"Bileran maiaz hitz egin nuen lehen aldian, kideekin konektatu nuela sentitu nuen"

  • Socorro Cauich maia komunitateko kidea da. Mexikoko Yukatan estatuan bizi da. Berak dio maia hizkuntzaren atzetik ibili gabe, egoerek eta pertsonek eraman dutela hizkuntzara. Erronkei aurre egitea gustatzen zaio. Maia ikastea izan zen bere lehen erronka. Irakaslea eta irrati esataria da. Garabide elkarteak gonbidatuta hilabete igaro du Euskal Herrian.

Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.

Gurasoek ez zizuten maia irakatsi. Geroago zeureganatu zenuen hizkuntza.

Maia ez da nire ama hizkuntza. Gaztelania hitz egiten hasi nintzen, hain zuzen nire gurasoek ikusi zutelako zein arazo izan zuten nire anai-arrebek eskolara hasi zirenean. Zortzi anai-arreba ditut, nagusiagoak guztiak, eta denek hitz egiten dute maia. Ama hizkuntza dute. Eskolan irakasle guztiek gaztelaniaz egiten zuten, eta gurasoek, itxuraz, haurrek irakasleari ulertzeko arazoa sentitu zuten. Horregatik, gurasoek niri espainieraz egitea erabaki zuten.

Ikastetxean espainiera baino ez zen egiten?

Hala da. Maia hiztunek eskolara iritsi eta derrigor ikasi behar izan zuten espainiera. Ezin zioten irakasleari ulertu.

Beraz, etxean maia egiten ez zuen bakarra zu zinen. Zergatik erabaki zenuen ikastea?

Amak mandatuak egitera bidali ohi ninduen izebarengana, baina hark maia baino ez zuen hitz egiten. Nire lehengusuak itzulpen lanak egiten zizkidan. Egun batez, izebarengana bidali ninduen amak, hara iritsi, eta ez nuen lehengusua ikusi. Izebari galdetu nion: “Non dago nire lehengusua?”. Espainieraz galdetu nion. Pentsatzen dut esan zidala ez zegoela, eskuen mugimendua irakurri nuen. Ez nekien zer egin eta hizketan hasi nintzen: “Amak esan dit emateko halako”. Pentsatzen dut erantzuna izango zela ez zidala ulertzen, zeren nik berari ez nion ulertzen. Eta orduan: Orain zer egingo dut? Ernegatu nintzen, ezin genuen elkar ulertu. Etxera itzuli eta amari esan nion uste nuela lehengusua ez zegoela etxean, ez nuelako ikusi, eta izebak ez zidala ulertzen. Amak: “Esaiozu halako nahi duzula”. Maiaz esan zidan hitza. Joan nintzen izebarengana eta: “Amak agindu dit zuri eskatzeko halako”. Berak: “A, bai!”. Eta jatordurako gozagarriren bat eman zidan.

Zenbat urte zenituen orduan?

5 urte-edo izango nituen. Egoera horrek eragin zidan maia ikasteko gogoa. Ikasteko beharra sentitu nuen. Beste nonbait gauza bera gertatuko balitzait zer egin behar nuen? Ordutik aurrera belarriak zorroztu nituen. Zerbait ulertzen hasi nintzen. Ulertzen ez nuena galdetu egiten nuen. Gaur egun ere, anai-arrebek hori dute gogoan, beti galdezka ibili naizela.

Haientzat zure egoera arraroa izango zen. Ez zenekien senideen jatorrizko hizkuntza.

Horretaz baliatzen ziren. Nik ez ulertzeko beraien artean maiaz egiten zuten. Gaur egun guraso batzuk gauza bera egiten ari dira. Jakina, ez irakastearen arrazoi bakarra ez da hori, diskriminazioa bizi dugu.

Gurasoek zer pentsatu zuten zu maia ikasteko irrikaz zinela konturatuta?

