“Arkitekturan ari denak erantzukizun politikoa du, nahitaez”

  • Hibridoa da Ula. Ez da erabat Donostian bizi. Ez erabat Bilbon. Etxe orratz batean jaio zen, eta Aguraingo ermita txiki baten izena darama. Arkitekturari gizarte zientzietatik begiratzen dio. Eta purutasun eza ez da balio bat unibertsitate ibilbidean, ezta lizitazioetarako ere. Baina zehar-begirada horretatik espazioak beste modu batera ikusten dira, nonbait.

Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Ula Iruretagoiena Busturia. Bilbo, 1979

Arkitektoa, arkitekturan doktorea eta arkitektura irakaslea da, EHUn. Hezkuntza, Hiria, Dibertsitatea ikerketa taldearen zuzendari eta Aldiri, Arkitektura eta Abar aldizkarian erredakzio-kontseilukide da. Hiria eta bestelako politikak: logika komunitarioa argitalpenaren egilea da (Tabakalera, 2014). Eta Nizu arkitektura lan espazioan arkitektura eta hirigintza lanetan ere badihardu. Arkitekturak –espazioen materializazioaren bidez– eraldaketarako izan dezakeen gaitasunaz ari da hausnarrean azken urteotan.

Ze etxetan jaio zinen?
Zabalburu dorreetako 18. solairu batean. Bilbori begira. Horrek konfiguratu nauela uste dut. Hiriak. Bilbo berezia da; mendi artean uzkurtuta dago, ez du itsasorik, eta nire garaian zikina zen. Txikitan behin eta berriz amesten nuen Nerbioi ibaira erortzen nintzela. Kirats hura… Gure auzoa Bilboko luxuzko gune bat zen eta gotortuta zegoen. Inguru degradatu baten barruan, uharte moduko bat zen. Dorre horiek badute, gainera, goian halako gotorleku baten antzerako perfil bat, eta nik hala marrazten nuen nire etxea txikitan. Ez dut auzo-bizitzarik izan. Gero Mundakara joan, adibidez, hango kale-bizitza ikusi, eta hura lilura! Uste dut kontraste horrek baldintzatu duela nire arkitekto begirada ere.

Nola heldu zinen, hain zuzen, arkitekturara?
Nire gurasoak arkitektoak dira. Biak. Baina ez batak ez besteak ez ninduten horretara bultzatu. Oso emakume gutxik ikasi zuten arkitektura nire amaren garaian, eta alde horretatik berezia zen. Besteak beste horregatik, oso berandu izan ninduen amak. Aitak ere ez ninduen batere animatu. Alderantziz. Emakume arkitekto batentzat kalea gogorra iruditzen zitzaion eta ez zuen halakorik nahi niretzat. Administrazioan edo irakaskuntzan nahiko ninduen. Nire amak hala egin zuen lan, arkitektoa izanik ere: administrazioan eta hirigintzan. Hortaz, banekien ez nuela inoiz aitarekin ez amarekin lan egingo. Ez nuen jarraikortasun ideia batetik aukeratu arkitektura, kontrakoagatik ez bada. Gogoratzen dut amak zera esaten zuela: “Niri arkitekturak begiak zabaldu dizkit.” Eta nik pentsatzen nuela, “zer esan nahi du horrekin?”. Misterio hura gelditu zitzaidan barruan.

