ARGIA.eus

2020ko apirilaren 08a

Gorriaren kolore desberdinak

  • Azaroan euria bezain maiz entzuten dira bertsoak Iruñean. Bertsoaroa da. Urtez urte, udazkena piztera etorri ohi da ordu aldaketak arratsaldeak ilundutako hirira. Eta egia esan, iruindar euskaldun askoren zita bihurtu da, urtero huts egiten ez duten horietakoa. Berdin da astearte iluntze heze eta triste samarra izatea, Bertsoaroako aretoak bete egiten dira beti. Bertsoak, baina, ez dira beti bakarrik etortzen; hitzaldi, antzerki, kantaldi, eta abarretan kamuflatu ohi dira saio askotan. Aurten bertsoa eta flamenkoa eskutik helduta iritsi dira azaroan, Miren Amurizak eta Askoa Etxebarrietak sortutako Gorria ikuskizunak estreinaldia izan baitu Iruñean.

Irati Majuelo Itoiz
2019ko abenduaren 22a
Argazkia: Bertsozale Elkartea
Argazkia: Bertsozale Elkartea

Zazpi esanahi omen ditu gorri hitzak, gure mundu gorriari begiratzeko zazpi adiera. Hiztegiaren definizioak zabaldu eta are gehiago erakutsi nahi izan zuten Miren Amurizak eta Askoa Etxebarrietak. Hala, gorriz tintatutako hitz eta erritmoak erabili zituzten biolentziari, ahizpatasunari, sexualitateari edota emakume erreferenteei buruz hitz egiteko. Zazpi atalek osatzen dute ikuskizuna, bertsoa eta flamenkoa bidelagun. Sentimenduen zerbitzura jarri dituzte bien adierazpideak, esan zutenez, fusioa egin baino, bi diziplinak hurbiltzeko saiakeran. Elkar ulertzeko elkarrizketa moduko bat, beraz. Ikusleak ez baitu aurkituko bertsoa ulertzen dugun moduan, ezta ohiko flamenkoa ere. Bertsoa flamenko erritmotara gerturatua, eta flamenkoa bertso neurritara mugatua.

Bertso doinu zaharrek eta koplek hartu zuten Kondestable, argi-ilun gorrixken jokoak lagunduta. Aulkiak beteta patioan eta lehen pisuan, jendea lurrean eserita zutabeen alboetan. Ahots goxoz gidatu zuen Amurizak emanaldia, ahots indartsuz defendatu Etxebarrietaren takoi kolpeei jarritako hitzak. Gorri eta biluzik, lehen aldiak ez dira errazak izaten, eta zenbaitetan urduritasuna nabaritu zen, baina entzuleek esker onez hartu zuten artisten zintzotasuna. Askoari erosoago ikusten zitzaion dantzan, emozionatuta, dakiena egiten. Ez du ezizen txarra, La Pulga. Pena da patioko aulkietan zeuden ikusleek dantzariaren oin kolpe oro ikusi ezina, Gasteizko urakan txikia gertutik ikusteak merezi baitu zinez. Giroa berotzen joan zen zazpi ataletan barrena, kaleko hotz.

Estreinaldia amaitzeko loreak –gorriak noski–, eskerrak, koplak eta txaloak. Lehen proba pasa izanaren zoriontasuna eta zerbait desberdina dastatu izanaren beroa. Gorrian oraindik zantzu berderen bat egonagatik, izanen du heldutzeko denbora bi artista langile hauen eskuetan. Proposamen umil eta interesgarria dakarkigute Amurizak eta Etxebarrietak, gorriaren paleta bertso eta flamenkoz aberastu asmoz.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Bertsoak  |  Dantza  |  Iru˝ea

Bertsoak kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude