Ipar Euskal Herriko herriko etxeen osaketa erabakiko da martxoaren 15 eta 22an

  • Sei urtero herriko kontseilua hautatzera deituak dira Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako bozkatzaileak. Guztira 158 herri dira eta 2014an bezala aurten ere egon behar lirateke sorpresak. Abertzaleen alde izan daitezkeen ezustekoak ere gerta daitezke herri batzuetan, Ziburu zein Donapaleun adibidez. 1.000 biztanlez goragoko udalei begira jarri gara, hots, proiektu politiko baten inguruan osaturiko zerrenden arteko lehiari. Hain zuzen, 1.000 biztanlez gutxiagoko herrietan –Ipar Euskal Herriko 117 herrietan– ez da zerrenda osoaren alde bozkatzen baizik eta banan-banan hautagaien alde.

Ziburu Bizi 2020: Sylviane Alaux diputatu ohia (mikrofonoa duena) Eneko Aldanari sostengua adierazten.

Martxoaren 15ean ukanen dituzte herriko bozkak Lapurdi, Nafarroa Behereko eta Zuberoako bozkatzaileek. Lehen bozketa horretan %50 baino gehiago lortuko duen hautagaia izanen da herriko etxearen buru. Hori lortu ezean, bigarren bozketa bat izanen da martxoaren 22an, lehen itzulian %10eko muga gainditu dutenen artean (%5 gainditu duena lotzen ahalko da lehian gelditzen den beste zerrenda bati). Nahiz langa gainditu, bigarrenean ez aurkezteko erabakia hartzen ahalko du zerrenda batek, bien itzulien artean hautagaien arteko tratu eta negoziaketa beroak eraginez.

158 herri daude Ipar Euskal Herrian eta guztiak ezin aipa. Batez ere horietarik anitz direlako 1.000 biztanlez gutxiagokoak, hots, bozka sistema ezberdin batean: zerrenda oso baten alde egin beharrean, kontseilariak banan-banan hautatzen dira (zerrendako hautagai batzuk marratu daitezke eta zerrenda ezberdinetatik hautagaiak hautatuz kontseilua osatu). Alderdiek pisu gutxi izan ohi dute herri ttipietan eta programak baino gehiago pertsonak du eragiten. Lapurdiko 41 herrietan bakarrik bost baldin badira 1.000 biztanlez petik, egoera arras desberdina da beste bi lurraldeetan: Nafarroa Beherean bost salbu (Donibane Garazi, Aiherra, Bidaxune, Baigorri eta Donapaleu) beste 70ak dira 1.000 herritarrez petik eta Zuberoan berriz, Maulez aparte beste 42ak dira 1.000 herritar baino gutxiagorekin.

Herri ttipi horiek berebiziko garrantzia dute noski, ondoko sei urteetako herriaren biziaz erabakitzeaz gain, beste hainbat gaiei buruz interpelatuak izaten direlako: izan ingurumena, presoen auzia zein euskara, besteak beste. Euskal Hirigune Elkargoan ere dute aulkia eta instituzio horren nondik-norakoan pisua. Hala ere, herri ttipietako ika-mikak eta auzoen arteko tratuak alde batera utzirik, zerrendei begira jarri gara.