Arkitektura ikasketak egitea nahikoa ez, eta arkitekturan doktoretza egitea erabaki zenuen.
Bai. Ikasketak bukatu eta irakaskuntzan hasi nintzen segituan. Eta proiektuak aurrera eramaten. Arkitekto gisa besteren aginduetara egiten da lan gehien, eta autonomia ere nahi nuen… Eta hala aritu nintzen urte batzuetan, jardunaldi erdiz beste batzuentzat lanean eta beste egun erdiz nire proiektuetan murgilduta; egin, egin, egin… Eta momentu batean gelditzeko beharra sentitu nuen. Hori izan zen tesia niretzat. Geldiune bat. Irakurri egin behar nuen. Pentsatu. Denbora hartu nuen hausnartzeko egiten ari nintzenaz, horrek zuen zentzuaz. Kokatzera behartu ninduen. Nondik begiratu nahi diot nik arkitekturari? Zein da nire begirada? Eta hor ikusi nuen bazegoela jende bat arkitekturaren alde politikoa aintzat hartzen zuena, eta horrek begirada zabaldu eta kokatuarazi zidan. Konturatu nintzen arkitektura politikoa dela bi zentzutan: alde batetik patroi kulturalen froga eta erakusgarri da, eta bestetik eraldaketarako tresna ere bada. Espazioak eraikitzeko unean hartzen diren erabakiek ideologia dute, eta arkitekturan ari denak erantzukizun politikoa du, nahitaez.

Argazkia: Dani Blanco

Gure hiri eta herriek zer diote, bada, gutaz?
Nola mugitu gaitezkeen leku batetik bestera. Zer eta nondik den zeharkagarria. Zein auzo dauden lotuta eta zeintzuk banatuta. Eskolak non dauden. Handiak ala txikiak diren. Zer dagoen baimenduta eta zer ez. Zer dagoen ikusgai eta zer ezkutuan. Zein erabilerari ematen zaion azalera gehien. Nola hierarkizatzen diren espazioak, zein estetika den onargarria eta zein ez.... Agerian gelditzen da, esaterako, gure muturreko higienismoa. Zer da zikin egotea eta zer ez? Irudika dezagun fatxada zahar bat. Denboraren arrastoa izatea zikin egotea da? Utzikeriarekin lotzen delako ikusten dugu zikin. Pobrezia adierazten duen edozer delako zikina. Pintadak zikinak dira baina publizitate panelak ez. Hori guztia erabaki politikoen emaitza da, eta balore kolektiboak islatzen eta eraikitzen ditu.

Hirian irakur daiteke gure bizimodua. Historikoki zein sinkronian. Zer dagoen zentroan, esaterako. Industriak antolatu zituen hiriak XIX. mende erditsura arte, gero zerbitzu hiri bilakatu ziren gureak ere, eta orain, turismo hiri izatera pasa dira. Garai batean herri baten zentroa enparantzak, udaletxeak eta elizak osatzen zuten. Horrek irakurketa bat du. Eta erdigunea banketxe-bulegoek eta komertziorako frankiziez betetako kaleek osatzeak, beste bat.

"Eta autoak dauzkagunez, distantzia gehiago sor dezakegu. Horrek ekonomia jakin bat bultzatu nahi du, noski. Petrolioarekiko dependientea eta prekarizatzailea”

Hiri modernoaren espazio hiperdefinituak kritikatzen dituzu zuk… zertaz ari zara, zehazki?
Espazioen espezializazio handia dago gure hirietan. Maila makro zein mikroan. Maila makroan zonifikazioa dago. Hemen etxebizitzak, hemen lantegiak, hemen zerbitzuak. Sinplifikazio horrekin errazagoa da hiriak pentsatzea. Arrazoi ekonomikoak ere badaude, noski. Hirien zentroko lurrak balio ekonomiko bat du, eta aldirietakoak beste bat. Lantegi bat zentroan edukitzea baino errentagarriagoa da nagusiarentzat lur horiek higiezinen merkatuari saltzea. Erdiguneko kaleak oinezko bihurtzen dira, eta errenta altua ordaintzeko gai diren dendaz bete;  kale horietako lurraren prezioak berez definitzen du ezingo duela edozein komertzio txikik bertako alokairua ordaindu.

