Euskal Herriko musker bat British Museumean

  • Udaberriaren goxotasunera iratzarri da, eta gorputzaren berdetasunean ostarte urdin bat azaldu zaio: gorputz berdea, buru urdina. Zeru zati bat ireki da musker arraren urteroko zikloan. Iritsi da momentua: ugal garaia da. Landare artean nabarmentzeak, ordea, bere arriskuak ditu. Eta nahiz eta kondaira askok bere alde egin, eta horrela, gizakia beldurtu, badira muskerrari eskua botatzera ausartzen direnak. Honela bukatu zuen Euskal Herriko musker batek British Museumean. Famatu, baina hilik.


2020ko ekainaren 07an

Ez da beti hala izan, baina egun, ia oharkabean pasatzen den animalia da musker berdea (Lacerta bilineata). Ez dugu begi-bistan jada. Baserri eremuak bakantzen joan dira, eta mendian ikusteko, adi egon behar. Hirietan, gutxi izango dira muskerrak ikusteko gune egokiak: zelaiak, laharrak eta bidezidorrak nahasten diren gune aberatsak, edota baso irekiuneak, horma zahar eta egur pilaketa landaretsuak. Baztertu egin dugu muskerra. Gero, denbora arduratu da gure buruetatik desagerrarazteaz.   
Hor dago, ordea. Zelaiaren eta laharren berdetasunean ezkutatuta. Berdea kolore deigarria baita, muskerra paisaiaren berdetasunean barneratzen den arte. Begiak prest izan behar ikusteko, edota belarriak bere mugimenduak entzuteko.

Udaberriak ekartzen du musker berdeen ugal garaia. Arrei burualdean orban urdina azaltzen zaie. Emeek marra zuria izaten dute gorputzaren alde banatan

Udaberriak ekartzen baitu musker berdearen ugal garaia, eta orduan ausartzen baitira koloreak nabarmentzen eta euren segurtasun eremutik ateratzen. Une horretan ikus ditzakegu musker berde arrak buru-lepo aldeko orban urdinarekin emeak erakartzen. Edo borrokan, eremurik egokienak aukeratzen. Guztiak ez baitira eguzkia, elikagaiak, leku segurua eta emeak erakartzeko toki aproposak eskaintzen dituztenak. Eta horrek sortuko ditu borrokak arren artean, eta sumatuko ditugu, agian, ezkutalekuetatik ateratzen, “urrezko eremua” nork irabaziko. Buru handi eta gorputz sendoko arrak bata besteari horzka eginez, nor baino nor indartsuago.

Emeek gehiago egiten diote kasu euren izen zientifikoari. Eta maiz, bi marra zuri antzeman daitezke gorputzaren bi aldeetara. Bi marra zuri: bilineata. Buru txiki eta gorputz lodi samarrekoak arrautzak barruan dituztenean, ondo zaindu beharko dute euren jakia. Aski jan izanak, arrautzak egoki garatzea ekarriko baitu, eta harri edo enbor azpietan uzteko aukera izango baitute gero, musker txikiak noiz aterako. Hortik aurrera, alabaina, ama ahaztu egingo da arrautzez (aitak aspaldi egin zuen moduan). Muskerrek, beraz, jaiotzen diren momentutik, bakarrik egin beharko diote aurre bizitzari. Uda amaiera izan ohi da bizi berrien hasiera. Udazkeneko eguzki eta hego-haize egunak izango dira musker jaioberrien esperantza. Negua iritsi aurretik, ondo elikatu behar baita gorputza.

Muskerraren ospea

Muskerra ezaguna izan da, eta izan du bere fama ere duela hamarkada gutxi arte. Baserri eremuetako eta herri txikietako biztanlea baita muskerra, eta hiriak handitzen eta asfaltatzen hasi garen artean, bista-bistan izan baitu gizakiak. Eta gorde ditu belaunaldiz belaunaldi transmititu diren ezagutzak eta usteak. Kondairak eta kontakizunak, Bernardo Atxagak Obabakoak-en erakutsi zigun bezala. Belazean lotan geratuz gero, muskerra belarritik sartu, eta burmuina jateko kapaza dela kontatu ziguten. Ez baitago gizakiaren burmuina baino gauza gozoagorik muskerrarentzat. Eta hala, tontotuta uzten zaitu betiko. Hori zioten, behintzat, Obaba herriko biztanleek ipuinean. Eta hala, musker berdeari ospea eman zioten berriz, liburuaren azalera, pantaila handira, eta Asteasuko Muskerraren Egunera eraman arte.

Arriskutsu fama duenak gizakia erakarri izan duelako, muskerra begiratua, zelatatua eta harrapatua izan da

Fama, alabaina, irabazia zuen aurretik muskerrak, eta belarrira saltatzen zuela ere zabaldua zegoen aspalditik. Hernaniko Ereñotzu auzoan hala jaso izan dugu: “Belarrira saltatzen omen zutela entzun nuen, eta ordutik beldurrez ibiltzen nintzen” edota “muskerraren horzka sugearena baino txarragoa da”.

Muskerraren ospeak, beraz, gehiago izan du txarretik onetik baino. Arrazoirik gabeko fama txarra, egia esan. Eta hala, oso zabaldua dagoen uste bat ere jaso izan dugu Malerreka, Goizueta eta Hernani inguruan: “Esaten zuten kopetan pegatzen omen zela muskerra saltatuta, eta zazpi herritako kanpaiak jo behar zutela hura libratzeko!”. Eta horregatik, edota, benetan, arriskutsu fama duenak gizakia beti erakarri izan duelako, muskerra begiratua eta zelatatua izan da leku askotan. Baita harrapatua ere.