Hiriburuak: eskuina eta eskuin-zentroa nahiko lasai

Baiona, hasteko. Ikustekoa da auzapezaren aulkia atxikitzen lortuko duen Jean-Rene Etxegaraik. Zentro-eskuindar gisa etiketatu ohi du jendeak nahiz eta berak horrelakorik ez baitezpada gogoko ukan: “Zentro-eskuinean kokatu ohi nauzue. Hori duzuelako gogoko, banaketa sinple eta argia. Baina nik jakin nahi nuke eraman ditudan politika guztien ondotik zer naizen: eskuina ala ezkerra. Eta arras ongi ez banaiz ez bat ez bestean kokatua. Jendeen sailkatzean oinarritzen den mundu horretan, nirekin antza guti duen mundu horretan ongi zait sailkaezin izatea”. Berea sailkatzeko zailtasunak baldin baditu ere, orokorrean zentro zein eskuineko du zerrenda. Badaude tartean hala ere salbuespenak, argiki ezkerrerantz doazenak, argiena Laurence Hardouin izaki, iraganean EH Bai-ren hautagaia ere izandakoa eta gaur egun etorkinen alde ari dena, abokatu zein militante gisa. Duela sei urtekoari alderatuz, aldi honetan batasun zabalagoa du eskuin aldean: eskuin-muturreko hautagaitzaz aparte, ez du beste areriorik (2014ko lehen itzulian botoen %18,53 lortu zituen eskuineko bigarren zerrenda batek, Etxegaraik %29,98 zituela). Kargualdian eramandako politika sozialegia (batez ere, etorkinak laguntzeko ireki Pausa aterpe-lekuarekin) ala abertzaleegia (bake prozesuaren alde daukan engaiamendua, besteak beste) iruditu zaionari Pascal Lesselier hautagaitza geldituko zaio eskuinean. Haatik, eskuinaren muturrean kokatzen da eta ikustekoa da zenbat izanen diren horrekin eroso (azken Europako hauteskundeetan %15 lortu zuen Baionan Marine Le Penen Batasun Nazionala deitu eskuin muturreko alderdiak).

Nahiko lasai egoteko panorama batean egon arren, neke izanen zaio botoen %50 lortzea eta bigarren itzulian erabaki behar lirateke udaletxearen osaketa. Bi itzulien artean eginen diren negoziaketek edota sostenguek zein sostengu-ezek ukanen dute garrantzia handia. Hain zuzen, ezkerrari dagokionez, zatiturik aurkezten da. Batetik, duela sei urte soilik 26 bozengatik bigarren gelditu zen Henri Etxetoren Baiona Hiri Irekia zerrenda sozialista, desadostasunak desadostasun, aldi honetan nahiko bakarrik dagoena. Bestetik, Jean-Claude Iriart eta Sophie Bussiere buru dituen Baiona Berde eta Elkarkidea zerrenda, EH Bai koalizioa abertzaleak, Europe Ecologie Berdeak talde ekologistak eta Frantzia Intsumitua zein Elgarrekin ezkerreko alderdiek sostengaturikoa eta azkenik, Bihar Baiona zerrenda, oposizioan egondakoa eta Etxetoren taldetik 2018an ateratako Mathieu Berge eta Sophie Herreda Landa hautetsiak buru. Hiruek lortuko ote dute bigarren itzulira pasatzen? Abertzaleez ere osaturiko zerrendak lortu dezake, ikusiz aurreko hauteskundeetan %10,3 egin zuela eta kanpaina txukuna egiten ari dela. Hiruek ala bik lortuz gero, zer gertatuko da? Guztiak mantenduko dira Etxegarairi udaletxeko bidea oztopatzeko aukera zapuztuz ala adostasun bat lorturik batek utziko dio garaipenera heltzeko xantza besteari? Eztabaida luzeak aurreikusi daitezke eta bi itzulien artean argitu behar lirateke erabakigarria izanen den estrategia. Dena dela, biztanleria berria ere du Baionak eta 2014ko bozketei alderaturik 2.000 bozkatzaile gehiago dira aurten. Horiek nola bozkatuko duten ezin jakin.

