“Haize-kontra ari gara, baina haizeak norabidea aldatzen du”

  • Garai erabakigarriak dira akaso antimilitarismoarentzako, Euskal Herrian zein munduan. Mugimenduak galdua du hamarkada batzuk atzerago izan zuen indar handia eta, aldiz, biderkatzen ari dira diskurtso, gatazka zein aurrekontu militarrak, eskuinean zein ezkerraren barnean, gerra nuklearraren arriskua berpizteraino. Hori guztia irauli nahian ari dira Antimilitaristak EH plataforman batu diren Euskal Herri osoko talde antimilitaristak. Plataformak argitaratu berri duen liburuaz, egungo egoeraz eta etorkizuneko erronkez hitz egin dugu Bego Oleaga eta Antonio Escalanterekin. Emakumeak Gerraren Aurka taldeko kide da Oleaga, Gasteizkoak taldekoa Escalante, eta biak ari dira Antimilitaristak EH plataforman.

Bi urte inguru direla hasi ziren batzen Antimilitaristak EH plataforma osatzen duten talde antimilitaristak: Armiarma Talde Feminista Antimilitarista; Bake-Ekintza Antimilitarista; Bardenas libres; Bilboko KEM-MOC; Emakumeok Gerraren Aurka; Gasteizkoak; Gerrarik Ez Eibar; Jaizkibel militarrik gabe; Kakitzat; Gerra Hemen Hasten Da. Aurretik antolatu zuten elkarrekin beste ekimenen bat, armagintzak, gerrak eta migrazioak duten lotura ikustarazi eta salatzeko “Eusko Label armak gerrarako” kanpaina kasu, eta sortutako “giro politak” bultzatu zituen pauso berriak ematera, azaldu du Escalantek. Plataformaren izaera eta lana definitzeko eztabaidan daude orain –horregatik ohartarazi dute Oleagak zein Escalantek ez dutela plataformaren izenean hitz egiten–, baina hausnarketa amaitu bitartean “zer edo zer praktikoa” egiteko nahia sortu zen: “Armagintza enpresa bat aztertzea erabaki genuen, armagintzaren argazki orokorrago bat emateko”. Hori da Gasteizkoak talde antimilitaristak egin eta plataformaren izenean argitaratu den liburuaren zioa.

Liburua “erreminta bikaina” dela dio Oleagak, SAPA enpresaren eta Aperribay familiaren historia eginez “sare mafioso eta klientelar oso baten” deskribapena egiten duelako. “Intrigazko nobela beltz” bezala irakurri daitekeela dio, eta lanaren hainbat bertute zerrendatu ditu: produkzio militarrak lanpostuak sortzen dituenaren mitoa eraisten duela, osasun edo medikuntza arloko enpresekin lotuz armagintzak egiten dituen zuriketa ariketak agerian uzten dituela, produkzio militarra zibilean birmoldatzeko alternatiba ematen duela, armagintzako beste euskal enpresa batzuk ezagutzeko “gosea” pizten duela... Eta, guztiaren gainetik, “gerra hemen hasten dela” frogatzen duela.

Txuri-urdina zurigarri

Liburuak ez du ikertzen eta ez dio aipamenik egiten Aperribay familiak futbolarekin duen harremanari, armagintzarekin lotura zuzena duten negozio eta gertaeretara mugatzen da. Escalantek ez du baztertu halere negozio loturak egotea bi esparruen artean: “Frogatu ditzakegun gauzak soilik argitaratu ditugu, baina zurrumurruak eta zurrumurruak baino gehiago ere baditugu, zenbait futbol talderen palko pribatuetan gertatzen denaz”.

Argazkia: irekia.eus

Kirola eta armagintza beste modu batera lotu zituen Patxi Azparren antimilitaristak liburuaren aurkezpen egunean, Donostiako Koldo Mitxelena liburutegian. Jendeak hiltzen dituzten armekin eta gerrarekin negozioa egiten duten Aperribayren moduko familiek “onarpen soziala” lortzeko “marketing” beharra dutela ziurtatu zuen, eta horretarako erabili duela familiak Reala. Jokin Aperribay da taldearen egungo presidentea, eta aurretik presidenteorde izan zen Joaquin Aperribay aita, Iñaki Alkizaren agintaldian (Jokinen anaia Ibon Aperribay San Sebastián Gipuzkoa Basket taldearen administrazio kontseiluko kide izan zen). Escalantek nabarmendu du “heriotzaren merkatarien” zuritze ariketak ohikoak direla, euskal armagintzaren beste enpresa bat jarri du adibide, Sener: “Hamarnaka urtez presidentea izan zena, Enrique Sendagorta, aldi beren Opus Deiren obra sozialaren finantzatzailea zen. Etika filosofiko kristauaz liburu bat idatzi zuen. Andres Sendagorta, egungo presidentea, ikasketa militarrak dituena, Instituto de Empresa Familiar elkarteko Espainiako Estatu mailako presidentea da, hor agertzen da enpresa gizon eredugarri bezala”.

