ARGIA.eus

Bultza kazetaritza independentea
Puerto Rico

Historiako koloniarik zaharrenaren oihua

  • Karibeko irlako herritarrek bost mende daramatzate era guztietako zapalkuntzak jasaten: Espainiaren kolonia izatetik AEBen kolonia izatera igaro ziren duela 124 urte, uztailaren 25ean. Halere, puertorricarrak ez dira inoiz isilik gelditu, eta mendekotasuna borrokatzen jakin dute. Nahiz eta borroka horietako askotan ezintasuna gailendu zaien, garaipen esanguratsuak ere lortu dituzte, 2019ko uztailaren 25ekoa, kasu: uhartearen ia heren bat mobilizatu zen Ricardo Roselló gobernadorearen aurka, eta boteretik botatzea erdietsi zuten. Argi dago, beraz, uztailaren 25a gogoratzeko data dela Puerto Ricoko historia konplexuan.


2022ko uztailaren 24a
2019ko uztailean milaka lagun kalera atera ziren Ricardo Rosellóren dimisioa eskatzeko./ Argazkia: Carlos Giusti, AP.

Duela hiru urteko uztailean nazioartean sona izan zuen Puerto Ricok -kolono espainolak iritsi aurretik Borinken deiturikoak-, batik bat Residente, Bad Bunny eta Ricky Martin abeslari ezagunek aurpegia jarri zietelako orduko Ricardo Roselló gobernadorearen aurkako protestei. Bi astez bete zituzten kaleak milaka herritarrek, “Ricky renuncia” (Ricky, dimititu) oihukatuz eta kantatuz. Gutxik ezagutuko du Bad Bunnyren alde hau, baina honelaxe kantatu zuen Residenterekin eta iLe-rekin eginiko Afilando cuhillos (Labanak zorroztuz) kanta San Juan hiriburuko kaleetan: “Arranca pal carajo y vete lejos, y denle la bienvenida a la generación del yo no me dejo”. (Zoaz pikutara, zoaz urrutira, eta eman ongietorria makurtzen ez den belaunaldiari). Urrutira ez, baina bidali, bidali zuten Roselló.

Hain zuzen, “makurtzen ez den belaunaldiak” urteak zeramatzan PNP Alderdi Progresista Berriaren gobernuaren jarduna kritikatzen, harik eta 2019ko uztailaren 13an guztiak eztanda egin zuen arte. Roselló eta beste gizon boteredun batzuen arteko Telegrameko elkarrizketa luze bat filtratu zuen Centro de Periodismo Investigativo Puerto Ricoko komunikabide independenteak. Era guztietako mezu misogino, homofobo eta diskriminatzaileak ziren, eta uharteko politikari, artista eta herritarren kontura barre egiten zuten; Maria urakanaren ondorioz 2017an hil zirenei ere trufa egiten zieten. Azpimarratzekoa da Harvard Unibertsitatearen ikerketa batek kalkulatu zuela 4.645 pertsona hil zirela urakan horren eraginez, besteak beste, uharteko gobernuaren eta AEBen (Donald Trump presidente zela) kudeaketa eskasagatik.

Gainera, mezuak filtratu baino hiru egun lehenago hainbat gobernukideren aurkako ikerketak zabaldu zituzten, ustelkeria leporatuta. Puertorricarrek gehiegizkotzat jo zituzten gertakariak, eta kalera atera ziren gobernadorea kanporatzeko helburuz. Uztailaren 22an herrialde osoa geldiarazi zuten eta, hango hedabideen arabera, ia milioi bat lagun elkartu ziren hiriburuan, Puerto Ricoko zein LGTBI+ kolektiboko banderak eskuetan zituztela. Askotariko ideologia eta adineko jendea bildu zen, eta oinez, bizikletan, autoan edota piraguan heldu ziren gobernadorearen egoitzara. Rosellóren dimisioa ospatu zuten orduan, baina, hiru urte geroago, PNP alderdiak segitzen du boterean, eta ustelkeria ez da desagertu. Bada, aurten ere hainbat ekintza antolatu dituzte urteurrenaren karietara, baina zaila da orduko hura errepikatzea.

