Aire zabaleko munduko kartzelarik handiena izateari utzi dio Gazak. Orain 2,3 milioi pertsonen kontzentrazio-, sarraski- eta bortxazko desplazamendu-eremua da. Ia zuzenean ikusten ari gara genozidio bat, Mendebaldeko potentzia nagusien oniritziarekin. Baina hain agerikoa izanik, zergatik egiten dute? Hori da sarri errepikatu den galdera azken asteotan. Sionismoaren barrenean dauden helburu kolonial eta izaera arrazistatik harago, ba al da halako sarraski krudel bat egitera eraman ahal zaituen interes indartsurik? Erantzun posible bat ondo baino hobeto ezagutzen dugu, azken hamarkadetako inbasio eta eraso inperialista gehienetan agertu baita: energia baliabideak. Eta Palestinaren kasuan, gasaz ari gara.
Munduko negozio errentagarrienetako bat, armen, pertsonen eta drogen trafikoarekin batera, energia fosilen ustiaketak izaten jarraitzen du. Eta haren gurpila ezin da gelditu, ezta eraso militar betean egonik ere. Horren froga izan dugu urriaren 30: Israelek 12 lizentzia banatu dizkie sei enpresari gas naturalaren bila esploratzeko. Leviatan izeneko gas-hobi erraldoiaren ondoko bi eremu esploratuko dituzte. Munduko ur sakonetako gas aurkikuntza handienetako bat da Leviatan, 2010ean topatu zuten Haifatik 130 kilometrotara dagoen 87.000 kilometro koadroko “altxorra”.
"Enpresa irabazleek konpromisoa hartu dute gas naturalaren esplorazioan aurrekaririk gabeko inbertsioak egiteko datozen hiru urteetan, gas naturalaren erreserba berriak aurkitzeko itxaropenarekin", adierazi du erakunde sionistako Energia ministro Israel Katzek. Bi partzuergotan banatu dituzte enpresa irabazleak. Talde bat Eni erraldoi italiarrak, Dana Petroleum eskoziarrak eta Ratio Energies israeldarrak osatuko dute, eta bestea BP ingelesak, Azerbaijango Petrolio Enpresa Publikoak (SOCAR) eta NewMed Energy israeldarrak. Helburu nagusiak, Israelen mendekotasun energetikoa konpontzea eta Europaren hornidura bermatzea.
Ameriketako Estatu Batuetako Geologia Zerbitzuak 1.700 milioi petrolio upel berreskuragarri eta 122 bilioi oin kubiko gas aurreikusi ditu Siria, Libano eta Palestina Historikoaren itsasoa eta kostaldearen gehiengoa hartzen duen eremuan –Levant Basin probintzia deituan–. Baliabide horien balio garbia 453.000 milioi dolarrekoa da gas naturalari dagokionez eta 71.000 milioi dolarrekoa petrolioarena. Hau da, 524.000 milioi dolarreko dirutza. Gasari dagokionez, Leviatan eremua da aurkikuntzarik handiena, eta zenbait kalkuluren arabera, Israelen barne-eskaria ase lezake hurrengo 40 urteetako.
Ebasketa koloniala
Baina baliabide eta dirutza hori bereganatzeko Israelek ez du “legezko eskubide esklusiborik”, NBEk 2019an argitaratutako txosten baten arabera. Zergatik? Oso logika errazagatik: baliabide fosil horiek osatzeko milioika urte behar izan ziren. Palestinarrak beren lurretan mende askotatik hona bizi dira. Israel, ordea, duela 75 urte jaio zen, eta potentzia okupatzaile gisa eratu zen. Orduan, norena da baliabide horiek ustiatzeko eskubidea? Gaur egun, zoritxarrez, erantzuna agerikoa da: Israel, okupazio bortitzaren bitartez eta bere bi sustatzaile eta gas erosle nagusien baldintzarik gabeko laguntzaren bidez, AEB eta Europar Batasuna.
Errusiak Ukraina inbaditu zuenetik, gas errusiarra ordezkatzeko beste iturri batzuk lortzeko presiopean, Europar Batasunak Elkar Ulertzeko Memoranduma sinatu zuen 2022ko ekainean erakunde sionistarekin –eta Egiptorekin–, Leviatango aztarnategitik gasa inportatzeko.
Ameriketako Estatu Batuak harago joan dira, eta Israelekin "lankidetza energetikorako" akordioa sinatu zuten. Akordio horren arabera, "Israelek baliabide naturalak ustiatzeak interes estrategikoa” du AEBentzat, eta trukean Israeli "eskualdeko segurtasun kontuetan" lagunduko diola azpimarratu dute. Gas naturala "eskualdeko segurtasunean eragin positiboa" duen baliabidetzat jo dute. Alegia, geopolitikara ekarrita, Ekialde Hurbileko herrialde arabiarrekin merkataritza-zubiak eraikitzea esan nahi du.