Normala iruditu zitzaien, baina haiek uste zuten jakin-minez egiten nuela. Bestela ere halakoxea nintzen, ume kuxkuxeroa.

Noiz ohartu ziren ume kuxkuxeroaren kontua baino gehiago zela?

Komunitateetara bisitak egiten lanean hasi nintzenean, 18 bat urte nituela. Gurasoei esaten nien agian maia baino hitz egiten ez duten jendearengana joan beharko nuela. Zer egingo dut? Gose edo egarri banaiz, beharren bat badut, ezingo dugu elkar ulertu.

10-15 urte bitartean emandako pausoei esker gehiena ulertzera iritsi nintzen. Esaldi solteak botatzen nituen eta barre egiten zidaten. Etxean denek maiaz hitz egiten zuten eta nirekin denek espainieraz. Senideentzat arraroa zen ni maiaz entzutea, barregarria zen.

Gobernuaren erakunde batentzat lanean hasi eta hizkuntzarekin egin zenuen topo. Kontatu zer gertatu zitzaizun maiaz baino hitz egiten ez zuten komunitate hartara ailegatu zinenean.

Egitasmo zehatzak gauzatzen ahalegintzen ginen; izan daiteke eskola gosaria antolatzea edo biltegia osatzea komunitatean. Nirea baino askoz komunitate txikiagoetara bidaltzen ninduten. Hasieran, itxuraz behintzat, dena ondo zihoan, ia denek maia hitz egiten zuten komunitatera bidali ninduten arte. Han ezagun bat nuen eta esan nion halako gairi buruz hitz egingo genuela bileran. Haren galdera: “Baina nola hitz egingo duzu espainieraz ala maiaz?”. Harrituta gelditu nintzen eta esan nion: “Espainieraz”. Haren erantzuna: “Ez du merezi bilera egiteak, zeren gehienek maia hitz egiten dute”.

"Beste komunitate batera baldin banoa eta haien hizkuntza egiten badute, zergatik inposatu behar dut nire hizkuntza?"

Ez ziren espainiera ulertzeko gai?

Pixka bat ulertzen zuten. Momentu horretan nire buruari esan nion: “Erronka da niretzat”.

Hutsune bat zenuela sentitu zenuen? Sarri alderantzizkoa gertatzen da, uste izatea besteek ikasi behar dutela hizkuntza, espainiera kasu honetan.

Ez, inondik ere ez. Sentimendu kontrajarriak izan nituen. Batetik, kezkatuta nengoen ez nekielako nola moldatu. Bestetik, ez nintzen gaizki sentitu ez zekitelako espainiera. Haien komunitatera banoa eta beraien hizkuntza hitz egiten badute, zergatik inposatu behar dut nire hizkuntza? Ezagun hari esan nion maiaz hitz egingo nuela, baina ez egiteko barrerik. Ez nuen egunerokoan erabiltzen eta ez nuen menperatzen. Esku artean erronka nuela sentitu nuen eta pentsatu nuen egingo nuela, bikain ez seguruenik, baina egin nezakeen.

Nire ezagun hark komunitateko kideei esan zien maiaz egingo nuela eta bilera hasi nuen. Bai, trabatzen nintzen batzuetan, hitzak-eta aurkitzerakoan, baina egun hartan sentitu nuen maia hizkuntza nire egin nuela. Konturatu nintzen egin nezakeela eta maiaz hitz egitea naturala egingo zitzaidala, baita beraiek ni entzutea ere.

Zer ikasi zenuen egun hartan?