“Aperribay lotzen baduzu kirolarekin, futbolarekin, zeozer herrikoiarekin lotzen duzu”, dio Oleagak. “Nola pentsatuko duzu pertsona edo familia bera kapaz izango denik negozioa egiteko munduaren beste parte batean sarraskiak egingo dituzten edo errefuxiatuak sortuko dituzten armak salduz?”. Kirola eta gerra aurkako bi mundu bezala irudikatzen dira askotan, “bakearen” aldeko ekimenak ugariak izaten dira, baita Realean ere. Urte honetako ekainean, urrunago joan gabe, Gerrako eta futboleko oroitzapenak hitzaldia antolatu zuen talde txuri-urdinak Meho Kodro futbolari ohi bosniarrarekin, Ukrainako gerraren testuinguruan 90eko hamarkadako Balkanetako gerra gogoratuz. Hipokrisia horrekin “apurtu” beharra aldarrikatu du Oleagak: “Horrelako pertsona bat ezin da normaltasunez irribarretsu atera telebistan, kriminal bat da”.

"“Aperribay lotzen baduzu kirolarekin, futbolarekin,
zeozer herrikoiarekin lotzen duzu” (Bego Oleaga)

Militarismo garaiak

Azken urteotan militarismoa asko indartu dela dio Escalantek. Pandemian kokatu du lehen inflexio puntua. Irakurleak gogoan izango ditu Espainiako Gobernuaren neurriak iragartzeko prentsaurrekoetan militarrek hartutako protagonismoa, baina eragina sakonagoa izan zen: “Militarismoa hedatu zen mundu osoan eta Euskal Herrian, hierarkian gora, desobedientzia desagertuta...”. Eta pandemiaren gordinena pasata, Ukrainako gerra piztu zen. “Militarismoan sakondu da berriz ere”, dio Oleagak. Mendebaldeko estatuek aurrekontu militarrak biderkatu dituzte, armagintza enpresek gora egin dute burtsan, Txina ere omen da etsai orain, NATO berrindartu egin da. Ezkerraren zati batek ere barneratu du diskurtso militarista.

“Botereak momentuko irtenbidea planteatzera jokatzen du: ‘zer egin dezakegu orain, istant honetan?’”, azaldu du Escalantek, salatuz Ukrainakoa beste gerra askoren arteko bat gehiago dela. Tranpa horretatik irteteko, begirada altxatzea proposatu du: “Gure erremedioak ezin du izan medizina azkar bat. Hurrengo gerra geldiarazteko lan egin behar dugu gaurdanik, jakinda gerra hemen hasten dela”.

Krudelkeriaren pedagogia

Gerraren eta heriotzaren normalizazioaz eztabaidatu dute Gerraren Aurkako Emakumeak taldean. “Beldur izugarria dago. 80ko hamarkadan, herri honek ezetz esan zion NATOri, 90ekoan soldadutzaren aurka borrokatu zen, 2000koan kalera irten zen Irakeko gerraren aurka. Gerrek jarraitu dute, baina erantzun herritarrak ez. Zer gertatu da?”, hausnartu du Oleagak. Rita Segato antropologa feministaren kontzeptu bat mahai gaineratu du azalpen bila. “Segatok ‘Krudelkeriaren pedagogiaz’ hitz egiten du, bestearen sufrimenduarekiko enpatia indargabetzeko pertsonen programazioaz”. Horrorea normalizatzeko prozesua da. “Ukrainako gerrak, beste guztiak bezala, hasieran inpaktu handia sortu zigun, baina dena espektakulu bihurtzen digute eta azkenerako ohitu egiten gara. Mediterraneoko hildakoekin gauza bera gertatu da jada, Bidasoako hilek oraindik alarma pizten digute, baina bidean goaz”.

Mugimendu antimilitaristaren erronkak

Zer egin aipatutako hori guztia borrokatzeko? Hasteko, mugimendu antimilitarista indartu eta berritu. Mugimendua “lokartu xamar” ikusten du Escalantek: “Egia da gauza batzuetarako esnatzen ari dela, baina oro har betikoak gara. Jende berria behar da, jende berria ardurak hartzen”. Azken urteotan sortutako bi talde antimilitaristak azpimarratu ditu, Armiarma eta Emakumeak Gerraren Aurka, biak feministak eta emakumeek osatuta. “Kristoren ekarpena egin dute, haize freskoa ekarri digute”. Talde berri horietako baten kide den Oleagak dio oso garrantzitsua dela talde antimilitaristetan militatzea, sortzen ari diren sareak “indartzea”, eta “kalean jarraitzea”.

