"Mundua ez da konplikatu, hari begira bizi den zientziak konplikatu ditu gauzak"

  • Euskal Herrian izan zen urrian Jean-Paul Bronckart psikologo eta hizkuntzalaria, UEUk eta Elebilab ikerketa-taldeak antolaturiko “Euskara oinarri eta eleaniztasuna helburu” ikastaroan. Gure ikasleek darabiltzaten hizkuntza material askoren atzean dagoen espiritua Bronckartena da, eta espiritu horrixe darion su-lamaren bila joan gatzaizkio galdezka.

Argazkia: Zaldi Ero.
Argazkia: Zaldi Ero.
Jean-Paul Bronckart (Liege, Belgika, 1946)

Hizkuntzaren ikas-irakaskuntza du, oroz gain, ikergai, Genevako Unibertsitateko Psikologia eta Hezkuntza Zientzien fakultatean. 1968an heldu zen hara, Jean Piagetekin lan egitera. 300 lan baino gehiago ditu argitaratuak. Tartean dira, esaterako, haur elebidunen eta eleaniztunen ikasketa prozesuei buruzko ikerketak. Munta handikoak dira, bestalde, elkarreragite sozio-diskurtsiboaren oinarriak lantzeko ikerketak; horietan  hizkuntzaren funtzionamendua ulertzeko proposamen teorikoa sakondu du, gauza zinez garrantzizkoa hizkuntzaren irakaskuntzari dagokionez. Era berean, parte-hartze zuzena izan du Euskal Herriko ikasle eta irakasleen ikas-irakaste prozesuetan, eta alde horretatik, uste baino etxe barrurago sartua zaigu Bronckart.

Hizkuntza irakatsi egiten da?

Bai, horixe! Hizkuntzaren giza maila alde batera utzirik, hizkuntza irakatsi egiten da, praktikatu beharra dagoelako. Hizkuntza modu jantzian erabili ahal izateko, nola funtzionatzen duen jakin beharra dago. Eta, horretarako, ikasi beharra dago, dela nor bere gisa saiatuz, dela dakienak irakatsita ikasiz. Batetik, kanpo hizkuntza ikasteaz ari gintezke, non esku hartzen baitute hizkuntzaren akademiak, adituek eta hizkuntzalariek. Bestetik, hizkuntza hitz egiten duen hiztun bakoitza dugu, delako hizkuntza hitz egiten dakiena, eta hitz egiten duena. Hizkuntzaren irakaskuntza, hortakotz, hizkuntzaren akademiaren eta norberaren hizkuntzaren artean zirkulazioa sortzea da. Elkarreragite bat da, nahi baduzu. Hizkuntzaren teoria ez da aski, hiztunaren aldian aldiko praktika du beharrezko. Bestela esanez, guztion baitako ezagutza kolektiboa eta banakoaren ezagutza zirkulazioan jartzea besterik ez da hizkuntzaren irakaskuntza.

Denboran zehar zeharo aldatu dira irakaskuntza modu, irizpide, metodo eta didaktikak. Nola irakatsi beharko litzateke hizkuntza oraingo egunean?

Buruiritzi xamarra nintzateke hizkuntza gaur egun nola irakatsi behar den esaten hasiko banintz! Ez da batere gauza argia. Aditzera eman duzunez, aro ezberdinak igaro ditu hizkuntzaren irakaskuntzak. Urte askoan, gramatika irakastea izan zen hizkuntzaren irakastea. Oso luze jo zuen aro horrek. Gero, bestelako haizeak jo zuen, eta ororen buru, atzerriko hizkuntzen ikas-irakaskuntza tarteko izan zelako. Orduan, praktikari eman zitzaion, eta ematen zaio oraindik, lehentasuna. Hizkuntza praktikatzea zen behin, gauzarik lehena; hau da, hitz egitea, nork bere baitakoak adieraztea, geroko utzirik arauak eta gainerakoak. Oraingo egunean, guk Genevan egiten duguna esango dizut, horixe ezagutzen baitut ongien: bien arteko elkarreragina landu. Alegia, ez bakarrik praktika, ezta bakarrik gramatika ere. Bien arteko lotura sakontzen saiatzen gara gu, eta horretan, gogoeta egiten dugu praktikak gramatikari nola lagundu diezaiokeen antzeman nahirik, eta alderantziz, gramatikak praktikari. Ez dakit erabat errealitatea den ere baina, oraingo egunean, nire ustez, eta hizkuntzaren irakaskuntzari dagokionez, praktikaren zerbitzura jarri behar da gramatika, eta praktika, edozein modutara ere, komunikazioaren zerbitzura jarri behar da. Horixe da lana, eta ez da erraza ere, bi aldeek ere esajeraziora jotzen baitute, hala gramatikak nola praktikak: gramatika modu esajeratuan lantzen zuten lehen, eta bat-batekotasuna modu exageratuan eta itsu-itsuan lehenestera jotzen da orain. Nik, neure kautan, balantza orekatzeko saioak egiten ari garela esango nuke.

