Zu hobeto jateko!

  • Kolore nabarreko suge bat ikusi dute mendiko bidean kiribilduta. Masa berde bat besarkatzen du. Gelditu, behatu eta klik: argazkia atera diote momentuari. Bitxikeria hutsean gera zitekeen gertaera, baina irudia aditu bati bidaliko zioten. Suge-leunak musker heldu bat jatea ez baita eguneroko kontua. Europan halakorik hirutan baino ez da ikusi: horietako bi Euskal Herrian.


2021eko otsailaren 21an
Iñaki Etxeberria Aranazek 2020an Goizuetan ateratakoa. Suge-leunak kiribilduta du bere harrapakina, baina Amurrioko argazkikoak ez. Zergatik ote?

Azaroaren 2a. 2020a. Udazkeneko haize hegoak lagunduta, Silviak eta Iñakik Goizuetan mendi-buelta bat emateko parada probestu dute. 11:55ak dira Organbideko pistan barrena oinez sartu direnean. Hartxintxarrez eta lurrez osaturiko bidean, forma luzeko eta kolore nabarreko sugearen eta musker berdearen arteko kontrastea nabaria da lur grisean. Sugeak gorputzarekin eusten du bere jakia, eta ahoan ditu sartuak jada burua eta aurreko hankak.

Irailaren 24a. 2012. Silviaren eta Iñakiren behaketa baino zortzi urte lehenago, Joseba Abrisketak argazki bat bidali zien Aranzadiko herpetologoei. Amurrioko Aldaiturriaga auzoan zihoala ezohiko irudi bat ikusi zuen: suge bat musker heldu bat jaten.
Zortzi urteko tartea duten bi argazki ditugu, beraz. Bi testigantza. Bietan hegoaldeko suge-leuna (Coronella girondica) ikusten da musker berdea (Lacerta bilineata) irensten. Bi kasuetan, udazkena da. Bi kasuetan, harrapaturikoak musker helduak dira. Goizuetan, arra. Amurrion, emea.

Suge-leunak musker kumeak jaten zituela gauza jakina da. Sugandilazale amorratua dela ere badakigu. Baita, noizbehinka, eta populazioaren arabera, ugaztun txikiak ere jaten dituela (saguak, esaterako); baina, orain arte, musker helduak jaten behin baino ez da dokumentatu suge hau, eta Robert Jooris herpetologoak egin zuen hori, 1995ean, Aveyronen, Frantzian.

Kasu guztietan sugeek estrategia bera erabili zuten. Muskerra harrapatu, eta ahotik hasi ziren hura irensten. Goizuetako irudian, ordean, bada pauso bat, Amurriokoan ikusten ez dena: sugea muskerraren inguruan dago kiribilduta. Izan ere, hegoaldeko suge-leunaren ehizatzeko modua hori da. Harrapakina gorputzarekin heldu eta estutzen du, ondoren ahotik barrena sartzeko haren burua. Beraz, litekeena da Goizuetako muskerra harrapaketaren hasierako fasean hartu izana argazkilariak. Hilik dagoela sentitzean, Amurrion bezala, ez du horrenbeste estutuko, eta ahoan barrena sartzen jarraituko du.

Josu Abrisketak 2012an Amurrion atera zuen argazkia.
Zu hobeto jateko!

Joorisek Aveyronen egin zuen behaketagatik zioen, ordura arte suge-leun bati ikusitako harrapakinik handiena zela ahoan zuen muskerra. Tamaina horretako suge batek halako musker bat jatea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Ahotik sartzeko eta irensteko, euren baraila lekutik ateratzeko gaitasuna dute. Hala, haien harrapakinak jan, eta berriro ere bere lekuan jarri dezakete baraila. Zu hobeto jateko!

Ondoren ere izango zuen lanik: gorputzeko muskuluekin lagundu beharko zukeen muskerra barrura sartzen. Hala, askotan ikusi izan ohi dira sugeak, gizen-gizen eginda, motel-motel, ia ezin mugitu, jan duten harrapakinaren tamaina dela-eta, liseritzeko behar duten denbora hartzen.

Testuingurua irakurriz

Muskerrarekin garbi daude gauzak: Amurrion eta Goizuetan musker berdea ezaguna eta arrunta da bi herrietan. Suge-leunak, ordea, bi espezie izan daitezke. Arabako herrian, bakarra ezagutzen da. Beraz, ez da dudarik: hegoaldeko suge-leuna da Amurriokoa. Haatik, Goizuetan oso bestelakoak dira gauzak. Bi suge-leun espezieak daude aipatuak bertan: Iparraldeko suge-leuna da arruntena, baina irudikoak ez du haren itxurarik.

