Frantziak bere ardura onartu du

  • Emmanuel Macron Frantziako lehendakaria Ruandan izan zen iragan maiatzaren 27an eta 1994ko genozidioan bere herrialdeak izandako erantzukizuna onartu zuen. Hutu etniako muturreko gobernuak tutsi etniako 800.000 pertsonen hilketa antolatu zuen. Frantziako agintari nagusienen begiradapean gertatu zen guztia, eta Frantziak 27 urte behar izan ditu bere errua onartzeko. Oraindik, ostera, ez du barkamenik eskatu.

Bisesero eremuan hildako 60.000 lagunen oroimenezko gunea. (Arg.: Isurape.com)
Bisesero eremuan hildako 60.000 lagunen oroimenezko gunea. (Arg.: Isurape.com)

Ehun egunetan gertatu zen guztia, 1994ko apirilaren 7tik uztailaren 13ra. Hiru hilabete pasatxotan, Ruandako hutuen gobernuak gidatutako giza ehizan ia milioi bat pertsona hil zituzten. Kopuruei buruz esaten da milioi erdi eta milioi bat pertsona artean hil zituztela, baina onartuena 800.000 hildakoena da, Ruandako tutsien %70. Gehienak bai, baina denak ez ziren tutsiak, milaka hutu “moderatu” ere hil zituzten, gobernuko hutuekin ados ez zirenak, tutsien senitartekoak, tutsien lagunak, tutsiak hiltzen ez zituzten hutuak... horiek guztiak ere Interahamwe (elkarrekin lan egiten dutenak, esan nahi du) milizien biktima bihurtu ziren. XX. mendean horren denbora laburrean izan den munduko hilketarik handiena dela esaten da, holokaustoan ere ez zela tamainako sarraskirik gertatu hain epe motzean.

Hori guztia herrialdea zaintzen ari ziren NBEko 2.300 kasko urdinen begiradapean, horietako asko Belgikako soldaduak. Frantzia ere xake taula gainean zegoen, baina hutuen genozidioaren gobernuari sostengua ematen, bai hilketak hasi aurretik eta bai ondoren. Areago, tutsi matxinatuek Kigali hiriburua hartu eta hutuen gobernuak ihes egin behar izan zuenean, orduan ere ihes bidea eskaini zien Frantziak, Turkesa operazio humanitarioaren bidez. Frantziak beti esan du ez zekiela zer gertatzen ari zen, are gutxiago genozidioa prestatzen ari zela. Gaur egun argi dago bazekiela eta, berba-mozorroz bada ere, horixe da orain Macronek Kigaliko Genozidioaren Memoriaren Zentroan onartu berri duena. Han dira lurperatuak 250.000 pertsonen gorpuak.

Ruandako genozidioari buruzko dozenaka liburu daude, filmak, txostenak eta milaka artikulu. Horietako txosten bi oraintsukoak dira. Bata, Ruandako Gobernuak Washingtongo abokatu talde prestigiotsu bati eskatutakoa –Muse txostena–; eta bestea, Emanuel Macronek Vicent Duclert historialari frantsesari agindutakoa –Duclert txostena–. Biak datoz bat Frantziaren erantzukizunean, ez ordea, ardura maila zehaztean. Geroxeago ukituko ditugu txostenen ondorioak, lehenik mende bat atzera egingo baitugu, genozidioaren afera guztia nekez uler baitaiteke bere arrasto koloniala sikiera azaletik jarraitu barik.

Ruandako herritarrak Belgikak jarritako
nortasun agiriarekin 1940an

Hutu edo tutsi marka
Ruanda Alemaniaren kontrolpean zegoen Lehen Mundu Gerraren garaian, baina gerra bukatu ondoren Belgikaren menpera igaro zen. Bi talde nagusi ziren bertan orduan, %85 hutuak, gainerako ia guztiak tutsiak eta %1 twa etniakoa (pigmeoak). Hutuak nekazariak ziren oro har eta tutsiak ganaduzaleak. Kolonizatzaile berriek tutsiak sostengatu zituzten eta gutxiengo horrek zorrotz kontrolatu zuen kasta gutxitu izaera zuen hutuen gehiengoa. Belgikak, halaber, gero 1994ko genozidioan giltzarri izango zen tresna eman zien hutuei: nortasun agiri berriak, herritarra tutsia edo hutua zen zehazten zuen.