"Hezkuntzan, murgiltzea bera da sistemarik onena eta txarrena,  aldi berean”

Nola irakatsi behar dira gutxiengoen hizkuntzak?

Gehiengoen hizkuntzak bezala. Niretzat ez dago gutxiengoen ez gehiengoen hizkuntzarik. Egoera historikoak eta politikoak agintzen dute horretan. Horiek ez dira hizkuntzaren baitako aferak: hizkuntza guztiak maila berean dira. Hargatik defendatzen dut, bada, giza hizkuntza bat besterik ez dagoela. Hizkuntza hori modu ezberdinean gauzatu da batean eta bestean, baina hizkuntza bat besterik ez dago, eta beraz, hizkuntza guztiek dute estatus bera, garrantzi bera.

Zer irizten diozu hango eta hemengo gobernuen jarrerari, “estatu bat, hizkuntza bat” delako esanari. Horretan dira Espainian eta Frantzian, horretan munduko lau ertzetan.

Batzuetan, arrazoi politikoak dira tarteko. Alderdikoiak, esango nuke: “Nire hizkuntza gainerakoak baino hobea da” esatea da hori. Badira arrazoi ekonomikoak ere, jakina. Askoz errazago da, ekonomiari begiraturik, hizkuntza bat irakastea, bi, hiru edo lau irakastea baino. Adibide bat jarriko dizut, ezagutzen ez dena, nonbait, edo isiltzera jotzen dena. Frantziar Estatuak frantsesa du hizkuntza aitortu bakar. “Iraultza ondotik” diote. Baina gezurra da hori. Frantziako Iraultzaren ondoko lehen bi urteetan, Errepublikaren ediktu guztiak Frantziako hizkuntza guzti-guztietan zabaldu zituzten. Horrelaxe erabaki zuten orduko arduradun politikoek. Euskaraz, okzitanieraz, flandrieraz, bretoieraz, altsazieraz… zabaldu zituzten garai hartako legezko ohar guztiak. Bi urte eta gero, horrela jarduterik ez zutela jabetu ziren. Itzultzaileak ordaindu behar zituzten, inprimategia ere bai, hau eta hori eta hura…

Argazkia: Zaldi Ero.

Horregatik baztertu zituzten gainerako herrien hizkuntzak?

Bai, bada. Ez zen besterik izan. Batetik bestera, guztiz aldatu zuten beren asmoa, eta hizkuntza bat hautatu zuten, hizkuntza bat guztientzakoa. Oraingo egunean, Frantziako arduradunek zera esaten dute, Iraultzak hizkuntza bat ekarri zuela. Ez da egia. Iraultzak, lehen momentuan, hizkuntza guztiak egoki zirela esan zuen. Baina hizkuntza guztietan jardutea garesti zenez, gauza konplikatua zenez hura dena antolatzen, ideologia lerratze bat gertatu zen. Afera ekonomikoa zena, ideologiaren arabera berrinterpretatu zen, eta “nahikoa da hizkuntza bat eta bakarra” ezarri. Eta uste horixe bera zabaldu zen ingelesen eta, are, estatubatuarren artean, eta gainera, esanez mundua askoz hobea zela horrela.

Noizdanik duzu euskararekin harremana?

