Enbata mugimenduaren sortzaile izandako Jakes Abeberry zendu da

  • 92 urte zituela eman du azken hatsa miarriztarrak, Ipar Euskal Herriko bizi politiko, ekonomiko eta kulturalean eskaintza oparoa utziz. Sare sozialetan zabaldu du berria Jean-René Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko presidenteak.

Argazkia: Radio France/Nogues

2022ko azaroaren 30an - 09:18
Azken eguneraketa: 12:21

Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalea gaztea da –60 urte– eta oinarrian ditugunak badoaz, garaiko giroa sentitzeko balio digun lehen pertsona haiekin eramanez. "Lehenbiziko Aberri Eguna –pribatua– ospatu genuen Itsasun 1962ko Bazko astelehenez. Hitzaldi bana egin genuen Ximun Haranek, Jakes Abeberryk eta nik. Eztabaidan agertu zen mugimendu baten xedea eta 1963ko Aberri Egun fundatzailea prestatzen pasa genuen urtea", kontatzen zion ARGIAri Jean-Louis Davantek 2020ko maiatzean. Abeberry hori zendu da azaroaren 30 honetan, 92 urte zituela, eta adinean gora egin arte bizi politikoan egonik. Besteak beste, berriki arte irakurri ahal izan ditugu bere editorialak Enbata aldizkari politikoan.

Mugimenduak plazan emandako lehen urratsa izan zen 1963ko Itsasuko Agiri horretatik sortuko ziren hainbat egitura politikoen oinarrian egondakoa izan da miarriztar politikaria. Abertzaleen Batasuna alderdian eta ondotik EH Bai koalizioan inplikatu da berriki arte. Azken hilabeteetan ttipitu zuen bere inplikazioa, adina baino gehiago eritasun bati aurre egin beharragatik.

Enbata mugimenduaren sortzaileen artean egondakoa, Izan izeneko kolektibo abertzalean ere inplikatu zen 1980ko hamarkadatik aitzina, helburutzat hartuz besteak beste Ipar Euskal Herriarentzako garapen ekonomikoa. Hainbat tresna etorriko ziren hortik: Sokoa kooperatiba, lekuko garapen ekonomikoaren alde Hemen elkartea edota Herrikoa bankuen saretik kanpo den inbertsiorako kapital tresna.

Hauteskundeen esparruan sinesten zuela, 1980ko hamarkadan bide hori garatzearen alde aritu zen eta 1983an aurkeztu zen lehen aldikoz Jean-Pierre Destrade sozialistaren zerrendan. 1991n gehiengoan kokatzen lortu zuen, beste abertzale batzuekin, baina ezkerrean kokatzen ez zen Didier Borotrarekin. 1977tik 1991ra boterean egondako Bernard Marie eskuindarrari hartu zioten lekua hauteskunde horietan. Hamazazpi urtez bigarren axuanta izan zen.

Aliantzen estrategiaren alde egin izanagatik zein askapen borrokan borroka armatua erabiltzearen hautua gaitzetsi izanagatik, kritikak ere jaso zituen Abeberryk 1990 eta 2000 hamarkada horietan.

Duela bi urte, bere 90 urteekin, Biarritz Nouvelle Vague Verte et Solidaire - Olatu Berria hautagaitzan –abertzale eta ekologista ezkertiarrez osaturiko zerrenda– aurkeztu zen azken aldikoz, hautagaitzako 35. lekuan kokatuz.

Dantza gustuko zuen politikaria

Miarritzeko herriko etxean kulturaren arloaren ardura izan du hastapenetik. Hortik sortu zuen Le Temps d´Aimer dantza festibala 1991n, baita 1998an koregrafia zentro bat ere –Malandain Ballete ospetsua–. Iaz arte egon da Biarritz Culture egituraren presidente, guztira 30 urtez kulturaren alde eginez –Bi Harriz Lau Xori festibala hortik dator ere–. 

2020ko abenduan Maider Arosteguy auzapezak Biarritzeko kultur politikan egin nahi zituen aldaketei begira kritiko agertu zen, ordura arte egindako ekarpenak azpimarratuz eta auzapez berriaren joera gaitzetsiz.

Biarritzeko Oldarra euskal dantza eta koru elkarteko presidentea izan zen 1955 urtetik 1989ra.

Aniztasuna eskertza-mezuetan

Jean-Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko presidente eta Baionako auzapeza izan da sare sozialetan heriotzaren berri zabaldu duen lehena: "Jakes Abeberryk utzi gaitu. Asko zor dion herrialde honetako borroka guztietan egon zen. Konbentzimenduak, adimena eta talentua herri baten zerbitzura. Kultura gizona, koreografia ere bere hizkuntza zen. Gure maitasuna bere familiari eta maiteei #Euskalherri #PaysBasque".

Ondotik biderkatu dira eskertza eta dolumin mezuak: Malandain Balletea; EH Bai koalizioa; EAJ alderdia; Sortu-ko Arkaitz Rodriguez zein Arnaldo Otegi; François Alfonsi korsikar abertzalea; Frederique Espagnac Frantziako senatari sozialista; Mediabask komunikabideko erredaktore buru Goizeder Taberna; Vincent Bru diputatu zentrista; Olaso Dorrea Fundazioa; ala beste.

 
                                                    

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Abertzaleen Batasuna
2022-12-07 | Euskal Irratiak
Jakes Abeberryri azken agurra eman diote Miarritzen

Maila politiko eta kulturalean, Ipar Euskal Herrian arrasto handia utzi duen gizon baten bizia omendu dute atzo Miarritzen. Jakes Abeberry 92 urterekin pausatu zen iragan ostegunean.


Iparraldeko hondakinen parte bat errausten hasi daiteke Bil ta Garbi

“Balioztatze energetikoa” (“valorisation energetique“) eufemismoz beztiturik, baina azken finean erretzera bidaltzeko asmoa du Bil ta Garbi herri elkargoak Iparraldeko udalerri guztien hondakinen parte handi bat. Zementu fabrika edo antzeko laberen batean... [+]


Eguneraketa berriak daude