"Venezuelan emakumeek dute auzoetan lidergoa eta gehiengoa"

  • Arantxa Tirado Sánchez (Bartzelona, 1978) politologoa da, Nazioarteko Harremanetan eta Latinoamerikako Ikasketetan doktorea. Martxoan zen Bilbora etortzekoa, Venezuela, más allá de la mentiras y mitos [Venezuela, gezur eta mitoetatik harago] liburua aurkeztera; koronabirusa tarteko, ezinezkoa izan zen. Eskolak pantaila bidez ematen dabil Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan. Ez deritzo polita munduarekin konektatzen duenean ikusten duenari, eta arduratuta dago guztion ongizatearen edo ardura kolektiboaren izenean egiten ari direnarekin.

"Epe luzera bizi-baldintza hobeak izateko bestelako parametro etikoetan oinarritutako harreman sozialak behar ditugu" (Argazkia: Jordi Borràs)

Osasun krisiarekin espainiar eskuinak ere ahaztu du Venezuela.  

Hala ere, kongresuan gaia atera duenik ere egon da: diktadura castro-komunista-bolibartar batean bizi garela esan dute. Ikaragarria. Madrilgo Salamanca auzoko manifestazioekin Venezuelako gaiaren revival bat aurreikusten dut. Paralelismo handia dago elite bien protesten artean. Venezuela kasu paradigmatikoa da Latinoamerikako eta Karibeko iraultza prozesu aurreratuena izateagatik, Kubarekin batera. Balio du erakusteko botere politikoa kentzen zaienean nola aritzen diren elite batzuk.

Komunikabideetan ateratzen ez den Venezuelak eraman zintuen liburua idaztera?

Bai, eta umiltasunetik ekarpen txiki bat egiteko nahiak. Justizia ekintza, borrokan eta lezio iraultzaileak ematen ari diren herritarrengatik. Deabrua bailiran, irainduak ari dira izaten erasoen abangoardia den Espainiaren partetik. Benetan gertatzen ari denarekin zerikusirik ez duen errealitatea kontatzen ari zaizkigu.

Mertzenarioen kontuarekin, adibidez.

Telenobeleskoa da, kulebroiekiko Venezuelako tradizioa kontuan hartuta! Surrealista badirudi ere, plaza batean bere burua presidente izendatu eta 30 minutura, munduko potentzia handieneko presidenteak Twitter bidez aitortu zuen Guaido; ustez gobernu paraleloa zuena, herrialdeko aktiboak lapurtzen ari zena... Hori guztia normalizatzen ari gara.

Elkarrizketa batean zenioen iraultza bolibartarra nagusiki femeninoa eta feminista dela. Gizonak eta  militarrak baino ez ditugu ikusten, ordea.

Hango abangoardia politikoa batez ere femeninoa da. Emakumeek dute auzoetan lidergoa eta gehiengoa, kontseilu komunaletan. Badu ezaugarri soziologiko eta kulturalekin zerikusia: ama bakar asko dago eta ekintzaile ari dira gogor. Venezuelan lehendakariordea emakumea da, Delcy Rodriguez. Baina bai, prozesu iraultzaileetan ere zaila da emakumeak bistaratzea. Halere, Europan eta Venezuelan femeninoa eta feminista ez da berdin ulertzen. Abortua ez da legezkoa eta alderdi estetikoak are pisu handiagoa du, esklabutza da. Badira edertzeko ebakuntzak egindako emakume iraultzaileak, baina ez du inolako gatazkarik eragiten.

Argazkia: Jordi Borràs

Zer geratzen da Chavezen iraultzatik?

Dena, prozesu bera da; jarraikortasuna dago. Oposizioak eta AEBek aukeratzat ikusi zuten Chavezen heriotza, baina ez dute lortu haren aldeko indarrak banatzea. Gerra ekonomikoa areagotu da eta Caracasen sumatu nuen auto eta jarduera ekonomiko gutxiago, baita jende gutxiago ere. Hurrengo bidaian, aldiz, hobekuntzak ikusi nituen. Egiturazko arazoek hor diraute, baina proiektuari dagokionez jarraikortasuna dago. Herriaren babesik gabe ez luke hainbeste iraungo.

Nola ari dira bizitzen COVID-19aren krisia?