Euskararekiko izan nuen lehen harremana Itziar Idiazabal irakaslea izan zen. Irakasle nintzen Genevan 1969an. Igaro dira, beraz, zenbait urte! Eta, oso oker ez banago, 1974an azaldu zen han Itziar. Ordurako, haurraren psikolinguistika nuen ikergai. Haurrak hizkuntza ikasteko duen modua ari nintzen ikertzen, hau da, hizkuntzaz jabetzeko baliatzen dituen estrategiak. Horretaz egin nuen tesia, frantsesa ardatz harturik. Orduan, alemanaren kasua ikertzen hasita nengoela, Itziar azaldu zen, eta euskararen partikulartasun berebizikoaz mintzatu zitzaigun. Eta besteak ez bezalako hizkuntza zenez, galdera egin genion gure buruari: “Hizkuntzaz jabetzeko modua bera ote da hizkuntza honetako haurrengan ere?”. Eta horrela ikerketa abiarazi genuen eta tesia ondu zuen, gero, Itziarrek. 1983an aurkeztu zuela esango nuke. Gero, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailean zuzendari-lana egin zuen, eta harremanetan izan ginen. Horrela heldu nintzen Gasteiza Anton Kaifer eta beste zenbaitekin lan egitera, eta geroztik ez diot utzi Euskal Herrira etortzeari. Eta, esate baterako, gogotik lan egin nuen 1987an Donostian egin zen Mundu Biltzarra prestatzen. Harrezkero, beste zenbait kolaboratzaile ere etorri dira nirekin batera zuen herrira, Joaquim Dolz, adibidez, nire laguntzaile izana, eta Euskal Herriaren eta Genevaren arteko interakzioa indartu besterik egin ez duena.

Zer diozu murgiltzeari buruz?

Gauzarik onena eta, aldi berean, txarrena da murgiltzea. On izango da arestian esandakoari heltzea, hau da, praktikari eta ezagutzari lotzea. 80ko hamarkadara joan behar dugu murgiltzeaz jarduteko. Garai hartan murgiltzea ezarri zuten han eta hemen, eta ongi da, baina ez da aski. Afera ez baita murgiltzea, nola gauzatzen den baizik, zein baldintzatan gertatzen den, nola kontrolatzen den prozesua, zeren eta alde idealista bat baitago murgiltze nozioaren inguruan. Eman dezagun, Geneva, oraingo egunean. Eleaniztasun ikaragarria dugu Genevan. Hasteko, ni bizi naizen auzoan, portugesa, adibidez, leku guztietan dago, eta eskolan hizkuntza nagusia da! Afrikako hizkuntzak ere nahizu dira, Asiakoak ere bai, eta tartean, hor duzu frantsesa. Murgiltze sinple batek ez du balio zenbait egoeratan. Hasteko, Genevako egoera horretan. Murgiltzea ezarririk, hizkuntzaren jabetze prozesua landu behar da, hura etengabe ikuskatu, eta horretarako, irakasleak trebatu behar dira, bata bestearekin hitz egiten irakatsi behar zaie, gogoetak elkarbanatzen… Afera ez da “murgiltzea bai, murgiltzea ez”, hura nola gauzatzen dugun baizik, nolako segimendua egiten diogun. Murgiltzea, arestian esan dizudana: bera da sistemarik onena, eta txarrena, aldi berean.

"Niretzat ez dago gutxiengoen ez gehiengoen hizkuntzarik. Egoera historikoak eta politikoak agintzen dute horretan"

Eleaniztasuna ekarri diguzu aipura. Lehen, elebitasuna genuen kezka. Orain bi, hiru, lau dira gela batean bizirik diren hizkuntzak. Joko-zelaia aldatu da franko.

Gauza ez da mundua konplikatu dela, munduari begira bizi den zientziak gauzak konplikatu dituela baizik. Kar, kar… Hala ere, mundua errotik aldatu da, inoiz baino anitzagoa da, eta halaxe dira egoerak ere, anitzak, arraroak ere bai, askotan. Eta, beti, hizkuntzaz baliatu behar dugu. Hizkuntzaz. Nirekiko, ez dago dialektorik ere. Hizkuntza da zeinahi giza taldek ekoizten duena. Bedi hori garbi, eta oroz gain, lehen. Besterik da delako hizkuntza horrek, zeinahi dela ere, duen estatus politiko edo juridikoa, baina hizkuntza da. Batean, hizkuntza bat bakarrik dago jokoan. Bestean, bi, hiru edo gehiago. Hizkuntzak dira denak.