Baina kolonialismoaren aurkako eta askapen nazionalerako haize berriek ez zuten belgikarren alde egin eta “beren tutsiak” Ruandako independentzia prozesuaren buruan jarri ziren, sozialista ukituko mugimendua eratuz. Belgikak aliatuz aldatu zuen orduan eta, Eliza Katolikoaren laguntzarekin, hutuak sostengatzen hasi zen, errege tutsia kanporatu zuten eta errepublika aldarrikatu. Tutsiak ziren orain bigarren mailako herritarrak. 50eko hamarkadatik aurrera bi taldeen arteko hilketak eta jazarpenak ugariak izan ziren.

Paul Kagame, Ruandako lehendakaria.
(Arg.: Jeunne Afrique)

Horien artean 1959an izandakoa nabarmendu behar da, hutuek tutsiei eraso egin zieten, milaka hil zituzten eta beste milaka askok inguruko herrialdeetara ihes egin zuen, besteak beste Ugandara. Une hau garrantzitsua da, herrialde horretan erbesteratutako taldetik sortuko baitzen gero 1994an boterea hartuko zuen tutsien Ruandako Fronte Patriotikoa (RFP). Paul Kagame zen orduan gerrilla talde haren buru, 1994ko uztailean Ruandako buruzagitza hartu zuen eta gaur egun arte eutsi dio aginteari.

Juvenal Habyarimana
Independentzia eta gero hainbat estatu kolpe izan ziren Ruandan, horietako bat Juvenal Habyarimana jeneral hutuak emandakoa. Hau ere izen klabea da genozidioaren historian, ordutik aurrera tutsien aurkako bazterketa etnikoa areagotu egin baitzuen, bazterketa apurka garbiketa etniko bihurtzeraino; agintean zen 1994ko Ruandan eta bere gobernua giltzarri izan zen tutsi labezomorroen –hala deitzen zituzten– zanpaketan.

Josep Fontana historialari jantzia zenak Por el bien del imperio liburu ezagunean dioenez, belgikarrek eta Eliza Katolikoak behin eta berriro lagundu zituzten hutuak; baita “erbesteratutako tutsien inbasio saioei eta 1963tik aurrera gertatu ziren hilketa programatuei eusten ere, 1994an gertatuko zenaren iragarle”. Frantziak 1975ean sinatu zuen akordio militarra Habyarimana jeneralarekin. Harrez gero, erregimena eskuz esku aritu zen Frantziarekin, eta bereziki François Mitterrand lehendakari sozialistarekin. Habyarimanak eta hark harreman pertsonal estua finkatu zuten, txostenek gerora adierazi izan dutenez, oso garrantzitsua izan zena genozidioaren aurrean izandako jarrera ulertzeko.

Aitortu behar da ez dela samurra Ruandako genozidioaren arrastoa jarraitzea, ikuspegi ugari daudela eta kontakizuna ere hainbat modutara egiten dela, horrelakoetan ohikoa denez. NBEren ikuspegia, AEBetakoa, Frantzia eta Belgika, Afrikaren Batasunerako Erakundea... Zer eta nori sinetsi? Alde horretatik, erreportaje honetan Fontanaren makulua ezinbestekoa da “ehun egunetako genozidioaren” nondik norakoak hobeto ulertzeko.