Handik aurrera beste komunitateetara joan nintzenean bilera zein hizkuntzatan egitea nahi zuten galdetzen nien. Lehen aldi hartan herritarrekin konektatu nuela sentitu nuen. Mailak ikusten dituzte, haiek hemen behean daude [besoa jaitsi du], eta hara hitz egitera doana, ni, hemen goian nago [besoa gora darama]. Beste hizkuntza bat hitz egiten dugu, eta gainera, gobernuaren ordezkari gara. Haiek baino garrantzitsuagoak garela uste dute. Bilera maiaz egiten badut, maila berean egongo bagina bezala da. Hizkuntzari esker, ulertzen dute ez noala gauzak inposatzera, baizik eta erabakiak adostasunez hartzera. Hizkuntzak asko laguntzen du helburu beraren desioa elkarbanatzen: konbentzitu nauzu, nire hizkuntzan hitz egin didazu, zurekin identifikatuta sentitzen naiz.

Eskertzen zizuten maiaz aritzea?

Bai, jakina. Haien erreakzioa zen: Gobernuaren langilea da, maila handikoa, eta nire parean ari da jartzen! Nik ez dut horrela bizi, ez naiz haiek baino gehiago, baina haiek horrela bizi dute. Gobernutik zatoz, ia jainkoa zara. Oso eskertuak dira eta esan egiten dizute. Komunitate batean hala esan zidaten: “Zeinen ondo, maiaz egiten duzu! Beste batzuk etorri dira, espainieraz egin dute, eta ez diegu ezer ulertu!”. Haiek bezalakoa zarela eta haiekin zaudela sentitzen dute.

Yuuyum irratian ari zara lanean 2015az geroztik. %80 maiaz emititzen duzue, eta %20 espainieraz. Zertarako sortu zenuten?

Aurrez bazen irrati komunitarioa, baina gobernuak diru-laguntzak kendu eta itxi egin behar izan zuten. Haren tokia hartzea zen hasierako asmoa eta helburu nagusia, besterik gabe, maiaz informatzea. Helburuak aldatu dira, ordea. Maia galtzen ari garela antzeman dugu eta maiaz informatzeaz gain bestelako xedeak ditugu, hala nola, hizkuntza irratiz irakastea eta prestigiatzea. Oso ohikoa da esatea ezertarako ez duela balio, zatarra dela. Hirian entzuten bazaituzte erraz esango dizute pobrea zarela, ezjakina edo indiarra. Maia hiztunek hori dena barneratu dute maila ekonomiko goragoko pertsonek ematen dieten tratuagatik. Hala ere, ezin ditut halako maila ekonomikoa duten denak satanizatu. Horrelako ikasleen ikastetxe pribatu batean ematen ditut eskolak eta batzuek pertsonak asko baloratzen dituzte.

Zer esaten dute gai honi buruz?

Azterketaren batean beti galdetzen diet: Zergatik uzten dio jendeak bere hizkuntza hitz egiteari?. Batzuk besteen tokian jarri dira eta idatzi dute: Guk diskriminatzen ditugu.

Haiek diskriminatu eta maia-gurasoek hizkuntza transmititzeari utzi.

Zertarako irakatsi, ezta? Umea diskriminatuko dute, gaizki tratatuko dute, ateak itxiko dizkiote. Agian, nire gurasoek ere, gauza horiengatik ez zidaten irakatsi maia. Nik ulertu nuen eskolan ez moldatzeko beldurra zutela nire gurasoek, baina ez dakit horren atzean askoz gehiago baldin bazegoen.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: maia
Suge buruaren koloreak pizten

2022ko irailaren 19an Mexiko Hiria astindu zuen lurrikarak ez zuen soilik hondamena ekarri. Tenochtitlan zaharrean lurperatuta zegoen suge buru kolosal bat ere agerian utzi zuen.


Gloria Beatriz Puc Chiquitó
"Hezkuntza deskolonizatzen ari gara, hizkuntza landu ahal izateko"

Guatemalako ikastetxe publikoetan astean 80 minutuz ikasten dute maia familiako kaktxikelera hizkuntza. Horrela ezin hizkuntza ikasi. Gloria Puc hiriburutik gertu bizi da, eta kontatu digu hizkuntza eta maia nortasuna berreskuratzeko nola lau ikastetxe komunitario abian jarri... [+]


Eguneraketa berriak daude