Leku batean bizi gara, eta beste batean egiten dugu lan, eta autoa behar dugu batetik bestera joateko. Eta autoak dauzkagunez, distantzia gehiago sor dezakegu. Horrek ekonomia jakin bat bultzatu nahi du, noski. Petrolioarekiko dependientea eta prekarizatzailea, besteak beste. Autoa behar dugu lan egiteko eta lan egin beharra dugu autoa erosteko…

Giza eskalan, berriz, adin, klase eta funtzio aldetik banatutako espazioak dauzkagu. Haurrentzat, parkeak. Zaharrentzat, bankuak. Gauzak isolatu egiten dira eta loturak puskatu. Hiperdefinizio bat dago: hiriak berak esaten digu nola eseri behar dugun, non, nondik pasa behar dugun… Ez dago bat-batekotasunerako lekurik. Espazio publikoan dena dago aurrez idatzita. Horrek adierazten duena kontrol beharra da. Aurrez jakin beharra zer zertarako izango den. Horrela pentsatzen ditugu hiriak gaur egun, baina ez du zertan horrela izan. Marko bat jar daiteke, eta bizitzari erabakitzen utzi. Jendeari utzi erabakitzen bere beharren arabera espazio horren zer erabilera egingo duen. Espazioa utzi irudikatu gabekoari, ziurgabetasunari, etortzear denari.

Norentzat diseinatzen dira espazioak? Noren beharrei erantzuten die?
Gure diziplina hau funtzional, objektibagarri eta tekniko gisa definitzen da. Beraz, gorputz neutro batzuentzat diseinatzen da. Eta neutrotasun horren atzean, zer dago? Erabiltzaile abstraktu bat. Ustezko gorputz unibertsal bat. Gorputz heldu eta produktibo bat, eta bizimodu homogeneizatu bat, asmatua eta eraikia, baina baliagarria guk geuk sinesteko espazioari ‘arrazoizko’ ergonomia, neurria eta antolaketa ematen diogula. Ondo ari garela, nonbait. Hala ere, bankuen neurriak gorputz jakin batzuentzat daude pentsatuta. Eskilarak, barandek, komun publikoak… Eta patroi hori patroi konkretu bat da.

Baina egiten duguna jende guztia bizitzeko da! Eta zerbait funtzionala da edo ez da, jende eta gorputz horien guztien beharren arabera. Ez dago funtzionaltasun “neutrorik”. Horregatik da interesgarria gizarte zientzietatik ere begiratzea arkitekturari. Antropologiatik, esaterako. Artearen, teknikaren, eta gizarte zientzien bidegurutzean dago arkitektura, gizartea islatu eta moldatzen duelako.

Zenbateraino moldatzen du, bada, arkitekturak gure bizimodua?
Lotura oso estua da. Gure bizitza ibilbidea arkitektura erabakiek ere markatzen dute. Bizitza aldaketak maiz bizileku aldaketa dakar. Gurasoenetik ikasle pisura. Edo bikotearenera. Eta haurrak izandakoan, etxe handiagoa. Egitura afektiboak desegiteko momentuan ere, espazio aldaketak eman daitezke. Edo zaintza lanen kudeaketak hala eskatzen duenean. Ibilbide profesional zein pertsonalak espazio aldaketa mugarriz beterik daude. Eta nola ez, sistemak –eta, beraz, hirigintzak berak– familia eredu bat bultzatzen du.

Ameriketako etxe suburbanoaren ideia hezurretaraino sartu digute, esaterako. Ametsetako etxea. Autoa eta lorategia. Arrakastaren ideia hori da. Gaur egun familia bakarreko etxebizitza jende askoren bizi-arrakasta eredua eta helburua da. Kontua ez da benetan arkitektura forma horretan bizi nahi dugula, benetan. Sartu digutena da kontsumo gaitasunean pausoak ematen joan ahala, aukera daukagunean, geure partzelatxoa lortzen saiatu behar dugula. Norbere kontrol begetalerako txoko eta guzti. Eta izan dadila handia. Zergatik behar ditugu espazio domestiko handiak? Zertarako behar dugu hainbeste? Edukitzeko. Badaezpada. Edukitzea beti da ona. Eduki eta akumulatu.

