ETB

"Euskara ulertzen ez dutenak ere ETBren unibertsoan nahi ditut"

  • 2021az geroztik, ETBko zuzendaria da Unai Iparragirre. Telebista kateetako edukien ardura da berea, baina baita plazaratu berri duten Primeran plataformarena ere. Jaiotza horren aitzakian hartu gaitu Bilboko egoitzan duen bulegoan.

Unai Iparragirre, ETBko zuzendaria eta Primeran plataformaren arduraduna, EiTBren Bilboko egoitzan eginiko hitzorduan. (Argazkia: Hodei Torres / ARGIA CC BY SA)
Unai Iparragirre, ETBko zuzendaria eta Primeran plataformaren arduraduna, EiTBren Bilboko egoitzan eginiko hitzorduan. (Argazkia: Hodei Torres / ARGIA CC BY SA)

Egia esango dizut: ez nuen oso argi elkarrizketa onartuko zenidanik.
Harritzen nau. Elkarrizketa guztiei esan diet baietz zuzendaria naizenetik. Batzuk beste batzuk baino erosoagoak dira, baina zerbitzu publikoa ematea da ETBren lana, eta horren parte ere bada jendeak dituen zalantzak edo galderak argitzen saiatzea.

Bi urte eta erdi egin dituzu ETBren zuzendaritzan. Zu iritsi zinenerako, Primeranen ernamuina bazebilen hor barrena?
Ez. Ni iritsi eta pare bat hilabetera hasi ginen estrategia berria lantzen. Prozesu horretan ikerketa asko egin genituen, eta antzeman genuen gauzetako bat izan zen gazteek oso eduki gutxi kontsumitzen zituztela euskaraz eta esparru digitalean. Galdetu genuenean zergatik, erantzuna izan zen ez zegoela kalitatezko nahikoa eduki. Argi ikusi genuen guri tokatzen zitzaigula horri erantzutea. Telebista linealeko audientziak begiratzen ditugunean, telebista guztiek ikusten dugu gazteak galtzen ari garela. Zergatik? Youtuben edo plataformetan daudelako. Horregatik sortu dugu Primeran.

Izango da aspaldian martxan den Nahieran eta Primeran bereizteko zailtasunak dituenik…
Bai, oraindik ondo azaldu behar dugu oso gauza desberdina direla. Nahieran telebista linealaren ispilua da. Telebistako kateetan dauden eduki guztiak joaten dira Nahieranera.

Primeranen aldiz, fokua euskaran dago nagusiki. Ia eduki guztiak euskaraz daude, Nahieranen ez bezala. Horrez gain, egindako ikerketetan ikusi genuen, guk nahi dugun posizionamendua lortzeko, telebista tradizionalaren usaina duten edukiek ez dutela hor egon behar. Eta hori egin dugu. Ez daude albistegiak, ez daude entretenimenduzko saio gehienak…

Argazkia: Hodei Torres / ARGIA CC BY SA

Hasi berri du bidea. Zer falta zaio oraindik?
Orain dagoena da gutxieneko produktu bat, baina lan asko geratzen da oraindik. Behar duguna da, batetik zabalkunde lana, jende gehiagorengana iristea. Eta gero, guk Primeran Originalak deitu diogun horretan sakontzea. Propio Primeranerako eta euskaraz sortutako edukiak dira. Bat daukagu orain, Itxaso telesaila, harrera ona izan duena. Eta Javi Riberorekin Euskal sukaldaritzaren esentzialak izeneko beste eduki bat izango da laster. Oraindik lan asko daukagu egiteko eta eduki berriak etorriko dira pixkanaka. Haurrentzat eskaintza gehiago ere nahi dugu, jakinda laster Makusi plataforma jarriko dugula martxan, propio haurrentzat izango dena.

Primeran euskarazko edukiaren eta euskal edukiaren plataforma izango dela adierazi duzue. Zer da euskal hori, euskarazkoa ez denean?
Euskal Herriarekin edo euskal gaiekin lotura duena. Adibidez, Baserri Gourmet ETB2n ematen dugu gaztelaniaz, baina Primeranen dago euskarara bikoiztua eta azpidatziekin. Dena den, Primeranen ia dena izango da edo euskaraz, edo bikoiztua edo azpidatziekin.