Mauleri dagokionez, berriz aurkezten da 2008az geroztik auzapez den Mixel Etxebest. Urte horretan gertatu zen lurrikara, hamarkada luzeetan ezkerrak kudeaturiko hiria zentro-eskuinera pasa zelako, Etxebest izendatuz auzapez. 2014an ere gertatu zen lurrikara ttipia, Beñat Elkegarai abertzalea sartu zelako herriko etxera (botoen %13,2 lorturik 2014ko lehen itzulian). XIX. mendetik goiti, espartinen industriari esker garaturiko hiria da Maule, gaur egun ere oraindik du sektore horrek inportantzia, historikoki langileriari loturiko ezkerrak eta ezker muturrak indartsu segitzen duelarik. Tamalez, Louis Labadot komunista jakobinoa izaki, ez ditu partekatzen aldarri abertzale zein euskaltzaleak, are gehiago, kontra ere kokatzen da. Hori horrela, 2008an bezala 2014an ere ez ziren adostu ahal izan zerrenda komunista eta abertzalea eta horrek segurtatu zion bigarren kargualdia zentristari. Aitzineko aldian bezala, ezkerretik bi zerrenda ditu parean Etxebestek: Alderdi Komunistak sostengaturiko Louis Labadotek eramandako zerrenda irekia eta Elkegaraik gidatu Aitzina Maule zerrenda zabala. Maulen ere bigarren bozketa aldian argitu behar lirateke herriko etxearen osaketa. 2014ean Etxebestek botoen %47,32, Labadotek %41,75 eta Elkegaraik %10,93 bildu zituzten.

Donibane Garaziko Alfontxo Idiart auzapezak ez du berriz errepikatuko hautagaitza. Udaletxea utziko du hemezortzi urtez auzapezaren aulkian egon ondoren. Haren ordezko, Nafarroa Behereko dinastia gisa ikusia izan daitekeen Intxauspe familiako semea hautatu dute: Laurent Intxauspe. Denborak ez baditu mentalitateak gehiegi aldatu –eta horrela behar luke gertatu– estrategikoki hautu ona egin duela erran daiteke. Parean, duela sei urte bezala, zerrenda bakarra eta berdina ukanen du arerio: Xabi Larre buru, abertzaleez osaturiko zerrenda zabala. 2014an, lehen itzulitik atera zen garaile Idiart, botoen %66,70 eskuraturik (Larrek berria %33,30 zituela). Bi zerrenda izanki eta ez bada abstentzio tasa ikaragarria, lehen itzulian ezagutuko da Donibane Garaziko herriko kontseilu berria.

Aldaketa haizea sendi da guneka, abertzaleen alde

Aldaketa haizea sendi da herri batzuetan, abertzaleen onerako izan daitekeen haizea gainera. Duela sei urte herriko auzapez aulki batzuk lortu zituzten gisara, aurten ere egon daitezke batzuk ezkerreko abertzaleentzat. Batzuk aipatzekotan horra hor zerrendatxoa: Donapaleu, Ziburu, Ahetze eta bigarren itzulirako akordioak lortuz gero, beste batzuk egon daitezke behintzat gehiengoan.

Segur dena da Donapaleu aldera begira egon beharko garela martxoaren 15ean. 2014ko estrategia ezberdina harturik, herriko etxera sartzeko aukera dute aldi honetan abertzaleek. Hain zuzen, 2014an bigarren itzulian mantendu zen Stephane Irolaren Donapaleu Berria zerrenda abertzalea eta auzapeza kanpo ezarri nahi zituztenen botoak Irola (%14,18) eta Charles Massondoren (%35,98) artean banatu ziren. Horrek ekarri zuen laugarren aldikoz Jean Jacques Loustaudaudine eskuindarrak garaipena lortu izana (%49,84). Matematikari izugarria ez da izan behar ondorioztatzeko elkarturik bidea blokeatuko ziotela aspaldian boterean zuten eskuinari. Duela sei urte posible ezin zena oraingoan egingarri agertu da. Hain zuzen, lehen itzulitik elkartu dira abertzaleak eta Massondo, zerrendaren erdia abertzalez osatua izaki. “Aspertua gara status quo eta Amikuzeko eskuin kontserbadorearen berunezko geruzaz”. Hori horrela indarrak batu dituzte eskuinari bidea mozteko.

