"MENA bat nire komunitateko kide da, ikastolako ikaskidea bezainbeste"

  • Dub, ska, trap, reggae, reggaetoia, punk, trapa eta Xabier Leteren bertsio bat, dena hamar kantuetako mixtape batean, zergatik ez? Autotunea sutan eta txandala. Chill Mafia Iruñerriko musika taldea euskal eszenari astinaldi bat ematera heldu da. Otsailaren 14an plazaratu zuten haien lehen kanta sorta sare sozialetan Ezorregatik x berpizkundea izenarekin. Gazte arruntaren koplak abestiak 336.000 ikustaldi baino gehiago pilatu ditu aste gutxitan eta I was born Errotxapean auzoetako gazteen ereserki berri bilakatu da.

Argazkia: Dani Blanco
Argazkia: Dani Blanco

Zer da Chill Mafia?
Iruñerriko kuadrilla bat. Kuadrilla moduan sortu ginen, baina kolektibo bezala funtzionatzen dugu. Musikan bost pertsona gaude eta skatean, grafitietan eta bestelakoetan dabiltzanak ere badira.  

Pandemia garaian sortutako taldea izanik ere, kontzertu piloa ematen ari zarete. Zer moduz?
Aurkezpen bira oso ongi doa. Uda potente dator: Hego Euskal Herri osoan, Madrilen… Uztailaren hasieran EHZ Festibalean egongo gara… Jende pila etortzen da. Duela gutxi Bilbon izan ginen. Bizkaia aretoan, eta kristorena izan zen. Gu hasi baino bi minutu lehenago burokrata puta bat etorri zitzaigun modu txarrean esanez jendeari gogorarazi behar geniola eserita egon behar zuela. Nik uste dut ez ginela haien gustukoak, ez gu ezta publikoa ere, eta hiru abestiren ondoren Errotxapearen kantaren erdian, moztu ziguten argia, berandu zelako aitzakiarekin, baina orduan jendeak kantatu zuen oso-osorik gurekin batera. Itzela izan zen. Eta hurrengo egunean Bergarako kartzela zaharrean oso-oso ongi, gainera gauerdian etxeratze agindua bukatu zen eta gau osoa kalean. Itzela izan zen.

Lehen parranda denbora askoan?
Beno… parranda batzuk ikusi ditugu nahiko underground, COVID-19 aurrekoak bezalakoak kasik.
Baina polizia gazteen atzetik ibiltzen da etengabe…

Hau zen talde errepresibo bati falta zitzaiona. Txartel zuria eman diete jendea zapaltzeko. Sekulako putakeria izan da. Fokua gazteon gainean jarri da eta gazteok ari gara portatzen de putamadre. Beti badira lau gilipollas, baina oro har aguantatu dugu oso ongi, ez dugu ia liada potolorik egin. Mendillorrin, Errotxapean, Txantrean poliziak daude a muerte. Errotxapean hamabi gazte atxilotu dituzte eta kristorena bota nahi diete. Leporatzen diete ETAkoak izatea, baina haiek 14 urte zituzten ETAk utzi zuenean. Hori guztia errepresio estrategia baten barnean dago. Auzoan izandako bi istilurengatik leporatu zieten hori guztia, eta garai hauetan istiluak normalak dira jendea oso erreta dagoelako. [Pablo] Hassel kartzelara bidali zutenean Espainia osoa jarri zen sutan hori zelako falta zen azken ttantta. Jendea arrazoi osoz dago nekatuta eta inork ez dio ezer eskertu.

Argazkia: Dani Blanco
"Nire ikaskide izandako baten kuadrillan %70 marokoarrak dira eta gure kanten bitartez ikusten ari dira rollo euskaldun eta euskaltzale horrek ez duela zertan rollo zaharkitu bat izan behar"

Altsasu berri bat egin nahi dute?
Nik uste baietz eta agian gehiago ere izango da. Espero dut okertua egotea.

Baina zuek diozue ez zaretela oso jurru, ez?
Erraten dugu ezetz, baina mugak ez dira horren garbi eta are gutxiago hemen, Iruñean denok garelako ezagunak. Gainera Poliziaren errepresioaren aurrean ez baduzu ezer esaten ez da jurru ez zarela, baizik eta gilipollas zarela. Eta berdin gosea pasatzen duen jendearekin eta abar. Pertsona bat zara eta gizarte batean bizi zara, beraz politikatik at ezin zara egon. Hainbeste errepresioa jasan dugunez Euskal Herrian, halako zerbait gertatzen denean denok elkartzen gara eta hori da komunitatea izatea.