Roselló gobernadorearen dimisioa ospatu zuten orduan, baina, hiru urte geroago, PNP alderdiak segitzen du boterean, eta ustelkeria ez da desagertu
Ahotsa bai, eskubideak ez

1898ko uztailaren 25ean Espainiak AEBen aurkako gerran irla "galdu" zuen, eta 54 urte geroago, 1952ko uztailaren 25ean, Puerto Rico AEBen Estatu Libre Elkartua (ELA, gaztelerako sigletan) bilakatu zen, eta Nazio Batuen Erakundeak erabaki zuen nahikoa autonomia ematen ziela horrek, eta, beraz, kolonia zirenen zerrendatik atera zuten. Ospatzekoa, hortaz. Errealitatea, ordea, oso bestelakoa da. Gobernu autonomoa dute, kiroletan euren selekzioa dute, baina ez da inoiz deskolonizazio prozesurik izan, eta ELA izateak eskumenak baino betebehar gehiago eman dizkie. Finean, AEBen kolonia izaten segitzen du, eta Puerto Ricoko Gobernua Washingtonen txotxongiloa besterik ez da. Konplexua da egoera, baina laburbilduz, hauxe da: boricuek (Puerto Ricoko herritarrak) estatubatuar hiritartasuna dute, eta haien presidentea Joe Biden da, baina ez dute hura hautatzeko hauteskundeetan parte hartzeko eskubiderik. AEBetako Ordezkarien Ganberan bozeramaile bat dute puertorricarrek, ahotsa duena baina botorik ez. Bitxikeria gisa, batzuek gogoan izango dute 2003an Ibarretxe Planak Puerto Ricoko ereduaren ezaugarri batzuk proposatu zituela Euskal Autonomia Erkidegoarentzat.

Halaber, Jones legea edo kabotaje legea deritzona dute, zeinak derrigortzen baitie Puerto Ricora doazen ontzi guztiak AEBetakoak izatea, eta inportazioari begira prezioak izugarri garestitzen ditu. Amnesty Internationalen arabera, biztanleen %47 pobrezian bizi da. Krisia sakona eta askotarikoa da: ekonomikoa (mendekotasun handia dute beste lurraldeekiko), klimatikoa (gero eta urakan eta lurrikara latzagoak dituzte), politikoa (ustelkeria da nagusi) eta soziala (pobrezia, indarkeria, feminizidioak, eta droga kontsumoa). Ana Teresa Toro idazle eta kazetari puertorricarrak gogorarazten du kolonia izaera dela aurrera egitea oztopatzen diena: “Koloniak ez dira aurrera egiten duten ala loratzen diren tokiak; koloniak dira toki batzuk zeinetatik atera egiten dituzten gauzak, non indarkeria esplizitua eta inplizitua dagoen”.

'Se acabaron las promesas' taldeak PROMESA legea gaitzetsi eta independentzia aldarrikatzen du./ Argazkia: @valventress_
Ez dute PROMESArik nahi

Kolonia izaera agerian uzten duen beste lege bat da PROMESA legea (Puerto Rico Oversight, Management and Economic Stability Act, ingelesezko sigletatik), 2016an Barack Obamaren gobernuak abiatu zuena, Karibeko uhartearen “krisi ekonomikoa kudeatzeko”. Alegia, Puerto Rico porrot ekonomikoan zegoen, 66.000 milioi euro inguruko zorra ordaindu ezinik, eta Washingtonetik erabaki zuten hori konpontzeko Kontrol Fiskalerako Batzorde federal bat bidaltzea; batzorde horrek Puerto Ricoko Gobernuak eta Parlamentuak baino eskumen eta botere gehiago ditu herrialdeko ekonomian. Plan fiskala 2026. urtera arte dago martxan, eta uharteko hainbat eragilek salatu dute herritarrak murrizketa ugari jasaten ari direla PROMESA legea dela-eta, hezkuntzan, batik bat.

Ahots ugari altxatu dira Kontrolerako Batzordearen “inposizioaren” aurka, eta, besteren artean, salatu dute gobernuaren urte luzetako ustelkeriaren ondorioak herritarrek ordaindu behar dituztela orain. Se acabaron las promesas (Amaitu dira promesak) talde independentistan artikulatu dira. 2019ko uda hartan ere “amaitu dira promesak” leloekin Puerto Ricoko banderaren zuri-beltzezko bertsioak altxa zituzten airera, PROMESA legearen eta kolonizazioaren aurkako ikur bilakatu direnak, hain zuzen.
2017ko irailean Irma eta Maria urakanek uhartea suntsitu zuten, eta etxea galdu ez zutenek argindarra galdu zuten, horietako askok zenbait hilabetetarako. Bada, haizete bortitz horiek haize berriak ere eraman zituzten irlara, eta puertorricarrek elkarlan eta antolaketa erakustaldia egin zuten; auzolanaren bidez altxatu ziren. Ez hori bakarrik, orduko hartan gobernuari eta AEBei egin zizkieten kexek iraun zuten, eta askok egun ere diraute. Puerto Ricoko aditu eta analisten esanetan, 2019an Roselló boteretik botatzea ez zen egun batetik bestera gertatu, baizik eta azken urte horietan piztuta zeuden hainbat borrokaren ondorio izan zen, horien artean unibertsitateko ikasleenak. Pospoloak piztu zituzten argidarraren faltan, eta azkenean sua hauspotu zuten.

