UEU

Karlos Santamariaren euskal unibertsitatearen bidean

  • Urrezko ezteietan da Udako Euskal Unibertsitatea (UEU). Euskaraz ariko den unibertsitatea helburu, 50 urte egin ditu traktore-lanean. Bidea berregin dugu, UEUren zuzendari Kepa Sarasola eta idazkari nagusi Ane Sarasua gidari harturik.

Jarduera pedagogikoak: beste modu batera ere ikas daitekeela erakutsi zuen UEUk hasiera-hasieratik. ARGIAren artxiboan aurkitu dugu 1978an egindako jarduera pedagogikoen argazki hau. Orduko bizitasuna ez du galdu UEUk ondorengo urteetan.
Jarduera pedagogikoak: beste modu batera ere ikas daitekeela erakutsi zuen UEUk hasiera-hasieratik. ARGIAren artxiboan aurkitu dugu 1978an egindako jarduera pedagogikoen argazki hau. Orduko bizitasuna ez du galdu UEUk ondorengo urteetan.

Esateko moduan, festarik festa dabil UEU komunitatea 50. urteurreneko ospakizunen karietara. Dakigunez, nahi beste dira ezer zelebratzeko formulak, eta Udako Euskal Unibertsitateak berea erabaki du, UEUko idazkari nagusi Ane Sarasuak esan digunez: “Urteurrena diseinatzen hasi ginenean, hiru helburu genituen. Lehena, ospatzea; gainera, pandemiatik gentozen, eta presentziala nahi genuen ospakizuna. Bigarrena, gure proiektua hobeto ezagutaraztea eta, horretarako, UEUren ospakizuna hiriburu guztietara eramatea, ezagutzaz eta jakintzaz baliatuz, baina kontrapuntu ludiko eta guzti, hau da, ikerlari gazteen mikrohitzaldiak eginez eta, horrekin batera, mokadua eta musika ere eskainiz”. Ekainaren hasieran eginak dituzte “UEUfestak” Baionan, Eibarren –bertan baitu ikastetxea UEUk–, Donostian, Iruñean, Gasteizen eta Bilbon, belaunaldi berriko ikerlariekin batera “bizi osoan lagun izan ditugun UEUkideak ere bilduz”, Kepa Sarasola UEUko zuzendariaren esanetan. 50. urteurreneko ikastaroen irekiera-ekitaldia Baionan eginik –hantxe egin baitzituen lehen urratsak UEUk–, bigarren ekitaldi instituzionala, akademikoa, Bilbon egingo dute, irailaren 21ean, Kafe Antzokian, Euskal Herriko unibertsitateetako eta gizarteko ordezkariak bilduz eta, bidenabar, webgune berritua eta ikus-entzunezko korporatibo berria ere aurkeztuz. Zuzendariaren mezua: “Gure proiektua ez dela bukatu adieraziko diegu batzuei eta besteei, Euskal unibertsitatea egin nahi dugula, komunikazio-hizkuntzatzat euskara hartuko duen unibertsitatea sortu”, horixe baita UEUren helburua sortze beretik ere.

1972, Karlos Santamaria

Historia eginez, 1970-72an Euskal asteak antolatu ziren Baionako Euskal Erakustokian. 1972ko ekitaldian Karlos Santamariak Euskal Unibertsitatea sortzeko premiaz jardun zuen eta, ondorioz, Euskaldunen Biltzarra, Ikas eta Fededunak elkarteek 1973ko udan UEU antolatuko zutela erabaki zuten. Abuztuaren 29tik irailaren 8ra egin zen unibertsitate hura, Euskaltzaindiaren babespean. Eta, honetan, Kepa Sarasolak irakurrarazi dizkigu Santamariak garaitsuan egindako hitzak: “Bi eginkizun diferente dago uste dudanez, gure Unibertsitatearen alorrean. Batari Euskal Unibertsitatea dei lekioke; besteari, berriz, Euskal Herriko Unibertsitate izena emango nioke nik, bion arteko desberdintasuna ongi azaltzeko. [...] Euskal Herrian dauden eta egongo diren unibertsitate eta sasi-unibertsitate multzoari Euskal Herriko Unibertsitatea izena emango diogu. Aldiz, uste honek utopia itxura badu ere, nire terminologiaz Euskal Unibertsitatea euskal kultura eta hizkuntzaren ‘alma mater’ izan beharko litzatekeen euskarazko unibertsitatea da”. Santamariaren hitzak, hortaz, Jakin aldizkariak 1977an jasoak.

Karlos Santamaria ARGIAren artxiboko argazki batean. UEU sortu berritan, bi kontzeptu desberdindu zituen irakasle donostiarrak: Euskal Herriko Unibertsitatea gauza bat zen, Euskal Unibertsitatea beste bat.

