“Ijito herriaren irudi bat eraiki da, eta gizatasuna kendu diguzue”

  • Bilboko Otxarkoagan dauka egoitza AMUGEk, Euskadiko Emakume Ijitoen Elkarteak, eta auzo horretantxe jaio zen, 1984an, Tamara Clavería elkartearen presidenteordea. Matxismoari eta ijitoen aurkako arrazakeriari aurre egitea da haren eguneroko lana, eta ez da lan erraza. Besteak beste, antigitanismoa (zilegi bazaigu berba hori erabiltzea, euskal ordain garbirik ezean) oso erro sakonak dituen zuhaitza dela azaldu digu Claveríak.  

"Emakume ijitooi buruzko estereotipoetako bat da menekoak garela, eta harro gaudela gure ustezko patriarkatuaz". (Argazkia: Hodei Torres)

2003an sortu zen AMUGE. Zer helbururekin?
Ijito herriaren eskubideak defendatzea eta sustatzea, eta, bereziki, emakume ijitoak ahalduntzea. Gure lehen erronketako bat neskak hezkuntza-sisteman sartzea izan zen. Izan ere, zubi-eskoletatik gentozen, ijitoentzat bakarrik ziren eskola haietatik. Era berean, gure herriari buruzko aurreiritzien alorrean lan egiten dugu. Hasierako erronkek oraindik diraute; ume ijito guztiak eskolaratzea lortu bada ere, eskola porrota oso handia da oraindik, gizarte ez-ijitoan dagoenarekin alderatuta. Datua da eskola porrota %64koa dela, baina 2006ko datua da. Hain zuzen ere, ijitoen elkarteon eskaeretako bat gure herriaren egoerari buruzko ikerketak dira. Informazioa behar dugu proiektuak lantzeko.

Desberdina da feminismo ijitoa?
Feminismoa feminismoa da. Ijitoon feminismoak egiten duen eta feminismo hegemonikoak egiten ez duen borroka bakarra arrazakeriaren aurkakoa da, edo, zehazkiago, antigitanismoaren aurkakoa. Horixe egiten dugu hirugarren olatuko feminismook: feminismo beltzak, islamikoak, ijitoak... Gure bizitzan nagusi den arrazakeriaren kontra borrokatzen gara, uste baitugu gizarteak gu diskriminatzeko arrazoi nagusia ijitoak izatea dela. Eta ondoren, emakumeak.    

Uste hedatua da ijito herria patriarkalagoa dela...   
Hori antigitanismoa da. Gizarteak emakume ez-ijitoei esaten die gure gizonak matxistagoak direla. Eta “patriarka” figura bera ere gizarte ez-ijitoak egotzi digu. Hedabideek, zehazki. Izan ere, gure kulturan ez da patriarkarik existitzen. Bitartekariak daude, gizon zein emakumezkoak, baina ez dago ijito komunitate guztiari agintzen dion gizonik. Ijitoen irudia interes ideologiko eta politikoen arabera sortu da, 1499an [Espainiako] errege-erreginek gure izatea ukatzeko proiektua abian jarri zutenetik. Ijitoak desagerrarazteko eta esklabo bihurtzeko Europan egindako lehenengo saiakera izan zen. Gaur egungo gizarteak, berriz, gure gizonak matxistagoak direla dio, sistema patriarkalak gizon ez-ijitoak zeharkatuko ez balitu bezala eta zapalketa mota horretatik aparte bazeundete bezala. Baina maskulinitatea, ijito komunitatean, ikasia da. Gizon ijitoei esan zaie matxistagoak direla, eta, gainera, horixe bera dela ijito izatea. Hori oso maltzurra da. Guk AMUGEn 30 gizon ditugu euren maskulinitatea ezbaian jartzen, eta ez dute bat egiten maskulinitate hegemonikoarekin.

Argazkia: Hodei Torres

Eskola porrotari buruzko datuak orain dela hamabost urtekoak direla esan duzu. Bien bitartean egindako lanaren emaitzarik sumatzen duzue?     
Lehen Hezkuntzan ijitoen eskolaratze osoa lortu da, eta hori arrakasta da. Ez da ahaztu behar, esan dudan bezala, zubi-eskoletatik gentozela. 80ko hamarkadaren erdian debekatu zituzten. Aurrera goaz, baina oso astiro, eta goi mailako ikasketak egiten dituzten ijitoen portzentajea oso-oso txikia da oraindik. Baliabide gehiago behar da, eta analisi kuantitatibo eta kualitatiborik ezean, ez da neurri espezifikorik hartzen ikasle ijitoek arrakasta izateko. Beste datu batzuek diote segregazio handia dagoela. Helburua eskola inklusiboa eta kalitatezkoa lortzea da, eta eskola segregatua guztiz aurkakoa da. Ijitoekin eta migratuekin besterik ez dituzu harremanak, eta halakoetan hezkuntza-maila txikia izan ohi da. Adibidez: Otxarkoagan aurten arte ez dugu lortu D eredua ezartzea, 30 urteko borrokaren ondoren. Lotsagarria da 30 urte eman behar izana euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatzen.