Bere laurogei urteekin Loustaudaudine auzapeza ez bada aurkezten ere, eskuin kontserbadorearen aurpegi amikuztar ezagun bat hautatu du ordezkatzeko: orain arte Lüküzeko auzapez izandako Barthelemy Aguerre. Eskualde zein departamenduko politikan aspalditik dagoena, anti-abertzalea eta anti-euskaltzalea, politikari ezaguna da. Agroindustriaren sektoreko enpresari ezaguna ere da, besteak beste, Lur Berriko presidente orde eta Spangheroko presidente izandakoa. Azken honekin zapartatu zen Europa osoko eskandalua 2013an, idiki bezala saldutakoan zaldi haragia atzeman zutelako. Orain arte botere lekuetara iristea lortu du Aguerrek, baina baliteke aldi honetan gogorrago kausitzea bidea. Parean hautagai bakarra dagoelako batetik eta bestetik, berez ez delako Donapaleukoa eta “kanpotik jinik barne mailako aferetara sartze hori” bat baino gehiagok ez dutelako begi onez hartu.

Abertzaleek garaipena erdiesteko aukerak dituzte Ziburun ere. Sekulan baino hurbilago dauka garaipena Eneko Aldana hautetsi abertzale gazteak. Duela sei urteko lehen itzulian emaitza polita bildurik (%21,09), aldi honetan ere gisa berekoak aurreikusiak direlako, jasotako sostenguak ikusita. Aldi honetan, Alderdi Sozialistak ez du zerrendarik aurkeztuko (2014an botoen %26,70 lortu zuten) eta gainera, Aldanaren Ziburu Bizi 2020 zerrendaren alde botoa emateko deia luzatu dute sozialistek. Historikoa dela erran daiteke. 1989tik 2001era hiri horretako auzapez izandako Albert Pery sozialistak izenpeturiko gutun bidez jakinarazi zuten abertzalea sostengatzeko erabakia: “Batasunik gabe ezer ez delako posible izango”. Sylviane Alaux diputatu sozialista ohia egon zen otsailaren 15eko Ziburu Bizi 2020 zerrendaren aurkezpenean: “Sozialista naiz, ez abertzalea. Alderdi Sozialista erabat kokatzen da Enekoren programan, beste sozialista ohi batzuk beren aldetik doazenean. Sei urtez ikusi ditut oposizioko hautetsi gazte horiek lanean eta eredugarriak izan dira, beti bestearekiko errespetuan”. 1983az geroztik lehen aldia da Alderdi Sozialistak ez duela zerrendarik aurkeztuko eta nola ez, lehen aldia ere horrelako sostengua erakusten dutela abertzaleei. Europe Ecologie Berdeek ere dute Aldanaren alde bozkatzera deitu. Ezkerretik ere doazenen artean bigarren zerrenda bat ukanen dute Ziburun: Elkarrekin Zibururentzat izenekoa, “zentro eskuinean, zentro ezkerrean eta ezker eta ekologian” kokatzen dena. Zabala beraz eta ikustekoa zabaltasun horrek zenbat dituen erakarriko. Dena dela, sozialistek abertzaleei erakutsi sostenguarekin bat egiten ez duten sozialista frantsesek hor izanen dute bigarren aukera botoa ematerakoan.

Hemezortzi urtez auzapez izan ondoren, ez da berriz aurkeztuko Guy Poulou eskuindarra. Aupa Ziburu zerrenda buru, Isabelle Dubarbier-Gorostidik hartu dio lekukoa, auzapezaren aulkiari begira. Baina Poulouri joan ohi zaizkion botoak bitan banatuko dira, Aupa Ziburu deitu elkartekoek erabakitakoari kasurik ez eginik, beretik segitzeko erabakia hartu duelako Henri Hirigoyenberrik. Hautagaitzaren hautatzeko unean 16k egin zuten Dubardier-Gorostidiren alde, 15ek Hirigoyenberriren alde. Errepublikazaleak alderdiak ez du bat ala bestearen alde bozkatzeko deirik luzatu. Eskuineko botoen zatitze horrek Aldanaren alde egin behar luke. Bosgarrena ere dute Ziburu maite dut izenekoa, besta komiteko presidente gisa aspaldian ezaguna den Jojo Haranburuk eramana.

