Australia nola entregatu zien Britainia Handiak AEB-ei: 1975eko estatu kolpe ahantzia

  • Australiako Auzitegi Gorenak maiatzean ebatzi berri du Erresuma Batuko erreginak eta Australiako Gobernadore Nagusiak 1970eko hamarkadan elkarri bidalitako mezuak –denak ez arren, gehienak– ez direla pribatuak eta Artxibategi australiarrean ikusgai eduki behar dituztela. Australia demokratikoaren historiako pasarte ilun bat argitzeko balioko dute agiri horiek: jendeak hautatutako gobernu bat nola uzkaili zuten AEBek eta Britainia Handiak.

Gough Whitlam lehen  ministroa (eskuinean) eta John Kerr, honek  Gobernadore Nagusi kargua hartu zuen egunean, 1974ko uztailaren 11n. Hamasei hilabete beranduago joko zion estatu kolpea.
Gough Whitlam lehen ministroa (eskuinean) eta John Kerr, honek Gobernadore Nagusi kargua hartu zuen egunean, 1974ko uztailaren 11n. Hamasei hilabete beranduago joko zion estatu kolpea.

Azalpen laburra gazteentzat: Inperio Britainiarraren zati izandako Australiak gaur ere Commonwealthen jarraitzen du eta Elisabeth II Erresuma Batuko erreginaz gain Australiakoa ere bada. Honek izendatzen du Gobernadore Nagusi bat, ordezkaritza sinboliko bat betetzen duena, ia beti ardura zehatzik gabea... salbu eta, ikusiko dugunez, kasu bakan bezain erabakigarrietan.
Jenny Hocking historiagileak urtetako borroka zeraman erreginaren eta honen ordezkari australiarra zen John Kerr gobernadorearen artean 1970eko hamarkadan komunikatutako korrespondentzia ikusi ahal izateko, Palace letters deitu gutunak, horietan egon daitezkeelakoan erreginak –Londresko eta Washingtoneko gobernuek eskatuta– Gough Whitlam lehen ministroa kargutik kentzeko egindako mugimenduen gakoak.

Historiagilearen garaipenak berriro iratzarrarazi ditu 1975eko gertakizunak, Australian amerikarrek eta britainiarrek antolatutako estatu kolpearen ingurukoak. John Pilger kazetari eta dokumentalgile australiarrak, gaiari liburu bat eskainia dio: A Secret Country [Herrialde sekretu bat]. Pilgerrek gertakizunoz idatzi du Consortium News aldizkarian: The Forgotten Coup Against ‘The Most Loyal Ally’, [Aliaturik leialenaren kontra egindako estatu kolpe ahantzia].

John Kerr Gobernadore Nagusiak –idatzi du Pilgerrek– era lotsagarrian eraitsi du Gough Whitlam lehen ministroaren gobernu erreformazalea, Australia AEBei oparituz. Gaur egun Australia parekorik gabeko estatu morroi bat da: bere politika, inteligentzia zerbitzuak, armada eta hedabideen parte handi bat integratuta daude Washingtonen menderatze eremuan eta honen gerra planetan. Donald Trumpek Txina probokatzeko Australian AEBek dauzkaten baseak bere abangoardiatzat aipatzen ditu. Australiako gizarte “jatorraren” baitan amnesia historikoa dago 1975eko gertakizun katastrofiko haietaz”.

Mende laurdenez agindu zuten liberalei hauteskundeak irabazita, Gough Whitlam laboristaren gidaritzapean 1972tik 1975era bitartean Australia bere ibilbide propioa egiten hasi zen nazioartean. Ordura arte Vietnamgo gerran AEBei luzaz lagundu ostean –aurretik Koreakoan bezala–, Whitlamen gobernuak tropak atera zituen sarraski hartatik eta amerikarrek vietnamdarrei  egindako triskantzak gaitzetsi zituen publikoki.

Nerhu, Tito eta abarrek 1960ko hamarkadan sortutako Lerrokatu Gabeko Herrialdeen Mugimendura hurbildu zen Whitlam, Ozeano Indikoa bake eremu izatea aldarrikatu zuen –AEB eta Britainia Handiko gobernuen aurkakotasunez–, Frantziari exijitu zion proba atomikoak etetea Ozeano Barean, Palestinako erresistentziari ahotsa eskaini zion nazioartean, 1973ko kolpearen ostean Txiletik iritsitako iheslariak aterpetu, eta abar.

Etxe barruan, lehenbiziko aldiz arautzen hasi zen aborigenen jabegoa beren lurren gainean. “Whitlam –dio Pilgerrek– ez zen Alderdi Laboristako ezkertiarretakoa, sozialdemokrata konformagaitza zen ideiaz, harrotasunez eta interesez. Uste zuen ezein potentzia atzerritarrek ez zituela kontrolatu behar bere herrialdearen baliabideak, ezta agindu behar ere bere politika ekonomikoan edo nazioartekoan. ‘Etxaldearen jabegoa berreskuratzea’ zen haren proposamena”.

