"Hezkuntza-sistemak irakasten digun guztia zalantzan jartzean oinarritzen gara"

  • Mexikoko Tosepan kooperatiban autogestioaren bidez burujabetzak garatzeko martxan dituzten proiektuez jardun dugu 23 urteko masewal emakume honekin. Nawat eta totonaku hizkuntzak biziberritzeko proiektuaren koordinatzailea da kooperatiban eta autoeraketaz, genero harremanez eta lurraldearen defentsaz mintzo da, besteak beste. Garabidek antolatutako Hizkuntza Gutxituak Biziberritzeko Lankidetza ikastaldia egiten hilabetez izan da Euskal Herrian, beste hamabi hiztun komunitateko kiderekin batera.

Argazkia: Ibai Arrieta.
Argazkia: Ibai Arrieta.

Nola kokatzen duzue hizkuntza biziberritzeko proiektua zuen komunitatearen eta lurraldearen garapena lantzeko dituzuen beste ildoei lotuta?

Duela 43 urte Tosepan kooperatiba garai hartan komunitateek zituzten premiengatik sortu zen: azukrea, kafea eta piperbeltza bidezko prezioetan saltzeko. Hortik aurrera behar gehiago identifikatzen joan dira. Aurrezki eta mailegu kooperatiba, osasun kooperatiba, eskola txikia, turismo kooperatiba... Elementu garrantzitsuak gehitzen joan ziren urteetan eta denak zentzua izan behar zuela hausnartzen hasi ginen. Eta nortasunari buruz hitz egiten hasi ginen, jantziez eta dantzez haratago, gure hizkuntzaren erabileraren galera arazo gisa ulertzen. Nortasuna, kultura eta hizkuntza beste elementu estrategiko bat bezala gehitu ziren bizitza ona (yeknemilis) deskribatzeko daukagun zuhaitz batean; eskema integralean.

Beste hizkuntza-komunitate batzuetako jendea ezagutu dugu, hizkuntzaren gaia bakarrik lantzen duena. Baina guretzat, jakinda denak guztiarekin zerikusia duela, argi dago ezin dela aurrera egin modu integralagoan ez bada. Ezinezkoa da hizkuntzaren gaia lantzea zer jan ziurtatuta ez badaukazu, urik ez badago, energiarik ez badago, etxerik ez badago. Ezin duzu pertsona baten bizitza duindu, ezta ondo dagoela ziurtatu ere, hori gabe. Beraz, ezin duzu nawa hiztunik ziurtatu.

Tosepan kooperatiban hasieratik egon zen identitatearen gaia mahai gainean, baina ez zen hori jorratzeko ekintza espezifikorik gauzatzen. Duela bederatzi urte hasi ginen Garabiderekin lanean. Eta geroago gure zuhaitzean sartu zen gaia. Lurralde antolamendu batzorde ofizial bat ere sortu zen eta erakundeek komunitateon autonomia aitortzeko argudio garrantzitsu bat izan zen nawak garela; indigenak garela.

Eguneroko lana ikuspegi luzeagoarekin konbinatzen duzue, epe luzera komunitate gisa ezarritako helburuekin. Nola egiten da hori?

Bizitza plan bat dugu. Kodize masewalean dago dokumentatuta. 2018an batzar parte-hartzaileak egin genituen gazteekin, aitona-amonekin, akademikoekin. Gure herriarentzat hurrengo 40 urtetarako amesten genuena jaso genuen.

Behar dugunari buruzko galdera detonatzaileak egiten ditugu, eta kooperatiba bakoitzetik elkarrizketa osatzen joaten da. Bakoitza bere gaitik. Osasuna lantzen dutenek galdera gehiago egingo dituzte gure osasunari buruz, hezkuntzakoek hezkuntzari buruz, irratiari buruz… Bizitza-plan luze hori asanblada handiagoetan ere egiten da. Adibidez, lurraren defentsari buruzkoan 4.000-6.000 lagunek parte hartu zuten.

