"Euskararen normalizazioan, bikoizketak entzumena lantzeko onura handiak ekartzen ditu"

  • Euskarazko bikoizketa kinka larrian dago. Egunean hamalau ordu ematen dituzte gazteek, batez beste, pantailen aurrean. ETBk bikoizketa baztertu du azken bi hamarkadetan eta streaming plataformetako euskarazko eskaintza ez da %0,1era iristen. Iker Bengoetxeak ahotsa eman die pertsonaia askori eta kontziente da zeinen onuragarria den euskara ahalik eta gehiena aditzea, gero euskaraz aritzeko. Zer entzun, hura ikasi.

Argazkia: Dani Blanco
Argazkia: Dani Blanco
Iker Bengotxea Goya. Iruñea, 1978

Bikoiztaile, aktore eta kantaria da. Enpresa Zientziak ikasi zituen, Kultur eta Sormen Industrien Zuzendaritzan masterra egin zuen gero, eta gaur egun Nafarroako Antzokien Sarean eta Dantzaz Konpainian kudeaketa lanak egiten ditu. Bieuse Bikoiztaile Euskaldunen Elkarteko kidea eta Sudurgorri Vocal Studioren sortzaileetako bat da. Bere ahotsa publizitate eta bideo korporatibo askotxotan entzuten dugu eta aktore eta kantari liriko bezala ere hainbat antzezlan, zarzuela eta opera saiotan parte hartu izan du.

Nolakoa izan zen zure hasiera?
Artista sena txikitatik izan dut, baina oso lotsatia naiz. Etxean musika asko entzun izan da beti eta familian musika beti egon da presente: aitona txistularia zen, Berako Josu Goia polifazetikoarekin harreman estua izan dut… Ikastolan txistuarekin hasi eta gero abesbatzara pasa nintzen. Umetan arrebarekin beti dantzan eta imitazioak egiten ibiltzen nintzen, baina gero jendaurrean jartzea asko kostatzen zitzaidan. Hala ere, 16 urte nituela kuadrillakoek Seihots taldea osatu zuten eta abeslari izatea proposatu zidaten, eta baietz esan nien.

Eta antzerkirako jauzia nolakoa izan zen?
Golden Apple Quartetekoek casting bat egin zuten haurrentzako antzerki musikal bat egiteko eta aurkeztu nintzen. Komediarako joera zuten abeslari aktore euskaldunak behar zituzten eta hor aukera bat ikusi nuen. Hautatu ninduten eta hiru muntaiatan aritu nintzen haiekin lanean. Hura izan zen nire aktore eskola.

Bikoiztaile gisa nola hasi zinen?
Bikoizketa beti gustatu izan zait. Madrilen ikasitako batzuek Iruñean bikoizketa eskola bat zabaldu zuten eta bertan eman nuen izena. Interpretatzea zen, baina itzalean, ez jendaurrean, eta horregatik ikusten nuen egokia niretzat.

2003an hasi nintzen pixkanaka euskarazko bikoizketetan lanean pertsonaia txikiak egiten lehenbizi eta handiagoak gero. Berebiziko espioiak, ETBn behin eta berriz ematen duten telesail bat, Happy Feet pinguinoa, Eragon, Animalia telesaileko Iggy iguana, edo One Piece eta Pokemon telesailetako kanten abeslaria ere izan nintzen, besteak beste. Garai hartan telesail batzuetan hartu nuen parte Madrilen eta tentazioa izan nuen han gelditzeko, baina niri euskaraz egitea gustatzen zait eta lan faltarik ez nuenez, hemen gelditzea erabaki nuen.

"Gure gazteek batez beste hamalau ordu ematen dute pantailen aurrean, eskolan eta etxean, eta aisialdian kontsumitzen duten ia guztia euskara ez den beste hizkuntzetan egoten da"

Azken hogei urteetan ETBren bikoizketetarako aurrekontuak etengabe  murriztu dira. Nola eragin dizue profesionalei?
Gaur egun bikoizketak egiten ari dira, baina garai batean baino askoz gutxiago. ETB da ikus-entzunezkoen euskarazko bikoizketen eragile handiena. Euskarazko bikoizketak 80ko hamarkadan bizi izan zuen unerik gorena, ETBn urtean 2.000 ordu inguru bikoizten zirenean. Laurogeita hamarreko hamarkadan, denbora hori erdira murriztu zen eta 2021ean 200 ordu eskas bikoiztu ziren euskarara, ia guztiak marrazki bizidunetan. ETBk dio azkenaldi honetan handitu duela bikoizketen kopurua, baina hor desberdindu beharko litzateke zer den euskaraz bikoizten dutena eta zer gaztelaniaz ETB2n emateko, askotan dena zaku berean sartzen baitute.