Aldaketa garaiak

Gobernadorea kargua uztera behartu zutenean esperantza mezuak zabaldu ziren, aldaketarenak, eta 2020ko azaroko hauteskunde orokorrak horren isla izan ziren. Ramon Rosario Luna Puerto Ricoko Unibertsitate publikoko irakasleak “anti-neoliberalismoaren indar” gisa definitu zituen, 80 grados agerkari digitalean eginiko analisian. Ordura arteko bipartidismo liberalista (PNP eta PPD) indarra galtzen ari dela ikusi zen. PNP Alderdi Progresista Berriko Pedro Pierlusik irabazi zituen bozak, baina historian bozka gutxien jaso dituen gobernadorea da, eta parlamentuan gutxiengoarekin ari dira gobernatzen. Bigarren indarra da PPD Alderdi Popular Demokratikoa izan zen, baina alderdiaren historian boto gutxien jasota. Kontrara, nabarmen hazi ziren MVC Herritarren Garaipenerako Mugimendua (2019ko protesten ondoren sortua) eta PIP Alderdi Independentista Puertorricoarra (2016an %2 izatetik 2020an %13 izatera) alderdi ezkertiar eta antikolonialisten aldeko botoak. Dena dela, parlamentuan eta senatuan MVCk bi ordezkari eta PIPek bakarra dituzte.

Puertorricarren presidentea Joe Biden da, baina ez dute hura hautatzeko hauteskundeetan parte hartzeko eskubiderik

Ezin aipatu gabe utzi hauteskundeetako parte hartze urria. Azkenenego aldi guztietan parte hartzea %80ren bueltan zebilen, eta azken bietan agerikoa izan da jaitsiera: 2016an %55,45ekoa izan zen, eta 2020an %55,02koa.

Gainera, botoek erakutsi dute mugimendu sozialetan atzematen zen beste joera bat: independentziaren aldeko ahotsek babesa irabazi dute. Izan ere, AEBen kolonia izanik, horren aurrean hiru jarrera nagusi bereizten dira: Estatu Libre Elkartuaren (ELA) egungo ereduarekin segi nahi dutenak (PPDk ordezkatua), AEBetan guztiz barneratu eta 51. estatua bilakatu nahi duten estadistak (gobernatzen ari den PNPk ordezkatua), eta independentzia nahi dutenak (MVC eta PIP, esaterako). Zalantzarik gabe estadistek dute indarrik handiena, eta independentziaren aldekoak dira gutxiengoa.

Erreferendum ez lotesleak

Puerto Ricoko Gobernuak hainbat erreferendum ez lotesle egin ditu herrialdearen autonomiari buruz. ELAren aukera gailendu zen 1967, 1993 eta 1998an egindako plebiszituetan. 2012an, berriz, lehen aldiz 51. estatu bilakatzearen aukerak irabazi zuen bozkatzaileen %60 ingururen babesarekin; independentziak %5 soilik lortu zuen. Bost urte geroago, 2017an, beste galdeketa bat egin zuten, baina independentistek eta ELAren aldekoek boikoterako deia egin zuten, “zentzugabea” zela iritzita; %23ko parte hartzea izan zuen. Ondorioz, %97k bozkatu zuen estatuaren alde. Azkenik, 2020an beste saiakera bat egin zuten, oraingoan bi aukera bakarrik eskainita: “Estaditatea bai ala ez?”. %54,72ko parte hartzea izan zuen, eta hautesleen %52,5ek baiezkoa eman zuen eta %47,5ek ezezkoa. Esanak esan, erreferendumak ez dira lotesleak, eta AEBek interes gutxi erakutsi dute auzia konpontzeko. Komeni zaie Puerto Rico bezalako lurralde pobretu bat 51. estatu gisa hartzea? Eta, bestela, abantaila erraz eta merkeak ematen dizkien lurraldea guztiz askatzea? Momentuz, badirudi statu quoari heltzeko asmoa duela Washingtonek.

