Chamseddine Marzoug: Europak ikusi nahi ez dituen gorpuak ehorzten dituena

  • Tunisiako Zarzis hiriko hondartzan lehorreraturiko errefuxiatuen hilotzei hilerri bat bideratu die Chamseddine Marzoug arrantzari ohiak.  Duintasunaren izenean, banan-banan bakoitza ehortzen dabil Ezezagunen kanposantua izeneko gunean. Mediterraneoaren beste aldean, Europar Batasunak (EB) ez du jarrera bera. Legeak behartzen dituen bilaketa eta sokorri zereginak geroz eta gutxiago betetzen ditu eta horretan dabiltzan elkarteei oztopoak besterik ez dizkie jartzen.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B
2020ko urtarrilaren 12a

Odol itsaso bat bihurtuko zaigu Mediterraneoa, ezer eginez gero”, Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Erakundeko Agentziaren bozeramaileak 2019ko ekainean luzaturiko deiadarra dugu. Itsas bidean bizia galtzen duten etorkinen odolaz ari da. Odol andana dugu Mediterraneoko ur gatzatuari nahasirik: 15.000 hilotz kontatu dituzte azken  bost urteetan. 2019 urtean bide horretan abiaturiko zortzitarik bat ito da.

Gorpu horiek bere biziaren parte ditu Chamseddine Marzoug tunisiarrak. “Arrantzarako itsasoratu eta arrainen ordez gorpuak dauzkagu”. Hondartzetan gauza bera. Hamarnaka kontatzen ditu herrestan, uhainek lehorreraturiko anonimoen gorpu hotzak. “Oso zaila da ustelduriko gorpuen ikustea, erdi-gizonak, erdi-emakumeak, zangorik gabekoak, bururik gabekoak, batez ere umeak direnean, izugarri hunkigarria da, hobengabeak direlako”. Zarzis hirian bizi da, Libiatik 60 kilometrotara, lanbidez arrantzari izana, urteak daramatza Ilargi Gorria elkartean laguntzaile gisa. Errealitate horrek ezinegona eraginik, bereari segi eta errefuxiatuen duintasunaren izenean zuzendu zien hilerri bat 2011n. Libia eta Italia arteko uretan ito diren anonimoei eskainiriko hilerriari Ezezagunen kanposantua izena jarri dio. “Hainbeste sufritu eta haietaz ezer ez dakigun pertsona horientzako da hilerri hau; hilobi duin bat merezi dute”. Ehorzteko baimena prokuradoreari galdetu, gorputegian gorpua hartu, hilerrira eraman eta tokitxoa egiten dio ezezagunari, lore sorta bat utziz lur metaren gainean. Astean hiru aldiz dator loreak ureztatzera. 2018ko azaroan 400 gorpu ziren hilerrian. Hauetan bakarra identifikaturik: Nigeriako Rose-Marie 28 urteko emakumea eta ama, 2017ko maiatzaren 27an ehortzia. Beste guztiak anonimoak. Info Migrants komunikabideari eskainiriko elkarrizketan mesede bat eskatzen dio Europari: “Ez dut gehiago gorpurik ikusi nahi, arazo hau oso laster konpondu beharra dago. Europari eskatzen diot non zaude? Mugak babestu beharrean pertsona hauek babestu”. 2018ko azaroan luzatu eskaera da.

Orduz geroztik egoera okertu da. Mediterraneoan dauden salbatze-operazioei begira jarri eta Europar Batasunaren (EB) arduragabekeria begibistakoa da: ez du gehiago itsasontzirik horretara bideratzen ; salbatze operazioetan dabiltzan elkarteen lana etengabean oztopatzen dabil eta gainera, Mediterraneo zentralaren espazio gehiena emigratzaileen tortura eta bortxaketa espazio den Libiako Estatuaren esku utzia du. “Kaosa”. Hitz horrekin laburbiltzen du egoera Sophie Beau SOS Mediterraneoa Gobernuz Kanpoko Erakundeko (GKE) zuzendariak: “Kaosa dago Mediterraneoan”. 2019an Mediterraneoan itotako etorkinen kopurua 1.246koa zen abenduaren 15ean. Baina zenbat dira inor ohartu gabe hondoraturikoak? Erantzuna argi du Beauk: “Segur guk jakin gabe hondoratzen direla ontzi batzuk. Bidea oso luzea da eta sokorri ontzi gutxiegi daude guztia kontrolatzeko”. Azken urteetan, EBk zein Libiak sokorri ontziei bideratu oztopo eta blokeoak azkartu arau, heriotza tasak ere gora egin du.