ETBren aurrekontuen murrizketak direla eta, lan baldintzek ere behera jo dute urtez urte. Mixer estudioa da euskal telebistarako euskarazko bikoizketaren esleipena duen enpresa eta oso baldintza eskasetan aritu izan dira lanean. Hori izan zen Bieuse elkartea sortzeko arrazoietako bat 2018. urtean. Elkarte horretan bildu ginenok erabaki genuen Mixer-entzat lanik ez egitea, baina beste profesional batzuek, aldiz, jarraitu zuten haiekin lanean eta hor galdu genuen denok batera joateak ematen ahal zigun indarra.

Haiek dira orain bikoizketa lan guztiak egiten dituztenak?
ETBrentzat, bai. Jende kopuru txikia gelditu zen eta, nire iritziz, kalitateak ere behera egin zuen. Egia da jende berria sartzeko aukera bat izan zela, eta enpresa horretan formazioa eta lan egiteko modua azkar eskaini zietela. Hori ona izan beharko litzateke sektore batentzat, erreleboa eta talentu berriak beti direlako beharrezkoak, baina lanbide hau ez da egun batetik bestera ikasten eta aktore taldeak osatzeko arazoak bistan geratu dira. Kasu batzuetan ongi prestatuta egon baino lehen ari dira pisuzko pertsonaiak egiten, nire ustez, eta horrek eragin handia izan du produktuaren kalitatean.

Argazkia: Dani Blanco

Eta Bieusen zaudetenok zertan ari zarete?
Orain Bieuseko kideek kooperatiba bat eratu dugu, guk geuk lan batzuk zuzenean egin ahal izateko. Zinemaldirako film pare bat egin izan dugu, Harrapatu bandera eta Tadeo Jones II, nik neuk Tadeoren papera egin nuen, eta beste estudio batzuekin ere ari gara lanean. Artxipelagoa edo Harresi ikusezina podcastak egin dituen Ulu Media estudioarekin, adibidez. Bieuseko ahots mitiko batzuk, Iñaki Beraetxe edo Klara Badiolarenak, esate baterako, han entzun daitezke. Orain plataforma handiekin zuzenean ari gara hizketan eta espero dugu laster berri onak izatea.

Estatuaren ikus-entzunezkoen lege berriak adierazten duenez, plataforma pribatuek ematen dituzten edukien %6 katalanez, galegoz eta euskaraz egindako lanak izan beharko dira. Horrek ate berriak irekiko ditu?
Bada aurrerapauso bat, zalantzarik gabe, baina IBAIA ekoizleen elkarteko Jon Artatxok dioen bezala, ongi legoke jarraipen batzorde independente bat eratzea gutxieneko horiek toki guztietan betetzen direla bermatzeko. Lege eskakizunari gehitu behar zaio azkenaldi honetan gizartea egiten ari den presioa euskarazko edukiak presente egon daitezen plataforma handi pribatuetan. Pantailak Euskaraz ekimena, esate baterako, lan itzela egiten ari da, eta egia da aldaketak sumatzen hasi direla. 2021etik 2022ra pixka bat handitu dira euskarazko ikus-entzunezkoen kopuruak: Filminen 65tik 108ra pasa dira, Netflixen 3tik 85ra, Prime videon 2tik 71ra eta HBOn 0tik 4ra. Beste batzuetan, Disneyn bezala, oraindik ez dute ezer egin.

Azken urteotan Netflixen dezente ari dira lan egiten galegoz eta ematen du euskararekin ere halako bidea eginen dutela. Guretzat oso positiboa da eta lan aukera berri bat. Plataformetatik etor daitezke orain zuzenean enkargu horiek. Hor ez da ETB ez gobernurik sartzen. Merkatu librea da eta plataforma batek ikusten badu estudio batek txukun egiten duela lan, badu harekin zuzenean harremanetan jartzeko aukera proiektu bat abiarazteko. Gainera, prezio merkearen gainetik kalitatea jartzen dute normalean, ez ETBk bezala, eta horregatik, uste dut aukera onak egongo direla lan oso txukunak egiteko hemendik aurrera. Bieuse kooperatibako administrariak jo eta ke ibili dira lanean leiho horri begira. Badugu haize berriak etorriko diren itxaropena.