Independentziarako oihuak

Bost mende baino gehiagoko mendekotasuna jasan duten arren, ez dira otzanak izan boricuak. Kolonoen aurka ere zenbait borroka egin dituzte, bai espainolen kontra bai estatubatuarren kontra. Lehen independentzia saiakera Lares-eko Oihua izan zen, 1868an Espainiako inperioaren aurkako altxamendu armatua. Gutxienez 400 laguneko taldea izan zen iraultzaren protagonista, eta Puerto Ricoko Errepublika aldarrikatu zuten, bandera boricua lehen aldiz jarriz (hor oinarrituta egin zuten oraingo bandera). Halere, espainolek saiakera erreprimitu zuten eta 800 bat “susmagarri” atxilo hartu.

1954an militante nazionalista batzuek Capitolioari eraso egin zioten, Puerto Ricoren askapena eskatzeko./ Argazkia: Colección Benjamin Torres, centro de investigaciones históricas.

Pasa den mendean independentziaren aldeko borrokak indarra hartu zuen berriro, langile klasearen borrokarekin batera; Pedro Albizu izan zen bultzatzaileetako bat. Hori ikusita, 30. hamarkadatik aurrera AEBetako Gobernuak errepresioa erabili zuen nazionalismoaren aurka: militante eta politikoen jazarpena, espetxeratzeak, eta hilketak ere bai. Adibidez, 1937an Ponceko Sarraskia egin zuten, AEBetako Gobernuak aginduta: poliziek 20 nazionalista hil zituzten irlaren hegoaldeko herrian. 1948an legez zigortu zuten independentzia defendatzea, han ere Mozal Legea deitu dutenaren bidez, eta, besteak beste, Albizu kartzelaratu zuten beste behin. AEBetako Poliziak milaka lagun zelatatu eta haien informazioa karpetetan bildu zuen, independentzia bultzatzearen “susmagarri” zirelako, eta gaur egun arte iraun du “karpeteoa” deitzen dioten praktikak.

1950ean beste altxamendu bat egin zuten: Jayuyako Oihua. Blanca Canales militanteak Puerto Ricoko Errepublika aldarrikatu zuen uhartearen mendialdeko herri horretan, eta lehen aldiz jarri zuen jendaurrean orain herrialdeko bandera gisa ezagutzen duguna (debekatuta egon zen urte luzez). Polizien eta militanteen artean tiroketa izan zen, eta zauritu ugari eta hiru independentista hildako utzi zituen; atxilotuak kartzela zigor luzeetara kondenatu zituzten. Beste saiakera frustratu bat independentziaren historian.

Estatu Libre Elkartuak urak baretzeko balioko zuelakoan zeuden, baina oso oker zeuden. Bi urtera, ELA salatzeko eta deskolonizazioa aldarrikatzeko lau aktibista AEBetako Kongresura armekin sartu eta eraso egin zuten. Ez zen hildakorik egon, baina espetxe zigor luzeak jaso zituzten militanteek. Errepresioaren aurrean, beste jauzi bat eman zuten 1970eko harramaldian, eta talde armatuetan antolatu ziren independentziaren eta sozialismoaren defendatzaileak: Los Macheteros (Ejercito Popular Boricua) eta FALN (Askapen Nazionalerako Indar Armatuak). Ekintza ugari egin zituzten eta hainbat pertsona hil, Borinkenen askapenaren izenean. Besteren artean, Oscar López Rivera izan da FALNeko pertsona ezagunenetako bat nazioartean. 35 urte kartzelan igaro zituen, harik eta Barack Obamak 2017an indultua eman zion arte, Lópezek 74 urte zituela. Espetxetik atera eta gutxira euskal preso politikoei elkartasun mezua helarazi zien.

Hondartza publikoak enpresa pribatuek erostearen aurkako protesta bat./ Argazkia: Robinson Camacho Rodriguez.
Hamaika aldarrikapen

Puertorricarren borrokak ez du etenik, eta kaleak bizi-bizirik daude. 2019ko udak indarberritzeko balio izan zien, eta hamaika taldetan banatuta herritarrek segitzen dute historiako koloniarik zaharrenaren zapalkuntzei gogor egiten. Azken urtean, oro har, pribatizazioaren aurka ari dira ozen: hezkuntzaren, osasungintzaren, energiaren eta lurren pribatizazioari aurre egiten, batez ere. Izan ere, irlako argindarra LUMA enpresa pribatuaren esku utzi zuten 2021eko ekainean, eta herritarrak ez daude konforme. Hezkuntzan, goi mailako ikasketak egitea gero eta poltsiko gutxiagoren esku dago. Lurren pribatizazioari dagokionez, biztanleen kexu nagusia da hondartzak pribatizatzen ari direla, turismora bideratutako negozioak erosten ari direlako lur publiko horiek; hondartza bat baino gehiago okupatu dituzte azken urtean aktibistek.