Baina gazteek lekukoa hartzea ezinbestekoa dela dio Escalantek, eta Gasteizkoak taldean zalantza dute horretarako oztopoa ez ote diren beraiek “betiko antimilitaristak zaharrak”; ez ote duten, nahi gabe bada ere, “tapoi lana” egiten. Gazteak antimilitarismora batzea irrikatzen du, eta uste du hori gertatzekotan bere belaunaldiak lanean jarraitu bai, baina “hirugarren lerrotik” lagundu beharko lukeela.

Bigarren erronka nagusia antimilitarismoa “irekitzea” dela uste du Escalantek. “Militarismoa jendarte osoan dago zabaldua, eta jendarte osotik eman behar zaio erantzuna. Adibidez, salatzen badugu hezkuntza zentro batzuek armagintzarekin duten lotura, horko langileek eta irakasleek parte hartu behar dute salaketan. Edo armagintza enpresen produkzio militarra produkzio zibilagatik ordeztea proposatzen badugu, bertako langileek eta sindikatuek parte hartu behar dute”. Hori nola egin, inplikatutako guztien artean eztabaidatu eta hausnartu behar dela iritzi dio. “Askotan planteamendu itxiegiak egin ditugu, dena guk hausnartu eta proposatuta”.

Mundua aldatu, gerratik hasita

Gerra, patriarkatua eta kapitalismoa eskutik doazela, eta hirurekin amaitu beharra dagoela aldarrikatu du Oleagak. “Gure espezieak historia luzea du. Patriarkatuak, aldiz, 10.000 urte soilik, kapitalismoak askoz gutxiago; baina tarte labur horretan gizateria amildegiaren bazterrera eraman dute”. Natur baliabideen agorpena, kaos klimatikoa, migrazio masiboak, pobrezia, gerra... “Gizateria eta planeta larrialdi egoeran gaude”.

"Egia da gauza batzuetarako antimilitarismoa esnatzen ari dela, baina oro har betikoak gara. Jende berria behar da" (Antonio Escalante)

Mundu honen eraisketa eta berriaren eraikuntza gerrarekin eta militarismoarekin amaituz hastea proposatu du Oleagak: “Milaka arrazoi ditugu borrokan jarraitzeko, eta borrokan jarraituko dugu. Hemen hasten delako gerra, eta oso txikiak bagara ere hemen dago gure lana”. Ez dira garai goxoak, horregatik eraldatu behar da garaia, hain zuzen ere. “Gure taldeko Malenek errepikatzen duen moduan, haizearen kontra goaz beti, baina haizeak batzuetan norabidea aldatzen du”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Antimilitarismoa
Nola obedituko diot eroari

1997. Aguraingo Intsumiso Eguna. Antimilitarismoak milaka lagun biltzen zituen bere ekimenetan, artxibotik berreskuratu dugun argazki honetan ikusten den moduan. Aurten 30 urte beteko dira Intsumiso Eguna ospatzen hasi zirela.


Bonbak eta munizioa jaurtiko dituzte aste guztian Bardeako tiro poligonoan

Herrialde askotako hegazkinak izanen dira Bardean gerrarako ariketa militarrak egiten. Benetako bonbak eta munizioa erabiliko dituzte horretarako. Aste osoan izanen dira lan horietan eta Poligonoaren Aurkako Asanbleak zalantzak ditu segurtasuna ziurtatuko ote duten... [+]


Yurii Sheliazhenko kontzientzi eragozlea libre utz dezala eskatzen diote Ukrainako Gobernuari

Yurii Sheliazhenko Ukrainako Mugimendu Bakezaleko Idazkari Exekutiboa da, eta abuztuaren 15az geroztik preso dute bere etxean. Asteazkenean egin zuten bere aurkako lehen epaiketa eta intsumisioaren aldeko Europako mugimendua bere askatasunaren aldeko kanpaina egiten ari da.


2023-04-05 | Uriola.eus
Abian da gastu militarraren aurkako eragozpen fiskalaren kanpaina

Asteartean hasi dira gerra finantzatzeko onartzen den gastu neurrigabea salatzeko ekintzak, ‘Gastu militarrik ez’ lemapean.


Eguneraketa berriak daude