"Azpidatziak edo bikoizketa?
Uste dut eztabaida hori aspaldian gaindituta dagoela eta onena litzateke botoi bat sakatuta ikusleak aukeratu ahal izatea nola ikusi nahi duen gauza bakoitza"

Primeran euskarazko streaming plataforma berria aurkeztu du ETBk eta udazkenean abiatuko da. Bultzada bat emanen die bikoizketa eta azpidatziei?
Positiboa izango da, zalantzarik gabe. Euskarazko plataforma bat izatea, eskaintza dena delakoa izanda ere, beti ona da. Ea zertan gauzatzen den asmo hori. Kanpoko fikziozko lan berriak ekarriko dituztela iragarri dute. 400 orduko telesail eta film multzoa, baina ez bikoiztuta, azpidatzita baizik. Ni ez naiz sartuko azpidatzi eta bikoizketaren arteko borroka horretan, asko hitz egin delako horretaz, baina argi dago ETBk azpidatzien alde eginen duela. Iruñean maiatzaren hasieran egindako jardunaldi batzuetan Unai Iparragirre ETBko zuzendariak esan zuen gazteek, batez ere, azpidatziak nahiago dituztela bikoizketak baino. Uste dut eztabaida hori aspaldian gaindituta dagoela eta onena litzateke botoi bat sakatuta ikusleak aukeratu ahal izatea nola ikusi nahi duen gauza bakoitza. Ikusteko dago, bestalde, zenbat diru inbertitzen duten lan berriak egiteko eta zenbat kanpoko lanak bikoizteko edo azpidazteko.

Oro har, badirudi ETBren apustua izanen dela bertako ekoizpen berriak sustatzearen eta kanpoko edukiak azpitituluekin eskaintzaren aldekoa. Gu ere ekoizpenaren alde gaude, inolako zalantzarik gabe, baina tranpa egitea iruditzen zaigu aurrekontuak egiterakoan edo diru laguntzak ematerakoan ekoizpena, bikoizketa eta azpidatziak zaku berean sartzea. Gauza desberdinak dira eta gizarteak hirurak behar ditu. Ez dezagun dena nahas. Izan ere, atzerriko fikziozko eduki indartsuak ekarri ez izana izan da euskararen erabileraren beherakadaren arrazoietako bat azken urteotan.

Noraino da onuragarria bikoizketa erabilerarako?
Asko hitz egin da horretaz, eta duela lau urte mahai gainean gaia jarri zenean guk geuk, bikoiztaileek, ohartarazi genuena horretaz. Gaur egun, ordea, gizartea eta Euskaltzaindia, Kontseilua eta euskararen beste eragile asko ari dira hori azpimarratzen. Euskararen normalizazioaz hitz egiten denean argi gelditzen da bikoizketak entzumena lantzeko onura handiak ekartzen dituela. Adituek diotenez hizkuntza bat belarrietatik sartu eta ahotik ateratzen da.

Gure gazteek batez beste hamalau ordu ematen dute pantailen aurrean, eskolan eta etxean, eta aisialdian kontsumitzen duten ia guztia euskara ez den beste hizkuntzetan egoten da. Fikzioa, sare sozialak, podcastak eta eduki bikoiztuen bidez asko lagundu daiteke belaunaldi gazteen euskara maila hobetzeko. Baina horretarako mota guztietako edukiak hartu behar dira aintzat, eta ez soilik umeentzako marrazki bizidunak.

Aurrekoan Twitterren eztabaida bat sortu zen aita batek esan zuenean ez zuela bere alabari eskolan emandako eritasun baten inguruko testua ulertzen, hitz oso "arraroak" agertzen zirelako. Juan Luis Zabala idazleak erantzun zion ETB1ek House doktorea-ren atal guztiak eman balitu euskaraz bikoiztuta, ez zuela inolako arazorik izango dena lehenengoan ulertzeko.

"Pantailak Euskaraz ekimena, esate baterako, lan itzela egiten ari da, eta egia da aldaketak sumatzen hasi direla: Filminen 65tik 108ra pasa dira, Netflixen 3tik 85ra, Prime videon 2tik 71ra eta HBOn 0tik 4ra"

Nola ikusten duzu zuen etorkizuna?
Ahotsaren mundua oso zabala da. Ulu Media estudioarekin, adibidez, hainbat soinu fikziotan lanean ari dira orain bikoizketa aktore batzuk, eta gainera, badirudi eduki batzuk ele-biz egingo dituztela, hemendik kanpora ere eramateko. Hor beste mundu bat zabaltzen ari da lan egiteko. Beste hainbat estudiorekin harreman onak ditugu eta alboan izan ditugu beti.
Duela bi urte galdetu izan bazenit esango nizuke oso beltz ikusten nuela dena bikoiztaile gisa, baina gaur egun baikorrago nago, zer edo zer mugitzen ari dela ikusten delako.