“Makurtzen ez den generazioa” zabaltzen ari den mezua antikolonialista da, eta “Puerto Rico ez dago salgai” ozen gogorarazten diete irlara negozio merke bila doazen enpresari estatubatuarrei eta europarrei. Zeren, batzuentzat Karibeko oporraldiko paradisua dena, besteentzat eguneroko bizitokia baita, krisiaren ondorioz gero eta bizigarritasun zailagoa duena.
Honela kantatzen du Residentek Hijos del Cañaveral abestian, bere herriari omenaldia eginez: “Lo nuestro no hay nadie que nos los quite/ Porque por más nieve que tiren, aquí la nieve se derrite” (Ez dago geurea kenduko digun inor/ Zeren nahiz eta elur asko bota, hemen elurra urtzen da). “Aunque siembren las raíces como les de la gana/ Los palos de guanabana no dan manzanas” (Haiek nahi dituzten sustraiak landatuta ere/ Guanabano adarrek ez dute sagarrik ematen).

Juan Ponce de Leon konkistatzailearen estatua eraitsi zuten aktibista batzuek urtarrilean. / Argazkia: El Nuevo Dia, Alex Figueroa Cancel.
Nor da boricua?

Puerto Rico Karibeko irla txiki bat da, 9.104 km koadroko azalera duena (Nafarroa Garaiak 10.391 km koadro ditu). Bertan bizi dira 3.285.874 boricua, 2020ko datuen arabera. Baina beste 6 milioi diasporan bizi dira. Gehienek AEBetara migratzen dute, uharteko pobreziatik ihesi. Azken hamarkadan urtero 75.000 pertsonak utzi dute jaioterria, UCLA unibertsitateko ikerlan baten arabera.

Zaila da itxuragatik boricua bat identifikatzen, urteetako historiaren poderioz nahasketa handia izan dutelako. Beltzak, zuriak eta mestizoak: gazteleraz, ingelesez edo bien arteko nahasketan hitz egiten dute, irlako doinu bereziarekin. Jatorrizko herria tainoa dute, eta haiek jarri zioten Borinken izena lurraldeari; hortik boricua hitza. Baina kultura hura desegitera iritsi ziren 1493an Cristobal Colon eta beste inbaditzaileak, eta San Juan Bautistaren Irla gisa izendatu zuten.

Lehen aldiz Juan Ponce de Leon finkatu zen han, 1508an, eta lehen gobernadore izendatu zuten espainolek. Hain zuzen, aurten konkistatzaile horren estatua eraitsi dute hiriburuko plazatik ekintzaile batzuek, Espainiako Felipe VI.a erregearen bisita zela-eta, Puerto Ricoren askapena aldarrikatzeko. Irlaren gaineko kontrola hartu zuen, Agüeybana kazike nagusia alboratuta, eta tainoak menderatzen hasi zen. Indigenak hiltzen joan ziren, batik bat espainolek eramandako gaixotasunengatik. Bizirik iraun zutenak espainolekin nahasten joan ziren, eta adituen arabera, asimilazio prozesua gertatu zen. Taino hizkuntza desagerrarazi zuten. Indigenen faltan, Afrikatik esklabo gisa hartutako pertsonak eramaten hasi ziren irlara. Haiek ere euren kultura eraman zuten Borinkenera, eta, mende batzuk geroago, estatubatuarrek ere euren arrastoa utzi zuten. Horregatik, esaten da denen nahasketaren fruitua direla egungo boricuak. Historiako koloniarik zaharrenaren seme-alabak.

 


Puerto Rico kanaletik interesatuko zaizu...
2022-01-26 | Leire Artola Arin
Juan Ponce de Leon konkistatzailearen estatua bota dute Puerto Ricon, Espainiako erregearen bisitaren harira

Ekintzaileek salatu dute Puerto Rico “inbaditzen” ari direla. Felipe VI. erregea irlan izan da, San Juan hiriburuaren sorreraren bosgarren mendeurrenaren ospakizun ekitaldietan; Ponce de Leon Espainiako konkistatzaile eta genozidak eraiki zuen hiria, 1521ean. Puerto... [+]


'Maria' urakanak baino lehen zorrak suntsitu du Puerto Rico kolonizatua

Irailaren 20an Maria 5. kategoriako urakanak astindu zituen Antillak, kategoria bereko Irma-k jipoitu eta hamabost egunera. Txikiziorik handienak jasandakoen artean dago Puerto Rico, teorian AEBen probintzia baina benetan konpainia yanki handien kolonia dena.  Zor publiko... [+]


Eguneraketa berriak daude