Epe luzera begira pentsatzen dugu; adibidez: zer egiteko prest gaude autonomia energetikorantz jotzeko? Ondoren, antzeko prozesu txikiagoak eta epe laburragokoak daude kooperatiba bakoitzarentzat, urtero zer egin behar den pentsatzeko.

Nola garatzen duzue zuen eraldaketa-prozesuak elikatzen dituen pentsamendua?

Prestakuntza-zentro bat dago (Kalnemaxtiloyan), eta prestakuntza-aretoak ditu, jateko tokiak, etab. Beteta dago beti, prestakuntza-eskaintzaren bat dagoelako. Adibidez, finantza-hezkuntzari buruz, gazteentzat edo edukiak ekoizteko.
Dagoeneko onartuta ditugun ideia batzuk zalantzan jartzen dira, eta ikuspegi kolektiboa, kooperatiboa, giza eskubideena, soziala eta solidarioa ematen zaio guztiari. 50 bat kide sustatzaile aritzen dira informazioa ematen eta batzarrak antolatzen. Horietan elkarrizketak irekitzen dira, beti presarik gabe, eta asko hitz egiten da, galdetzen da, irizpideak ezartzen dira.

Argazkia: Ibai Arrieta.

Beraz, elkarrizketa da hezkuntzarako eta erabaki kolektibotarako tresna nagusia?

Elkarrizketa eta informazioa. Beti pentsatzen dugu komunitate-klabean. Telefonia mugikorra behar dugu? Zertarako? Kafea saldu behar dudalako behar dut, bizilagunari lapurtzen ari bazaizkio abisatu behar diodalako, landareak argazkiekin dokumentatu behar ditudalako… Hezkuntza-sistemak erakusten digun guztia zalantzan jartzean oinarritzen gara, baita Interneten aurkitzen duguna ere.

Jendeak tresnek nola funtzionatzen duten jakin behar du, baina baita horiek erabiltzeak sor ditzakeen arazoak ere: egun berean giga guztiak xahutu ditzakezula, zer den lorratz digitala.. Informazio hori guztia gure hizkuntzan eskaintzen dugu.
Energiari dagokionez, azaldu behar da eguzki-panelak dituzulako ez dela egin beharreko eraldaketa amaitzen. Nondik dator paneletako litioa? Mendietatik. Beraz, kontsumoa gutxitzeaz hitz egin behar dugu.

Nolakoak dira belaunaldien arteko harremanak? Nola transmititzen dira ezagutzak eta lidergoa?

Garai ezberdinak egokitu zaizkigu. Tresna desberdinak erabiltzen ditugu, egiteko modu desberdinak, baita, punturen batean, pentsatzeko era desberdinak ere. Baina beti izan dugu zeharkako ardatz gisa belaunaldien arteko elkarrizketa, eta horrek aukera ematen digu zuzentzeko, akats berberak ez errepikatzeko eta bi norabideetan helduen eta gazteen artean irakasteko.  Kooperatibaren indargune bat dela uste dut, gauza askotan arrakasta bermatzen duena. Batzarretan eta proiektuetan adin-taldeen ordezkaritza adierazgarriak izan daitezen saiatzen gara. Kooperatibismoan oso landuta daukagu, eta oso ondo funtzionatzen du.

Ni hirugarren belaunaldi kooperatibistakoa naiz. Nire familiako inork ez dio kooperatibista izateari utzi. Etxeko mahaian beti egon den gaia da. Zer gertatzen da kooperatiban? Nola erlazionatzen gara? Nire ama ezkongabea da, eta ni asanbladetan hazi nintzen. Unibertsitatea utzi eta eguzki panelak instalatzera joan nintzen. Egiten duen jendea esaten duen jendea baino gehiago baloratzen da. Eta hor aitortza bat izan zen, pertsona serio gisa baliozkotu ninduena familian, komunitatean eta kooperatiban. Ahalegina aitortu egiten da, eta beste erantzukizun batzuk zure gain uzten hasten zaizkizu.

