Ikatzaren aroa aspaldi amaitutzat jo eta argindar berderako jauzi betean sartuak omen ginenean, argindarraren prezioak ohartarazi digu europarroi zein ataka estuan trabatuta dagoen gure sistema ekonomiko osoa: gasa urritzen biltegietan, petrolioaren prezioa gora, berriztagarriek ezin ase elektrizitate eskari guztia… COVID-19aren osteko energia gosea batetik, neguaren kezka bestetik, Europak Errusiara jo du ikatz eske, erdi isilpean bada ere.
Bloomberg agentziak honakoa argitaratu du irail amaieran, globalizazio neoliberalaren aktualitatea azaltzen duten kroniketako batean: “Orain Europaren energia-merkatu arazoz beteak ez dio soilik gas naturala eskatzen Errusiari. Argindar ekoizle europarrak behartuta aurkitu dira Errusiari ikatz gehiago eskatzera, nolabait arindu nahian gainean daukaten energia krisia, batetik negua hurbiltzen eta bestetik gasa inoizko prezio garestienean”.
Europa ikatzera itzuli? “Hori txinatarren kontua da”, esango dizu hedabide nagusiak behatzen dituen herritar zintzoak. Txinak ostera ikatzera jotzea erabaki baitu, COVID-19aren osteko beroaldi ekonomikoan energia gabeziak bere herritarrak negu hotzaren mende utziko dituen beldurrez. Aspaldiko argindar etenik gogorrenak ari dira nozitzen, jarduera ekonomikoa bezala herritarren eguneroko bizimodua eteten dituztenak eta Pekingo gobernuak meategi guztiei agindu die bete-betean produzitzeko, albiste agentziek urrian azaldu dutenez.
Barne Mongolia eta Shanxi eskualdeetako meategiei produkzio topeak kendu dizkiete, adibidez. Barne Mongoliak aurtengo muga 178 milioi tona ikatzetan ezarrita bazeukan, 98 milioi gehiago ekoiztu beharko ditu Pekindik Estatu Kontseiluak manatua betetzeko, eta jada itxita zeuzkan dozenaka meategi berriz lanean jarri ere bai. Neurriokin, hala ere, Txinak ez du lortuko arazoa erabat konpontzea eta argindarra murrizten jarraitu beharko du. Zenbait adituk aurreratu du negu honetan industriaren jarduera %12an urritu beharko duela, eta are gehiago hotzaldi bereziren bat gertatuz gero. Horri gehitu argindar konpainia handi batzuek kiebra egiteko aukera ikatzaren garestitzeagatik eta… uler daiteke nola osatuz doan Txinak mundu osora zabalduko lukeen estanflazioaren (hazkunderik ez + inflazioa) koktela.
Hori dena Txinan. Baina, klimaren krisia bideratzeko Mendebaldeko agintariek egin dituzten trantsizio-promesen zorigaiztorako, ikatzaren afera gureganaino ere heldu da.
Reuters agentziak zabaldu duenez urriaren 12an, “gasaren prezioaren igoerak Europa bultzatzen du ikatzera”. Joera ulertzekotan, ekuazioan sartu behar da karbonoaren prezioa ere; hau da, klimaren aldaketaren kontrako estrategia neoliberalean karbonoa isurtzeari jarritako prezioa, isuri-eskubideen salerosketan Europako Emisio Salerosketen Sistemak (EU ETS, ingelesezko sigletan) une bakoitzean markatzen duena.
Gauza da 2021 hasieratik gasa %400 (sic) garestitu dela, ikatza %200 eta CO2 isuriak %85. Hiru osagaiak kontutan hartuta joan den uztailera arte argindar konpainiei merkeago ateratzen zitzaien gasa kiskaliz funtzionatzea, baina geroztik ikatza da irabazle. Europako ikatz meategi gehienak zerraturik, elektrika europarrek Errusiara jo dute horren eske eta handik arrapostua: nekez hornitu ahalko dituztela, lehendik ere ikatz eskari handia zeukatelako Asiatik. Panorama polita Glasgowko COP26 klima gailurra girotzeko…
CO2 ISURIAK MURRIZTU EZINEAN
Trantsizioaren bide famatuan Europa egiten ari den atzerako urrats handi honen esanahiaz galdezka Newsweek astekariak bi adituren iritzi kontrajarri azaldu ditu. Dirk Buschle College of Europe unibertsitatean Europako Energia eta Klima Politika katedraren arduradunak uste du trumoi aldi honek energia berriztagarrietara are inbertsio gehiago ekarriko dituela: “1970eko hamarkadako petrolio krisietan zenbait herrialdek, Alemaniak esaterako, sinetsi zuten etxean ikatza ekoitziz arinduko zutela kanpoko erregaiekiko menpekotasuna. Baina gutxi iraun zuen amets hark, laster petrolioaren prezioak normaldu eta, aldiz, ikazkintzak diru-laguntza garestiak behar izan zituelako”.