Sarraskiaren plangintza
1990etik aurrera indarra hartu zuten RFPko erasoek eta, haren etengabeko kolpeek eta herrialdearen egoera ekonomiko txarrak, Paul Kagamek gidatzen zuen talde matxinoarekin bakea sinatzera behartu zuten Habyarimana. Itxurazko demokratizazio prozesua ere ireki zen eta Arushako Akordioa sinatu, Ruandako armada hutuak behin ere onartuko ez zuena. Egiazki, Habyarimanak berak ere ez, eta buruzagiak –armadaren matxinadek ere bultzatuta– publikoki adierazi zuen akordioa “paper zati bat” besterik ez zela.

Fontanak deskribatzen duenez, Arushara (Tanzania) akordioa sinatzera lagundu zion Thenoeste Bagosora koronelak zera esan zuen handik itzuli berritan: “Apokalipsia prestatzera nator”. “Bitartean –jarraitzen du historialariak– lehendakaria interahamwe milizietako 35 buruzagirekin bildu zen hil behar ziren guztien zerrendak egiteko eta lana gauzatzeko atzerrian behar ziren armak erosteko”.

NBEk sortutako Ruandarako Nazioarteko Auzitegi Penalak 2008an bizitza osorako espetxe zigorra ezarri zion Bagosorari, hura “genozidioaren planifikatzaile” nagusitzat hartuta. Arushako Akordioa sinatu bai, baina aditu gehienen esanetan, Habyarimanak eta bere klanak urteak zeramatzaten hutuen “azken irtenbidea” prestatzen, “mila muinoen herrialdea” tutsiez garbi uzteko, eta behingoz “hutuen arazoa amaitzeko”. 1990etik 1993ra Frantziak 20,5 milioi euroko balioa zuen arma kopurua bidali zuen Ruandara; baita armadaren eta gero genozidioaren oinarri izan ziren milizien trebakuntzarako aholkulariak ere. 600.000 matxete ere erosi zituen Ruandako Gobernuak, hilketetan gehien erabili zen arma. Gaia ikertu duten txosten guztiek diote hilketen prestakuntza handia eta oso metodikoa izan zela. Muturreko hedabide hutuek ere gogotik prestatu zuten genozidio giroa, horien artean nabarmendu zen Mila Muinoen Irrati Telebista Askea.

Abiapuntua: Habyarimanaren heriotza
1994ko apirilaren 6an misil batek Habyarimana eta Cyprien Ntarymira Burundiko lehendakaria zeramatzan hegazkina jo eta biak hil zituen. Lehendik ari ziren prestatzen genozidioa, baina biharamunean hasi zen sarraskia. Ruandako armadak eta milizia hutuek, lehen ministro hutua eta hura zaintzen zuten hamar kasko urdin belgikarrak hil zituzten; Auzitegi Konstituzionaleko lehendakaria eta beste kargu instituzional asko ere bai. Horrela, tutsien ehiza ere irekitzat eman zen.

Eta nork jaurti zuen hegazkinaren aurkako misila? Hutuen arabera Kagameren RFPko indarrek, eta tutsien arabera muturreko hutuek. Garai hartan aipatu zen Belgikako soldaduak ere izan zitezkeela, eta Belgikako Le Soir egunkariko Colette Braekmanek artikulu bat argitaratu zuen Frantziako soldaduak izan zirela esanez. Fontanak dio, azken ikerketen arabera, misila bakarrik jaurti ahal izan zela Ruandako armada zegoen eremuetatik.