Komunitate horretan kanpotarrak ere sartzen dira?
Nik uste dut baietz, euskara ez dakitenak ere sartzen direla. Are gehiago, euskaldun gisa gure helburuak izan behar du komunitate horietan euskara sartzea. MENA [bakarrik datozen adin txikiko atzerritarrak] bat nire komunitateko kide da, guztiz, ikastolako ikaskidea bezainbeste.

Zuen euskañola kritikatzen dute batzuek… Euskara desitxuratzen ari zarete?
Nire ikaskide izandako baten kuadrillan %70 marokoarrak dira eta gure kanten bitartez ikusten ari dira rollo euskaldun eta euskaltzale horrek ez duela zertan rollo zaharkitu bat izan behar. Puntu zaharkitu eta folklorikoak ez du balio jende berria erakarri nahi baduzu.

Gainera, agian nire paranoia izanen da, baina beti ikusi ditut gazte batzuk ikastolan zeudela ez beren gurasoen euskararekiko maitasunarengatik, baizik eta ez zutelako beltz, latino eta ijitoekin nahastu nahi. Horrek badu kristoren kutsu elitista eta hori hautsi behar da. Euskaldunak ez gara hain berezi edo desberdinak. Agian garai batean ongi egon zen, baina gaur egun langile auzo batean edo Erriberan rollo identitario horren markatuarekin ezin duzu euskara sartu. Euskalduna izatea identitate kontua da, baina langile auzo batekoa izateak indar handiagoa du.

Gu harro gaude euskaraz gaizki hitz egiteagatik. Hizkuntza bat hiztunek egiten dute eta nik ezin diot solasaldi oso bati eutsi erdarakadarik sartu gabe, eta nik uste dut Iruñerrian horrela egiten dugula. Pena bat? Gure egoera da eta kito.

Hiztun kantitate bat behar da lortu gero kalitatea erdiesteko?
Jakina! Perladón bat: garai batean euskara jaso eta mundu intelektualera eraman behar zen bezala, lau baserritarren kontua ez izateko, orain kontrakoa behar da: elite intelektual horretatik jaitsi eta mundu errealera eraman behar da, gizartearen beste sektore batzuekin topo egiteko. Eta kalera jaisteko badira adierazpen artistiko batzuk oso baliotsuak: zinema, musika…
Benetan, zin dagizut baditudala lagunak euskaraz sekula ikasi ez dutenak eta gure eztandarengatik planteatzen ari direnak AEKn sartzea. De puta madre, ¿sabes? Musika ezinbestekoa da euskalduntasun ez zaharkitu hori zabaltzeko.

Otsailean lehertu zen Chill Mafia fenomenoa sareetan, bere polemikak eta guzti. Apaldu da orain?
Apaldu da birala, baina internetek horrela funtzionatzen du. Orain egonkortzeko momentua da. Fanbase bat sortzen ari gara, estaturako proiekzioa badugu eta ez da gutxi…. Hazten ari gara, nolabait esateko.  

Jendeari pasa zaio boom hori, eta agian zalantzak zituen zuzenekoa defendatzeko gure moldeaz, baina gero kontzertuak ikusita ulertu du gelditzeko iritsi garela. Une biralak beharrezkoak dira eta guk bilatzen ditugu. Eta sare sozialetan eztabaidak eta polemikak egotea oso ona da, nahiz eta batzuetan hanka sartzen dugun. Gaur egun marketinean askoz eragin handiago du meme batek EITBko saio batek baino. Meme bat ikusten ahal dute 10.000 pertsonak segundo gutxitan eta gainera inolako kostu ekonomikorik gabe. Komunikabideek asko ikasi behar dute memegintzatik gazteak erakarri nahi badituzte. Orain clickbait teknika komunikabide tradizional guztietan erabiltzen da. Zure lana da elkarrizketa on bat egitea eta clickbait bat titularrean jartzea jendea erakartzeko.

Argazkia: Dani Blanco
"Guk esaten dugu Muguruza hil behar dugun aita dela, esate baterako, bere kanta guztiak ezagutzen ditugulako. Ezagutu gabe ezin duzu ezer berririk egin"

Lehen talde batzuek paso egiten zuten komunikabideez…
Ez dakit zergatik. Azken finean debaldeko publizitatea da. Ez naiz tontoa izanen. Ongi dago sare eta komunikabide alternatiboak sortzea, baina hori ez da nahikoa. Oso ongi dago autogestioa baina testuinguru batean bizi zara, medioak behar dituzu musika gehiago ekoizteko eta kontraesana bada, igual zait. Nik ez diet beldurrik kontraesanei. Eta sare sozialak gure bizitzaren parte garrantzitsua izan dira beti.