Ralph Schoellhammer Vienako unibertsitatean nazioarteko harremanen irakasle denak egoeraren errudun egiten ditu ekologistak, nuklearrei bidea itxi dietelako: “Klimaren politika Gobernuz Kanpoko Erakundeek eta gazte aktibistek diktatu dute, ez ebidentzia zientifikoak, eta orain atzera egitea oso zaila da. (…) Erregai fosiletatik irtetea ameskeria batean egon da oinarritua: Europako herritarren eguneroko bizitzetan ez zuela ondoriorik ekarriko. (…) Gauzak berdin jarraitzekotan, Berdeen mugimenduaren amaieraren hasiera izan daiteke, Europa energia iturri alternatiboetara eramatearen kosteak handiagoak izango baitira klase baxuenetako jendeek soportatzeko prest dauden sakrifizioak baino”.
Oso bestelako interpretazioa egin du Antonio Turiel ingeniariak beti ere gaiotan erreferentziazkoa den The Oil Crash blogean. Laburbilduko dugu. Europan gasaren krisia –hori baitago argindarraren garestitzearen gibelean ere– gogortzen ari zen une berean paraleloan gertatu da ikatzarena, batik bat Txina eta India kolpatu dituena: Txinak bere energia guztiaren %65 zor dio ikatzari eta Indiak %70. Baina petrolioarekin gertatu bezala, amaitzen ari da ikatz merkea ere. Mundu osoko meategiek gero eta errendimendu kaskarragoa daukate, kalitate txarragoko ikatza koste handiagoz ekoitziz.
Beraz, dio Turielek, mundu mailan gainditzen ari gara edo gainditzear gaude ikatzaren gailurra, baina gaurko ekoizpen mailari hamarkada batzuetan eutsi ahalko zaio. Beraz, karbono isuriek handitzen jarraituko dute klimaren arazoa larriagotuz, petrolio ekoizpenaren beherakadak eragingo duelako ordezkotzat garrantzia handiagoa hartzea ikatzak. Orain Europa desesperatuta Errusiari ikatz eske hasi izanak erakusten du hutsa balio zutela klimaren aldaketaren kontrako borrokan hartutako konpromisoek.
Amaitzen du Turielek: “Trantsizio energetikoa, batzuek ekologikoa deitua, sekula ez dute antolatu konpontzeko klimaren arazoa, baizik eta petrolioaren, gasaren eta ikatzaren gailurrek eragindako krisi energetikoa konpontzeko. Ezinezko trantsizio energetiko eredu horretan asmo onez sinesten duten pertsonek zabaldu beharko lituzkete begiak eta ohartu hemen axola zitzaiena ez zela ingurumenaren defentsa, gutxi batzuen negozioa baino. Nahiz eta honek denok eramango gaituen irteerarik gabeko kalezulo batera, bai gizarte eta bai zibilizazio gisa”.
Antropologo eta ingeniaria den Yayo Herrerok dioen bezala, datu bat da. Horren jatorria ulertzeko erraza den baieztapen xume batean laburbil daiteke: Lurra agortzen ari da.