Elkarteen lana oztopaturik

EBren erabakiei begira jarriz gero, are begibistakoagoa da Estatuen arduragabekeria. Alta, itsasoak ez dira legedirik gabeko eremuak ; pertsonon eskubideak ez dira ur gatzatuan urtuz desagertzen. 1985 urteko hitzarmen bati segi, bilaketa eta sokorri betebeharra segurtatzeko gisan, Bilaketa eta Salbatze (BES) edo Search And Rescue (SAR) guneka zatituak dira itsas-eremuak, horiek banaturik daudela itsaso bazterreko estatuen artean –kostatik 19,3 kilometro arte diren ur territorialak baino askoz zabalago dira BES gune hauek–. Itsas zuzenbideari buruzko Nazio Batuen hitzarmenari jarraikiz, uretan zailtasunetan dagoen pertsona bat kausituz gero, laguntza bideratzeko betebeharra dauka estatuak. Are gehiago, bere bizia lanjerrean kausitzen ez den portu batera lehorreratu behar du, bai ala bai. 2018ko ekainaren 27az geroztik, BES gune propioa dauka Libiak ere, –2017ean EBk Libiari zuzendu 8 milioi euroko diru laguntzari esker osatutakoa–. Hori horrela, 19,3tik 200 kilometrotara zabaldu du bere kontrol espazioa. Espazio hori Italiaren eremu izatetik Libiarena izatera pasa da, sokorrien koordinazioa ere azken horren ardura bilakatuz. “Libiako kalbarioan bizitzea baino nahiago dute Mediterraneoaren zeharkatzeari lotu eta itsasoan hil”. 2018ko ekainaz geroztik, sokorri operazioek are zailtasun gehiago dituzte: arriskuan dagoen ontzi baten berri emateko luzatu deiak erantzunik gabe gelditzen dira. Erreskate lanetan dabiltzan humanitarioek jasandako presio eta jazarpenak areagotu dira. Gainera, Libia dagoena izanda, “portu segur batera lehorreratzeko” betebeharra zangopilaturik dago. Etorkinek Libian jasandako tratu txarren “konplize” izatea leporatu diote EBri hamarnaka GKEk.Urrats bat gehiago eman zuen Europak 2019eko martxoan: 2015az geroztik, pasatzaile klandestinoen sareak desegiteko eta hauen ontzietan metaturiko errefuxiatuak sokorritzeko osatu Sophia operaziokoei ontziak kendu zizkien. Ez da gehiago estatuen ontzirik Mediterraneoan. GKE bakar batzuk dabiltza zerumuga miatzen, ontzi batzuk atzeman eta salbatu nahian. Ez nahi duten bezala, haatik, –ahal duten bezala–. Jasandako presio administratibo, judizial eta politikoak ikaragarriak dira. Mare Jonio, Eleonore, Open Arms, Lifeline, Sea Watch 3, Iuventa... bahituriko ontziak itsasoratzen utzitakoak baino anitzez gehiago dira. Askoz gehiago dira ere haien misioa abandonatu behar izan dutenak. Artikulu hau idazterakoan ontzi bakarra dago Meditarraneoan, SOS Mediterraneoa egituraren Ocean Viking. Baliteke beste bi ureratzea baina ezin jakin azken momentura arte.

Behar orduan, errefuxiatuez beteriko ontziak hartzeko prest den porturik ez dute kausitzen. Inork ez ditu nahi eta sekulako denbora galtzen da estatuen arteko banaketa kalkuluetan eta negoziaketetan. “Denbora galtzea da eta horrekin bizien galtzea”. Portu baten beha diren bitartean, ezin dutelako sokorri lanetan aritu. Eskubideen errespetua eta betebeharren gauzapena eskatzen die Europako estatuei SOS Mediterraneoko zuzendariak. Arduragabekerirantz doan azken erabakia izan da urriaren 24koa: Mediterraneoan eraman beharreko bilaketa eta sokorri operazioak areagotzearen kontra bozkatu zuen egun horretan Europako Parlamentuak.

Migrazioen Nazioarteko Erakundearen azaroaren 13ko zifrari segi, 2019 urtean 91.568 etorkin ziren Mediterraneotik Europara sartu –Greziarako eta Espainiarako bideak ere kontutan harturik–. Iaz baino %11 gutxiago. Gutxitze hori migrazio politikaren eraginkortasunaren islatzat dauka Europako Batzordeak. Ez duenak ikusi nahi, ez du ikusten.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Errefuxiatu krisi globala kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude