"Unibertsaltasuna, gure herrian behintzat, gureari uko egitea bezala ulertzen da"

  • Hernani, 1965. Kantaria eta harpa-jotzailea. Benito Lertxundiren alboan egin du bere ibilbide musikala. Alta bada, bakarka ere bide oparoa osatu du. Kantu baten bila nabil (Elkar, 1991) izan zen bere lehen lana eta Orion zuzenean azkena (Kantaita Enea, 2019). Iraganaz eta orainaz jardun dugu. Esperientzia interesgarri baten lekukotasuna duzu solasaldia.


2020ko martxoaren 25an - 09:40
"Okupaturik jarraitzen dugu, baina orain herriaren ustezko ordezkari politikoen babesarekin". (DANI BLANCO).

2015ean, mantso-mantso, zerbait berria hasi zen niretzat, nire taldearekin kantuak zuzenean aurkezten hastea. Halako batean Orion egin genuen, herriko kiroldegian. Teknikariek grabatu zuten, pasa zidaten eta txukuna zela iruditu zitzaidan. Ordurako ari nintzen pentsatzen hurrengo diskoa nola landu, bilduma bat egitea nuen asmoa, egundo egin gabe nintzelako. Ez nekien bilduma nola egin eta azkenik Orion zuzenean egin dugu. Zuzenean eroso ari naiz, musikariak oso profesionalak dira, prestutasun handiz ari dira eta eskaintzen didaten ziurtasunak ere laguntzen dit une hunkigarriak bizitzen zuzenean. Benetan babestua sentitzen naiz”.

Orion zuzenean diskoa ez zegoen aldez aurretik pentsatua, beraz.

Bada, ez. Askok esan didate: zer soinu ona duen! Mikrofonoak zuzenekoak dira, emanaldia disko bihurtzeko asmoa izan bagenu, agian beste materialez egingo genuen, potentzia handiagokoak. Izan ere, gustatuko zitzaidan publikoaren txaloak eta hurbiltasuna hobeto jaso izana. Alde horretatik bere hartan utzi dugu, eta kantuek egin dezatela lana.

Kantu baten bila nabil (1991, Elkar)  izan zen zure lehen diskoa. 30 urte beteko ditu laster. Nola gogoratzen duzu garai hura, gaur egunera etorrita?

Egia esan, garai hartan neuzkan erreferentziak ez ziren gaur egun dauzkadanak inondik inora ere, aukeratutako musika tresnak ere baldintzapean jartzen ninduen, baina sentitzen nuen, beste alde batetik, mundu zabala nuela aurrean esperimentatzeko, hori oraindik ere sentitzen dut. Benito eta bere belaunaldiko kantariak eta gero, musika zeltaren eraginak iristen zitzaizkigun. Halaber, beti argi izan dut gure hizkuntzan kantatuko nuela, batzuentzat muga izan daitekeena beste batzuek nortasun gisa ikusten dugu munduari eskaintzeko, izan ere, nortasuna esparru guztietan ona baita, eta arte munduan, musika barne, zer esanik ez. Gaur egun, nire musika erreferentziak orduan baino ugariagoak dira. Hor jarraitzen dut gustuko ditudan soinuetatik edo aireetatik zerbait hartu eta nire baliabideekin (tresnak, ahotsa, hizkuntza, ideologia, filosofia…) erantzun bat ematen, kantu forman.

"Ez dago ezer unibertsalagorik norberaren herriaren aitortza baino, beraz, unibertsalaren aldarrikapenak oso okerrak dira sarritan, izaera zerutiarra balute bezala”

Olatz Zugasti abeslaria eta harpa-jotzailea. Ezohikoa gurean.

Hemen ezohikoa, Irlandan ohikoa. Benitoren Altabizkar/Itzaltzuko bardoari diskoaren garaian, 1981ean, Irlandatik heldu ohi ziren diskoak lortzen genituen nola edo hala, Alan Stivellenak besteak beste. Haren disko bat eskuratu nuen eta liluratuta geratu nintzen. Berak ematen zion berezko aura horrekin, ez hain tradizionala, Irlandan entzun ohi dena. Berezkoa zen, kreatibitate handikoa. Berak berreskuratu zuen harpa zeltikoa, bere aita luthierra zen, aitak sortutako harpa batekin hasi zen…

Harpa ikasi nahi nuen, harpa zeltikoa zuen pertsona batekin topo egin nuen eta utzi egin zidan. Autodidakta modura hasi nintzen, kasetetan grabatutako Stivellen musika errepikatzen nuen, aurrera-atzera, haren piezak ikasi arte. Orduan hemen ez zegoen harpa zeltikoaren ikasketarik, baina bai klasikoa, eta horrela hasi nintzen kontserbatorioan.  

Diskoko kanta askoren letra-egilea zara. Zure alde ezkutua al da? Edo agian, neroni ez naiz horretaz ohartu.  

Alde ezkutua? Ez hainbeste. Ezkutuan ez, suge bat bezala egon dira letrak, agian kamuflatuak... [irribarretsu]. Orain arte nire buruari zuzenean jotzeko aukera gutxi eman diodanez, baliteke kantuen letrak diskoan geratu izana, jendeak irakurri ez izana; egia esan jendeari ez dio gehiegi axola nork idatziak diren kantuak. Orain, zuzenekoetan kantuak aurkeztean, bada, kantuaren sorrera kontatzen duzu eta agian orain ageriago geratzen dira.

Sena kantaren aurkezpenean, unibertsaltasunaren tasun-ari kritika egiten diozu. Kezkatzen zaitu herri honen egoerak?

Ez diot unibertsaltasunari kritika egiten, kontua da nola ulertzen den unibertsaltasuna! Unibertsaltasuna, gure herrian behintzat, gureari uko egitea bezala ulertzen da. Ez dago ezer unibertsalagorik norberaren aitortza baino, norberaren herriaren aitortza baino. Beraz, unibertsalaren aldarrikapenak oso okerrak dira sarritan, izaera zerutiarra balute bezala. Zentzu horretan, oker planteatutako aldarrikapen horiek gure herriaren ukapena adierazten dute. Haatik, kantu horien hitzak idazteko beharra izan dut, nire ideiak adierazteko modua da.    

"Kantu batek ez du eragiten politikoki, pertsonak hunkitzen eta emozioak sorrarazten ditu, baina kantu batek ez du ezer aldatzen”

Benitorekin batera, horren defendatzaileak zarete nolabait. Nola sentitzen zarete rol “politiko” horretan?  

Gu nola sentitzen garen gutxienekoa da. Politiko esan duzu, baina kantu batek ez du eragiten politikoki, pertsonak hunkitzen eta emozioak sorrarazten ditu, kantu batek ez du ezer aldatzen. Beste batek okupatua izateko zorigaitza izan du herri honek eta hori salatzea dagokio. Nazioarte osoan egin diren hainbat eta hainbat erabaki dira adibide, eta hain zuzen ere, erantzun horren gabeziak narama kantuetan gai hori azaleratzera, jakitun izanik kantuek ez dutela afera horretan ezer aldatzeko ahalmenik.

Zer aldatu da frankismoaren garaitik garai honetara? Artista behartuta al da rol hori hartzera?

Okupaturik jarraitzen dugu, baina orain herriaren ustezko ordezkari politikoen babesarekin. Euskaldunon zapalkuntza, gure Nabarrako Estatuaren okupazioa, mendeetan eragindako eraso basatiaren ondorioa da. Eraso horien oinarrietan eraikita dago gaur egun ikusten duguna, edo ikusten ez dena. Adibidez, 70eko hamarkadan normaltasun osoz burutu zen erregimen baten estetika operazioa, non kriminalik handienak bat-batean demokrata bilakatu ziren. Euskal Herriaren erantzun politikoak oso bestelakoa izan behar zuen. Hala ere, berau aldarrikatzen dugun heinean herria bizirik dago, baina aldarrikatze horrek jarrera bat eskatzen du, salaketa ere inplikatzen du, okupazioaren salaketa, baita etxe barrutik hori laguntzen dutenena ere. Bakoitzak bizitzea tokatu zaion horretatik egiten du guztia, baita kantariak kantuak ere, baina ez du inolako obligaziorik.   

Orion Zuzenean Olatz Zugastiren 6. diskoa da.

Kantaren bila aritzeak dakarren emaria al da Orion Zuzenean diskoa?

Bai... Irakurri nuen diskoari buruzko zure iritziak zer pentsa eman zidan. “Hitz asko ote dauden?”, pentsatu nuen. Nire aitak hori leporatzen dit. Agian arrazoi du. Kanta xumeak estimu handian ditut, hitz gutxirekin doinuek zu “eramatea” lortzen dutenak, mugitzea eta hunkitzea era batean edo bestean, horiek maite ditut. Tira, nire kezkek ekarri naute disko honetara. Bai, hori da emaria..

Besteak beste, hona Mezularia kantaren hitzak: “Gauak zuen doinu hori, idatzi arazia mezu bat bailitzan zure eskutik zait iritsia”. Nor dago kantaren atzean?

Hitzen atzean nire alaba dago. Berak ez dakit badakien ere... Gratxina piano jotzen ikasten hasi zen, baina ez zuen aparteko nahikaririk. Halako batean esan nion: “Ez ezazu gehiago jo, utzi”. Eta handik bolada batera bere kabuz hasi zen jotzen. Chopinen Nocturnoa jotzeari eman zion jo eta ke, obsesio batek hartuta bezala, presiotik askatu bezain laister. Mezu baten eran ulertu nuen: pertsona bizitzan aurrera egiteko behar duen adimenarekin etortzen da eta bere kabuz aurkitu behar ditu bidea eta baliabideak, askatasunez erabakiak hartuz.

“Lorratz argia duzu nigan utzia...”, dio ere kantak.

“...uhinen gaindi zoazen mezularia”. Gratxina da bai, arraunean ibilia. Ama batek asko jasotzen du seme-alabengandik.

Aita eta ama musikari ezagunen alaba izanda, ez zuen erraza izango bide egitea.

Bai, bere borrokatxoa izan du, baina berak ez du erakusten alde hori, momentuz gurekin ari da, berak ikusiko du zein bide landu, urratu….

Gratxina zer da zure jardun musikalean?

Inongo esparruan baino hobeto moldatzen gara musikan. Bestela, bi sumendi gara… Gratxinak albo batera utzi zuen musika, ez guztiz, bigarren plano batean. Ikasketen zereginetatik libre sentitu zenean, bere kabuz hasi zen berriro ere musika lantzen, bere gustuko kantak jotzen. Isilpean izan zen, eta halako batean teklatu-jotzaile bat behar nuela esan nion. Konturatu nintzen akordeak eta sekuentziak berehala hartzen zituela, koruak ere egin zitzakeela jo bitartean. Gustura ari da.  

Alaba, zu zeu. Itxaro Borda eta Henriette Aireren hitzak dira diskoan, besteak beste. Diskoak badu emakume airea...

Baina testuak ez ditut emakumeak direlako hautatu, baizik eta oso aproposak direlako nik kantatzeko. Arrazoia hori da.

Zein iritzi duzu feminismoaz?

Galderak izaera politikoa du eta erantzuna ere klabe politikoan ematen saiatuko naiz. Estatu baten barruko edo nazioarteko afera sozialei ezin diezu aurre egin, zure estatua, zure nazioa okupaziopean baldin badago: arrazoi horrengatik feminista (langile, enpresari, hezitzaile, hizkuntzalari, musikari…) euskaldunek ezin diote beren estatuari legeak aldatzea aldarrikatu, euren herriaren nazioarteko independentzia eskubidea, oinarrizko eskubidea eta beste eskubide guztien aurrekoa kendu baitio inperialismoak. Beste era batera esanda, herri okupatzailearen feministak herri okupatuaren feministen zapaltzaileak dira! Espainiako Kongresuan eta Gobernuan ba omen daude feministak: Euskal Herriari bere autodeterminazio eskubidea urratzen eta ukatzen diote, izaera bera ukatzen diote, inperialistak baitira feminista horiek ere. Orduan, nori aldarrikapena? Ez nago joko horretan inondik inora. Okupatzailearen politikak hobetzera jokatzen badut, nahi edo ez, okupazioa legitimatzen ari naiz.   

Brendan Graham irlandarraren jarraitzailea zara, haren eragina agerikoa da zure ibilbidean. Musika zeltaren maitalea zara. Diskoak, hala ere, baditu bestelako erritmo eta doinuak. Estiloen bila ari zara betiere.

Nire kantagintza ez da estilo bakar bati lotua izan, badaude zertzeladak handik eta hemendik hartuak… Garai batean, Euskadi Irratiko Kantaita saioa egiten nuenean, Munduko musikak deiturikoek asko eman zidaten. Biziki ikasi nuen doinu eta kultura haietatik, herrietatik, batzuk munduan agertzen ez direnak. Haiengandiko eragina jaso dut noski. Bob Dylan, Suzanne Vega, Judy Collins edota Leonard Cohen ere gustukoak ditut, besteak beste, baita Mediterraneo aldetik heldu zaizkigun doinuak ere.

"Gustura nago hartu nuen erabakiarekin. Orain nire kasa arego aritzeko unea dela sentitzen dut”

Benitorekin 40 urte daramazu jardunean, zure kasa ere bai. Pentsatu duzu inoiz, bera gabe bestelako musikaria izango ote zinatekeen? Zer eman dizu Benitok? Zerbait kendu al dizu?