Azken bat aipatzekotan, Biriatukoa aipa dezakegu. Zerrenda bakarra izanen da gaur egungo auzapez eskuindarraren parean. Solange Demarcq-Egiguren buru, abertzaleez osaturiko Biriatuko geroa zerrenda ukanen du parean Mixel Hiriartek. Duela sei urte botoen %47,69 lortu zuen abertzaleen zerrendak baina baliteke aurten gehiago lortzea eta gehiengoa eskuratzea. Zergatik? Agian berritasun gose daudelako biriatuarrak. 1989az geroztik du auzapezaren aulkia Hiriartek, nahiz eta bere 73 urteek ez izutu karguan segitzeko, baliteke herritarrek bestela ikustea.

Herri guztiak ezin daitezke aurkeztu, baina argi da bi itzulien arteko negoziaketei esker lortu dezaketela abertzaleek herriko etxe batzuetako gehiengoan sartzea eta nork daki, lehen itzulian ezkerreko lehen indar kokaturik auzapezaren aulkian esertzea ere. Adibidez, aitzineko hauteskundeetan horrela lortu zuten Hendaia Biltzen zerrendarekin Hendaiako udaletxeko gehiengoan kokatzen.

Duela sei urte ez bezala, bigarren itzulia gerta daiteke aldi honetan Hazparnen. Hala balitz, abertzaleek balukete pisua, edo bigarren itzuliko hautagai gisa (2014an %23,62 lortu zuten) edo gehiengoan egoteko negoziaketetan. Hain zuzen, 2014an lehen itzulitik irabazi zituen hauteskundeak Beñat Intxauspe zentristak. Aurten ordea, hirugarren zerrenda bat bada, bere gisara zentroan kokatzen dena: Hazparne Bihotzean zerrendarekin Isabelle Pargade. 2008tik 2014ra Intxausperen gehiengoan kontseilari izandakoa aldi honetan arerioa da. Jada departamenduko bozketak irabazi zituen 2015ean Intxausperen kontra eta aldi honetan ere auzapezari boto parrasta hartuko dizkiola aurreikusi daiteke.

Baigorri eta Uztaritzeri so

Baigorri eta Uztaritzeri begira ere egon beharko gara martxoaren 15ean. Hain zuzen, duela sei urte lehen aldikoz bi herri horietako auzapezaren aulkia lortu zuten abertzaleek. Abertzaleez osaturiko Aitzina Baigorri-k botoen %53 eginik irabazi zituen lehen itzulitik hauteskundeak, ordura arteko auzapeza izandako Jean-Baptiste Lamberti aulkia hartuz. Aurten aurkezten den zerrenda bakarra izanki ez da sorpresarik gertatuko. Ikustekoa hala ere zenbat boto bilduko dituen eta horren bidez baigorriarrek zer nolako balorapena egiten duten Jean-Mixel Coscarat eta bere kontseiluaren lanaz.

Hauteskundeetako sorpresa handiena eraginez, Uztaritzeko herriko etxera ere sartu ziren abertzaleak, Bruno Carrerek auzapezaren aulkia hartuz. Bigarren itzulian erabaki zen, lehen itzulian aurkezturiko lau zerrenden arteko lehia errepikatuz. Aurten ere lau zerrenda lehiatuko dira: oposizioko Jean-Claude Saint-Jeanek zuzendutakoa, duela sei urte auzapez kargua galdu zuen Dominique Lesbatsena eta ezkerreko bigarren zerrenda bat, oposizioan egondako Bruno Cendresek eramanik.