UEUren lehenengo bi ekitaldiak Donibane Lohizuneko Maurice Ravel ikastegian egin ziren; ondoko biak Uztaritzeko apaizgaitegian. 1977an, berriz, Iruñean egin zen UEU, Martin Orbe gidari zela: “Nik Manex Goienetxe aipatu behar dut. Ohartu zen, ez bera bakarrik, ikasle gehienak Hegoaldekoak zirela, dirua ere alderdi honetan biltzen zela, hona behar zuela UEUk, eta, hona, Nafarroara. Halaxe etorri ziren Iruñeko Larraonako urteak. Niri dagokidanez, Anton Artiñanok eman zuen nire izena UEU zuzentzeko”. Kepa Sarasolak, berriz, Manex Goienetxerekin batera, Piarres Xarriton, Jean Haritxelar, Karlos Santamaria, Joxe Ramon Etxebarria eta Txillardegiren izenak ere aipura ekarri ditu: “Gizonezkoak denak, baina laster dira hor Maria Jesus Esteban eta Anjeles Iztueta matematikariak, edota Edurne Alegria eta Mari Karmen Meñika, adibidez, lan gaitza egindakoak, eta nahitaez aipatu beharrekoak”. Iruñeko urteen garaia etorri zen…

“1977an, ondoko
25 urterako azpiegitura finkatu zen Larraonan”
(Kepa Sarasola)

Iruñeko Larraona

Ipar Euskal Herrian ezarri ziren euskal unibertsitatera bideko UEUren zimentarriak. Franco diktadorea 1975eko hazilean hilik, handik bi urtera egin zen Iruñeko lehen saioa, Sarasolak adierazi digunez: “Ordurako, ikastolen mugimendua pil-pilean zegoen, euskararen aldeko mugimendua ere indartsu, euskara batua ere sendotzen, nahiz plazara eraman behar zen. Kualitatiboki, Iparraldekoa garrantzizkoa izan zen. Kuantitatiboki, UEU Iruñean egiteak jauzia ekarri zuen: 500 pertsona ere bildu ziren hasierako garaian Larraonan. Azpiegitura hobezina zen: barnetegia zen nahi zuenarentzat, jantoki eta logelak, saio osagarriak eta gainerakoak”. Arrakasta handiko urteak izan ziren, eta etorkizun oparoaren hasmenta: “1977an, ondoko 25 urterako azpiegitura finkatu zen Larraonan. Baina uztaileko hamabostaldian ez ezik, urte osoan zehar egiten zen lan, eta Iruñean, berriz, aurkezten. Izozmendiaren punta zen Larraona”. Ane Sarasuak azpimarratu du orduantxe egituratu zirela sailak, lotu zitzaizkiola batzuk eta besteak jakintza-arloen diziplinartekotasunari, ikasle-irakasleen arteko horizontalitateari. 27 jakintza-sail ere izan ziren noizbait, nahiz oraingo egunean denak ez diren indarrean.

1985, UEU urte osoan

Karlos Santamariaren hitzak gogora ekarriz, “Euskal Unibertsitatea euskal kultura eta hizkuntzaren ‘alma mater’ izan beharko litzatekeen euskarazko unibertsitatea da”, eta, jakina, da “urte osokoa, ez udakoa bakarrik”, Sarasolaren arabera. Berak izozmendiaren puntatzat du sasoi bateko udako hamabostaldia, izan Baionakoa, izan Iruñekoa. Ane Sarasua idazkari nagusiarena da egia: “Ikasle-irakasle haiek militanteak ziren, gazteak, eta laster hasi ziren EHUn plaza lortzen, EHUko euskara planetan eragiten, IXA taldea eta gisakoak osatzen… Alegia, Larraonan xurgatutakoa unibertsitate ofizialetan gauzatzen hasi ziren, karrerak euskaraz egon zitezen lanean. Udakoa ez zuten nahikoa”, eta, horrela, 1985ean, urtean zehar hitzaldi eta jardunaldiak antolatzeari ekin zion UEUk.

Handik urtebetera, izaera juridikoa hartu zuen UEUk, bi langile zituela: Mari Karmen Meñika idazkari nagusi, eta Nekane Intxaurtza, berriz, argitalpengintzaz arduradun zela.

Ane Sarasua eta Kepa Sarasola UEUko idazkari nagusiaren eta zuzendariaren eskutik eman diogu errepasoa azken 50 urteetako ibilbideari (argazkia: Zaldi Ero).