Xabier Euzkitzeren txio batek sortu du zalaparta apur bat. Ezin omen du bere etxeko gailuetan Primeran instalatu.
Android eta AppleStoren badago, HBBTVn ere bai, eta Samsung eta LG telebistetan egonik, merkatuaren %80 bermatzen du horrek. Hortik aurrera, gure lantaldea lanean ari da bestelako gailuetan edo bertsio zaharragoetan ere presente egon dadin. Orain ezin duenak, mugikorretik sartu eta telebistara bidaltzeko aukera dauka, eta bestela, primeran.eus bidez ere sar daiteke.

Gazteek telebista tradizionalari bizkar eman diotela aipatu duzu. Hori jakinda, zenbateraino dira gaur egun audientzia datuak gizartearen joerak identifikatzeko erreferentzia egokia?
Gero eta gutxiago, esango nuke. Eta zer esanik ez, telebista publiko batean. Egia da publizitate sarreren oinarria audientzietan dagoela, baina telebista tradizionalaren mundua hankaz gora dago aspaldian. Telebistan lan egiten dugunok gosaria audientziei begira hartzen dugu, eta gaur egungo datuek ez dute zerikusirik duela bost urtekoekin. Telecincok, LaSextak… Horiek denek ere ikusleak galdu dituzte. Horrek esan nahi du ez direla garrantzitsuak datu horiek? Ez, badira garrantzitsuak. Baina ez da begiratu behar genukeen aldagai bakarra. Gure taldeak oso argi du gizarteari ekarpena egiten dion edukia sortu behar dugula, baita horrek, kasu batzuetan, audientzia pixka bat galtzea badakar ere.

Argazkia: Hodei Torres / ARGIA CC BY SA

Orain artean, ETBrako edukiak ia derrigor ordubetekoak behar zuten izan, eta ahal zela, publiko orokorrarentzat. Primeran Original diren edukiak muga horietatik kanpo egin ahal izango dira?
Bai. Primeranekin gure target nagusia 30 urtetik beherakoak dira. Orain ari gara garatzen brief edo laburpen bat, ekoiztetxeei bidaltzeko, adierazten duena zer ari garen bilatzen. Eta irizpideak bi dira: gazteentzat egina izatea eta hamabi minututik gorako iraupena izatea.

Bide zaila izan duen edukiak tokia izan dezake orain, beraz.
Bai, jakina. Duela hilabete batzuk egin genuen deialdi bat webserie ideiak jasotzeko adibidez, eta proposamenetako batzuk hamabost minutuko atalak dituzte.

Eta aurrera egingo dute?
Batzuek bai. Gure asmoa, gainera, urtero lehiaketa edo deialdi bat ateratzea da.

Azken urteetan ikus-entzunezkoekiko kezka ardatz duten herri-ekimen asko jarri dira abian. Hor dago Pantailak Euskaraz, ZerNonIkusi webgunea ere bai, eta berriki Aldatu Gidoia izeneko kanpaina jarri da martxan. Nola begiratzen diozue ETBtik mugimendu horri guztiari?
Nik ulertzen dut arduratuta egotea, ze gu ere bagaude. Horregatik egin dugu Primeran eta horregatik egingo dugu Makusi. Baliatu nahi nuke aukera haiei eskerrak emateko. Primeranen beta fasean plataforma probatzen aritu ziren Pantailak Euskarazeko kide batzuk, eta haien feedbacka oso baliotsua izan da. Eta ZerNonIkusirekin badakit Primeraneko lan-taldeak harreman zuzena duela. Argi dago haiek eta guk, desadostasunak izanda ere, badugula zerbait komunean: ikus-entzunezkoen bidez euskara suspertzeko grina eta erronka. Uste dut, horretan, elkarlanean aritzeko gaitasuna izan behar dugula denok.

Aldatu Gidoia ekimenak ETB eta Jaurlaritza interpelatzen ditu, hainbat eskaera eginda: horietako bat da ETBk ekoizpenera bideratutako diruaren %75 euskarazko edukiak ekoizteko erabiltzea.
Zoritxarrez, euskaraz hitz egiten dugunak erdia baino gutxiago gara herri honetan. Eta hala ere, gure aurrekontuaren erdia euskarazko kateetara bideratzen dugu. Hilabete batzuetan %49, beste batzuetan %51, baina hor inguruan beti. Entzun izan dut ETB2ko aurkezleek ETB1ekoek baino gehiago kobratzen dutela, eta hori ez da egia.