GNL gasa (gas natural likidotua) "trantsizio energetikorako erregai" gisa saldu dute multinazionalek eta Mendebaldeko zenbait gobernuk. Ikuspegi logistikotik konplexua eta ingurumenarentzat kaltegarria izanik ere, ikatzak baino %40 karbono dioxido gutxiago isurtzen duela azpimarratzen dute haren defendatzaileek. Haien kalkuluen arabera, erreserbak daude “125 urtez mundua hornitzeko”. Iran, Errusia eta Qatar erreserba horien erdiaren jabe dira.
Amerikako Estatu Batuak GNL ekoizle eta esportatzaile handiena dira munduan gaur egun, eta gas garesti horren aldeko apustu argia egiten du. Europa, 2022an, munduko inportatzaile nagusi bihurtu zen: urte horretan kontsumitu zuen gasaren %40 mota horretakoa izan zen, gehiena izoztuta ekartzen dute itsasontziz.
Ekialdeko Mediterraneoko gasaren ibilbidea
Ekialdeko Mediterraneoko gas-hodiaren (EastMed Pipeline) proiektuak Europako gas-hornitzaileak dibertsifikatzea eta Europar Batasunatik kanpoko herrialdeen mende ez egotea du helburu. Israel izango da kanpoko partaidetza bakarra eta gasbidea handik abiatuko da. Grezia Ekialdeko Mediterraneoarekin lotuko du, eta Greziatik, Poseidon gasbidearekin elkartuta, Italiarekin egingo du lotura. Gasbide horretatik Leviatan eta Zipreko Afrodita eremuetatik ateratako gasa garraiatuko dute nagusiki
Turkia proiektu horren aurka agertu da, gasbidea ez litzatekeelako bere kostaldetik eta uretatik igaroko, eta Europaren hornitzaileak are gehiago dibertsifikatuko lituzkeelako. Horrek talka egiten du Errusia zein Turkiaren interesekin, Transanatoliar gasbidearen bidez (TANAP) azerbaijandar gasa garraiatzen baitute Europara. Horrela agian hobeto ulertzen da Turkia izatea Israelen genozidioa zorrotzen eta gordinen gaitzetsi duen herrialdeetako bat.
Proiektu horren atzean, Ekialdeko Mediterraneoko Gasaren Foroa (EMGF) dago. 2019an sortu zen Egipton, eta 2020an, Kairon egoitza duen nazioarteko gobernuarteko erakunde bihurtu zen. Zipre, Egipto, Frantzia, Grezia, Italia, Jordania, Israel eta, bitxia bada ere, Al-Fatah alderdiak kontrolatutako Palestinako Aginte Nazionala (PAN) dira erakundeko kideak. Bitxia diogu, Palestinatik bertatik handik ateratzeko eskatu dutelako. BDS mugimenduaren Palestinako Batzorde Nazionalak EMGF uzteko eskatu zion PANi 2021ean, erakunde horretan parte hartzeak "Israeli Mediterraneo Itsasoko kostaldean gas naturala lapurtzeko zilegitasuna ematen diolako".
Israelek azken urteotan herrialde arabiarretara egindako hurbilketa nagusietako bat izan da EMGF. Haren ostean, Abraham Akordioak etorri ziren. Arabiar Emirerri Batuen, Bahrainen, Sudanen, Marokoren eta Israelen arteko akordioak dira, AEBek sustatu eta babestutakoak, nola ez. Hitzarmen horiek diote Palestinan "bakea" lortu nahi dutela, baina, beste behin ere, palestinarrak kontuan hartu gabe. Israeli pribilegioak emateaz gain, beste herrialde arabiarrekiko loturak sortu edo sendotzen ditu. Saudi Arabia eskualdeko potentzia gisa bultzatzen du eta, hartara, Iran isolatu. Are gehiago, Saudi Arabiaren diktaduraren eta estatu sionistaren arteko sintonia horren lehen pausoaren ostean, aldebiko akordio bat prestatzeari ekin zioten. Oraindik gauzatu ez dena, eta sarraskiaren ostean zalantzatan geratu dena. Izan ere, Israelek beren interesen zerbitzura zenbait herrialde arabiar gerturatu izana, ziurrenik, erresistentzia palestinarraren urriaren 7ko erasoa egiteko arrazoietako bat izan zen, normalizazio-joera hori hausteko.
Aurrekaria: Gazako gasaren lapurreta
1999an, BG Group (BGG) petrolio multinazional britainiarrak gas hobi handi bat aurkitu zuen Gazako kostaldetik 17 eta 21 itsas milia ingurura. Palestinak eta Israelek 1995ean sinatutako Oslo II akordioen arabera, Gazako kostaldetik 20 itsas miliara arteko jurisdikzioa Palestinarena da. 1999ko azaroan, Palestinako Aginte Nazionalak 25 urteko kontratua sinatu zuen BGGrekin gasa esploratzeko. Erreserba erraldoi horiek, bilioi bat oin kubikotan estimatuak, palestinarren eskaria estaltzeaz gain esportazioa ahalbidetuko lukete. Ehud Barakek, orduan Israelgo lehen ministroa zenak, baimena eman zion BGGri 2000ko uztailean lehen putzua zulatzeko. Palestina eta Israel negoziatzen aritu ziren, baina 2003an lehen ministro Ariel Sharonek jarrera aldatu zuen esanez gasaren etekinak "terrorismo palestinarra" laguntzeko erabil zitezkeela. Israelek Osloko akordioak urratu dituen kasu ugarietako bat izan zen. Hainbat aldaketa, hautsitako akordio eta presio diplomatikoren ondoren, 2008ko abenduan Israelek Gaza inbaditu zuen eta palestinarren gas eremu horiek Israelen kontrolpean jarri zituen, nazioarteko zuzenbideari muzin eginda.