Eta etxearen irudi hori bikoteari eta umeei loturik ageri zaigu. Iruditeria horretan, arrakasta profesional eta pertsonalak ez du sare afektibo baten eraikuntzarekin loturarik. Oinarria bikotea eta familia nuklearra dira. Eta hori guztia bizimodu eta kontsumo eredu bati lotzen zaio, noski.

Eta bitartean, hirietan, familientzako apartamentuak bata bestearen gainean, denak elkarren antzeko.
Hiru logela: bat handia eta bi txiki. Beti eskema bera erreproduzitzen da. “Hau saltzen da” esaten dio promotoreak arkitektoari, eta arkitektoak hori egin behar du. Oso salduta gelditzen da bat merkatua tartean dagoenean. Eta guri ere, erabiltzaile gisa, erabaki ausartak hartzea asko kostatzen zaigu.

Etxea antolatzea oso gauza intimoa da. Eta transzendentala ere bai. Arkitektura diru inbertsio inportante bat da beti. Eta jende gehienarentzat bere bizitzako diru inbertsiorik inportanteena ez bada, inportanteenetarikoa izango da. Erabaki bakoitza berebizikoa da. Gure bizipenak eta harremanak baldintzatuko dituzten hautuak dira. Eta bestetik, etxeak karga sinboliko handia du. Bakoitzak bere motxila darama. Norbere etxeak izan direnen oroimena. Kanpoko begiradaren irudikapena. Etxea identitatea da. Norbaiten etxea ikustea norbait biluzik ikustea bezalakoa da.

Argazkia: Dani Blanco

Lanerako material sentsiblea izango da hori inoren etxea zaharberritzen edo berregituratzen lan egiten duzunean, ezta?
Oso prozesu intimoa izaten da. Gainera, maiz, aldaketa momentu batean gertatzen da. Berregite edo birkokatze egoera bat da. Eta hor ikusten duzu norbere arrisku mailak non dauden. Hau ezin dut. Uste nuen nahi nuela, baina ez naiz ausartzen… Hor ikusten duzu zuretzat leihoak kanpokoa ikusteko diren, batik bat, edo kanpotik zu ikusi ahal izan zaitzaten. Oheak zer balio duen zuretzat. Komunak. Dibortziatu berri zela, oraindik hastapenetan, bezero batek esan zidan alabaren logela aldatu nahi zuela. Eta etxera sartu eta desastre zegoena egongela zen. Bere alabaren logela primeran zegoen. Baina bere alabaren espazioa zaindu nahi zuen. Lehenengo hori, eta gero gerokoak. Eta bere logelan birentzako ohea kendu eta txiki bat jarri nahi zuen! Eta gezurra esan nion. “Ez, barkatu, baina espazialki, logela honek ohe handi bat eskatzen du”. Horrelako prozesuetan arkitekto gisa zure lekua zein den jakitea oso zaila da.

Ez nuen pentsatu arkitekturak gure bizitzan izan dezakeen eraginean. Zer ardura zuena, ezta?
Bai. Guk proiektatu egiten dugu –arkitektook ez dugu diseinatzen dugunik esaten, guk proiektatu egiten dugu– eta edozein proiekzio da, izatez, akastuna. Nik jakin behar dut ze behar egongo diren, baina aldi berean espazioa utzi behar diot datorrenari. Oraingo beharrak ez dira baitezpada biharkoak. Baina, ziurgabetasunean deserosotasunak eta erresistentziak sortzen zaizkigu. Proiektatu nahi dugu, zer horrek iraun dezan –hori ere kulturala da, ez baitago dena irauteko eraiki beharrik– eta ez dakit zertarako beharko den. Malgutasuna, egokitzeko gaitasuna, erresilientzia… teorian oso politak dira eta denok gaude alde, baina kontu kulturala da; gure kontrol beharrak mugatzen gaitu eta ez dakigu nola egin. Gure bizitzetan ere berdin. Orain ez dakigu hemendik bi astetara nola egongo den egoera eta ez jakite horrek berak sufriarazten gaitu.