Nolakoa da tradizioaren eta berrikuntzaren arteko tentsioa?

Etengabeko elkarrizketa dago. Adibidez, subiranotasun energetikoaren proiektuan, gure tailerrak egiten ditugunean lehendik zegoenaz hitz egiten dugu (aihotzak, egurra aurrezteko diseinu propioak,…). Baita dauden arazoez ere; adibidez, emakumeek ke gehiegi arnastea. Beti galdetzen da zer zegoen lehen, zer dagoen orain eta zer nahi dugun egotea etorkizunean. Hitz egiten ari gara eta, aldi berean, denon artean hartzen ditugu erabakiak. Baina egiten edo amesten dugun guztiak izan behar du kontutan lehengoa eta oraingoa. Beti egiten ditugu galdera horiek.

Eta genero arteko harremanei dagokienez? Lantzen al duzue? Izan al da aldaketarik denboran zehar?

Jarrera kritikoagoa dut hor. Gai horretan, kooperatiba pixoihaletan dago oraindik. Erabiltzen dugun zuhaitzean, lerro bakar batek ere ez du emakumeen bizitza-planaz hitz egiten. Zuhaitzaren beheko aldean balioak daude. Ekitatearen balioa dago, baina ekitate hori ez da genero-ekitatean ardazten. Emakumeak kooperatibaren % 74 gara. Niretzat argi dago emakumeok behar duguna kooperatibaren beharra izan behar dela.

Kooperatiban edo komunitateetan ez ditugu baldintza berdinak bizi. Kooperatiban gehiago erabiltzen da hitza, emakumeak ahaldunduago daude. Baina zure etxera iristen zara eta emakumeek ustez bete behar duten rola betetzen jarraitzen duzu: zaintza, etxeko zereginak… eta hori ez da zalantzan jartzen.

"Munduaren beste aldea ezagutzean zeure burua ezagutzen duzu, pertsona guztiz desberdinekin egindako harremanekin"

Hala ere, uste dut kooperatibak, zuzenean landu gabe edo genero-ildo espezifiko bat izan gabe, izugarrizko ekarpena egin duela kide askoren ahalduntzean. Emakume kooperatibista bat ez da prestakuntza jaso ez duen emakume bat bezalakoa. Asko nabaritzen da. Gehiago hitz egiten duten emakumeak dira, gehiago egiten dutenak, beren komunitateetan lidergo-postuak dituztenak, erabakiak hartzen dituztenak.

Baina, era berean, uste dut emakumeekin lotzen diren zeregin eta espazio jakin batzuk erreproduzitzen jarraitzen dugula (tortilleria bat, marmeladaren ekoizpena). Beti zaintza, jaten eman eta osasunari lotutakoak. Energiari buruzko prestakuntzan 50 baino gehiago ginen eta bi emakume bakarrik. Hor uste dut kooperatibak ez duela nahikoa zalantzan jarri. Motel doa aurrera. Denbora gehiago eskaini beharko genioke.

Auto-antolaketan oinarritzen zarete. Zein da administrazio publikoarekin harremana?

Autogestio prozesu bati ekin genion Mexikoko Gobernuak komunitateen oinarrizko eskubideak ahalik eta gutxien bermatzen zituelako. Horretarako sortu ziren kooperatibak, Gobernuak asetzen ez zituen beharrak asetzeko. Urte hauetan zehar pare bat aldiz, lortutako emaitzengatik, gobernua hurbildu egin zaigu. Eta gu ere hurbildu gara. Izan ere, ez dugu ukatzen Mexikoko zati bat egiten dugula; ez gara Mexiko, baina Mexikoko zati bat egiten dugu. Eta hartzen diren erabakiek eta legeek eragiten digute.
Kooperatiban guk ordaintzen dugun eskola txiki bat daukagu, eta ez Gobernuak. Eskolak nawat hizkuntzan ematea behar dugu, nekazaritza bizimodua irakatsi… Gure diru-sarreren zati benetan handia kontsumitzen digu. Maitasunez egiten dugu, baina zergatik izan behar du horrela? Orain, irakasleek Gobernutik kobratzeko hitz egiten ari gara.