Zortzi adituren begietatik pasa da argazkia: Euskal Herria, Galizia, Andaluzia eta Katalunia… Iberiar penintsula zeharkatu ostean, Frantziara ere iritsi da Goizuetako argazkia. Eta hala lortuko dugu emaitza: Amurrion bezala, hegoaldeko suge-leuna da irudian dagoena. Goizuetan urriagoa izan arren, hori da argazkilariak kamera bidez harrapatu duena.

Testuingurua aztertzeak ere laguntzen du identifikazioan: gune irekia, iratze-lekuaren ondoan. Egutera, beroa, harritsua eta orientazio onarekin. Mediterranear jatorriko espezie batentzat aproposa zen Goizuetako parajea.

Goizuetakoa salbuespen gertaera bati ateratako argazkia da, ala uste baino jarrera arruntagoa da udazkenean suge-leun heldu batek musker berde heldu bat egunez ehizatzea?

Udazkena da. Bi espezieen ugal garaiak pasa dira. Beraz, haien aktibitatea asko jaitsi da jada. Goizuetako kasuan, gainera, azaroa da. Sugeak, behintzat, brumazioan (narrastien hibernazioa) beharko luke. Hego haizeak eta eguzkiak, ordea, narrastiei berotzeko aukera eman die. Biak haien babeslekuetatik atera dira, negu aurretik zerbait jateko esperantzarekin. Bi kasuetako batean, ordea, herpetologoei arreta ematen dien kontu bat dago. Orain arteko portaeretatik kanpo ikusten den jarrera bat. Amurriokoa, eguzki orduari erreparatuta, goizeko 6:50etan ikusi da. Arrunta da hori: hegoaldeko suge-leuna gautarra baita, baina egunsenti zalea ere bada. Ikerketek diotenaren arabera, suge-leunak eguneko aktibitatea duten espezieak gauez harrapatzen ditu, batez ere haien babeslekuetan ezkutatuta daudenean. Egunean zehar, ordea, suge-leuna ezkutatu egiten da.

Goizuetako gertakizuna 11:55etan behatu da, ordea. Eguerdian. Eta hor sortzen da galdera: Goizuetakoa salbuespen gertaera bati ateratako argazkia da, ala uste baino jarrera arruntagoa da udazkenean suge-leun heldu batek musker berde heldu bat egunez ehizatzea?

Nork jakin, Euskal Herriko parajeetatik barrena goazela egindako behaketaren batek argituko ote dizkigun suge-leun ilunzalearen ezkutuko misterioak; edota, kontrara, zientziak horrenbeste maite duen hori egiten jarraituko ote duen: galderak airean uzten, gure begiak erne egon daitezen…

Zu hobeto ikusteko.

OHARRA: Erreportaje hau Boletín de la Asociación Herpetológica Español aldizkarian argitaratzear den artikulu zientifikoan dago oinarritua. Artikulu horren egileak dira Sanz-Azkue, I., Etxeberria-Aranaz, I. & Tellechea-Iraola, S.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Narrastiak
2021-07-21 | Naturayala
Sasi-sugeak, zirauna eta eskinko hiruhatza

Blog honetako sarrera batzuetan salatu dugu zein ohikoa izaten den gure bide bazterretan hildako suge edo sugegorriak aurkitzea, kolpatuak izan ondoren. Zentzugabea, irrazionala, indiskriminatua eta kontserbazio erizpide ororen aurkakoa iruditzen zaigu jokaera hau. Baina are... [+]


2020-06-07 | Iñaki Sanz-Azkue
Euskal Herriko musker bat British Museumean

Udaberriaren goxotasunera iratzarri da, eta gorputzaren berdetasunean ostarte urdin bat azaldu zaio: gorputz berdea, buru urdina. Zeru zati bat ireki da musker arraren urteroko zikloan. Iritsi da momentua: ugal garaia da. Landare artean nabarmentzeak, ordea, bere arriskuak ditu... [+]


2019-06-16 | Iñaki Sanz-Azkue
Anfibio eta narrastiak
Ingurumen aldaketa handien adierazle txikiak

Inguruan ditugu, ezkutuan begira, nahiz eta guk ikusi ez. Ez gara ohartzen, baina anfibio eta narrastiek gauza asko dute kontatzeko ingurumenari buruz, eta eurei esker eragin dezakegu kontzientziazioa eta ezagutza. Helburu horrekin izan gara Leurtzako urtegi inguruan, ARGIA... [+]


Eguneraketa berriak daude