Zergatik gara hain arrazistak ijito herriari dagokionez?   
Eraikuntza historikoa egin delako. Ijitooi gizatasuna kendu zaigu, eta horregatik eskatzen dugu antigitanismoa delitua izatea. Romafobia ijitoenganako gorrotoa da, baina antigitanismoa kulturala da, sistemikoa. Historikoki lapurrak izatea leporatu zaigu, ofizioetan lan egitea eta abereak edukitzea debekatu zaigu... Interes ideologikoagatik egindako eraikuntza da, besteak kontrolatzekoa, botere-sistemari eustekoa. Horrelakoak garela esan dizuete, eta gizatasuna kendu diguzue.

Deigarria gertatu zait zuen bideo batean esandako zerbait: ijitoek gutxiago zaintzen duzuela zeuen burua, okerrago jaten duzuela... 
Ijitoen bizi-itxaropena 20 urte txikiagoa da, eta are txikiagoa da emakumeen kasuan, gizarte ez-ijitoan ez bezala. Baina hori esate hutsa biktimei errua botatzea da. Batetik, jakina, maila sozioekonomiko baxuak bizi-kalitatea gutxitzen du, baina bestetik, antigitanismoak estresa sortzen digu. Orain asko erabiltzen dugun kontzeptu bat da gutxiengo etnikoen estresa. Horrek gaixotu egiten gaitu: antsietatea, depresioa... Argi dago geure osasuna hobetu behar dugula, kirol gehiago egin..., baina ez dezagun ahaztu hiru ijito familiatik bik ez dituztela aseta oinarrizko beharrizanak. Eta pandemiak dena larriagotu du. Ijito herriaren gaur egungo egoera oso kezkagarria da.

“Desijitotzea”
“17 urte nituela hasi nintzen boluntario ijito elkarteetan. Eta eskola-graduatua 21 nituenean lortu nuen. Ohikoa da hori. Ikasteari utzi behar izan nion, familiari ekonomikoki laguntzeko. Ama gaixorik zegoen, eta azoka txikira joan behar izaten nintzen. Eskola-graduatua eskuratu ondoren ikasten hasi nintzen: 2010ean Gizarte Integrazioko goi mailako graduari ekin nion, eta orain unibertsitatean nago, Gizarte Langintza ikasketak egiten. Hitz egiten entzuten nautenean, ikasketak ditudala ikustean, feminista naizela jakitean... joera desijitotzea izaten da. Ez omen naiz hain ijitoa. Eta horrek amorrua ematen dit. Ni ijito peto-petoa bainaiz”.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ijito herria
2024-04-08 | Cira Crespo
EUROPAKO TXIKI(TU)AK
Bertsolari ijitoak


Bizipoza: aniztasun funtzionala, kulturala eta sexuala bistaratzen eta lantzen

Izaera berezia duten elkarteak eta behar bereziak dituzten haurren familia-elkarteak biltzen ditu Bizipozak, 38 denera. Familia horien errealitatea ikusarazi eta bertatik bertara ezagutzeko asmoz, jaia egingo dute apirilean. Unitate didaktikoak eta material pedagogiko ugari ere... [+]


"Larrialdi humanitarioa da, eta katastrofea ez da naturala, administrazioak eragin du"

Madrilgo Cañada Real auzoan bizi da Houda Akrikez (Tanger, 1982) Tabadol elkarteko presidentea, Puerta del Sol plazatik hamasei kilometrora. Hiru urte daramatzate auzoan argindarrik gabe 4.000 lagunek, tartean 2.000 haurrek, Naturgy enpresak hornidura elektrikoa eten... [+]


Ipar Euskal Herriko ijitoen elkarteak salaketa jarri du LCI telebistaren kontra, arrazakeriagatik

LCI telebista kateko Parc Brunet, Hammett & Cie saioan jitoak lapurrei konparatzeagatik jarri du salaketa du Euskal Herriko Ijito Komunitatearen Zentro Sozio-kulturalak. Audiobisualaren eta numerikoaren sektoreaz arduratzen den ARCOM autoritatearengana ere jo du gertatutakoa... [+]


Eguneraketa berriak daude