Last Tour promotorarekin fitxatu duzue. Ez dira zuek otzantzen saiatuko?
Beldurra nion enpresarioekin hitz egiteari, baina badakite gure askatasuna muga gorri bezala markatua dugula. Adibidez, duela gutxi Last Tourekoek proposatu ziguten Youtubeko azpitituluak erdaraz jartzea eta ezetz esan genien. Sekulako maketada da hori. Eta kito. Erabiltzaile batek egin nahi badu egin dezala, baina guk ez.

Ezorregatik x berpizkundea, zuen mixtape-aren izena, nondik dator?
Bada sekulako egotripa. Bada egoa aldarrikatzeko modua, raperoek egiten duten bezala. Nik proposatu nion Flakori jartzea “berpizkundea” eta bera flipatua, oso jasoa zela, Renaixençarekin eta halakoekin ari naizelako alderatzen, intelektualegia zela. Orduan sartu genuen “ezorregatik” en plan... “oraindik ez duzu ulertzen, baina emango dizkiguzu eskerrak”.

Ez Dok Amairurekin lotura zuzena duzuela uste duzue?
Bai. Guretzat haien eragina nabaria da. Gainera haiek bezala saiatzen gara kolektibo bat izaten, arte forma anitzak biltzen dituena, eta gainera talde biak behar batek bultzatuta sortu gara: haiek musika euskaraz sortzeko beharra sumatu zuten eta guk egungo egoera erabat aldatu beharra zegoela sentitzen genuen. Mundu mailan top kantak ez dira jada baxu, gitarra eta bateriarekin eginak, ordenagailuarekin baizik. Hori, hala ere, ez zen gertatzen ari Euskal Herrian edo oso maila txikian, eta horregatik ikusi genuen berpizkundea beharrezkoa zela.

Zergatik diozue musika tradizionala egiten duzuela?
Tradizioa ez delako inoiz geldirik egoten, bestela folklorea da. Lehenagoko etapak gainditu ahal izateko lehenbizi ezagutu behar dituzu, konplexu eta nostalgiarik gabe. Guk esaten dugu Muguruza hil behar dugun aita dela, esate baterako, bere kanta guztiak ezagutzen ditugulako. Ezagutu gabe ezin duzu ezer berririk egin. Askotan uste dugu gauza berriak ezerezetik sortzen direla eta gezurra da. Modu berean, autotunearekin ere ez dugu konplexurik, guk entzuten dugun musikak autotunea erabiltzen duelako a fuego. Agian zaharrago diren batzuek uste dute akatsak disimulatzeko erabiltzen dela bakarrik, baina guretzat beste baliabide bat gehiago da. Gure logelan sortzen den musika da gurea, soinu txartel kaxkar batekin eta autotunearekin a fuego.

Oso zaharkitua dago Euskal Herriko musika eszena?
Pop berria rapa da eta ezinezkoa zen Euskal Herrian rapa edo reggeatoia euskaraz ez egitea. Aldaketa horrek gertatu behar zuen gure belaunaldikook erreferentzia horiek ditugulako. Guk hamar kanta egin ditugu eta denak oso desberdinak, ez genuelako mugarik jarri nahi.  Ez dago postureorik gabeko pertsonarik, baina gu abarkadun puska gara eta horregatik ez dugu kanpotarren estiloa edo janzkera imitatu behar. Hemendik gutxira agian jota bat egingo dugu autotunearekin eta euskañolez.

Reggaetoia kritikatzen dutenei zer esaten diezue?
Badira batzuk Kixote konplexua dutenak. Que les cunda. Pertsona horiek guztiek ikusi beharko lukete zeinen dibertigarria den perreoa. Matxista dela esaten dute batzuek, baina eredu heteropatriarkal honetan sortzen den musika guztia matxista da eta kito. Badira kantak eta kantak, baina fokoa soilik reggaetoian jartzeak badu puntu arrazista bat. Nola esan behar diet nik latinoei nola hitz egin behar duten sexuari buruz, gainera nik inposatutako hizkuntzan?

Ez da inbidia izanen?
Inbidia eta konplexua ere bai. Kanta batean “zurekin larrua jo nahi dut” esaten badute matxistatzat hartzen da, baina neskek ere esaten dute eta ez dago batere arazorik. Sexua ez da txarra eta ongi pasatzea ez da txarra. Euskaldunok arazo bat dugu. Ligoteoan minbizia gara, eta beti zeharka esaten ditugu gauzak, pertsona bati ahoa jan nahi diogula esatera ausartu gabe. Askoz toxikoagoa da horrela ibiltzea regetoia baino.