Programa publikoak aprobetxatu ditugu, komunitateen behar batzuk gauzatzeko. Egoeraren araberako guneak izan dira, eta ez dira beti errespetatu izan gure lan-proposamenak. Elkarrizketarik ez dagoenean, ez dagoenean entzute-jarrerarik, ez dugu egiten. Batzuetan asko higatzen du harreman horrek.

Argazkia: Ibai Arrieta.

Zeintzuk dira erronka handienak nawat eta totonaku hizkuntzen ikuspegitik, gaur egun?

Estandarizazioa erronka handia da. Nawat hizkuntzak 23 aldaera ditu. Idaztea eta irakurtzea zaila da. Desberdin idatzita ikusten duzu toki batean eta bestean. Gainera, mundu guztiak ez daki irakurtzen. Estandarizazioak espazio asko irabazteko eta funtzio berriak eskuratzeko aukera emango liguke. Ahaleginak egin dira, baina ez dago behar adinako adostasunik. Mexikon gehien hitz egiten den hizkuntza indigena gara, 1.600.000 hiztun baino gehiagorekin, eta beste hizkuntza txikiagoei baino gehiago kostatzen zaigu adostea.

Administrazio publikoek daramaten politikak deusezak dira, interes falta eta sentsibilitate gutxi dago. Garrantzi gutxi ematen zaio hizkuntza gutxituen alde eragiteari eta indartzeari. Eta zaila da proiektu eta ahalegin iraunkorrak izatea norabide horretan. Oso litekeena da proiektu bat sortu eta ezin aurrera egitea, baliabiderik ez dagoelako.

Zein eremutan dago indartsu nawat hizkuntza eta non dago ahul? Noiz eta non da beharrezkoa nawat?

Gure hiztun kopurua gutxituz doa, hizkuntza transmititzeari uzten zaiolako. Erronka bat dugu hezkuntza-sisteman. Sistemak benetan zigortzen zaitu zure hizkuntza hitz egiteagatik, azal koloreagatik, eta diruzko beste mundu bat agintzen dizu beste bizitza plan bat aurrera eramaten baduzu. Jendeak bere nortasuna eta sustraiak galtzea besterik ez du egiten. Familia eta gurasoak mundu eta sistema horretan bizi badira, zaila da belaunaldi berriek bide hori ez jarraitzea.

Beste erronka bat gure hizkuntza-corpusa zabaltzea da. Gaur egun, familian, etxean, komunitatean erabiltzen da. Espazio pribatuetan eta familia- eta komunitate-eskalan. Baina badira teknologiak bezalako gaiak, gauza askori buruz hitz egiteko hitzik ez dauzkagunak; ez dago hiztegirik. Eta ez dugu akademiarik hiztegia sortzeko eta estandarizatzeko. Tailerrak egiten ditugu azaltzeko nawat ez dela bakarrik familiako eta tradizioko gaietarako, eta hori lantzen ari gara.

Argazkia: Ibai Arrieta.

Zer inplikazio ditu digitalizazioak zuen hizkuntzetan?

Ondorio asko ditu. Dena gaztelaniaz ikusten dugu. Eta sentitzen dugu ez dugula gure hizkuntza behar mundu honetan bizitzeko. Gaztelania edo ingelesa ikasita egin daiteke. Ez dago zure hizkuntzan hitz egiteari uzteko esplizituki esaten dizuten mezurik, baina kontakizun edo logika askok idealizatzera eramaten zaituzte eta esaten dizute zure lurraldetik joateko eta zarena izateari uzteko. Baita haur txikientzako edukietan ere. Ez duzu zure historiako ezer aurkitzen.