                                                                                 *          *          *

NATURAREN GAINETIK
“Gure lurraldearen antolaketak adierazten du naturarekiko dugun harremana. Trenbideen ibilbideak erabakiko du nondik eta noraino iritsiko diren gauzak, besteak beste, hiriko nekazaritza lurrak okupatu ditugunez, beste nonbaitetik ekarri behar ditugulako elikagaiak. Euskal Herriaren irudikapenean baserria elementu sakratua da, baina, gero, hiri megalopolioen errealitate honetan, baserriak gure erromantizismoaren sinbolo baino ez dira… Gure lurrak, ibaiak, basoak, ustiapenerako baino ez ditugu ulertzen, praktikan. Ibai bat berbideratzen edo lurperatzen dugunean, gainetik gaudela sinesten dugula baieztatzen ari gara”.


PANDEMIA
“Mundua hankaz gora jarri duen zomorroa oso arkitektonikoa da, eta espazioei begira jarri gaitu. Pandemiak argi utzi du zein hauskorrak diren gure ekonomia bezalaxe gure hiriak. Agerian geratu da politika guztiak, hiriaren postalari begira egin direla eta hori ez dela bertakoen interesengatik egin. Begira Donostiako Alde Zaharra. Pandemian bistaratu du gure hirien diseinua ez dela bizitzeko egokia. Eraginkortasunaren, produktibitatearen eta azkartasunaren parametroetan soilik duela zentzua. Parametro bat aldatu, eta dena bihurtu da zentzugabea. Bankuak eta plazak ez dira erabiltzen diseinatuta zeuden horretarako. Lehen kaleak leku batetik bestera iristeko ziren, eta paseatzeko zeuden pasealekuak. Eta pandemian dena da pasealeku. Espazioen antolaketak malgutasuna izan behar luke aurreikusi gabeko egoerak jasateko”.

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Arkitektura
Euskal Herrian aurkituriko mosaiko erromatar garrantzitsuenetako bat ikusgai jarri dute Ablitasen

El Villar aztarnategian 2017an aurkituriko mosaiko erromatar handia zaharberritu eta ikusgai jarri dute Ablitasko kultur etxean. IV. mendeko villa edo etxaldeak 40.000 metro koadro ditu eta oso-osorik dagoela uste dute arkeologoek, nahiz eta zati txiki bat baino ez duten... [+]


2024-06-19 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Jolastu herria

Kalearen eszena irudiz beterik dagoen leku bat bezala agertzen zaigu, hitz eta irudiz osaturik, informazio, iragarpen, publizitate eta mezuekin batera paseatzen baitugu egunero eta uneoro. Kalea euskarri fisiko boteretsua izanik, ikusezko kulturaren sustatzaile izateko, eta... [+]


2024-05-29 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Habia

Etxean sartuta dago gurekin sentituko dugun txoko bat, gauaren nekean besarkatzen gaituen gune bat, negarra askatzeko espazio sentituko dugun hori, goxotasunarekin konektatuko gaituen etxekoitasuna, bakardadean konpainia egingo gaituena. Mugimenduan diren bizitza askok ez dute... [+]


2024-05-15 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Lekukotasuna

Non dago auzoa lekututa? Galdetzen du irudiak. Gure testuinguru eraikiak hartu duen deribagatik, irudian ikusten duguna aldirietako auzo berri bat izan ezean, kasu gehienetan ez dugu irudian identifikagarritzat jo dezakegun ezer topatuko. Tranpa batean sartu gaitu, erantzuna... [+]