Bi faktore bederen oso garrantzitsutzat jotzen dira halako hilketa handia horren denbora laburrean egin ahal izateko: bat, hutuek tutsien zerrenda oso zehatzak egin izana; bi, biztanleria hutuaren parte handi batek esku hartu zuela hilketetan, batzuetan giroak bultzatuta eta beste askotan behartuta: edo herritar hutuek tutsiak hiltzen zituzten, edo miliziek haiek hiltzen zituzten. Adibidez, eliza batean 2.000 lagun bildu –sarri han babeslekua eskainiz– eta denak hil, tiroz, granadaz eta matxetez. Esaten da inoiz ez dituztela horrenbeste pertsona hil elizetan, eta okerrena dena, sarri-sarri elizako gizon eta emakumeen konplizitate edota partehartze zuzenarekin, noraino eta Vatikano ere barkamena eskatu dutenen zerrendan agertzeraino. Sor Gertrudisi eta bere menpeko Mari Kizitori 15 eta 12 urteko espetxe zigorra jarri zieten Bruselan egindako auzian, haien komentuan babestutako 7.000 pertsona handik kanporatu eta gero milizia hutuek hil egin zituztelako, bi emakumeen konplizitatearekin; besteak beste, gasolina eman zieten hutuei garaje batean babestutako 500 pertsona erre zitzaten.

Genozidioaren arma nagusietakoa bihurtu zen bortxaketa eta esaten da, 100.000 eta 250.000 emakume artean bortxatu zituztela. Gerra guztietan bezala, erasoaren jo puntuan ziren emakumeak aspalditik: jadanik 1990ean Kangura egunkari hutuak tutsien aurkako hamar mandamentuak argitaratu zituen. Lehenak zera zioen: “Hutu guztiek jakin behar dute emakume hutu guztiak ari direla etnia tutsiaren aldeko lanean. Beraz, traidoretzat joko dugu emakume tutsi batekin ezkontzen den hutua, haren adiskide dena, edo idazkaritzat edo amorantetzat hartzen duena”. Gainerako bederatzi mandamentuek tutsien kontrako arraza gorrotoa bultzatzen zuten, antzerako aginduekin.

François Mitterrand, ezkerrean, eta Juvenal Habyarimana (Argazkia: Le Monde)

Eta nazioarteak zer?
Maiatzeko Le Monde Diplomatique-k landutako dossierrean sakon aztertzen dira subjektu garrantzitsuenen erantzukizunak. Survie erakundeko ikerlari François Granerrek zehatz deskribatzen du Frantziarena, artxiboen azterketan estatuak oraindik ere jartzen dituen era guztietako oztopoak azalduz. Ruandako agintariek, Kagame buru, behin eta berriz salatu dute Frantziak uko egiten diola Kigalik eskatutako dokumentuen argitara ematea.

Collette Braeckman, Le Soir-eko kazetariak bere herrialdearen ardurak aztertu ditu, ikuspegi historikoa zein genozidioaren garaia jorratuz. Kolonialismoaren garaiaz adibidez, ebanjelizazio masiboa, tutsien erabilera eta etnien arteko kohesioaren suntsiketa lana aipatzen ditu, adibidez “boterea hiru buruzagitan banatzen zuen sistema tradizionala, bata lurrarentzat, bestea abereentzat eta hirugarrena armadarentzat”.

Hilabetekariaren dosierrean bada irugarren artikulu aski esanguratsua, oso modu zorrotzean azpimarratzen duelako afrikarrek genozidioaren aurrean izan zuten isiltasuna. Horren adierazgarria izan zen 1994ko ekainean, sarraski betean, Afrikaren Batasunerako Erakundeak urteko gailurra izan zuela Tunisian eta Ruandako egoera ez zela sartu ere egin gai-ordenan. Boubacar Boris Diop idazle senegaldarrak aztertu du gaia artikuluan eta dioenez, azkenean Hegoafrikan lehendakari hautatu berria zen Nelson Mandelak ekarri zuen gaia bere hitzaldian: “Ruandan gertatzen ari dena lotsagarria da gu guztiontzat. Eginkizun zehatzekin erakutsi behar dugu haiei amaiera emateko gai garela”. Haren berbak laster iritsi ziren Parisera eta Mitterrand lehendakariak gisa honetako hitzak luzatu zituen Eliseoan: “Mandelarekin edo gabe, ez diegu utziko anglosaxoiei gure arazoetan muturra sartzen”. Eta horren ondorioa izan zen ahalik eta lasterren Turkesa Operazio humanitarioaren antolaketa, afrikarrek beren indarrak antolatu eta bidali aurretik.

