berririk ez: magia guztia hormetan zintzilik dauden irudietan dago.

Oso gazte Bartzelonara lekualdatzea erabaki zuen Azkaratek, bertan argazkilaritza ikasketak egiteko. Argazkilaritza dokumentala egiten espezializatu zen, eta horretarako, hiriko periferietako auzoetan egiten ziren merkatu eta azoketako saltzaileak erretratatzen hasi zen. Ohikoa ez zen hura interesatzen zitzaion, aldirietan zegoena, kanonetik aldenduta, bitxia eta arrotza sentitzen zuen hura interesatzen baitzitzaion gehien. Bere argazkietan pertsonaia ugari daude, zerbait berezia duten gizabanakoak, eta distira hori badaki bere kamerarekin harrapatzen. Zirkuetako trapezista, hezle, dantzari eta pailazoak ere sarri erretratatu zituen, karpa kanpoan, beraien roulottean bermatuta, irribarretsu, bizitza nomadari eta ezegonkorrari ausart begira.

Atlas zirkua, Bartzelonan, 1981ean. (Isabel Azkarate funtsa)

Kaleko bizitza
New Yorkera joan zen gero, bere formakuntzarekin jarraitzeko asmoz, eta bertan, tradizio handiko eskoletan ikasi zuen. Bartzelonan estilo dokumentaleko argazkilaritza finkatu bazuen ere, New Yorkera helduaz bat, bere argazkilaritzak estilo artistikoagoa hartu zuen. Hiriko zigilua den street photography edo “kaleko argazkilaritza” delakoan buru belarri murgildu zen eta V. etorbidea, Central Park, East Village edo China Town-eko pertsonaiak erretratatzen zituen, naturaltasunez, freskotasunez, kliska azkar batean betiere.

Kalean denbora asko igarotzen zuen eta bertan aurkitzen zituen bere argazkietako protagonistak. Horietako askok Azkaraterentzako pausatu zuten, harrotasunez, jakin bazekitelako beraien berezitasunak eman diola atentzioa argazkilariari. Ederra da 1980. hamarkadako New Yorkeko erakusleiho beteak ikustea, kale komertzialetako joan-etorrien zirrara antzematea eta gau giroko eszenetan muturra sartu ahal izatea. Hamarkada horren hasieran, GIBa agertu aurreko urteetan, jaia eta distira protagonista ziren LGTBIQ+ zirkuluan murgiltzen hasi zen, mozorroak, desfileak, dantza eta festa gailentzen ziren atmosfera zirraragarrietan. Bowery Street inguruko gau giroa oso ondo islatzea lortu zuen, pertsona horien askatasuna eta bizitzarekiko grina era ezin hobean harrapatuta.

Istanbulen, 1992an. (Isabel Azkarate Funtsa)

Euskal Herrira itzulera
Ameriketako Estatu Batuetatik bueltatu zenean, bere buruarekiko konfiantza handia zuen argazkilaria zen Azkarate, eta fotokazetari gisa hasi zen lanean La voz de Euskadi egunkarian, kazetariek zuzendutako proiektuan. Bertan ere lantaldeko emakume bakarra izatea tokatu zitzaion, eta haren kamerarekin, Euskal Herriko gatazka politikoaren urte ilunenak betikotu zituen. New Yorkeko zeru amaigabea Euskal Herriko asfaltoagatik ordezkatu zuen, sarri, odolez blaitutako lurra.

Erakusketaren ibilbidea nahiko perimetrala bada ere, gelaxka bat sortu dute aretoan, euskal gatazkari dagokion argazki seriek aurkezteko; gaiari zor zaion errespetuzko espazio propioa. Bertan, bai ETAri nola GALi egozten zaizkion hilketen dokumentazio grafikoa aurkeztu dute, lerrokatuta, gatazkaren bi parteak ahalik eta modu inpartzialenean aurkezteko intentzioz: Guardia Zibilen mehatxupean gauzatutako hiletak, klarion zuriz marraztutako gorpuen siluetak, ukabilak altxatuta boz goraz abesten diren gudarien omenezko kantuak, arrosa gorriz estalitako hilkutxak… Sinbologia handiko argazkiak dira, euskaldunoi dagokigun historiaren zati krudel baten testigantza jaso zuen irudietan Isabel Azkaratek.