Katalunia edo Galiziako telebistara begiratuta ordea, katalanak edo galegoak hemen euskarak baino protagonismo nabarmenagoa dute. ETB2 beharrezkoa da?
ETB2 ixtearekin edo baliabide gutxiago ematearekin ez nago ados. Herri honetan denok ordaintzen ditugu zergak: bai euskaraz bizi nahi dugunok, bai gaztelaniaz bakarrik dakitenek. Eta uste dut haiei ere zerbitzu bat eman behar zaiela. Horrez gain, euskaraz ulertzen ez dutenak ere nahiago ditut ETBren unibertsoan, Espainiako Telebistan edo Mediaseten unibertsoan baino. Hartara, behintzat, gertatzen dena Euskal Herriko ikuspegitik iritsiko zaie.

"Euskaraz hitz egiten dugunak erdia baino gutxiago gara herri honetan, eta hala ere, aurrekontuaren erdia euskarazko kateetara bideratzen dugu"

Euskara hutsean egiten da Gaztea, adibidez, gaztelaniazko baliokiderik gabe.
Gazteei edo haurrei begira egiten dena euskara hutsean egitea da gure asmoa. Euskarazko unibertsora eraman nahi ditugu. Udazkeneko programazioan, adibidez, saio asko daude gazteentzat, nahiz eta horrek, audientzia mailan, zigortzen gaituen. Esanguratsua da egiten ditugun ikerketetan atera dugun informazioa: ETB1en ikusle helduagoek ontzat jotzen dute gazteentzako edukia lehenestea, nahiz eta ez haien gustukoa izan.

Hitz egin dezagun diruaz. Primeranek eduki originala izango badu, nondik dator aurrekontu hori? Telebistari kentzen zaio edo osagarria da?
Aurtengo aurrekontua, iazkoaren aldean, handiagoa da. Zuzendaritza honetan aurrekontuak beste modu batera egiten ditugu. Ez daude lotuta kanalei; proiektu estrategikoei baizik. Primeranek bere aurrekontua du, eta gehigarria da. Telebista linealak ez du diru gutxiago izango.

Zenbateraino dago ETB inbertitzen duen diru horren itzulkina jasotzera derrigortuta? Primeranek izango du diru-sarrerarik?
Primeranen kasuan, helburua da euskara bermatzea esparru digitalean. Dirua egitea ez. Publizitate pixka bat badago, baina ez dugu diru iturri gisa ikusten. Ez du batere baldintzatzen zer ekoizten dugun eta zer ez.

Telebista linealari dagokionez, Discoveryn adibidez, publizitatetik sartzen zen dirua irabazietara joaten zen. ETBren kasuan, diru hori eduki gehiago sortzera bideratzen dugu. Zentzu horretan, niretzat garrantzitsua da audientzia datu onak izatea, publizitate diru sarrerak izango ditugulako hala, eta kalitatezko edukia sortzeko diru gehiago izango dugulako. Baina ez da gure lehentasun nagusia.

"Ni 2005ean joan nintzen Euskal Herritik. Gizartea asko aldatu da, eta gauza batzuetan kontserbadoreagoak gara. Umoreak, adibidez, jende gehiago molestatzen du orain"

Telebista batek izaera publikoa izateak zenbateraino baldintzatzen du edukia? ETB1en, adibidez, aspaldi da aktualitateari begiratzen dion umorerik egiten ez dela…
Ez nuke esango baldintzatzen duenik. Hurrengo urtera begira bagabiltza umore saioen bila. Akelarre egin genuen, ikusi genuelako ETB2n falta zela, eta batzuk haserretu dira horrekin. Baina horrek ez gaitu kikildu. Nahi dugu gehiago egin, baina ez da erraza umorea ondo egitea. Ea aurkitzen dugun formatua. Garapenean daukagu umorezko serie bat ere, ez duguna lortzen guztiz konbentzitzeko modukoa izatea. Hor gabiltza…

TV3en, Zona Franca saioan adibidez, lan-taldearen zati handi batek utzi zuen, kolaboratzaile bat bota zutelako.
Ni 2005ean joan nintzen Euskal Herritik eta gizartea asko aldatu da, eta gauza batzuetan iruditzen zait kontserbadoreagoak garela. Umoreak adibidez, jende gehiago molestatzen du orain lehen baino. Baina nahi dugu umore gehiago egin. Zuzendari orokorrak esaten digu arriskatu egin behar garela. Eta ni prest nago, jakinda batzuetan asmatzen dela eta besteetan ez.