Gaia konplexua da. Ikuspegi asko daude, interesak gurutzatzen dira, informazioa desinformazioarekin... [+]
Manuel Casal Lodeiro (Barakaldo, 1970) informatikaria eta gai energetiko eta ekosozialen inguruko aktibista eta dibulgatzailea da. Besteak beste, 15/15/15 aldizkari eleanitza eta Galiziako Instituto Resiliencia koordinatzen ditu, eta Véspera de Nada por unha Galiza sen... [+]
Itzalaldiaren ondoren sortutako komiteak eginiko txostena aurkeztu du astearte gauean Sara Aagesen Trantsizio Ekologikorako ministroak. Horren arabera, "hainbat faktoreren batasunaren" ondorioz sisteman gehiegizko tentsioa izan zen, kate erreakzio gisa. Txostenak... [+]
Bi kooperatibek euren arteko elkarlanean "urrats sendoagoak" emango dituztela iragarri dute, energia eta telekomunikazio sistema "erresiliente" bat sortzeko. Deia egin diete herritarrei Itzali sistema, piztu alternatibak manifestuarekin bat egin dezaten.
Ustekabean edo... urte hasiera honetan bi mila milioitik gorako irabaziak izan omen ditu Iberdrolak, baina ez omen dago txapliguak, altxafuegoak, etxaferuak... edo dena delakoak zeruetara botatzeko egoeran, izan ere, iaz aldi berean baino %27 gutxiago irabazi omen du. Atalen... [+]
Energia politikek haserreak eta desadostasun sakonak sortu dituzte ekologisten artean. Ez da gauza berririk. Hemen eta atzerrian. Hemen eta orain, nabarmen. Duela bi urte, 2023ko udaberrian, gure ikerketa taldeak (ekopol.eus) hiru mahai-inguru antolatu zituen Donostian,... [+]
Apirilaren 28ko gauean Bartzelonako Badal Ramblako terrazak gainezka zeuden; hoztu gabeko garagardoak zerbitzatzen ziren, baina jendeak zoriontsu zirudien. “Munduaren amaierak iritsi behar badu, pozik harrapa gaitzala”, esaten zidan auzokide batek. Hamar ordu baino... [+]
Iberiar penintsulan apirilaren 28an gertatutako itzalaldiak, egungo energia sistemak dituen arrakala guztiak utzi zituen bistan. Enpresa elektriko handien diru gosea, berriztagarrien ezarpen masiboak dakartzan ajeak, eta herritarrok bizimodu hiper-elektrifikatuarekiko dugun... [+]
Zurea ez da ekologia, zurea ideologia da!”. Espainiako oposizio buruaren hitzak dituzue, oraingoan itzalaldia aitzakia hartuta. Zer den ideologia hitza desitxuratzea; trantsizio energetikoa edota energia politika, hitzak dioen moduan, politika hutsa delako. Kapitalismoaren... [+]
Antonio Turiel fisikari eta CSICeko ikerlariak aspaldiko urteetan ez bezala bete zuen Hernaniko Florida auzoko San Jose Langilearen eliza asteazkenean. Zientoka lagun elkartu ziren Urumeako Mendiak Bizirik taldeak antolatuta Trantsizio energetikoaren mugak izeneko bere hitzaldia... [+]
Gero eta nabarmenagoa da Espainiako Estatuak ez duela planifikazio demokratikorik energiaren arloan. Duela gutxi jasan dugun itzalaldia adibide garbia da, baina ez da bakarra. Energia berriztagarrien kontrolik gabeko eta lurralde askotan gehiegizko hedapena da beste adibide... [+]
Pedro Sánchezek hornitzaile pribatuei eta Red Eléctrica de Españari egotzi die itzalaldiaren inguruko informazio gutxi eskaintzea, baina azken honek jakinarazi du "gutxi gorabehera" aurkitu dutela Iberiar penintsula osoko argindarra joatearen arrazoia... [+]
Red Eléctrica de Españak zibererasoaren aukera erabat baztertu du, eta bi instalazio fotovoltaikoetan jarri du begirada. “Operadore pribatuei erantzukizunak eskatuko dizkiegu eta berriro ez gertatzeko beharrezko neurriak aktibatuko ditugu”, adierazi du... [+]
Hedabideetan nahiko aipatu dira asteleheneko itzalaldiak gizartean eragin dituen ondorioak, baina nahikoa aipatu al da gertakari horrek agerian uzten duena? Besteak beste, bi auzi nagusi: bizirauteko energiarekiko dugun menpekotasuna eta azken urteetan gertatzen ari den zerbitzu... [+]