Carreren gehiengoak landutako eta bozkaturiko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak izan dezake eragina emaitzetan. Carreren aurkakoek badakite hori eta usu dabiltza gaia plazaratzen. Herriko etxeko oposizioaz gain, herritar kolektibo bat ere dabil hirigintzako dokumentu horri buruzko desadostasuna entzunarazten eta baliteke botoaren bidez ere zigortzea. Diotenez plan horren ondorioz 164 hektarea dira gune eraikigarritik nekazaritza eremu ala gune natural izatera pasa, bertan eraikitzeko debekua ondorioztatuz. Kontua da Baionatik hamabost kilometrotara den hiri horrek jende parrasta erakartzen duela eta etxea eraiki nahi duenarentzat kostaldean baino eskuragarri duela lurra. 5.000 biztanle zituen Uztaritzek 2000. urtean eta 7.000 inguru ditu gaur egun. Nahi edo ez, etxe eraikuntza ez mugatzeak laborantza lurren desagerpena dakar. Baina mugatze horrek interes pribatuak oztopatzen dituenez aurkako mugimenduari aurre egin beharko dio auzapezak hauteskundeetan ere.

Baigorri eta Uztaritzez gain, orokorki emaitza onak lortu zituzten abertzaleek, hauteskundez hauteskunde haien pisua emendatzen segituz. Hogei bat auzapez abertzale daude Ipar Euskal Herrian. Bukatu da garaia zeinetan aldarrikapen abertzaleak ez ziren kontuan hartuak eta zeinetan alderdi abertzaleak alde batera utziak ziren. Ez, gaur egun politika jokalekuan daude osoki eta bigarren itzuliko arbitro ere dira geroz eta gehiago, boto abertzaleak erabakigarriak izaki.

Zerrenda "irekien" hautua egin dute abertzaleek

Senpere ala Sara aparte, herri gutxitan egiten dute abertzaleek “abertzale” etiketaren hautua. Nahiago izaten dute zerrenda zabal bat osatu, abertzaleez gain, ekologistak, ezkertiarrak zein jendarte zibileko militanteak sartuz. Boto gehiago biltzeko estrategia izan dute hori, azken hauteskundeetan geroz eta agerikoagoa gelditzen dena. Horrez gain, ikuspegi transbertsala ukaiteak ere dakar ezkerreko bestelako ikuspegiekin programa bat adosteko ahala. Zerrenda zabal horiek EH Bai-ren sostengua dute: orotara, hogeita hiru zerrenden alde bozkatzeko deia luzatu du koalizioak, ondokoa zehaztuz: “Justizia soziala, Ipar Euskal Herriarentzako trantsizio ekologikoa eta gure lurraldearen burujabetasuna defendatuko duten dinamikak sustengatuko ditu EH Bai-k”. Aipatu ditugun herriez gain, Miarritze, Angelu, Urruña, Bidarte, Kanbo, Hiriburu, Azkaine, Ahetze, Itsasu, Larresoro, Zuraide eta Aiherran dira abertzaleez ere osaturiko zerrendak. EAJ-k ere orotara hamasei hautagai ukanen ditu hainbat herrietako zerrendetan (Baiona, Miarritze, Donibane Lohizune, Ziburu, Urruña, Arrosan eta abar).

Deszentralizazio eta parekidetasun handiagoren beharra du Euskal Elkargoak

Euskal Hirigune Elkargoko hautetsiak ere hautatuko dituzte martxoaren 15 eta 22ko hauteskundeetan. Lehen hiru urteen balorapen baikorra egiten baldin bada ere, behin baino gehiagotan kritikatua izan da kostaldearen eta baserri munduaren artean sendi den desoreka. Nola ez, parekidetasun eza ere da balorapen ezkorren artean.

Herriko Kontseilua hautatzeaz gain, Euskal Hirigune Elkargoa osatzeko boza emanen dute Ipar Euskal Herriko herritarrek martxoaren 15 eta 22an. 1.000 biztanletik beherako herrietan herriko kontseilu berriak du hautatuko elkargorako ordezkaria. Auzapeza izan ohi da ordezkari, legeak horretara beharturik. Mila biztanle baino gehiagoko herrietan haatik hautesleek aukeratu beharko dute elkargorako hautetsien zerrenda, –boto paper berean agertuko dira herrirako zein elkargorako zerrendak–.