Soldadu australiarrak 1967an Hego Vietnamen, AEBetako tropei laguntzera joanda. (Argazkia: Wikipedia)

EZ AIPATU PINE GAP

Ia mende batez gerra nagusi guztietan lehenik Inperio Britainiarrari eta gero yankiei lan beltz eta zikinak egiten aritu ostean eragin eremu horretatik aldentzeak zekartzan arriskuez jabetzen zen Whitlam. AEBen inteligentzia zerbitzuak eta Erresuma Batukoak Australiako Segurtasun Erakundean (ASIO) muineraino sartuta zeuzkala ere bai.  1973ko martxoan Whitlamek izendatutako fiskal nagusia polizia ekipo batekin ASIOren bulegoetan sartu zen, espioitza zerbitzuen kontrola berreskuratu nahian, eta honek are gehiago haserrarazi zituen yankiak bezala britainiarrak.

Australiak eta AEBk –CIAk zehazki– elkarrekin kudeatutako Pine Gap basean gertatzen zena barrutik ezagutu nahi zuen Whitlamek. Orduan garrantzizkoa  bazen, garrantzizko segitu du geroztik: Pine Gap, Edward Snowdenek 2013an zabaldutako agirietan azaltzen da amerikarren espiatzeko tresna nagusien artean. Pine Gapen kontrola galtzeko arriskuak eraman omen zituen CIAko buruak Australian estatu kolpea antolatzera, ofizial haietako batek geroztik Pilgerri aitortua dionez. Eta lanean jarri zituen elite politiko eta sindikal australiarretan kokatuta zeuzkan infiltratuak.

Whitlam laboristak proposatuta, izendatua zuen Elisabeth II.ak John Kerr Australiako Gobernadore Nagusi; lehenik abokatu eta gero epaile, gaztetan laborista izana. Kerrek, ordea, monarkiko itsua izateaz gain, aspaldiko loturak zeuzkan inteligentzia zerbitzu britainiar eta iparramerikarrekin, 1970eko hamarkadan zenbait kultur erakundetako karguz mozorrotuak. Kerr berentzako lanean jartzeaz gain, AEBek enbaxadore berria bidali zuten Canberrara: Marshall Green, CIAk 1965ean Indonesian Sukarno lehendakariari –hau ere Lerrokatu Gabeko Herrialdeen Erakundeko aitzindarietakoa– antolatutako estatu kolpe odoltsuan oso paper garrantzitsua jokatua. Milioi bat pertsona garbitu zituzten Indonesian kolpe hartan, gaur hango hondartza paradisiakoetara eztei-bidaietan doazenek ez dakiten arren. Green iritsi bezain fite hasi zen edozein ekitaldi publikotan herritarrei bezala enpresariei iradokitzen gobernua uzkaili behar zutela.

Whitlamek, ohartuta gobernuaren informazio konfidentzialak jarraitzen zutela iristen MI6 britainiarraren eskuetara eta honek CIAri pasatzen zizkiola, inteligentzia zerbitzu australiarren buruak kargugabetu zituen. Eta enbaxadore iparramerikarrari eskatu zion CIAk Australian zeuzkan agente guztien zerrenda.

1975eko azaroaren 10ean Whitlam lehen ministroari irakurri zioten Washingtonetik CIAk Asia Ekialdeko buru Theodore Shackleyri –bi urte lehenago Salvador Allenderen kontrako estatu kolpea antolatzen aritutakoari– bidalitako mezu “top secret” hau: lehen ministroa arriskutsua zela Australia berarentzako. Henry Kissinger oro ahaldunaren ohartarazpena zen. Bitarte horretan, Elisabeth erreginaren Gobernadore Nagusiaren karta ere ari ziren jokatzen amerikarrak, britainiarren laguntzaz.
Biharamunean, azaroaren 11n,  Whitlamek Parlamentuari azaldu behar zion zer gertatzen ari zen Australian CIAren presentziarekin. Ez zen hitz egitera iritsi: Australiako Erreginaren Gobernadore Nagusiak deitu eta botereak kendu zizkion demokratikoki hautatutako lehen ministroari, antzinako erregeorde kolonial batek egingo zukeen moduan. Agur Whitlam gogaikarria, ongi etorri Australia betiko morrontzara.

Kolpea honela azaldu zuen prentsak biharamonean.

 


ASTEKARIA
2020ko uztailaren 12a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Inperialismoa
Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Eguneraketa berriak daude