"Fuck aberria, gora euskara"

  • Gangsterrak, drogak eta mafiak eguneroko kontua dira Arrano Pertxaren eta Lengu Ilunaren unibertsoan. “Zipaio” hitza existitzen ez den Euskal Herri independentetik ari dira abesten: “Kostaldeko nafarrak halakoak gara, jokozale drogazale beti kriminalak”. Euskal rapa beraiekin jaio dela aldarrikatzen dute, Mikel Goñi “original gangsta” gisa aurkezten duen kamiseta soinean. Iazkoa dute lehen diskoa: Jaungoikoa dirua eta erritmo zaharra.

Argazkiak: Dani Blanco
Argazkiak: Dani Blanco

2019ko irailaren 29an

Errekalde plazako hormigoizko kioskoak auzoaren historia dauka grafiteatuta: langile borroka, presoen irudiak, Kukutza III. Urko Gonzalez (Arrano Pertxa) eta David Rodriguez (Lengu Iluna) kamera aurrean pausatu direlarik, neskatila bat gerturatu da patinete ez-elektrikoan: “Hau ez duzue oso toki turistikoa eh!”. Kioskoaren atzean dago futbito zelaia, eta parean kafetegi bat, terraza eta guzti: elkarrizketarako tokia. “Bilbon gaude, baina aparteko zerbait da hau, ia herri bat”, dio Gonzalezek, “hemen beti izan ditugu mugidak, anbulatorioa kristo bat eginda, autobus linea jartzeko sekulako iskanbilak… Gorpuzkingzekoak ere kikildu ziren, pentsa. Esaten ziguten: hau bai dela benetako ghetto bat!”. Hip-hop munduan betidanik ibiliak izaki, aspaldi ezagutzen dute elkar, baina sekula elkarrekin lan egin gabeak ziren proiektuari ekin aurretik. “Makinaria bat gara, ikaragarri ondo moldatzen gara lanean hasitakoan”. Elkarri erreleboka, hizketan ere fin-fin segi dute.

Nondik sortu zen “Arrano Pertxa eta Lengu Iluna”?

Arrano Pertxa: Ez nuen sekula euskaraz kantatzeko beharrik sentitu. Gaztelaniaz pentsatzen dut. Banekien, ordea, inoiz euskaraz kantatzekotan, zerbait oso makarra egingo nuela. Ez gaztelaniaz kantatzen dudanaren antzeko ezer –irudi poetikoagoak edo doinu politagoak bilatu ohi ditut–, eta ez Euskal Herrian betidanik egin den rap mota hori ere. Beste zerbait izan behar zuen. Noizbait Nafarroako herri galduren bateko baserritar gazte batek bere ibilerak kontatzen baditu, hori izango da niri gustatuko zaidan rapa. Baina inork egin ez duenez, pentsatu nuen: “Hau duk unea”. Eta rap zaharrarekin berriro maitemintzen hasi naizen garai batean gertatu da justu.

Lengu Iluna: Nik euskaraz ez dakit tutik ere, baina berdin du, letrak Arranorenak dira eta itzuli egiten dizkit gero. Hori da gehien gustatzen zaigun zatia, gainera.

Eta zein da ba Euskal Herrian betidanik egin den rap mota hori?

A.P.: Tira, raparen oinarriak zituen, jendeak rapeatu egiten zuen, baina popa zen funtsean. Euskal Herrian abesten den betiko mezua rap bilakaturik –reggae, punk edo rocka beharrean–, betiko formula beste genero batean. Mezu politikozko musika popa izan da hemen. Eta kanta haiek niri ez zidaten transmititzen rapeatzaile amerikar, frantziar edo espainiar batzuek transmititzen didatena. Jarrera kontu bat da: hemen nago munduan, berdin du zer diodan, nahi dudana esaten dut eta entzun nazaten nahi dut. Horregatik daukat jarrera hori, entzuna izan nahi dudalako. 

L.I.: Niri esaten zidan: “Egin behar diagu Mucho Muchachok egiten duena, baina euskaraz”. Segituan ulertu nuen. Horretan saiatu gara, eta uste dut lortu dugula.

Kantatzen diozue drogari, mafiari, diruari, gangsterrei… zenbat du ghettotik 2019ko Bilbok?

A.P.: Fikzio puntu bat dauka denak. Arranoren mundua fikziozkoa da, baina ni ezin naiz nire eskutik bereizi… Rapak estetika bat sortu behar du. Niretzat izugarria litzateke, adibidez, euskaraz ez dakien batek gu entzutean 90eko hamarkadako rapaz gogoratzea, berdin dio zer esaten den eta zer ez, eduki dezala izaera bat lanaren osotasunak –sampleek, scratchek, rapeatzailearen oihuek, eta generoaren beste hainbat ezaugarrik–.

L.I.: Egiten duguna oraintxe ez du inork egiten, ez gaztelaniaz ez euskaraz. Orain trapa egiten ari da mundu guztia. Hau beti-betiko hip-hopa da. Bizpahiru belaunaldiko jauzia ematen ari gara.