Garaiari buruzko oharkizunak egin nahi izan ditu Sarasolak, hasierako belaunaldia miragarritzat joz. “Jende adimen handikoa izan baitzen, beste hizkuntza batzuek asmatu ez dutena asmatu zuten haiek, asmatu zuen euskarak, Jose Ramon Etxebarria, Joseba Intxausti, Andoni Sagarna, Joxe Azurmendiren eta beste askoren eskutik… Gairik konplexuenak ere euskaraz komunikatzeko gauza izan ziren, haiena ez zen itzultzea bakarrik –hortxe zen oraindik gerraurreko garbizaletasunaren eskarmentua–, konturatuta zeuden euskara komunikatiboa behar zela, eta gauzatu zuten”. Ez zen halabeharrez izan, ez zoriaren emaitza: “Gertatu behar zelako gertatu zela ematen du, baina ez, beste zenbait herrialdetan ez da halakorik gertatu. Euskararen historian, XIX. mendean-eta, gaiak euskaraz lantzeko saiakerak egin dira, baina arrakastarik gabe, 70-80ko hamarkadetara arte”. Horretan, baitezpadakoa, Sarasolaren iritziko, euskal unibertsitatearen asmora bildutako jendea.

1985ean kongresua egin zuen UEUk, eta, besteak beste, bazkidetza figura onartu zuen, oinarri sozial zabala eta proiektuarekiko askoren atxikimendu handia baliatuz.

2000. urtea mugarri

Ane Sarasua 1997an hasi zen lanean UEUn, eta bertatik bertara bizi izan ditu harrezkerokoak.  Mugarritzat du 2000. urtea: “Larraonako garaia atzean utzi behar genuela ohartu ginen, jendea lotan ez geratzen hasi zen, autobusean joan-etorriak egiten… eta, hori, bestalde, baliabideak handitzearekin batera etorri zen: 2000an, bi lanpostu izatetik, bost izatera iragan ginen; Bizkaiko aldundiak babes eta aitortza instituzionala eskaini zizkigun, eta egoitza jabetzan eman Bilbon; argitaletxea Nafarroan dugu beti; Baionan, Ipar Euskal Herriko ordezkaritza; halaber, Eibarko udalak Markeskoa jauregia lagapenean utzi zigun”. Bertan dira gaur egun UEUren egoitza eta ikastetxe nagusiak. XVI. mendeko jauregia, Markeskoa, ondare kualifikazioaren jabe, eraberrituta baina hutsik zegoen garai hartan, biziaraziko zuen inoren zain. Ane Sarasuak dioena: “900 metro koadro ziren. 2000. urtean, hitzarmena sinatu genuen, 20 urterako, beste bost urte gehiagorako, berriz, oraindik orain”. Haize alde ekin zioten: “Bizkaiko egoitza jabetzan, eta Eibarko 900 metro koadro... ez da Larraona, baina erakusleiho indartsua da. Geografikoki ere ongi kokatuta Eibar, udakotik irteten hasi ginen, hitzaldi eta jardunaldiak ez ezik, etengabeko prestakuntzari lotu gintzaizkion”, esan nahi baita, bizialdi osoko ikaskuntza prozesuari.

“30 urte inguru dituzten irakasle eta ikerlariek beste belaunaldi miragarri bat eratuko dute”
(Kepa Sarasola)

Markeskoa egoitzak hamaika aukera eman zizkion UEUri. Jauregiko 900 metro koadrotan areto nagusia, ikasgelak, informatika-gela, bulegoak… dituzte, eta laster izan zituzten langile behar handiagoak ere: informatikaria, komunikazio-arduraduna, Inguma datu-basea elikatzeko dokumentalista, eredu pedagogikoa lantzeko aholkularia… Ane Sarasuaren sintesia: “2000-2010eko hamarkadan oraingo 21 lanpostuen %75 osatu genuen. Pertsona batekin etorri ginen Markeskora, eta hamasei ari gara orain Eibarren. Hamarkada guztiz emankorra eta baliagarria izan zen”. 2011n esparru-hitzarmena sinatu zuten EHUk eta UEUk, kongresu zientifikoak antolatzeko, euskal komunitate zientifikoaren datu-baseak partekatzeko, euskarazko doktorego tesien corpusa elkarrekin elikatzeko… Bestalde, graduondokoak sustatzen ere hasi zen UEU, eta 20 urteko bidean, 2019an, zentro atxikitzat onartu zuen EHUk UEUren Goimailako Online Institutua (GOI).

Ikergazte: 2019an Baionako Kalostrapen UEUren eskutik bildutako ikerlarien afarian hartua da goiko irudia. Belaunaldi berriak indartsu datozela uste du Kepa Sarasolak.

