Arabako Errioxako olioaren eguna aurten errota kooperatibo honetan egingo da

  • Ardo ekoizpenaz gain askoz ere kantitate txikiagoan ekoizten den beste altxor bat ere badute Arabako Errioxan: olioa. Azken urteetan olibondoak galtzen joan badira ere, olioaren kulturak bizirik dirau. Moredako La Equidad olio-errota kooperatiboa da horren adibide: “1947an sortu zen olio-errota hau. Lehenago herrian baziren lau bat partikular, baina urte hartan herritarrak herriarentzako olio-errota sortzeko batu ziren”, azaldu dizkigu hastapenak Jesus Eraso Diaz de Cerio kooperatibako lehendakariak.

Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Antzinakoa berriaren ondoan
1947an eraikitako olio-errota hark 2001 arte funtzionatu zuen: antzinako moduan ekoizten zuen, harrizko errota bidez eta lehengo irabiagailu eta prentsatze sistema zaharrekin. Baina errota zaharkitua gelditzen ari zenez eta osasun neurrien aldetik bete beharreko baldintzak zirela medio, berria jartzea erabaki zuten 2001ean. “Apustu handia egin genuen, inbertsio dezentea ekarri baitzuen aldaketak”, dio Erasok. Errota berriarekin zentrifugazio bidez ehotzen dute oliba.

Berria jarrita ere, antzinako errota mantentzea erabaki zuten kooperatibako kideek. Moredara hurbiltzen diren bisitariek, modu horretan, bi errotak ikusteko aukera dute.

Arroniz barietateko 200.000 oliba kilo inguru ekoizten dituzte kooperatibako kideek urtean, eta ehun kilotik 18-20 litro olio ateratzen dute. Eusko Label edota laborantza ekologikoko zigilupean ekoizten dute saltzeko egiten dutena, baina gehiena etxeko kontsumorako egiten dute. Kooperatibako kideen artean Moredako herritarrak ez ezik inguruko herrietakoak ere badaude: Viana, Oion, Lantziego, Laguardia, Binasperi, Bilar, Gorrebusto, eta Labrazakoak.

Olioaren kultura bizirik
Bisita gidatuak eta olio dastaketak askotan antolatzen dituzte Moredako olio-errotan, eta doakoak izaten dira gainera. Nahikoa da deitu eta kooperatibako kideekin eguna eta ordua hitzartzea. “Asteburu honetan bertan Gasteizko 15 lagun izan ditugu bisitan, eta ikasle taldeak ere etortzen dira noizean behin”. Arabako Errioxan ardoaz gain gauza gehiago ere badirela erakustea dute helburu, baita euren olioa promozionatu eta ezagutaraztea.

Eta olioaren kultura zabaltzeko bestelako ekimenak ere antolatzen dituzte. Esaterako, urtero ospatzen dute Arabako Errioxako Olioaren Eguna, aurten martxoaren 22an Moredan bertan eginen dutena.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ingurumena
Eguneraketa berriak daude