Kantu baten bila nabil diskoa egin nuenean –Benitorekin aspalditik ari nintzen ordurako– bi emanaldi egin nituen, bat Getxo Folken, bestea Donostiako Antzoki Zaharrean. Besterik ez. Ordurako bidea egina nuen berarekin, bera oso tinko eta indartsu zebilen. Nirea ez nuen hain erraz ikusten eta albora utzi nituen zuzenekoak; ez nuen nire burua ongi kokatzen. Nire gauza izan zen, neuk hartu nuen erabakia. Onestasuna falta zitzaidala sentitu nuen, ez dakit ere hala den, nola esan... Gehiegi nengoen argitan, une hartan oso ezagun egin nintzen, eta ez nion nireari eroso ekiten –nire izenean– eszenatokian, “ez naizen hori” erakutsi behar banu bezala. Ez nion horri neurria hartzen jakin. Behinola, nire eta beraren kontzertuek kointziditu izana gogoratzen dut, niretzat lehentasuna zen berarekin egiten nuen lana, oso gustura egiten nuelako. Sentitzen nuen ekarpen bat egiten nuela, Benitok kontuan hartzen zituela nire emanak. Beraz, zer kendu? Deusik ez. Bestelako erabaki bat hartu izan banu, beste zerbait garatuko ote nuen nire ibilbidean... Gustura nago hartu nuen erabakiarekin. Orain nire kasa areago aritzeko unea dela sentitzen dut.

Zure azken diskoaren ekoizpen lanetan aritu da Benito Lertxundi, baina atzean.

Zuzenekoan bera entzule egon zen, gero diskoaren produkzioa egin du. Berak esan zidan ongi zegoela eta diskora eraman behar zela. Nire ibilbide guztian ez dut erabili nahi izan Benitoren presentzia. Berari musikari askok eskatzen diote euren diskoetan parte-hartzea. Nik ez dut horretan “erori” nahi izan. Nire ibilbidea egin dut, nire gorabeherekin eta ondorio guztiekin. Beti pentsatu dugu bakoitzak berea defendatu behar duela. Diskoan bera egon gabe, haren hitzak eta kantu batzuk ere ekarri ditut diskora.

Hernani eta Orio herriak ezagutzen dituzu. Zein da aldea? Zein kontrastea?

Izugarria. Kilometro gutxitan kontraste handia dago. Etorri baino lehen ere, Benitorekin harremanetan hasi  nintzenean, esaten nuen: “Itsas herri bat, arrantzalea... ez soilik kostaldekoa. Hernaniar batentzat, niretzat behintzat, kultura hori aurkitzea exotikoa izan zen”. Izan ere, eliteko Arraun Elkartea dago, arraunaren inguruan sortzen den giroa aparta da. Kultura berezi bat.

Neguko arratsalde batean kantaren historia polita da. Hernanin gertatua. Harpa-jotzaile batek –zuk zeuk– beste harpa-jotzaile batekin topo egiten zuenekoa.

Bai [irriak...]. Ikusten ari naiz mutiko hura. Bi sartu ziren etxeko atarian, haietako bat oso zakarra zen, bestea berriz goxoa, bizia eta musika zalea zirudien, harpa nola jotzen den jakin nahi zuen. Harrituta bera eta harrituta ni.  

Olatz Zugasti & Benito Lertxundi bikoaren lana entzunen dugu inoiz?  

Guk ez dugu aldez aurretik bidea bilatzen. Aukera hori sortuko da unea heldu bada. Ez dugu esaten “hau egingo dugu…”. Ez gara irizpide horretakoak. Nire zuzeneko kantaldietan Benitoren  Itsas ulu zolia diskoko Marruz olak hirian ematen hasi naiz. Hernanin dauka background edo atzealdea. Berak musika sortu zuen eta nik letra jarri nion. Horrela atera zen, aurrerantzean nork daki?

"Zuzenean eroso ari naiz, musikariak oso profesionalak dira, prestutasun handiz ari dira eta eskaintzen didaten ziurtasunak ere laguntzen dit une hunkigarriak bizitzen zuzenean. Benetan babestua sentitzen naiz". (DANI BLANCO).

 


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika
2024-04-21 | Iker Barandiaran
Amorrazioa, jarrera eta kantuak

Madrilgo queer mugimenduan kokatzen nuen taldea, eta orain gutxi bere esentzian –zuzenekoan– ezagutzeko aukera izan nuen. Orduan jakin nuen Argentinan jaio baina gaztetan Madrilera joandako Belenek (ahotsa eta gitarra) sortu zuela taldea, eta Mariarekin (bateria eta... [+]


2024-04-14 | Iker Barandiaran
Errekak ez du planeatzen

Garai batean, buruz genekizkien The Dark Knight filmeko Jokerren esaldi guztiak, “kaosaren agentea” zenez gero. Horrelakorik zuen, esaterako, bere jokabidea azaltzeko: “Plan bat duen tipo bat al dirudit? Badakizu zer naizen? Autoen atzetik korrika doan txakur... [+]


2024-03-24 | ARGIA
Korrika: 23 edizioetako kanten bilduma

43 urte igaro dira AEK-k lehenengo Korrika antolatu zuenetik 1980an. Lekukoak egindako ibilbideen, leloen, abestien eta omendutako pertsonen errepasoa jarraian.


Eguneraketa berriak daude