2024-05-02 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Intimitatea

Etxe batean badira zenbait gune, gutxitan erakusten zaizkionak etxetarra ez den norbaiti. Esan trastelekua, ganbara, galdara gela, armairu bat. Askotan lurrazpiko etxeko oinean edo irisgarritasun gutxiko etxearen goialdean kokaturik dira. Etxearen txoko hauek lotsa,... [+]


2024-04-17 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren gorputza

Baltimore ibai gaineko zubiaren erorketa urte bukaerako oroimeneko irudien artean jasoko da, zubi baten erorketa ikuskizun zirraragarri eta salbuespenekoa baita. Zeren eta zubiak eta eraikinak ez dira berez erortzen, lehergailu edo artefaktu baten eztandak bat-batekotasunaren... [+]


2024-03-22 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Bestaldera begira

Eta arkitektoen burbuilean, krisi klimatikoaren gaineko kezka igartzen al da? Galdetu dit agroekologoak.

Eraikuntzaren sektorea CO2 emisioen portzentaje altuaren eragilea izanik, galderak zentzua badu. Naomi Klein-ek Honek dena aldatzen du liburuan kontatzen du nola hegazkin... [+]


2024-03-13 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Komunitatea

2024ko Arkitektura Pritzker Saria arkitekto japoniar bati esleitu zaio: Riken Yamamoto-ri. Bere izena tekleatzen baduzue, bere izenari lotuta dauden eraikin irudiak ez dira bereziki deigarriak. Deigarria dena da Pritzker sariak oraindik ere eraikin berriak eta oparoak egitearen... [+]


2024-02-28 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Komunak

Otsaila da iaz ekoiztutako pelikula uzten sari banaketaren hilabetea. Zinemara joateko aitzakiarekin, arkitektura eta hiria oinarri dituen Wim Wenders-en Perfect Days ekarri nahi dut hizketaldira.

Pelikularen sinopsi zabalduan irakurri daiteke komun publikoetan garatzen dela... [+]


2024-02-14 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Traktoreak hirian

Arto zelaietan aise eta trebeki mugitzen den traktorea hiriko pasealekuetan agertzeak irudi-txoke bat ekartzen du, lekuz kanpo dagoen gailuak bere dotorezia eta indarra galtzen du hirian, orpo altuko zapatek mendialdean paseoan ikustean galtzen duten bezalaxe. Traktorearen... [+]


Mizerinok eztabaida piztu du

Mostafa Waziri Egiptoko Antzinaroko Kontseilu Goreneko idazkari nagusiak Mizerinoren piramidea zaharberritzeko proiektu erraldoia aurkeztu du berriki: Gizako piramiderik txikiena granitozko blokez estaliko dute, jatorrizko itxura berreskuratu dezan. Wazirik proiektua gogo biziz... [+]


2024-01-31 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Zein da jomuga

Eraikinak albistegiaren lehen lerrora etorri dira; batzuk eraikitzen hasiak direlako, honakoa eraitsi egingo delako eta hangoa, eraikitzea posible egiten duen bidea asmatu bitartean, eraikina izango ez delako, oraingoz. Guztietan, eraikina polemikaren erdigunean, eraikina... [+]


2024-01-17 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Kopiak

Berriak dio Arkitekturako Harvard unibertsitateko irakasle bat salatu dutela tesiaren zati bat kopiatu izanaganatik. Duela urte pare bat, Princeton-eko dekanoaren plagio salaketa baten eskandalua zabaldu zen, eta hango kasua gertuagotik jarraitzeko aukera izan genuen, kopialaria... [+]


2023-12-22 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Baserriak

Berriki Donostiako Arkitektura Eskolan agerkunde arkitektoniko bat izan dugu. Tesi doktoral baten markoan eta Ibon Telleria arkitektoaren eskutik, euskal baserriaren inguruko ezagutzaren aldaera bat azaldu da. Ekarpenak dio, lagar ereduaren baserrien hasierako eraikuntza 1450... [+]


Eguneraketa berriak daude