Euskal Herrian errotuta, eta behin La voz de Euskadi egunkaria desagertuta, Gipuzkoako Foru Aldundiko argazkilari ofiziala izan zen hainbat urtez, eta egiteko horretan, probintziako ekitaldi ofizialak, inaugurazioak edota jaiak erretratatu zituen. Baina Azkaratek badu gaitasuna fokua elementu zentraletik atera eta ñabardura, ezohiko keinu eta testuinguru hurbilenean pausatzeko, argazkia gizatasunez eta umorez blaitzeko. Serieko argazkien artetik, bereziki ederrak iruditu zaizkit Lantzeko ihauterien argazkiak, Oñatiko San Miguel jaietakoak edo Hondarribiko Aste Santuen prozesioan ateratakoak.

Bulano baserriko Mikel Arteaga, Asteasun, Gipuzkoan, 1981ean. (Isabel Azkarate funtsa)

Kliska azkar baten magia
Elkarrizketa ugaritan entzun diot esaten bera ez dela mitomanoa, eta badu meritua Bette Davies, John Travolta edo Harvey Keitel bezalako figurak erretratatzeko aukera izan zuelako Zinemaldiko argazkilari ofiziala izan zen garaian. Donostiako bizitza kulturala eta artistikoa ere oso ondo betikotu zuen, eta bere lagunak ziren Bixente Ameztoy, Rosa Valverde, Rafael Ruiz Balerdi edo Olatz López Garmedia eta Julian Schnabelen familia-argazki intimo eta hurbilak ere ikus ditzakegu erakusketan. Zerbaitek kolpatu banau, hori izerditan blai dagoen Iggy Pop eskulturalaren argazkitzarra izan da, baita Judas Priesteko kontzertuetako lehen ilarako zaleak erretratatzen dituen argazkien seriea ere. Azkaratek berak esaten zuen askotan bera kokatzen zen lehen lerro horretan zegoela kliska azkar batean harrapatu nahi zuen momentu magikoa.

Azkarateri aurpegia jartzeko beharra sentitu dut hasieratik, objektiboaren atzean kliska azkar horiek egiten zituena nor zen jakin nahi nuen eta erakusketaren bukaera aldera aurkitu dut bere auto-erretratu sorta bideo batean bilduta. Ispilu, erakusleiho eta hainbat erreflexuetan argazkilaria ageri zaigu, zuzenean begira, bere Nikon F2a eskuan, bizitza oso bat erretratatuta, denbora bidaia batean eta dokumentu horrek, nola ez, segituan eraman nau Esther Ferrerren Autoretratua denboran proiektu itzelera. Azkarateren funtsa, 175.000 objektuz osatutakoa, hemendik aurrera Kutxako Fototekak kudeatuko du, artistaren balio handiko legatua ezagutzera eman eta modu onenean kontserbatua egon dadin.


ASTEKARIA
2024ko urtarrilaren 28a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Argazkilaritza
'Denbora geldirik dagoen lekua': Wiki Loves Monuments 2023 lehiaketaren irabazleak

2023ko Wiki Loves Monuments argazki lehiaketako hamabost irabazleak iragarri dituzte. Wikipediaren atzean dagoen Wikimedia Fundazioak urtero antolatzen du eta munduko argazki lehiaketa handiena da. Iaz 46 herrialdetako 4.700 argazkilarik parte hartu zuten, lizentzia libreak... [+]


Eulalia Abaitua, emakumeei begiratu zien argazkilaria

Euskal Herrian argazkigintzan emakume aitzindaria izan zen Eulalia Abaitua Allende-Salazar (Bilbo, 1853 – Bilbo, 1943). XX. mendeko euskal gizartea erakusten digute berak eginiko argazkiek: eguneroko jardunak, lanbideak, jaiak... jaso zituen. Emakume baten begiradak... [+]


Cristina Chiquín Rodríguez, argazkilari eta kazetari guatemaldarra
“Emakumeen kontrako bortizkeria da uzten ez den arma bakarra”

Cristina Chiquín Rodríguez argazkien bidez komunikatzen da: zer da emakume guatemaldarra izatea? Horren bilaketan datza Bilboko Bira kulturgunean aurkeztu duen erakusketak, La búsqueda (Bilaketa), izen bereko liburuaren lagin bat. Lagun Artean GKEaren bidez... [+]


2023-09-03
Gabrielle Duplantier (argazkilaria):
"Argazkiekin ez nabil errealitatea harrapatzeko bilaketa batean"

Gabrielle Duplantier argazkilariarekin elkartu gara Baionan, Aturri bazterreko terraza batean. Esku artean erakusketarik ala liburu berririk ez duela, elkarrizketa zertaz izango den galdetu dio kazetariari, zehaztuz gainera argazki guti egiten duen bizi fase batean dela. Espazio... [+]


Eguneraketa berriak daude