"Euskal Herrian musikalki atzeratuta goaz, hiru belaunaldik entzun dutelako Eskorbuto, La Polla Records, Kortatu… Horrek pisu handia du”
Arrano Pertxa

A.P.: Noski, tarteka esaldi batzuk pixka bat behartzen ditugu, baina estetika bat bilatzeko erabiltzen dugu hizkera hori. Istorio bat idazten duzunean, kontua ez da fikzioa den ala ez, baizik eta ea sinesten ote duzun. Tarantino ez da gangsterra, ezta Al Caponeren semea ere. Baina bikain idazten ditu halako istorioak, eta izugarri gustatzen zaizkigu.

L.I.: Zertaz ari zaren jakin behar duzu halere. Ez duzu zertan barru-barruan egon, baina… nik ez dut trafikatzen, baina badakit nola egiten den eta nolakoa den mundu hori.

A.P.: Tira, gure belaunaldia kalean hazi da, gutxi asko denek izan dute harremana drogekin, baina mundu horretan ez zegoen euskararik. Saiatu gara asmatzen euskarazko kaleko jerga bat ere, eta primerako erantzuna jaso dugu. Batez ere, espero ez nuen sektore batetik: euskal raperoengandik. Jakin-mina nuen jendeak zer esango zuen, panoramak nola hartuko gintuen, baina gehienei izugarri gustatu zaie, beste batzuei asko, eta badira batzuk –eta horrek pena pixka bat ematen dit– hartzen gaituztenak broman ariko bagina bezala. Baina ez, kontua da estetika bat bilatzea, eta aurkitu arte zeurean jarraitzea. Berdin du zer diozun. Rapa, rapa eta rapa. Muturreraino rapa.

AEBetako 80ko hamarkadako raparen eragina daukazue, batetik; eta, bestetik, oso presente dago “euskaltasuna” zuen hitzetan. Arrano Pertxa izenetik hasita, etengabeak dira euskal sinbologiari eta bestelako erreferentziei aipamenak, zuzenean ez bada zeharka.

L.I.: Gainera, mundu utopiko bat proiektatzen dugu. Arranoren unibertsoan, Euskal Herria independentea da…

A.P.: Muga bat dago Karrantzan, beste bat Lapuebla de Labarcan… hori gerta daitekeen unibertso bakarra da. Ez dut “zipaio” hitza aipatzen, horregatik: mundu independiente batean ezingo liratekeelako “zipaio” deitu.

Halere, ez al da mundu distopiko samarra?

A.P.: Bai, gabezia handiak ditu mundu horrek. Kanta berrienetako batean diot: “Aberri madarikatua, besteak bezala”. Esanez bezala, Euskal Herria beste herrialde bat gehiago da, Moldavia edo Ukraina izan daitekeen bezala: kaka zahar handi bat. Hori da kontua. Euskaldunak gara, bai, eta zer? Sudurtzarra ere badaukat, eta ez naiz hortik joaten “aupa sudurluzeak” oihuka. Fuck aberria, gora euskara.

Ze toki dauka Mikel Goñik unibertso horretan?

A.P.: Goñiren historia sekulakoa da. Real gangsta bat.

L.I.: Arranoren munduan, Tony Montana gutxienez.

A.P.: Are hobea da: kirolari profesionala zen. Betidanik mundu horretan ibili den norbait balitz, tira, baina bera telebistan ateratzen zen, egun batean belarra lapurtu zioten eta… akabo. Agian pentsatzen zuen ez zitzaiola ezer pasako.

"“Mundu utopiko bat proiektatzen dugu. Arranoren unibertsoan, Euskal Herria independentea da”
Lengu Iluna

Hitz egin dezagun zuenaz. Izugarri ondo moldatzen omen zarete elkarrekin lanean.

L.I.: Hala da. Biok elkartzen garen bakoitzean beti bukatzen dugu base bat egiten. Kafe bat hartzen dugu, eta nire etxera joaten gara. Urkok beti ekartzen ditu sample batzuk, nire ondoan eserita egoten da uneoro, eta hasten gara sampleak zatikatzen, bateriak sartzen, baxua gero… Nik erritmoa egin bitartean berak zerbait probisionala rapeatzen du agian. Eta etxetik joaten denerako, ideia printzipala bukatuta eduki ohi dugu.

A.P.: Aurreko diskoan, aurrena abestien tituluak idatzi nituen. Banekien ze izenburu izango zuten eta, hartara, nire burua behartu nuen titulu haien araberako hitzak idaztera. Normalean kontrakoa izaten da bidea, baina nik hori nahi nuen, benetako gidoi bat edukitzeko. Dirua da bide bakarra titulua baldin badaukazu, badakizu diruari buruzko kanta egin behar duzula. Hamar bat hilabetean osatu genuen horrela lana.

L.I.: Bestalde, G-Folk-a asmatu genuen –G-funk-ean oinarritutako kontzeptua–. Sample desberdinak erabiltzen ditugu, asmoaren arabera: batzuk funkyagoak dira, besteak folkiagoak. Azkenaldian Calabriako musika italiarra erabili dugu, adibidez. Hori bai, beti moldatzen dugu gure rollora, triki bat sartuz, eta abar.