Eta NBEren ardurak? Gaur egun oso onartuta dago NBEk beste aldera begiratu zuela. Noraino eta zein erantzukizun mailarekin... horretan balorazioak ez datoz bat. Ruandako kasko urdinen buru ari zen Roméo Dallaire jeneral kanadarrari gertatutakoa jartzen da erakundeak izandako jarreraren erakusgarri: jadanik urtarrilean, Hutu Power erakundeko buruzagitzan aritutako desertore batek genozidio planen berri eman zion jeneralari eta hark, ondo armatutako 5.000 kasko urdin gehiago bidaltzea eskatu zion erakundeari, horrekin hilketak geldiaraziko zituelakoan. NBEk, aldiz, han ziren 2.300 soldatu erretiratu eta armatu gabeko 270 behatzaile bidali zituen. Areago, Fontanaren esanetan, Boutros-Ghali erakundeko sasoiko idazkari nagusiak galarazi egin zuen jeneralaren testigantza eta eskaera biltzen zituen faxa Segurtasun Kontseilura iristea.

Hamar urte geroago, NBEk genozidioa gogoratzeko egin zuen ekitaldian, garai hartan NBEko bake operazioen arduraduna zen Kofi Annanek –jadanik NBEko idazkari nagusi– honakoa onartu zuen: “Nazioarteko komunitateak azkartasunez eta irmotasunez jardun izan balu genozidioaren zati handi bat eragotziko zuen, baina ez zen borondate politikorik egon, ezta soldadu-talderik ere”. AEBei buruz gutxi hitz egin badugu ere, giltzarri izan zen eta Ruandara laguntza bideratzeko edozelako proposamen blokatu zuen Segurtasun Kontseiluan, gerora Bill Clintonek onartuko zuen bezala.

Turkesa operazioa
Tutsiak munduaren inongo laguntza barik geratu ziren, baina Ugandatik abiatuta, RFP Ruandan sartu eta hilabete gutxitan lurralde osoa konkistatu zuen. Uztailaren 19an hutuen eta tutsien gobernu bateratua sortu zen eta orduko RFPko lider Paul Kagame gaur egun Ruandako lehendakari da. NBEren onespenarekin, Frantziak Turkesa operazioa abiarazi zuen, helburu humanitarioekin 2.500 soldatu bidaliz. Fontana oso zorrotza da operazioarekin eta bere ustez, batez ere balio izan zuen borrokalari hutuei babesa emateko eta haien ihesa bideratzeko. Egia esan, ez da harritzekoa, Frantziako Gobernuak laguntzat baitzuen hutuen gobernua eta etsaitzat RFPko gerrilla. Estatuaren jarreraren erakusle ere bada honako datua: 1994aren amaieran egin zen herrialde frankofonoen bilkura Miarritzen, baina Frantziak ez zuen Ruandako gobernu berria gonbidatu gailurrera. Frantziak eta Afrikako bere estatu lagunek, halaber, babesa eman diete genozidioan ardurak izan dituzten pertsona esanguratsu ugariri.

Frantziako soldadu bat Kigaliko aireportua hesitzen. (Arg.: Andy Dunaway)

Horrela, Turkesa Operazioarekin, Frantziak Ruandako hegoaldean eremu handi bat eratu zuen –lurraldearen bosten bat– hutuei babesa emateko. Bi milioi hutuk egin zuen ihes hara Ruandako armadarekin batera eta, mendekua hartuz, tutsiek milaka hutu hil zituzten haien ihesean. Zaireko Goma hirian eratu zen bi milioi errefuxiatu hutuen kanpalekua, munduan izan den handienetakoa.