Drogen apologia egiten duzue zuen abestietan?
Drogez hitz egiten dugu gure inguruan daudelako. Hala ere analisi oker bat egiten da: marihuana eta heroina drogak dira baina patxarana ez? Gainera ezkutatzea ez da soluziobidea. Hau da zure etxabeetan gertatzen ari dena, ez baduzu ikusi nahi zure arazoa da. Errealitatearen isla izan nahi dugu, nahiz eta errealitate hori kaka zaharra izan, eta halakoa da. Nik baditut lagunak soilik kalamuarekin burua betiko galdu dutenak. Dena den, drogak arazo soziala dira soilik auzo zehatz batzuetan. Gorraitzen droga pila dago, baina beste modu batez kudeatzen ahal dute dirua dutelako. Arazoa gehiago dator prekarietatetik kimikatik baino. Drogen analisiak ez du morala izan behar, soziologikoa baizik. Gazteei laguntzeko modu praktiko bat da informazioa ematea, esatea zer den sartzen ari direna, adibidez. Alde horretatik lan hobea egiten dute Hegoakekoek ezker abertzaleko antidrogek baino. Gainera ezker abertzaleko jende asko ikusi dut drogak kritikatzen eta bost minutuero komunera joaten. Ezin zara gameluen kontra egon, baina drogen alde.

Argazkia: Dani Blanco

 

"Guretzat Ez Dok Amairuren  eragina gurean nabaria da. Gainera, haiek bezala saiatzen gara kolektibo bat izaten: haiek musika euskaraz sortzeko beharra sumatu zuten eta guk egungo egoera erabat aldatu beharra zegoela sentitzen genuen"

Yung Beef-en La vendición bezalako zigilu bat antolatuko zenukete hemengo hiri musika taldeekin?
Nahi dugu irabazten dugun guztia inbertitu gure hirian eta oso harreman polita dugu Iruñerriko talde guztiekin, baina La vendición bezalako zerbait ez, hori delako genero oso zehatz batena, rap besterik ez da. Hemen zerbait egitekotan anitzagoa litzateke. Hemen rapa entzuten duen pertsona batek gero Ibil Bedi entzuten du eta Tatxers, eta hori superpolita iruditzen zait. Etorkizunak erranen du.

Ben Yart zuekin doa?
Noski! Musikalki gure aita da. Berak erakutsi digu nola egiten diren gauzak. Gure erreferente handiena, raperorik onena Iruñerrian eta neurri oso handi batean gure parte da.

Zer ikusten duzue eszenatokitik?
Zortea dugu zaharrek ere kasu egiten digutela. Laurden bat zaharruno intelektualak dira, gu ikusteko pikaturik daudenak, eta gainerakoak gure adineko gazteak.

Zaila ikusten duzu auzoetako gazteon etorkizuna?
Bai. Nik ez diot buelta gehiegi ematen. Amarekin bizi naiz eta datorren bost urteotan independizatzen banaiz izango da zerbait okupatzen. Hori ongi iruditzen zait, ez delako zilegi etxe batengatik ordaintzea. Gazteak animatu nahi ditut okupatzera, etxe libre pila dago eta. Ni, beti ere, Errotxapean geldituko naiz.

Kiliki, Arrotxapea esaten dela…
Ni ez naiz sartzen mobida horretan, ni ez naiz filologoa… Ez bazait inporta ergatibo bat gaizki sartzea Errotxape-Arrotxapea arteko liskarra are gutxiago… Auzoko kolektiboak, gainera, oso tematuta daude Errotxapearekin.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika
Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-21 | Iker Barandiaran
Amorrazioa, jarrera eta kantuak

Madrilgo queer mugimenduan kokatzen nuen taldea, eta orain gutxi bere esentzian –zuzenekoan– ezagutzeko aukera izan nuen. Orduan jakin nuen Argentinan jaio baina gaztetan Madrilera joandako Belenek (ahotsa eta gitarra) sortu zuela taldea, eta Mariarekin (bateria eta... [+]


2024-04-14 | Iker Barandiaran
Errekak ez du planeatzen

Garai batean, buruz genekizkien The Dark Knight filmeko Jokerren esaldi guztiak, “kaosaren agentea” zenez gero. Horrelakorik zuen, esaterako, bere jokabidea azaltzeko: “Plan bat duen tipo bat al dirudit? Badakizu zer naizen? Autoen atzetik korrika doan txakur... [+]


Eguneraketa berriak daude