Telebista saioek bizitza ezegonkorra izan ohi dute, eta horrek badu eragina ekoiztetxeetako langileengan. Kontratu laburrak kateatzen dituzte askok, opor ordainduak izateko aukerarik gabe… Zenbat profesional on galtzen ditu euskarazko telebistak prekarietate horrek nekatzen dituelako?
Nik susmoa daukat baietz, galtzen dugula jendea horregatik. Badakit jende on asko joaten dela Madrilera, adibidez. Baina uste dut ez dela justua horren ardura guztia ETBren gain jartzea. Hemengo ekoiztetxe gehienen diru-sarreren ehuneko oso altua ETBtik dator, eta hori txarra da guretzat zein haientzat. Uste dut osasungarriagoa litzakeela euskal ekoiztetxeek beste telebista batzuekin ere lan egitea. Horrek ekarriko lieke egonkortasuna eta talentua mantentzeko gaitasuna.

Erabaki duzue ETB1en euskarara bikoiztutako filmik ez ematea. Primeranen bai. Film entzutetsuak ikusi ahal izango ditugu euskaraz?
Atzerriko filmak, euskarara bikoiztuta jarri ditugunean, jendeak ez ditu ikusi. Batzuetan zirudien konspirazio moduko bat zegoela ez jartzeko. Baina ez da hala. Kontua errazagoa da: ez zuten ikuslerik izaten. Nahieranen aldiz bai, eta Primeranen ere ikusiko dira. Bertako zineman diru asko inbertitzen dugu, baina horrez gain, badaukagu partida espezifiko bat atzerriko filmak erosteko. Bikoizketan egin dugun inbertsioa, adibidez, %60 igo da. Aurten 2,2 miloi inbertituko ditugu horretan; haietako 2 milioi, euskarara bikoizteko.

"Uste dut ez dela justua [ekoizle onak Madrilera joatearen] ardura ETBren gain jartzea"

Primeran sareko plataforma bat denez, ez du muga geografikorik izango. Ipar Euskal Herriari eta Nafarroari gehiago begiratzeko bidea zabal dezake?
Primeranen haien edukia plataforman bertan zabalduko duten lau partner edo eragile ditugu orain: Basque Culinary Center, Donostiako Zinemaldia, Euskadiko Filmategia eta Tokikom. Baina datozen hilabeteetan gehiago lortu nahi ditugu, eta Kanaldude ere badaukagu nahi genituzkeenen zerrendan. Nik nahi nuke Primeran bihurtzea Euskal Herriaren ikus-entzunezko kontakizunaren ispilu. Eta hor noski, Nafarroa eta Ipar Euskal Herria ere badaude.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: ETB
ETBk 40 urte
Ardatz bertikala, erabakien adierazle

40 urte bete ditu euskal telebistak, eta 40 urteko ibilian goitik behera aldatu dira gauzak: telebista konbentzionala etxe batzuetan egotetik, guztietan presentzia hartzera pasatu da; baina egun, ikus-entzunezkoak nahieran ikusteko gehiago baliatzen da telebista,... [+]


2024-03-21 | Euskal Irratiak
Urtzi Urkizu
"Susmoa dut gizartearen parte handi batean badagoela kezka ETB-rekin"

Berrian lan egiten duen kazetariak, Euskal Telebistaz liburua idatzi berri du Txoria hodei artean, ETB lehen eta gero. Galdera batekin abiatzen du liburua kazetariak: 40 urte bete dituen Euskal Telebistak behar den gisan arrapostu ematen al dio euskal jendartearen egungo... [+]


ETBk nazioarteko filmak eta serieak euskaraz emateari "betoa" jarria diola salatu dute

EITBren egoitzaren aurrean elkarretaratzea egin dute (H)itzartu ETBk deituta. EAJri eta ETBri politikak errotik aldatzeko eta "premiaz euskarazko eskaintza erakargarria" osatzeko eskatu diote.


Eguneraketa berriak daude