Ordutik, BGG multinazionala Israelgo Gobernuarekin negoziatzen eta elkarlanean aritu da. Palestinarrek milaka milioi dolarreko galerak izan dituztela kalkulatu ditu Nazio Batuen Erakundeak.
Energetikoa da Israelek duen beste arrazoi bat Palestinako herria mapatik desagerrarazi edo Egiptora eta Jordaniara ihesarazi ditzaten, etxeak eta lurrez gain, gasa ere atzean utzita.
Israel eta Hamas negoziaketa betean dira, Trumpek proposatutako su-etenerako planaren harira. Ekialde Hurbileko zenbait hedabidek informatu dutenez, bahitu israeldarren trukean askatu behar dituen preso palestinarren izenen zerrendan jarri zuten Marwan Barghouti, baina... [+]
Donald Trumpek ostegun goizaldean iragarri zuen Hamas eta Israelen arteko akordioa eta ostiral goizaldean berretsi du Israelgo Gobernuak. Oraindik, alabaina, ostiral goizean Gazan Israelgo okupazio armadaren erasoak gertatzen ari ziren, besteak beste Khan Younis hirian.
Hamasek 48 bahitu askatuko ditu astelehenerako, eta Israelek 2.000 preso. Ostegun honetan dute izenpetzekoa lehen faseari buruzko akordioa; bigarren faseari buruzkoaz, ordea, ezjakintasun eta hauskortasun handiagoa nabaria da.
Gaur bi urte bete dira estatu sionistak Palestinako herriaren aurka martxan zuen genozidioa bizkortzen hasi zenetik. Bi urte, non haurrak, eskolak, ospitaleak eta ametsak bonben jomugan egon diren, munduaren isiltasunak krimen horiek estali dituen bitartean.
100 urte pasatxo... [+]
Gazako genozidioak presioa areagotu du entitate sionistaren kontra arlo askotan, eta sionisten konplizeetara ere heldu da. Shapir enpresa israeldarraren eskutik CAF Jerusalemgo tranbiaren proiektuan sartzea salatu du hasieratik BDZ mugimenduak. Sei urte pasatu dira jada. Gazako... [+]
Naxker, Fermin Muguruza eta Bloñ musika taldeek, besteak beste, bat egin dute Musikariak Palestinarekin plataformak abiatutako Spotify-ren aurkako ekimenarekin. Hain justu, musika erreproduzitzeko aplikazio erraldoiaren jabe nagusiari, Daniel Ek-eik, egozten zaio Israelek... [+]
Haurreskoletatik unibertsitateraino, hezkuntza sistema osoan egun osoko grebara deitu dute sindikatuek Hego Euskal Herrian, Palestinarekin elkartasunez. Urriaren 15erako lantokietan deitu dituzten lanuzte eta mobilizazioak indartzera dator deialdia.
Astelehen gauerdian iritsi ziren Bilboko aireportura Mikel Zuloaga ‘Mikelon’, Jotas Osés, Itziar Moreno eta Abdel Karim el Khamlichi Global Sumud Flotillako euskal aktibistak, Israelgo Kiotz espetxean lau egun eta itsasoan hilabete eman ondoren. Astearte gauean... [+]
Israel Premier Tech txirrindularitza taldeak datorren denboraldirako “egungo nortasun israeldarretik urruntzera” behartua ikusi du bere burua, Espainiako Vueltan hauspotu ziren protestengatik. Gainera, Sylvan Adams sionista ez da aurrerantzean proiektuaren buru... [+]
2023ko urriaren 7an, Hamasen erasoaren ostean, palestinar herriaren kontrako genozidioari hasiera eman zion Israelgo Estatuak. Trumpen planaren negoziaketa betean, beldurgarriak dira bi urteotako sarraskiaren zifrak.
Ordezkariak Egiptoko Sharm el-Sheikh hirian bilduko dira, Sinai penintsulan, Trumpen lehen fasearen "mekanismoak eta xehetasunak" aztertzeko. Bien bitartean, bonbardaketek hildakoen kopurua handitzen jarraitzen dute; azken 24 orduetan beste 65 palestinar hil ditu... [+]
Global Sumud Flotillako ontzietan zihoazen lau aktibista euskaldunak Atenasera Euskal Herriko 15:30ean heldu dira eta handik Loiura zuzenean hartuko dute hegaldia, 23:15ean iristeko. Jada aske utzi dituzten ekintzaileek kolpeak, umiliazioak, loaren galaraztea edo janaria eta ura... [+]