Proiektu propioen atalean, pozik gaude Sudurgorri Vocal Studio marka martxan jarri genuenetik. Hainbat publizitate agentzia eta bideo egilerentzat ari gara ahotsekin lanean eta ahots formazioa ere gure pasioetako bat da.
Pertsonalki, niri RTVEn egiten dituzten soinu fikzioen antzeko zerbait egitea gustatuko litzaidake, hau da, antzerki lanak irakurri antzoki batean, aktoreekin eta publikoaren aurrean. Hori zuzenean egin eta emititzen dute. Mundu horrek asko erakartzen nau eta agian guk geuk egin beharko genuke…

Zer da zailena lanbide honetan?
Bikoiztaile lanaren gakoa ez dago ahotsean. Ahots guztiak dira politak eta beharrezkoak, baina antzezten jakin behar da. Aktorea behar duzu izan eta aktore ona izatea ez da lortzen gauetik goizera. Etengabeko ikasketa da hori. Sinkronizazio teknika ikasi eta landu behar da hasieran eta hortik aurrera hasten da interpretazio lana. Horretarako zuzendari bat duzu aldamenean eta horrek zure onena ematen laguntzen dizu. Malgutasuna ere behar da. Gaur egungo bikoizketa teknika ez da garai batekoa bezalakoa. Lehen, orokorrean, gehiago proiektatu egiten zen ahotsa. Gaur egun, zinema egiteko modua askoz naturalagoa da eta, kasu horietan, bikoizketak ere halakoa behar du. Azken finean, jatorrizko bertsioan egin dutena islatzean dago gakoa.

AZKEN HITZA

Euskarri publikoa

“Hizkuntza txiki guztietan bezala, euskarazko bikoizketak euskarri publikoa behar du, ez baita jasangarria termino komertzialetan. Hala ere, duela urte batzuetatik Eusko Jaurlaritzaren eta EITBren apustua oso bestelakoa da. Eusko Jaurlaritzak Zinema Euskaraz programarako film gutxi batzuk bikoizten ditu urtero –2021ean bederatzi izan ziren, 20 ordu baino ez–. Eta EITBrekiko egoera ere ez da askoz hobea, 90eko hamarkadaren amaieran euskarazko bikoizketa alde batera uztea erabaki zenetik”.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskarazko bikoizketaren egoera
ETBk nazioarteko filmak eta serieak euskaraz emateari "betoa" jarria diola salatu dute

EITBren egoitzaren aurrean elkarretaratzea egin dute (H)itzartu ETBk deituta. EAJri eta ETBri politikak errotik aldatzeko eta "premiaz euskarazko eskaintza erakargarria" osatzeko eskatu diote.


EITBren egoitzaren aurrean kontzentrazioa egingo dute nazioarteko filmak euskarara itzultzeko aldarrikatzeko

(H)itzartu EITB ekimenak maiatzaren 20rako elkarretaratzea deitu du, Stop betoari! Nazioarteko filmak euskaraz! lelopean. Ekimenaren ustez ikus-entzunezkoen eskaintzak garrantzi handia du hizkuntza biziberritzeko, eta salatu dute gaur egungo ikus-entzunezkoen politikak... [+]


2023-04-23 | Diana Franco
Teknologia
Iraunda ere desagertu?

Bikoizketa automatikoaren inguruan zenbait eztabaidaren oihartzuna heldu da nire belarrietara aste honetan. Badirudi, badela zenbait adimen artifizial bikoizketa maila altua lortzeko bidean dagoena, gizakion parekoa, eta bikoizketa lana denbora errealean egin dezakeena.

Azken... [+]


2022-09-13 | ARGIA
Zinemaldiaren inaugurazio egunean elkarretaratzea, ikus-entzunezkoetako euskararen "egoera tamalgarria" salatzeko

Aurtengo Donostiako Zinemaldian oso gutxi izango dira euskaraz edo euskarazko azpidatziekin emango diren pelikulak, Sail Ofizialean adibidez 109 emanalditik bat bera ere ez. Pantailak Euskaraz ekimenak egin du azterketa eta Zinemaldiaren inaugurazio eguna aprobetxatuz... [+]


Euskarazko bikoizketa
Planifikatutako abandonu baten historia

Gogoratzen Euskal Herriko haurrak ETB1en euskaraz ematen zituzten marrazki bizidunei pegatuta geratzen ziren garaiaz? Agian ez, aspaldiko kontuak baitira horiek honezkero: urtetan egindako murrizketen erruz, apenas ikusten den gaur egun marrazkirik, telesailik edo pelikularik... [+]


Eguneraketa berriak daude