Hernaniko muskerra British Museum-ean
1913an musker bat harrapatu zuen Edouard Britten-ek Hernanin eta British Museum-era bidali zuen. Nori eta Europako herpetologiaren aitari: George Albert Boulenger handiari

1913an, ez dakigu zergatik, Edouard Britten izeneko gazte britainiar bat Hernani inguruan ibili zen. Musker bat harrapatu zuen, eta Londresko British Museum of Natural History museo famatura bidali zuen. Nori eta Europako herpetologiaren aitari: George Albert Boulenger handiari.

Boulengerrek, hainbat espezie deskubritu, deskribatu eta klasifikatu zituen biologoak, British Museum-en egiten zuen lan, eta orduantxe historian egin den muskerrei buruzko lehen lan monografiko bikainarekin ari zen lanean: 1921ean bi liburukitan argitaratu zuen Monograph of the Lacertidae famatua.

Jakina da garai hartan zientzialariek “informanteak” izaten zituztela. Alegia, herrialde ezberdinetako laginak ematen zizkieten laguntzaileak. Ez dakigu Edouard Brittenek paper hori betetzen zuen, baina hala izan edo ez izan, britainiarrak Hernanin jasotako muskerrak garrantzi berezia izan zuen Europako musker berdeak deskribatzeko garaian. Izan ere, Boulengerren lanean, Hernani izena behin baino gehiagotan azaltzen da, eta zientzialariak datuak ematen ditu, Hernaniko muskerraren luzera, sexu eta ezkatei buruzko informazio zehatza emanez. Horretarako, Boulengerrek ezkataz ezkata aztertu zuen Hernanin harrapaturiko muskerra. Non eta British Museumean.

Hernaniko musker hori zen Boulengerrek Europan deskribatua zuen musker berdea Iberiar Penintsulan ere bazela baieztatzen zuen lehen froga

Britten gazteak Hernanin harturiko musker arra Europako Lacerta viridis (egun Lacerta bilineata) muskerraren forma typica barietatearen lehen lagina izan zen. Alegia, Boulengerrek Europan deskribatua zuen musker berdea Iberiar Penintsulan ere bazela baieztatzen zuen lehen froga. Hala, Europako beste hainbat muskerrekin batera, Boulengerrek hainbat aldiz aipatzen du muskerra bere lanean.

Paradoxikoa dirudi, egun oraindik ere muskerrei buruzko kondairak bizirik dirauen herrian, bertako musker bat izatea espeziea zientzia arloan barneratu zuena. Nola begiratzen ote zuten 1913ko Hernaniko biztanleek Britten gaztea, muskerra harrapatzen zuen bitartean?

Musker berdearen begi zorrotza

Udaberriko eta uda hasierako egun hauek aukera bikaina emango digute begia zorroztu eta musker berde helduak ikusteko. Udazkenak, gazteak eta jaio berriak behatzeko. Isurialde atlantikoan oso zabaldua dagoen arren, Euskal Herri mediterraneoan behera goazela, muskerrak erreka ertzeko eremu hezeak bilatuko ditu, eremu lehorragoak gardatxoari uzteko. Izan ere, musker berdeak beste bi muskerrekin banatu behar baitu eremua Euskal Herrian: Gardatxoarekin (Timon lepidus) eta Schreiber muskerrarekin (Lacerta schreiberi).  

Musker berdea animalia babestua da

Ezin esan espezie arraroa denik musker berdea, eta ez dago babestua Euskal Herriko zerrendetan. Europa mailan, baina, Natura2000 sareko Habitat Arteztaraua da babesten duena eta IV. Eranskinean sartua du. Musker berdea animalia babestua da, beraz.

Aurrerantzean, kondaira horiek buruan gorde eta muskerra begirunez begiratzea baino ez dugu. Britten gazteak izan zuen jakin-min berarekin, mendian barrena goazenean, begiak zorroz ditzagun. Horrela, gure begiradak muskerrarenarekin egingo du topo. Ordurako, ordea, hark zeharka begiratuko gaitu. Guk muskerra baino, muskerra bera izango delako gu behatuko gaituena.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Narrastiak
2021-07-21 | Naturayala
Sasi-sugeak, zirauna eta eskinko hiruhatza

Blog honetako sarrera batzuetan salatu dugu zein ohikoa izaten den gure bide bazterretan hildako suge edo sugegorriak aurkitzea, kolpatuak izan ondoren. Zentzugabea, irrazionala, indiskriminatua eta kontserbazio erizpide ororen aurkakoa iruditzen zaigu jokaera hau. Baina are... [+]


2021-02-21 | Iñaki Sanz-Azkue
Suge-leuna
Zu hobeto jateko!

Kolore nabarreko suge bat ikusi dute mendiko bidean kiribilduta. Masa berde bat besarkatzen du. Gelditu, behatu eta klik: argazkia atera diote momentuari. Bitxikeria hutsean gera zitekeen gertaera, baina irudia aditu bati bidaliko zioten. Suge-leunak musker heldu bat jatea ez... [+]


2019-06-16 | Iñaki Sanz-Azkue
Anfibio eta narrastiak
Ingurumen aldaketa handien adierazle txikiak

Inguruan ditugu, ezkutuan begira, nahiz eta guk ikusi ez. Ez gara ohartzen, baina anfibio eta narrastiek gauza asko dute kontatzeko ingurumenari buruz, eta eurei esker eragin dezakegu kontzientziazioa eta ezagutza. Helburu horrekin izan gara Leurtzako urtegi inguruan, ARGIA... [+]


Eguneraketa berriak daude