Geroa, belaunaldi berriak

UEU unibertsitate-gaiak euskaraz lantzeko agente oso dinamikoa delakoan da Kepa Sarasola: “Katalizatzaile gara, traktore, inurri-lana egiten ari gara euskara unibertsitateko esparru guztietara iristeko”, noski, beste unibertsitateekin elkarlanean. Belaunaldi berriei begira jarri eta mintzatu zaigu: “30 urte inguru dituzten irakasle eta ikerlariek beste belaunaldi miragarri bat eratuko dute, potentzialitate handia daukate, inoizko irakasle, ikerlari euskaldun hoberenak ditugu, gure lana da orain haiei utopia berriak eskaintzea, Koldo Mitxelenarentzat ezinezko zirudiena, gauzatu dugu: unibertsitateko titulazioak euskaraz eginez, posible dela erakutsiz”. Eta utopiarik utopia, “orain, berriz, proiektua da online unibertsitate bat dena etxetik euskaraz ikasi ahal izateko. Horrelakorik ez dago, eta horixe da gure hurrengo urratsa. Unibertsitateak duen hutsune handietako bat da, guk bete dezakeguna, bizialdi osoko ikaskuntzaren barruan, inori sufriarazi gabe, eroso ikasteko bidea eskainiz, bigarren titulazioren baten jabe egiteko aukera emanez... Egina dute Katalunian, Unibertsitate Irekiaren bitartez (UOC), eta hortik ere jo nahi dugu UEUn. Hogei urte daramatzagu eredu horren atzetik”, erakundeetan zenbait ahotsek eredu hori biderazaila dela esaten zuten arren, egindako prospekzioetan posible dela ikusi dute UEUn.

Zerutik jakina da euskara gogor ari dela unibertsitate ofizialetan ere, eta aurrera begira ari da UEU, bateko eta besteko unibertsitateekin harremanetan, “unibertsitateen arteko elkarlanik gabe ezingo genuke-eta gure helbururik bete, hau da, Karlos Santamariaren Euskal unibertsitatea”, esan digu Kepa Sarasolak.

Aitortzaz

“Euskal munduaren aitortza dugu, bai, ARGIAren aitortza, Jakin-ena, euskarazko hedabideena. Erdal munduak ez gaitu ikusten. Oraintxe jasotzen ari garen oihartzunek horixe erakusten digute. Euskal komunitatearen baitan UEU oso maitatua da, eta erreferentzia ere bai. Proiektu batean sartzen bagara, gure atzetik datoz 1.300 bazkideak eta inguruan mugitzen diren beste 10.000k. Esparru horretan gure iritzia oso inportantea da. EHU sortu zenean, esaten zuten ezinezkoa zela euskara unibertsitatean modu praktikoan sartzea, baina sartu da gradu guztietan, UEUren lanari esker neurri batean, giro sortzailea dugulako, militantzia handia, jende oso trebea” (Kepa Sarasola, UEUko zuzendaria)

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: UEU
2024-04-03 | Sustatu
Matematikari eta Hizkuntzalari euskaldunen topaketetarako deialdiak

Tira, izenburuan batu ditugu, baina Matemarikari Euskaldunen Topaketak dira alde batetik, eta Hizkuntzalari Euskaldunen Topaketak bestetik. Baina Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) udan bere udako ikastaroen barruan antolatuko dituen biltzar hauetarako deialdiak orain... [+]


EKOFEMINISMOA
Haziz hazi, urratsez urrats, Euskal Herrian ere lurreratuz doan mugimendua

Udako Euskal Unibertsitarearen baitan, egun osoko jardunaldia antolatu zuten ekaina bukaeran Gasteizko Sumendi espazio autogestionatuan Mirene Begiristainek eta Marta Barbak: Ekofeminismoak konpos(t)atzen Euskal Herrian. Ekofeminismoari dagokionez, Euskal Herri mailan duela... [+]


UEUko jardunaldiak
Ekofeminismoak konpos(t)atzen Euskal Herrian

Sumendi gune okupatua. Gasteiz. 2023ko ekainaren 29an. 9:00ak dira eta lehenengo partaideak ailegatzen hasiak dira. UEUko kideak, antolatzaileak, eta gertuko laguntzaileak dagoeneko espazioa txukuntzen gabiltza. Berehala egiten dugu espazioa gure, edo espazioak gu bere; erraza... [+]


2023-05-25 | UEU
UEUren udako 17 ikastaroak gogoeta eta hausnarketarako gune

UEUk 51. Udako Ikastaroak aurkeztu ditu Iruñean. Iazkoaren haritik, 17 jardunaldi eta topaketa antolatu ditu hainbat eragileekin elkarlanean, euskal gizartearentzat garrantzitsuak diren gaien inguruan hausnartzeko helburuarekin. Arnasgune akademiko eta euskaldunen... [+]


Maiatzaren 17tik 19ra egingo dute UEUren Ikergazte kongresua, Donostian

Ikertzaile euskaldunen komunitatea indartu nahi du ekimenak bosgarren edizio honetan. Bestalde, astelehenetik aurrera egongo da Udako Ikastaroetan izena emateko aukera.


Eguneraketa berriak daude