Muse eta Duclert txostenak
Ruandak 2017an eskatu zion Washington DFko Levy Firestone Muse abokatu bulegoari genozidioari buruzko txostena egitea. Taldeak iragan apirilaren 19an aurkeztu zituen ondorioak, martxoaren 26an Duclert txostena publiko egin ondoren. Azken hori Emmanuel Macronek Vicent Duclert historialariari egindako enkargua da eta horrek hamabi laguneko taldea osatu zuen ikerketa egiteko. Duclerten taldea agiri ofizialen ikerketan oinarritu da, nahiz eta onartu duen ezin izan dituela eskuratu nahi zituen guztiak, besteak beste Asanblea Nazionalak eskatutakoa ukatu diolako. Muse txostena-k, milaka agiriez gain, 250 pertsonen lekukotasunak ere baliatu ditu txostena osatzeko.

Duclert txostena-k dio Frantziako Estatuak erantzukizun politikoa, instituzionala eta etikoa izan zuela Ruandako genozidioan, “batez ere gertaeren jarioa aldatzeko aukera izan zuten agintariek hori egiteari uko egin ziotelako”. Eta esaten du, halaber, estatuko agintaritzaren goreneko mailetan ezikusia egin zela gertatzen ari zenaren aurrean, erabakiak hartzeko informazio guztiaren berri bazutenean. Hala ere, arduren leporatzea oso modu lausoan egiten du eta konplizitate arduratik libre utziz, ez baitu ikusi Frantziak genozidioan parte hartu zuenik, ez zuzenean ezta zeharka ere.

Muse txostena zorrotzagoa da Frantziarekin. Batetik, ongi hartzen du Duclert txostena, eta Frantziak erantzukizunak bere gain hartzeko norabide egokian ikusten du. Artxiboen apurkako irekiera ere ongi baloratzen du, baina salatzen du oraindik dena ez irekitzea. Aldi berean, kritika ere egiten dio Duclerten ikerketari, batez ere “ez duelako finkatzen Frantziako Estatuak izan zuen egiazko ardura. Egiazki, hark ez dio erantzukizun handirik leporatzen Frantziako Estatuari, honek saihesgarria zen genozidioa posible egin zuelako. Gure txostenean bai egiten dugu”. Vicent Duclertek honakoa zioen estatubatuarren txostenaz Le Monde-n emandako elkarrizketan: “Gezurrak, manipulazioak eta grinak kutsatzen dute Ruandako dosierra”.

Frantziako eta Ruandako agintariek bi herrialdeen arteko hurbilketa prozesua egiten ari direnean, ikusteko dago estatu interesek zein neurritan estaliko dituzten frantziarren erantzukizunak. Egia bere bidea egiten ari da apurka, baina justizia eta erreparazioarena beharbada diruz erosteko tentaldia izan dezake Emmanuel Macronek, nazioarteko laguntza gisa jadanik iragarrita duen diru zaparrada medio.

Emmanuel Macron lehendakaria Kigalin, Frantziak genozidioan izan zuen arduraren erantzukizuna onartu zuenean.

 


ASTEKARIA
2021eko ekainaren 13a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Bereziartua
#3
AEK koordinakundea
#4
Ruben Sánchez Bakaikoa
#5
Azoka
Azkenak
TikTok debekatzeko lehen urratsak egin dituzte AEBetan

TikTok sare sozial ezaguna ByteDance enpresa txinatarrena da, eta AEBetako Ordezkarien Ganberak onartu duen lege proiektuaren arabera, sei hilabeteko epean saltzera behartuko du enpresa, ala sare soziala AEBetan debekatua izango da.


Ur kontsumo arduratsua lantzen hasi eta erreka garbiketa herrikoia antolatzen bukatu dute Legutioko ikasleek

Ikasleekin uraren gaia lantzeak askorako eman du Legutioko Garazi eskolan: ikastetxeko komunetako iturri eta dutxetan ura alferrik ez galtzeko modua ezarri dute, eskolako ortuan euri ura aprobetxatzeko sistema planteatu dute eta herriko errekatik zaborra ateratzen 70 bat lagun... [+]


Eguneraketa berriak daude