Etxealdian daudela, baina ez dela beharrezkoa esaten didate. Lehenetarikoak izan ziren ezartzen. Txinaren eta Kubaren laguntza dute eta sintomen jarraipena etxerik etxe egin ahal izan dute, oinarritik oso antolatutako sistema dutelako. Osasun oso pribatizatua duten arren, sintomaren bat izan duen orori egin zaio testa.

Osasun krisiaz baino gehiago entzuten da krisi ekonomikoaz. Nola aterako gara?

Betikoa salbatzen saiatuko dira, kapitala. Langileentzat oso zaila izaten ari da bizi duten egoera salatzea, kalera ezin garelako atera. Hala ere, pentsatu nahi dut langile klasearen kontzientzian eragingo duela; gutxienez, ohartzeko kapitalak nola tratatzen gaituen. Koronabirusak kapitalismoaren kontraesanak ageriago utzi ditu.  

Agerian geratu da zerbitzu publikoen garrantzia.

Bizipenak eta transformazio sozialerako gaitasunak elkar lotzeko ordua da. Oinarrizkoa da zerbitzu publikoen defentsa, baita gainerakook etxean egoteko lanean jardun behar izan dutenenena ere: nekazari, garbitzaile, anbulantzia-gidari, garraiolari... Espero dut publikoari eta langile klaseari balioa emateko baliagarri izatea. Epe luzera bizi-baldintza hobeak izateko bestelako parametro etikoetan oinarritutako harreman sozialak behar ditugu.

Ezarritako kontrol neurriekin, konplikatua transformazioa.

Beldurrarekin jokatzen dute. Logikoa da arrisku egoera batean babestu nahi izatea. Zentzu horretan konfinamenduari ondo deritzot, baina noren esku dago ongizate kolektiboaren izenean darabilten kontrola? Askatasun indibidualak ongizate kolektiboaren mende egon behar dira, baina nork erabakitzen du zein den ongizate kolektiboa? Kolektiboan pentsatzen dugunoi ere kontraesanak eragiten dizkigu.

Etxealdiko zerk harritu zaitu?

Onerako, hainbeste eskuzabaltasun adierazpenek. Erizain laguntzaileak gaixoen senideekin bideo-deiak egiten ikustea ikaragarria da. Ez da euren lana eta, hala ere, egin egin dute. Txarrerako, guztiz suminduta kalera protestan atera diren Madrilgo Salamanca auzoko eta AEBetako horiek.

Internazionalismo proletarioaren defendatzaile
“El Carmel auzoan jaio eta hazi nintzen, langileen eta etorkinen Bartzelonako auzoan. Nire bizitzaren herena Latinoamerikan egin dut, batez ere Mexikon. Hara joan nintzen ikastera, baina uste baino gehiago geratu nintzen. Bizi esperientziagatik internazionalismo proletarioaren defendatzaile irmoa naiz, ez diskurtso gisa, baizik eta bizi-praxi gisa”.

 


ASTEKARIA
2020ko ekainaren 14a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Venezuela
Miren Egiguren. Ez da kikiltzen
"Agortzen ez den iturburu bat daukat barrenean"

Venezuelatik itzuli zenetik, Tolosako Zuloaga auzoaren behealdeko parkean ematen ditu arratsaldeak Miren Egigurenek, bizpahiru lagunekin. Hantxe aurkitu dugu ekainaren bukaerako egun batean. Elkarrizketa egiteko lagunaren etxera igo garenean, Hugo Chavezen panpinarekin... [+]


2023-05-05 | Gedar
Nortasun zedula eskuratu du Asier Guridi iheslari politikoak

Urte luzez egin du borroka, nortasun juridikoa aitor ziezaiotela exijitzeko. Herrigabe eta heriotza zibil egoeran izan dute hamar urtez Venezuelan.


Angel Prado. Demokrazia komunala
"Ez dugu irla bat izan nahi"

Angel Prado Padua borrokalari venezuelarra Euskal Herriko hainbat tokitan ibili zen hilaren hasieran, El Maizal komuna sozialistaren berri ematen, Demokrazia Komunalaren Aldeko Nazioarteko Sareak gonbidatuta. Hernanin bildu ginen harekin, bere hitzaldiaren bezperan. El Maizalen... [+]


Eguneraketa berriak daude