Euskarazko hip-hop talde berri asko ari da sortzen. Antzematen diezue lehengoek ez zeukaten jarrera hori?

A.P.: Dudarik gabe. Nik ez dut trapik entzuten, baina ikusten dut jendea oso indartsu ari dela: Nizuri Tazuneri bikain dabiltza; Lekeitioko gazte batzuek –G.A.Z. Limbo– sekulako maila dute, oso onak izango dira; Gorpuzkingz antzerki taldea ez dut musikatzat jotzen [barrez]. Eta rapari dagokionez: Ziakhus, Buru Arin, Xsakara… rap amerikar asko entzundako jendea, oso gauza onak egiten ari dena. Zergatik orain bat-batean boom hau? Euskal Herrian musikalki atzeratuta goaz, hiru belaunaldik entzun dutelako Eskorbuto, La Polla Records, Kortatu… Horrek pisu handia du. Gatazka politikoaren ondorioz musikalki atzeratuta goaz. Ez dut esan nahi hemen musika kaskarra bakarrik egin denik, baizik eta ez garela munduko joeren erritmo berean joan. Eta beraz, orain ari da rap indartsua sortzen, duela hamar urte beharrean, lehen ez zegoelako rapa entzuten zuenik, jendeak entzun nahi zuelako euskal pop erradikala. Egun, panorama aldatzen ari da.

Raparen berpizkunde horri ikusten diozue loturarik traparen boom globalarekin?

A.P.: Dudarik gabe. Gaur egun yankee trapero batek ateratzen du bideo bat, segundo batera hura ikusten ari naiz, eta euskaraz halako zerbait egin nahi badut, bihar bertan egin dezaket. Eta gero, esan dudana: gatazka politikoak musika aldarazi zuen, eta munduko joeretatik kanpo gelditu ginen –eta hori ez da ez ona ez txarra, baina gertatu zen–. Noiz agertu zen Euskal Herrian elektronikako lehen talde serioa?

L.I.: Tira, hor daukazu Hemendik At.

A.P.: Horixe esan nahi dut ba: kaka zahar bat ez den lehen elektronika taldea, noizkoa da?

L.I.: Ironia zen, motel. Lehengoan Bilboko jaietan entzun zitekeen.

Ez pentsa orduan Hemendik At elektronikaren estigmatik libratzen zenik, letra esplizituki politikoak izanda ere.

A.P.: Noski! Niretzat kontua da popak ze forma hartzen duen toki bakoitzean: AEBetan popak hip-hop kutsurantz jotzen du; Espainiako 90eko hamarkadako popak flamenko eta rumba kutsua zeukan; eta Euskal Herrian popa izan da mezu politikoak kantatzeko musika.

Ze asmo aurrerantzean?

A.P.: Bi hilabetean behin single bat ateratzen ari gara aurten. Hiru atera ditugu jada, orain tokatzen da beste bat, eta gainontzeko biak ia amaituta ditugu. Eta, tira, ondoren diskoa etorriko da. Lau kantaren izenburuak pentsatuta ditut [barrez]. Zerbait luzea egin nahi nuke, hamalau bat kantakoa. Lehen diskoan gure burua aurkeztu dugu, bigarrenean beste toki batzuetara iritsi nahi genuke. Hori da gure bidea: filtro politikoki zuzenak alboratuta, rapeatu eta rapeatu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal hip hopa
20 urteko berantari aurrea hartuz

Aurkezpena baino bi ordu lehenago heldu da lan talde jendetsua dena muntatzera. “Baina, aber, tipo bat da rapeatzen eta DJ bat bere atzean-edo eta listo, ez? Zer muntatu behar dute hemen ba?” pentsatu du nire garun batzuetan erabat osatu gabeak. “Amets, ixo... [+]


Uxue Iturrate, 'Ningra'
"Rapa euskaraz egitea euskara kalera itzultzea da"

Ningra da bere izen artistikoa. Raplaria da eta atera berri du Hazia bere lehen bideoklipa, Enbor taldearen eskutik. Kontzerturen batean ikusten baduzue, mundua bide onetik doan seinale.


Ekaitz is in da house

Arratsaldeko 19:00ak besterik ez dira, baina iluntasuna kaleetan zehar sartu da. Urtarrileko gau hotzen berotasun aterpe bilakatu da Gasteizko Gaztetxea. Foku gorriak piztu eta oholtza ketu da, barra inguruak garagardo botilatxoz bete diren heinean. Hip-hop kulturan murgildu,... [+]


Dirua da bide bakarra: Arrano Pertxa eta Lengu Ilunaren lirika gangsta

Arrano Pertxa eta Lengu Iluna rap taldeak Bilborock aretoan joko du gaur Aste Nagusiaren barruan. Gangsta raparen kodeak Euskal Herrira ekarri ditu bikote honek.


Eguneraketa berriak daude