Eleaniztasuna, gaztetxotan

“Txikitan, waloniera eta frantsesa hitz egiten nituen. Herrian baziren, bestalde, flandriera hitz egiten zutenak. Gurean, etxeko txikiena nintzenez, apaiz izan behar nuen. Eta apaizgaitegira bidean jarri ninduten 10 urte nituela, eta hantxe egin nituen Bigarren Hezkuntzari zegozkion ikasketak. Apaizgaitegia, hala ere, alemanez hitz egiten zen eskualdean zegoen; pladeusch-a hitz egiten zen bertan. Beraz, waloniera, frantsesa, flandriera eta pladeusch-a nituen ezker-eskuin jokoan. Gaztetxotan jakin nuen eleaniztasuna zer zen. Oraingo egunean, inguru hartan euroeskualdea osatua dute Maastrichtek, Aachenek eta Liegek, eta lau hizkuntza horiek hitz egiten dira bertan”.
 

Bronckarten hizkuntzak

“Oraingo egunean ez dut walonieraz solastatzeko aukerarik. Herrira joaten naizelarik ere, gutxik dakite walonieraz. Frantsesa, berriz, neure hizkuntza dut. Gainera, Suitzan egonik, nire barruan, alemanak gaina hartu dio flandrierari, oso hurrekoak baitira. Eta, azkenean, ingelesez ere ikasi behar izan dut; lanean funtzionatzeko, bistan dena. Arrazoi berarengatik, espainolez eta portugesez irakurtzeko gauza ere banaiz. Ez euskaraz, hala ere, baina ikasi dut hitzen bat edo beste esaten”.
 

Gramatikakeria historikoa

“[Piarres] Lafitte abadearen gramatika hartzen badugu, adibidez, berehala ohartuko gara hark latinaren kategoria gramatikalak euskarari egokitzen lan egin zuela. Oraingo egunean hizkuntza modu horretara erakustea izorramendia litzateke. Hizkuntza irakastekotan, haren funtzio nagusiak landu behar dira, baita gramatika ere, baina kasu eman behar da, zeren eta gramatika garrantzizkoa izanik ere, hizkuntzaren irakaskuntzaren historian gramatikakeria nagusitu baita, zoritxarrez”.

Azken hitza: 2.060 irakasle, eta erraz

“Lana franko egin dut Genevako eskoletan, ez Suitzakoetan, hala ere, herrialdeko hezkuntza sistema kantonamenduen araberakoa baita. Irakasleen prestakuntzan ere gogotik saiatu naiz, eta esaterako, neuk trebatuak dira denak. Denak! Genevaren abantaila da txikia dela, 2.060 irakasle ari dira hizkuntza irakasten, gehiago ez, eta beraz, erraz da haiekin lan egitea”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hizkuntzalaritza
Irulegiko eskua, zein nobedade dakartza ‘Antiquity’ aldizkariak?

Irulegiko Burdin Aroko herri gotortuan azaldutako brontzezko piezari buruzko ikerketa “osoena” azaltzen duen artikulua argitaratu du aditu talde batek nazioarteko aldizkari zientifikoan. Orain arte ez genekizkien hainbat berritasun dakartza.


2024-01-05 | ARGIA
Mikel Perez
"Euskara eta gaztelania nahastearen arrazoi bakarra ez da hizkuntza gaitasuna"

Mikel Perez Gonzalez hizkuntzalaria hitz egiterakoan erabiltzen den kode alternantzia aztertzen ari da, alegia, euskaldunek nola nahasten dituzten euskara eta gaztelania. Alternantziaren arrazoietako bat euskara gaitasuna da, baina Perezek gehiago ere kontatu ditu.


2023-08-31 | Ilargi Manzanares
Andorrak gutxieneko katalan maila eskatuko du bertan bizitzeko

Andorrako katalanaren defentsarako lege berriak katalanaren oinarrizko maila eskatuko du bertan bizi eta lan egin ahal izateko. A2 titulua baino maila baxuagoa eskatuko dute.


Eguneraketa berriak daude