2017ko urtarrilean sortu zen Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako herriak biltzen dituen instituzio hau. Urte luzeetako borrokaren emaitza izan zen. “Ez da eskatzen genuena, estatus bereziko instituzioa zelako hautetsiek eta herritarrek nahi zutena. Hala ere, eskaintzen zigutena hartu eta aitzina egin dugu eta uste dut gauzak ez direla hain gaizki pasa”, dio Paxkal Indo Garapen Kontseiluko lehendakariak. Derrigorrez hartu beharreko eskumenez gain bestelakoak ere hartu zituen instituzio berriak, tartean, kultura, hizkuntza politika, trantsizio ekologiko eta energetikoa zein laborantza izanki. “Harritzekoa da zenbat eskumen hartu dituen Euskal Elkargoak, nehon ez da ikusi horrelakorik! Nahikaria badela erakusten du”. 2020rako 625 milioi euroko aurrekontua bozkatu zuten otsailaren 22ko batzarrean.

Lehen hiru urteak egituratzeari zuzenduak izan badira, bigarren agintaldi hau “Ipar Euskal Herriarentzako politika osatzeko” izanen dela dio Indok. Hau da, eskumenak modu transbertsalean tratatzeko eta lurraldeari bere osotasunean begiratzeko unea. Ideia azaltzeko orduan, ondoko adibidea eman du: “Barnealdeak ere behar ditu lanpostuak eta bizitegiak. Eskoriatzan diren enpresen gisara, zergatik ez dira Baigorrin? Zergatik ez dugu industria Maulen garatuko? Enplegua lurralde mailan banatu behar da, bestela herri desorekatu bat dugu, sekulako auto ilarekin Baiona sartzean”.

Euskal Elkargoa egitura zentralizatuegia dela entzun izan da frankotan. Herri gehienak Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdi barnealdean kokatuak badira ere haien errealitatetik urrun sendi dute instituzioa bertako ordezkariek. Kontua da biztanleriaren araberako ordezkaritza izanki, pisu gutxi dutela herri ttipiek eta goi- mailako botere guneetan baserri munduaren presentzia ttipitzen dela. Kritikak kontuan hartuz, egituraren zerbitzuak lurralde guztian bermatzeko engaiamendua berretsi zuten otsailaren 22ko batzarrean. Zentzu horretara doaz lurralde osoan banaturiko hamar “komunitatearen etxeak”. Ondoko sei urteetarako kontseilu exekutiboaren osaketa ere moldatzea erabaki dute: orain arte zeuden 25 ordezkariez gain beste hamar gehituko dituzte, elkargoa sortu aitzin zeuden hamar herri elkargo eremuetatik bana sarraraziz.

Euskal Elkargoaren osaketa sufragio unibertsal bidezko hautaketa zuzenaren bidez egin behar liratekeela diote batek baino gehiagok. Batetik, herritar guztiek –ez bakarrik 1.000 biztanlez goragoko herrietakoek– erabaki ahal izateko osaketa eta bestetik, karguen metaketa mugatzeko. Hori eskatzen dute, besteak beste, EH Bai koalizioak zein Batera plataformak. Baina legeari segi ezinezkoa izanki, beste egitura instituzional bat behar lirateke. Hots, oinarrizko eskakizunean zegoen estatus bereziko instituzioa. Hastapenetik gauza bera pentsatzen du Indok: “2017tik argi dut Euskal Elkargoak dauzkan mugak erakutsiko dizkigula eta beste egitura bat galdetzen segitu beharko dugula”.

Emakume eta gizon arteko parekidetasunari begiratuz gero dagoen hutsunea begi-bistakoa da. Soilik %23,60 dira emakumeak. Tamalez, Ipar Euskal Herriaren ispilua dugu: 158 auzapezetatik hamazazpi dira emakumeak. 2013ko maiatzaren 17ko legeari segi, parekidetasuna bermatzea behartuak dira 1.000 biztanlez goragoko herrietako zerrendak. Hots, 158 herrietatik 116k ez dute obligaziorik eta horrek dakar errealitate desorekatu hori.

Parekidetasunetik oso urrun

Tokiko bizitzan emakume eta gizonezkoen arteko berdintasunerako Europar gutuna izenpetuz, urrats inportantea eman zuen Euskal Elkargoak 2018ko martxoaren 17 hartan. Alta, egun horretako kontseiluan zegoen gizonen falta esanguratsua izan zen. Egun horretan gehiengo zabala osatu zuten emakumeek, seguruenik bertaratzeko interesa ez ikusirik, gizonezkoak etxean geratu zirelako. Hala eta guztiz ere, egoera aldatzeko konpromisoarekin segitzen du instituzioak, ondoan dituela Garapen Kontseilua zein Egiazko Berdintasunaren Alde (EBA) kolektibo feminista berria. Ez da dudarik EBAk presio lan handia egin beharko duela ondoko sei urteetan ere.

Alta, nahikaria izanez gero, Euskal Elkargoan parekidetasuna segurtatzea erraza lirateke: gizonezko auzapezak bere lekua utzi beharko luke zerrendan bigarren lekuan kokaturiko emakumeari. Legea errespetatzeko, elkargorako dimisioa aurkeztu behar luke suprefeturan, ondokoak bere lekua hartzeko gisan. Dena da borondate kontua eta are gehiago herri ttipietan, non legeak ez duen horretara behartzen. Parekidetasunaren gisara, karguen metaketaren mugatzea ere modu berean segurtatzen ahal lirateke. Baina, Indok ondokoa dio: “Logika edo helburu politiko bat babesteko legean idatzitakoaren kontrako zentzura joatea ez da nagusitzen den joera bat”. Hori horrela da eta seguruenik Euskal Elkargoaren osaketa ez da aldi honetan ere parekidea izanen.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Herri bozak 2020
2021-08-04 | Euskal Irratiak
Bokaldarrek berriz bozkatu beharko dute, iazko herriko bozetan iruzur elektoralak izan zirela erabaki baitu auzitegiak

Hauteskunde egunean, oposizioak ohartarazi bi akats nagusi onartu ditu epaileak.


2021-07-19 | ARGIA
Marie-José Mialocq Arbonako alkate berrautatu dute

Marie-José Mialocq-ek Arbonako hauteskundeak bigarren aldiz irabazi ditu. 2020ko martxoko bozketan Beñat Arlaren zerrendak helegitea jarri zuen eta auzitegiak onartu. Uztailaren 18an egin dituzte hauteskundeak bigarren aldiz.


2020-07-12 | Aritz Galarraga
HUMANITATEAREN UNE GORENAK
Barne kolonialismoa

Aktualitatea ez zait batere interesatzen –zutabe hauetarako, bistan da; bestela aktualitatearen kontsumitzaile ohikoa naiz, are garaiaren arabera tiraniaren menpekoa–; baina batzuetan iruditzen zait azkar asko ahaztuko dugun txikikeriaren batek erakuts dezakeela... [+]


Herri bozak 2020: bigarren itzulia
Xinaurri lanaren uzta

Bigarren itzuli honetan ere urtetako lanaren emaitza lortu dute abertzale ezkertiarrek: Ziburun, Urruñan eta Itsasun auzapez izango dira. Bozketen lehen itzulian Biriatun eta Donapaleun irabazirik, Uztaritzen eta Baigorrin 2014ko garaipen historikoa berriz ere... [+]


Joseba Erremundegi, Etxegaraien zerrendako abertzale ezkertiarra
"Masa euskalduna iratzartzea lortu behar dugu"

Jean-Rene Etxegaraien zerrendan aurkezteko hautua egin zuen Joseba Erremundegi abertzale eta euskaltzaleak. Justuki abertzale eta euskaltzale den horri luzatu dizkiogu bizpahiru galdera, hautatu duen zerrenda ez delako abertzalea eta eskuinekoak ere dituelako bere taldean.


Eguneraketa berriak daude