Zer eginkizun du arteak eta kultur sorkuntzak zuen komunitateetan? Hizkuntzaren prozesuekin zerikusia al du?

Ikus-entzunezko baliabideek edukiak oso modu asertiboan transmititzeko gaitasun handia dute. Gaur da film labur eta dokumental gehien erabiltzen dugun eguna. Harrapatu egiten du jendea.

Kooperatibatik kanpo, baina gure inguruan, bada arte galeria bat bere lanetan identitate zentzua txertatuta daukana. Cuetzalango herri-ingurunea eraldatu dute irudiak eta marrazkiak jarrita. Modu parte-hartzailean egiten dira; gazteek hitz egitek balio du prozesuak. Eta dantza tradizionalen irudiak dira gehienetan. Polita da jakitea maitasunez ikusten ditugula sustraiak eta artea egiteko balio digutela. Cuetzalan herri turistikoa da eta irudi hori ematen zaie bisitariei.

Nola ulertzen duzue sustraien aldeko borroka eta beste eragile batzuekin garatzen dituzuen nazioarteko harremanak?

Truke hauek ikuspegia zabaltzeko leihoak dira. Nahiko ohikoa da gertatzen zaiguna gertatzen zaien bakarrak garela sinestea eta ikuspegi ilusionagarririk ez aurkitzea. Mexikon antzeko errealitatea dagoelako. Baina munduaren beste aldea ezagutzean, desberdintasun guztien gainetik, zeure burua ezagutzen duzu pertsona guztiz desberdinekin harremana egitearen bidez. Planeta hobeto ulertzera eramaten zaitu, munduari buruz duzun ikuspegia osatzera. Eta pentsamenduak eraldatzen zaitu, prozesu mental batean, eta gero zure pertsona eta etxean egiten duzuna iraultzeko aukera ematen dizu. Antolamenduari dagokionez, beste kokapen bat eman digu prestigio mailan, beste bitarteko batzuk baloratzeko eta eskuratzeko. Ikusi dugunaz gain, ikusi gaituzte. Eta horrek aukera berriak sortzen ditu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Mexiko
Mexikoko lehen magistratu ez bitarraren heriotza gorroto diskurtsoen ondorio dela salatu dute

Aguascalienteseko Fiskaltzak adierazi du Baena bere bikotekideak hil, eta ondoren bere buruaz beste egin zuela. Baenaren senideak ez datoz bat hipotesi horrekin, eta familiaren abokatuak adierazi du ikerketa aldatuko duten frogak aurkeztuko dituela. LGBTIQ+ komunitatea ere kexu... [+]


Suge buruaren koloreak pizten

2022ko irailaren 19an Mexiko Hiria astindu zuen lurrikarak ez zuen soilik hondamena ekarri. Tenochtitlan zaharrean lurperatuta zegoen suge buru kolosal bat ere agerian utzi zuen.


Maya trenaren obrek dagoeneko 10 milioi zuhaitz baino gehiago bota dituzte Mexikoko hego-ekialdean

1.500 kilometro baino gehiago izango ditu trenbideak, zeinak Mexikoko hego-ekialdeko bost estatu bilduko dituen: Campeche, Chiapas, Quintana Roo, Tabasco eta Yucatan. Maya trenaren kudeaketa Armadaren esku utzi zuen pasa den hilean Andres Manuel Lopez Obrador presidenteak.


2023-07-13 | Ilargi Manzanares
Luis Martín Sánchezen gorpua aurkitu dute, aurten Mexikon hil duten zazpigarren kazetaria

La Jornada hedabidean lan egiten zuen, Mexikoko egunkari nagusienetakoa. Bere gorpua Nayarit estatuan aurkitu dute, desagerpenaren salaketatik egun gutxitara.


Eguneraketa berriak daude